Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2018ko irailaren 6a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
4429

EBAZPENA, 2018ko uztailaren 31koa, Trafikoko zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita zinemometroak zein irudiak grabatzeko eta erreproduzitzeko beste zenbait tresna osagarri instalatzea eta erabiltzea Euskal Autonomia Erkidegoko bide-sarean, trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplina helburu.

Zinemometroak, abiadura kontrolatzeko sistema den aldetik, istripu-tasa murrizten laguntzen du.

A-15 autobideko San Lorentzoko tuneleko hodietako baten estaldura indartzeko eta hodia egokitzeko obrak egingo direnez, 4 hilabetean zirkulazioa beste hoditik ibiliko da, eta, ondorioz, norabide bikoa izango da.

Obrek irauten duten bitartean, Belateko tunela ere itxita egongo da. Are gehiago, Nafarroako Gobernuak Belateko portu zaharretik zirkulatzeko ibilgailu astunei ezarritako debekua (matrikula bikoiti eta bakoitiari buruzkoa) dela eta, ibilgailu astunen kopurua handituko da San Lorentzoko tuneleko norabide biko hodian, San Lorentzoko tuneletik ibiliko baitira portutik ibiltzen ziren ibilgailu astunak.

Aipatutako guztia dela eta, radarrak instalatzea beharrezkoa da, kilometro-puntu hauetan:

– A-15 145,530 kp. (Iruñeko norabidean); zirkulazio lasterrerako erreiaren alboan.

– A-15 144,659 kp. (Donostiako norabidean); zirkulazio motelerako erreiaren alboan.

Radarra obrek irauten duten bitartean mantenduko da, behin-behineko neurri gisa.

Azaldutako guztia kontutan hartuta, eta uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren (Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimenen eta haien erabileraren erregimena garatzen duena, abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoak jasotzen duenaren arabera) hirugarren xedapen gehigarriak ezarritakoaren arabera, eta Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuaren 17.3 artikuluak Trafikoko Zuzendaritzari esleitzen dizkion egitekoak aintzat hartuta,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Trafikoaren kontrola, erregulazioa, zaintza eta diziplina helburu, irudiak grabatzeko eta erreproduzitzeko zinemometroak eta beste zenbait tresna osagarri instalatzea eta erabiltzea baimentzea, kilometro-puntu hauetan ezarriko diren 2 portikotan:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Abiadura kontrolatuko den kilometro-puntuetan, seinale informatiboen bidez ohartaraziko zaie herritarrei zinemometroak badirela.

Hirugarrena.– Grabazioetan jasotako ekintzetatik ondorioztatzen bada bide-segurtasunaren arloko arau-hauste administratiboren bat egin dela, arau-hauste horiei dagozkien zehapen-prozedurak tramitatzeko eta ebazteko eskumena duten organoetara helaraziko dira grabazioak. Grabazioetan jasotako ekintzetatik ondorioztatzen bada bidegabekeria penalen bat egin dela, eskumena duen agintaritza judizialera bidaliko dira grabazio horiek.

Laugarrena.– Grabazioetan jasotako ekintzetatik ondorioztatzen bada bide-segurtasunaren arloko arau-hauste administratiboren bat egin dela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Datu Pertsonalen Tratamendurako Jardueren Erregistroaren parte izango dira grabazioak, eta Trafiko Zuzendaritzaren aurrean erabili ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta horien aurka egiteko eskubideak.

Bostgarrena.– Erabaki hau Bideozaintza eta Askatasunen Batzordeari jakinarazi behar zaio, uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuak, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimenen eta haien erabileraren erregimena garatzen duenak, hirugarren xedapen gehigarriaren laugarren ataleko bigarren paragrafoan xedatzen duena betetzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 31.

Trafikoko zuzendaria,

SONIA DÍAZ DE CORCUERA RUIZ DE OÑA.


Azterketa dokumentala