Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

168. zk., 2018ko abuztuaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
4386

EBAZPENA, 2018ko abuztuaren 28koa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariarena, memoria demokratikoa berreskuratzeko ikus-entzunezko ekoizpenak egiteko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena 2018. urterako.

Azaroaren 27ko 4/2014 Legeak (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzekoak) erakunde honi esleitzen dizkion helburuen artean dago, besteak beste, euskal gizartearen askatasunaren aldeko borrokaren, giza eskubideen bermearen eta bizikidetza demokratikoaren oroimenean funtsezkoak diren balio etikoei eta printzipio demokratikoei buruzko politika publikoa diseinatzen, sustatzen, garatzen eta gauzatzen parte hartzea.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak memoria berreskuratzeko eta iraunarazteko politika publikoa gauzatu nahi du Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez, eta, hartara, balio eta printzipio demokratikoak berreskuratu, haietan oinarritzen baita gaur egungo gizartearen bizikidetza. Helburu nagusia da betiko ohoratu eta berreskuratzea Gerra Zibilaren, diktadura frankistaren, ETAren terrorismoaren eta legez kontrako kontraterrorismoen biktima guztiak. Eta, haiekin batera, euren senideak ere bai.

Lege hauek eratzen dute deialdi hau hartzen duen esparru juridikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluak (azaroaren 11ko 1/1977 Dekretu Legegileak onartu zuen testu bategin hori), Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legeak.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Diru-laguntzen 2017-2020 Plan Estrategikoa dauka martxan, eta, horren barruan, diruz lagundu daitezkeen adarretako bat da, hain zuzen ere, deialdi hau, zeinak memoriari buruzko ikus-entzunezko funtsa sortzea baitu helburu.

Era berean, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko estatutuen 11.2 artikuluan ezarritakoarekin bat eginez (azaroaren 3ko 204/2015 Dekretuak onartzen ditu estatutu horiek), Institutuko zuzendariari dagokio laguntzak eta diru-laguntzak erregulatzea, deitzea eta esleitzea.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Euskadiko memoria demokratikoa Gerra Zibiletik gaur egunera arte berreskuratzeko asmoa duten ikus-entzunezko ekoizpenak egiteko diru-laguntzetarako deialdia egitea 2018. urterako.

2. artikulua.– Epealdia.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, jarduerak bukatuta edo azken muntaketa edo postprodukzio fasean egon behar dira, eta, betiere, 2018ko abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Diru-laguntza jaso ahal dute memoria historikoa berreskuratzearekin eta oraintsuko memoriaren egia argitzearekin lotutako gaiak jorratzen dituzten ikus-entzunezko ekoizpenek, amaituta zein muntaketaren edo postprodukzioaren azken fasean egon, demokraziaren eta giza eskubideen defentsan diharduten heinean.

4. artikulua.– Zenbatekoa.

1.– Deialdi honetara, berrogeita hamar mila (50.000) euro bideraturiko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2018ko ekitaldirako aurreikusitako partidaren kargura.

2.– Gehienez ere, hamar mila (10.000) euroko diru-laguntza eman ahal izango da proiektu bakoitzeko.

3.– Laguntzek bete egin beharko dute Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua, minimis laguntzei Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBEO, L 352. zk., 2013-12-24koa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Ulertzen da muga horretatik beherako diru-laguntzek ez diotela merkataritzari eragiten eta ez dutela lehiakortasuna faltsutzen; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

4.– Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren ondorioetarako, diru-laguntza eskatzen duen entitateak aurtengo ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako diru-laguntzak deklaratu beharko ditu.

5. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

1.– Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak emateko, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.4 artikuluan aurreikusitako lehiaketa-prozedura aplikatuko da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan onartuta.

2.– Ondore horietarako, aurkeztu diren eskabideak alderatu beharko dira, horien artean lehentasunak ezartzeko. Deialdi honen 14. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Hala, hautaketa-fasean deialdi honen 14. artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa eskuratu duten horien artean balorazio handiena dutenei emango zaie laguntza, deialdi honetara esleitutako kredituak agortu arte, hala badagokio.

6. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa zehaztea.

1.– Laguntza bakoitzari –hots, hautatutako proiektu bakoitzari– dagokion zenbatekoa zehazteko, dirua proportzionalki banatzeko sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, proiektu bakoitzean diruz lagunduko den zenbatekoa zehaztean, balorazio-fasean balorazio-irizpideak aplikatzean eskuratu dituzten puntuazioak edukiko dira kontuan. Puntuazioa portzentaje bihurtuko da, eta portzentaje hori aplikatuko da, hain zuzen ere, aurkeztutako aurrekontuan.

2.– Emango diren laguntzak ez dira eskatutako zenbatekoa baino altuagoak izango, ezta 4.1 artikuluan proiektu bakoitzeko ezarritako gehieneko 10.000 euroak ere.

7. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita dauden pertsona juridiko pribatuek eskatu ahal izango dituzte ebazpen honetan xedatu diren laguntzak.

2.– Erakunde eskatzaileek egunean izan beharko dituzte beren zerga-betebeharrak, hala badagokio, eta Gizarte Segurantzarekikoak. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten erakunde eskatzaileek baldintza hori betetzen dutela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du onuradunen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) aplikatuta. Nolanahi, erakunde eskatzaileak aukera izango du organo kudeatzaileari Diru-laguntzen Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan adierazitako inguruabarrak bete direla egiaztatzeko agiria zuzenean eskuratzeko baimena berariaz ukatzeko; halakoetan, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko du egiaztagiri hori.

3.– Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotzen diren betekizunak bildu eta 14. artikuluan ezartzen diren betebeharrak bete beharko dituzte erakunde onuradunek.

8. artikulua.– Bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan azaltzen diren diru-laguntzak beste edozein erakunde publiko edo pribatuk xede berberarekin ematen dituen beste batzuekin batera daitezke, betiere gainfinantzaketarik ez badago. Gainfinantzaketarik egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

2.– Diru-laguntza hauek ez dira bateragarriak Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak egiteko egindako deialdiko horiekin.

9. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, bide elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek.

2.– Eskabideak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan eskuratu daitezke:

https://www.euskadi.eus/subvencion/2018/dokumentalak/y22-izapide/eus

3.– Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/misgestiones

10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan sartuta.

11. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidea webguneko inprimakian egin beharko da, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan.

2.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Eskabidea egin duen erakundeari buruzko datuak.

b) Proiektua gauzatzeak eragingo duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatuta. Bertan, proiektua finantzatzeko gainerako bideak zehaztuko dira –halakorik badago–, eta, bestela, erantzukizunpeko adierazpena egin beharko da, proiektua finantzatzeko berezko nahiz kanpoko beste baliabiderik ez dagoela ziurtatzeko.

c) Proiektuaren memoria xehea, non zehaztuko baitira: xedea, metodologia, balizko hartzaileak, lurralde-eremua, egingo diren jardueren egutegia eta genero-ikuspegiari nola helduko zaion. Memorian egiaztatuko da eskatzaileak proiektuari dagokion arloan duen esperientzia.

d) Erakunde eskatzaileak proiektua gauzatzeko dauzkan giza baliabideen eta bitarteko materialen zerrenda.

e) Diru-laguntzaren eskatzaileak ekitaldi fiskal horretan edo aurreko bi ekitaldi fiskaletan beste minimis laguntzarik jaso ote duen adierazi beharko du, minimis laguntza honekin Erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez dela egiaztatzeko.

f) Diru-laguntzarako ikus-entzunezko piezak webgune bidez aurkez daitezke eta horien sarbidea emango da, baloratu ahal izateko, edo pieza aurkeztu dezakete artxibo fisikoa bidalita.

3.– Era berean, jarduerak balorazio hobea lor dezan, erakunde eskatzaileek egoki iritzitako dokumentazio osagarria aurkeztu ahal izango dute.

4.– Dagoeneko eginda dauden jardueretan, egindako gastuak justifikatzen dituzten agiriak ere aurkeztu beharko dira.

5.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak espedientea osatzeko behar dituen agiri eta azalpen guztiak eskatu ahal izango dizkio erakunde eskatzaileari, eta, era berean, eskatzaileak emandako datuak egiaztatzeko egin beharreko egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Erakunde eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzak egiaztatzen badu dokumentazio hori osatugabea dela edo daturen bat falta duela, 10 eguneko gehieneko epea emango die erakundeei, antzemandako akatsak zuzentzeko, eta adieraziko die zuzentzen ez badituzte eskaerari uko egin diotela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

13. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.

1.– Hauek izango dira epaimahai kalifikatzaileko kideak:

Burua:

Miren Aintzane Ezenarro Egurbide, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria.

Epaimahaikideak:

– Monika Hernando Porres, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria.

– Alaitz Vives Urbieta, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko prentsa teknikaria.

– Usoa Mediavilla Ereño, Lehendakaritzako prentsa teknikaria.

Idazkaritza:

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko aholkulari juridikoa.

2.– Bermatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzen direla bileren deialdietan, gai-zerrendetan, bileretan, aktetan eta epaimahai kalifikatzaileak egiten dituen gainerako idazkietan.

14. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.

1.– Diru-laguntzak emateko edo ukatzeko, lehiaketaren prozedura erabiliko da, eta irizpide haztatu hauek hartuko dira kontuan:

– Proiektuaren potentzial estrategikoa eta egokitasun edo interes soziala. 30 puntu gehienez.

– Proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, erakundeak antolatzeko duen gaitasuna eta egitura aintzat hartuta. 20 puntu gehienez.

– Proiektua deialdiaren xedera zein mailatan egokitzen den. 20 puntu gehienez.

– Erakundearen kudeaketa-gaitasuna, proiektuari dagokionez. 10 puntu gehienez.

– Erakunde eskatzailearen ibilbidea. 10 puntu gehienez.

– Proiektuan genero-ikuspegia txertatzea. 10 puntu gehienez.

Gehienez ere, 100 puntu eman ahalko dira.

2.– Diru-laguntza esleitzeko, eskaerak 45 puntutik gora lortu beharko du, aurreko baremoen arabera.

15. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Epaimahai kalifikatzaileak laguntzak emateko proposamena egingo du, eta proposamen horretan erakunde onuradunen lehentasun-ordena ezarri, eta emandako laguntzen zenbatekoa zehaztuko du. Proposamena egiteko, ebazpen honen 5, 6 eta 14. artikuluetan ezarritakoa aplikatu ondoren proiektu bakoitzak lortu duen puntuazioa baloratuko da.

2.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak, epaimahai kalifikatzaileak egindako proposamena ikusirik, diru-laguntzak esleitzeko prozedura ebatziko du. Ebazpenean laguntzen zenbatekoa jaso beharko da. Ebazpen horrek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko buruari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

3.– Ebazpen hori sei hileko epean eman eta jakinarazi beharko da, eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

4.– Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, eskabideak ez direla onartu ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenaren urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako. Edonola ere, ez da eragotziko Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta prozeduraren ebazpena berariaz eta banan-banan jakinarazteko betebeharra bazter utzi gabe, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariaren ebazpenez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da xedapen honen babesean emandako diru-laguntzak jaso dituzten erakundeen zerrenda, zenbatekoak ere adierazita.

16. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzea.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunek onartu egin beharko dute emandako diru-laguntza. Horretarako, laguntza onartutzat joko da, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik 10 eguneko epean erakunde onuradunak idatziz uko egiten ez badio. Diru-laguntza onartzeak berekin dakar deialdi honetan ezarritako arau guztiak betetzea, eta baita beste hauek ere: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena, edo hura ordezkatzen duen araua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

2.– Erakunde onuradunek bermatu beharko dute diruz lagunduko diren proiektuek eta horiek bultzatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek zorrotz errespetatuko dituztela 1948ko Adierazpen Unibertsalean jasotako giza eskubide guztiak, eta baita 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean nahiz 1966ko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean jasotakoak ere.

3.– Erakunde onuradunek Diru-laguntzei buruzko arazoaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan ezarritako onuradunek dituzten betebehar berezi eta oinarrizkoak bete behar dituzte.

4.– Erakunde onuradunek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte zabalkunde-jardueretan eta diruz lagundutako proiektuetatik sortutako argitalpenetan.

5.– Erakunde onuradunek hizkuntza eta irudi ez sexista erabiliko dute diruz lagundutako proiektuetatik sortutako ekimenetan.

6.– Diruz lagundu den ikus-entzunezko ekoizpenaren finantzaketa publikoa dela adierazten duen publizitate egokia egin beharko dute erakunde onuradunek, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 18.4 artikuluan ezarritakoarekin bat eginez.

18. artikulua.– Ordaintzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean ematen den diru-laguntza honela ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketan, emandako diru-laguntzaren % 75 ordainduko da, diru-laguntza berariaz onartu eta gero, edo ematen dela jakinarazten denetik hamar eguneko epea igarotzean, berariazko uko-egiterik ez bada aurkezten.

b) Bigarren ordainketa 2019an egingo da. Bertan, emandako diru-laguntzaren erabilera (hurrengo artikuluan zehazten den bezala) Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzaren aurrean justifikatu eta gero egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa ordainduko da.

2.– Emandako diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunek hirugarrenen alta hartzeko agiria aurkeztu beharko dute, baldin eta erregistraturik ez badaude edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi badituzte.

19. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

1.– Diru-laguntzaren onuradun suertatzen den erakundeak 2018ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko du Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan egindako gastuak eta jasotako diru-sarrerak zehazten eta justifikatzen dituen memoria, ordainagiri eta guzti. Superabitik egon bada, memoriarekin batera dirua itzuli beharko da. Bestetik, ikus-entzunezko produktu amaituaren kopia bat erantsi beharko dute justifikazioan.

2.– Goian aipatutako dokumentazioa, ikus-entzunezko produktua salbu, eskaneaturik eta elektronikoki sinatuta aurkeztuko da.

3.– Administrazioak, beharrezko baderitzo, agiri originalak eska ditzake.

Justifikazioak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan daude eskura.

4.– Artikulu honetan jasotzen ez denari dagokionez, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. eta 31. artikuluetan araututakoa aplikatuko da.

20. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero –diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada–, eta, kasuan-kasuan, edozein erakunde pribatu nahiz publikotatik aldi berean beste laguntzarik jasoz gero, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horretarako, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak aldaketarako ebazpena emango du, eta, bertan, eman diren diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.

2.– Edozein arrazoi dela-eta diruz lagundutako proiektuak ezin badira eskabidean adierazitako moduan gauzatu, horren berri eman beharko zaio Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari. Hala gertatzen bada eta diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ezin bada, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak zehaztu beharko du emandako zenbatekoa itzuli behar ote den, hala badagokio, horretarako hartutako ebazpenaren bidez.

21. artikulua.– Diru-laguntza ematerakoan ezarritako baldintzak ez betetzea eta laguntza itzultzea.

1.– Baldintzak ez direla bete ulertuko da, honako kasu hauetan:

a) Zegokion egunean aurkeztutako jarduera ikusita, jasotako diru-laguntza ez da, osoki edo zati batean, onartu zen jarduerarako erabili, beste zerbaitetarako baizik.

b) Hautatutako jardueran aldaketak egin dira; salbuespena izango da aldaketok funtsezkoak ez badira eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko titularrak berariaz baimentzen baditu, eskaera arrazoitua egin ondoren.

c) Eskabidean, harekin batera aurkeztutako dokumentazioan edo diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioan bildutako datuetako edozein gezurrezkoa da.

2.– Onuradun erakundeek artikulu honen 1. puntua, esleipen-ebazpenean edo deialdiaren ebazpenean ezarritako edozein baldintza edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegileak onartu zuen testu bategin hori) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan jasotako betebeharrak betetzen ez badituzte, laguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoa itzuli beharko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, berandutze interesekin batera; bestalde, zigorrak ezarri ahalko dira. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat eginez. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra erregulatzen da, eta diru-laguntzen kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz erregulatu ez den guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa ezarriko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko buruari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean ondorioak izango ditu.

Bilbao, 2018ko abuztuaren 28a.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria,

MIREN AINTZANE EZENARRO EGURBIDE.


Azterketa dokumentala