Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

152. zk., 2018ko abuztuaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4148

AGINDUA, 2018ko uztailaren 17koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira unibertsitate aurreko irakasmailetarako euskarazko ikasmaterial digitalak egiteko laguntzak (EIMA 2.0).

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Heziberri 2020 Plana onartu zuen. Heziberri 2020 planaren helburua hauxe da: Europako esparruan hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan 2020rako ezarritako berrikuntza- eta garapen- ildo estrategikoak bateratzea, hezkuntzak gure testuinguruan eta ingurunean dituen erronkekin.

Plan horretan sartuta dago hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa, hezkuntza-eredu pedagogikoaren ildo nagusiak biltzen dituena. Marko horrek paradigma aldaketa nabarmena dakar, konpetentzietan oinarritzen den hezkuntza delako. Horrek aldaketak sortu ditu hezkuntza-etapa guztietako ikuspegi pedagogikoan; ondorioz, curriculumak egokitu egin dira.

Haur Hezkuntzako, Oinarrizko Hezkuntzarako eta Batxilergoko curriculum berriak zehaztu zituen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, 237/2015, 236/2015 eta 127/2016 dekretuen bidez, hurrenez hurren.

Heziberri 2020 planaren markoan jasotako 5.3 atalean berariaz hitz egiten da ikasmaterialez; besteak beste, hezkuntza-eredu pedagogikoarekin bat etorri behar dutela esanez. Hortaz, ikasmaterialek curriculum-dekretu berrietara egokitu beharko dute.

Horren harira, curriculum-planteamendu berrien araberako euskarazko ikasmaterial digitalen beharrari erantzuteko helburua du aurtengo EIMA 2.0 diru-laguntza deialdiak.

Halaber, deialdi honen prozeduran aplikagarri izango dira diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta berorren araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren oinarrizko xedapenak. Baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. Titulua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua ere.

Hori guztia gogoan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDEA

1. artikulua.– Euskarazko ikasmaterial digitalak, oinarrizkoak zein osagarriak, prestatzeko eta hezkuntza-komunitatearen eskura jartzeko diru-laguntzak arautzea eta horietarako dei egitea da deialdi honen xedea. Unibertsitate aurreko irakasmailetarako ikasmaterialak hartzen ditu deialdi honek kontuan. Arlo horretan dagoen hutsunea betetzea eta ikasle-irakasleei beren jardunerako ikasmaterialak eskaintzeko bideak jartzea da helburu nagusia.

II. KAPITULUA
DEIALDIRA BIL DAITEZKEEN IKASMATERIALAK

2. artikulua.– Deialdi honetara aurkeztu nahi dutenek honako arlo eta etapa hauetakoren bati buruzko ikasmateriala egin beharko dute:

a) Haur eta Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Lanbide Esparruko Heziketa Zikloak edota Batxilergoko jakintzagaiak (oinarrizkoak nahiz osagarriak) lantzekoak.

b) Curriculumaren euskal dimentsioa lantzeko ikasmaterialak.

c) Ebaluaziorako, orientabiderako eta aniztasunari erantzuteko ikasmaterialak. Ikasmaterialak ez ezik, ikasleen ezaugarri psikologikoak neurtzeko eta diagnostikatzeko balio dezaketen bestelako materialak ere hartuko dira kontuan esparru horren barruan.

d) Helduen Hezkuntzarako ikasmaterialak.

e) Aukerako Hezkuntza Jarduera lantzeko ikasmaterialak.

f) Musika-irakaskuntzan erabiltzeko ikasmaterialak.

g) Hezkuntza Berezirako ikasmaterialak.

h) Berariazko hezkuntza-premiak dituzten ikasleei zuzendutako ikasmaterialak.

3. artikulua.– 1.– Ikasmaterialak bi eratakoak izan daitezke: batetik, Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 3.0 Espainia (CC BY-NC-SA 3.0) edo Creative Commons Aitortu- PartekatuBerdin 3.0 Espainia (CC BY-SA 3.0) lizentziapean egitekoak diren ikasmaterialak eta, bestetik, produkzio-etxeen jabetzakoak izango direnak.

2.– Ezin da ikasmaterial bera bi eratara aurkeztu.

III. KAPITULUA
IKASMATERIALEN BALDINTZAK

4. artikulua.– 1.– Euskara hutsean sorturik eta prestaturik dauden ikasmaterial digitaletara mugatzen da laguntza-deialdi hau. Gaur egun indarrean dauden unibertsitate aurreko irakasmailetarako ikasmaterialak, oinarrizkoak zein osagarriak, hartuko ditu kontuan aurtengo deialdi honek.

2.– Hori bermatze aldera, ikasmaterialaren alderdi didaktiko-pedagogikoaz arduratuko direnek Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren araberako euskarazko C1 maila badutela ziurtatu beharko dute.

3.– Produkzio bat euskal jatorrikotzat hartua izateko, testuak euskaraz sortua eta prestatua egon behar du, eta lehen argitalpena euskaraz bakarrik egingo da.

Halaber, goiburuak, helbideak, grafikoak eta ingurugiroko erreferentziak ere euskaraz emango dira ikasmaterialetan zein bere metadatuetan.

5. artikulua.– Ikasmaterial digital berrietarako prestaturik dago laguntza-deialdi hau. Egokitu edota berritutako ikasmaterialak ez dira, beraz, deialdi honen bidez diruz lagunduko; itzulpenak ere ez.

6. artikulua.– Diru-laguntza deialdi honetara biltzen diren ikasmaterialek Heziberri 2020 planeko hezkuntza-eredu pedagogikora eta horren baitan onartutako dekretuetara egokitu beharko dute: abenduaren 22ko 237/2015 Dekretua, Haur Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena; abenduaren 22ko 236/2015 Dekretua, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena, eta irailaren 6ko 127/2016 Dekretua, Batxilergoko curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena.

Hortaz, ikasmaterialek honako ezaugarri hauek izango dituzte, hezkuntza-eredu pedagogikoarekin koherenteak izan daitezen:

a) Ikasleen irteera profilean definitutako oinarrizko konpetentziak lortzearen alde egitea.

b) Ikasleei eta irakasleei irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuen plangintza, garapena eta ebaluazioa egiten laguntzeko mota guztietako materialak izango dira.

c) Zorroztasun zientifikoa eta hizkuntza egokitu egingo zaizkio ikasleen adinari eta 237/2015, 236/2015 eta 127/2016 dekretuetan araututako curriculumei. Lege-ordenamenduko printzipioak, balioak, askatasunak eta betebeharrak ere agertu eta sustatu behar dira, eta diseinu unibertsalaren eta irisgarritasunaren ezaugarriak bete.

d) Irisgarriak izan behar dute, bai desgaitasun fisiko, sentsorial edo intelektualen bat duten ikasleentzat, bai ikasteko beste zailtasun batzuk dituztenentzat.

e) Hizkuntza ez da modu sexistan erabiliko, eta irudietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta estereotipatu gabekoa bermatuko da.

f) Aniztasun familiarra eta afektibo-sexuala agertuko da ikasmaterialetan, eta gainerako errealitate kulturalak, etnikoak, etab.

Ikasmaterialen ezaugarriekin zerikusia duten edukiak eta Heziberri 2020 Planarekin lotutako dokumentu eta tresna baliagarriak Hezkuntza Sailaren honako helbidean aurki daitezke: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/r43-hezi2020/eu/

7. artikulua.– Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak bere 30. artikuluan finkatutakoa bete beharko dute ikasmaterialek.

8. artikulua.– 1.– Deialdi honen bidez diruz lagundutako ikasmaterialek indarrean dauden lege-eskakizunak bete behar dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari eta abarrei dagokienez. Proiektuaren lanketan erabiliko diren eta azken produktuaren zati izango diren irudi, soinu, testu edo beste edozein multimedia objektu, eskatzailearenak izango dira, edota egile- edo banaketa-eskubideei buruz indarrean dagoen araudia beteko dute.

2.– Arau horiek Hezkuntza Sailaz kanpoko erakundeen esparrukoak direla kontuan izanik, eskakizun horiek bete direla ziurtatu beharko du eskatzaileak eskabide-orrian, erantzukizunpeko adierazpenen atalean.

9. artikulua.– Deialdi honen bidez diruz lagundutako ikasmaterial orok gida didaktikoa ekarri behar du. Honako hauek dira, gutxienez, gida didaktikoak izan behar dituen ezaugarriak:

a) Helburuak (ikasleen irteera profila): zer helburu lortu nahi diren ikasmaterial horrekin eta nori zuzendua dagoen, betiere curriculuma garatzeko indarrean dauden dekretuei edota ikasketa-planei erreferentzia eginez.

b) Zein edukirekin duen harremana, edota zein eduki landu nahi dituen, curriculuma garatzeko dekretuetako edota ikasketa-planetako arlo eta ikasgaietako helburuak lortzeko.

c) Planteamendu didaktikoaren antolaketa (unitate didaktikoak, arazo-egoerak, atazak, denboralizazioa, irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak: bilaketa- eta kudeaketa jarduerak, egituratze-jarduerak, aplikazio-jarduerak...).

d) Metodologia. Ikasmaterialaren erabileraren inguruko metodologia (noiz eta nola erabili).

e) Baliabide osagarriak (gaian sakontzeko materialak, bibliografia, webguneak...).

f) Lanaren egile(ar)en eta parte-hartzaile(ar)en zerrenda.

g) Onespena jaso izanaren adierazpena eta data.

10. artikulua.– Planteamendu didaktikoaren aldetik, produktoreek honako lehentasun-ezaugarriok izango dituzte kontuan ikasmateriala produzitzerakoan:

a) Proiektuaren ildo nagusiak etaparako edo ikasmailarako aurreikusitako helburuen, edukien eta jardueren arabera antolatzea, beti ere oinarrizko konpetentzien garapena kontuan harturik.

b) Ikaskuntza aktiboa bultzatzea. Horrenbestez, ikasleek helburu jakin bat lortzeko zerbait sortu beharko dute. Hots, zeregin esanguratsua burutuko beharko dute.

c) Planteamendu interaktiboa bultzatzea eta, horrez gainera, ikasleen arteko lankidetza indartzea.

d) Materialak proposamen didaktiko irekiak izatea: irakasleek moldatzeko modukoak izatea, beren programazio eta unitate didaktikoetan.

e) Ebaluazioaren garrantzia agerikoa izatea eta, beraz, ikaslea ebaluatzeko moduak proposatzea; betiere konpetentzien garapena kontuan harturik (autoebaluazioa, koebaluazioa, askotariko estrategiak...).

f) Motibatzailea eta atsegina izatea: ikasleen adina, testuingurua, interesak, etab. kontuan hartzea.

g) Inklusibitatea eta ikasleen aniztasuna kontuan hartzea (gaitasun diferentea duten ikasleen beharretara egokitzeko aukerak ematea eta askotariko errealitateak kontuan izatea).

h) Multimedia elementuen arteko barne kohesio egokia izatea: integrazio- eta sinkronizazio- maila egokia izatea, mezu orokorra ondo ulertu eta bereganatu ahal izateko.

i) Internet sareko doako zerbitzuen eta tresnen erabilera bultzatzea: edukiak eta baliabideak sarean partekatzeko proposamenak egitea; sareko parte-hartze proiektuetan ekarpenak egitea; komunitate birtualetan eta sare sozialetan parte hartzea bideratzea.

j) Eskubide irekiak (Creative Commons) dituzten elementuak erabiltzea.

11. artikulua.– Ikasmaterialak weberako diseinatuak izango dira, hots HTML lengoaian eginak. Erabiliak izateko edozein web nabigatzaile nahikoa izango da, sistema eragilea edozein delarik ere, ohiko pluginak erabiliz, beste programarik eskatu gabe eta jabe-softwarea erabiltzera behartu gabe. Halaber, ikasmaterialak eskuko edo mahai gaineko ordenagailuetan erabiltzeko modukoak izango dira. Ukimenezko pantailak dituzten gailuetan (arbel digitalak, tabletak) erabiltzeko berariazko diseinua duten ikasmaterialak ere onartuko dira.

12. artikulua.– Materialen web irisgarritasuna bermatze aldera, kontuan hartu beharko dira World Wide Web Consortium-ek (W3C) egindako Web Edukietarako Irisgarritasun Jarraibideak (WCAG 2.0), A bikoitza irisgarritasun mailari dagozkionak bederen.

IV. KAPITULUA
DIRU-BALIABIDEAK

13. artikulua.– 1.– Laguntza-deialdi honek hirurehun eta hirurogei mila euroko diru-kopurua du (360.000): hirurogeita hamabi mila euro (72.000) 2018ko aurrekontuan eta, berrehun eta laurogeita zortzi mila euroko konpromiso-kreditua (288.000) 2019an.

2.– Deialdira aurkezten diren proiektuak bi multzotan banatuko dira: batetik, Creative Commons Aitortu-Ez Komertziala-Partekatu Berdin 3.0 Espainia (CC BY-NC-SA 3.0) edo Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 Espainia (CC BY-SA 3.0) lizentziapean egitekoak diren ikasmaterialak eta, bestetik, produkzio-etxeen jabetzakoak izango direnak. Aurrekontuaren % 40 (144.000 euro) produkzio-etxeen jabetzako materialgintzarako izango da eta % 60 (216.000 euro) Creative Commons lizentziapean egindako ikasmaterialentzat. Halere, multzo batean aurreikusitako diru-kopuru osoa esleitzen ez bada, soberakina beste multzora pasatuko da.

14. artikulua.– Diru-laguntza ez da izango diruz lagundu daitezkeen gastuen % 80 baino gehiagokoa, eta gehienez ere 30.000 euro emango da ikasmaterial bakoitzeko.

15. artikulua.– Eskatzaile bakoitzeko 2 proiektu lagunduko dira diruz, gehienez.

16. artikulua.– 1.– Deialdi honetako diru-laguntzak lehiaketa bidez erabakiko dira. Laguntzak esleitzeko prozedura 1/1997 Legegintza Dekretuan, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenaren 51.4 artikuluan aurreikusitako lehiaketa orokorra izango da, eta beraz, laguntzak ematea aurkeztutako proiektuen arabera egingo da, I. eranskinean xedatutako balorazio-irizpideak aplikatuz horien arteko lehentasunak ezartzeko. Laguntzak puntuazioaren goitik beherako ordenan emango dira, 13. artikuluan aurreikusitako diru-dotazioa agortu arte eta haren 2. puntuko baldintza betearaziz.

2.– I. eranskinean ezarritako gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten proiektuak diru-laguntzarik gabe geratuko dira.

3.– Bi ikasmaterial edo gehiagoren artean berdinketa gertatzen bada, Edukiaren Egokitasunaren atalean lortutako puntuazioaren goitik beherako ordenan emango dira diru-laguntzak.

V. KAPITULUA
ONURADUNAK

17. artikulua.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. eta 14. artikuluetan ezartzen diren baldintzak eta betekizunak bete beharko dituzte deialdi honetako laguntzak eskuratu nahi dituztenek.

18. artikulua.– Beharrezko lege-nortasuna duten pertsona fisikoak edo pertsona juridiko pribatuak izan daitezke laguntza-jasotzaile. Laguntza-deialdi honetara ezin bildu ahal izango dira, partez edo osoz, herri-aginteak, zuzenbide pribatuko herri-aginteak edota herri-aginteen parte-hartze nagusia duten sozietate pribatuak.

19. artikulua.– 1.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean eduki behar ditu laguntza-eskatzaile orok.

2.– Deialdiaren kudeaketa-organoa arduratuko da eskatzailea zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharretan egunean dagoela ziurtatzeaz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei Buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, arautzen duen bezala. Kudeaketa-organoak ez du eskatzailearen baimenik beharko datu horiek ziurtatzeko.

3.– Zergak Nafarroako Foru Erkidegoko Ogasunean ordaintzen dituzten eskatzaileen kasuan, ordea, aurkeztu egin beharko da zergak egunean dituela ziurtatzen duen agiria.

20. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo haren erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta, horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

2.– Halaber, zigor-edo administrazio-arloko zigorra jaso duten eta, horren ondorioz, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean dauden pertsona fisikoek edo pertsona juridiko pribatuek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute Agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.

21. artikulua.– Ezin dira onuradun izan Europar batasunak diru-laguntza bat ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren, berreskuratze-agindu baten zain dauden entitateak.

22. artikulua.– Ezin dira onuradun izan krisialdian dauden enpresak, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoarekin bat etorriz (2014-07-31ko AO, C249).

VI. KAPITULUA
LAGUNTZEN BATERAGARRITASUNA

23. artikulua.– 1.– Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak dira edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako eman ditzaketenekin. Hala ere, diru-laguntzaren kopuruak ez du inola ere, bakarka edo beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin, diruz lagundutako jardueraren kostua gaindituko. Kasu horretan, deialdi honen bidez emandako kopurua dagokion zenbatekora murriztuko da.

2.– Deialdi honetara aurkezten diren pertsona fisikoek eta pertsona juridiko pribatuek ikasmateriala egiteko beste erakunde publiko edo pribatutatik laguntzarik eskatua badute, edota halakorik jasoak badira, horren azalpena egin beharko dute, berariaz, eskabide-orrian eta aurrekontuan, dagokion atalean.

VII. KAPITULUA
ESKABIDEAK AURKEZTEKO MODUA ETA EPEA

24. artikulua.– 1.– Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok zuzen eta osorik bete beharko ditu eskabide-orria eta horrekin batera aurkeztu beharreko agiriak, eta, deialdiaren oinarriekiko adostasuna izenpeturik, garaiz aurkeztu.

2.– Eskabideak aurkezteko epea Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasi eta 2018ko irailaren 14an amaituko da.

3.– Eskabidea modu elektronikoan egin behar da, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren bidez: https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2018/eima-2-0/y22-izapide/eu

4.– Eskabide bana aurkeztuko da proiektu bakoitzeko, nahiz eta proiektu horrek ikastunitate bat baino gehiago landu.

5.– Tramiteak egiteko azalpenak, eskabide-orriak eta gainontzeko agiriak Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan egongo dira eskuragai: https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2018/eima-2-0/y22-izapide/eu

6.– Eskabidea egin ondoreneko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» atalean egingo dira:http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

7.– Prozedura elektronikoa honako legeriak araututa dago: Administrazio Elektronikoari buruzko 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Telekomunikazioko Zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Erabakiak (E-Administrazioarentzat-PLATEA-Plataforma teknologikoa onartu zuena).

8.– Eskabideak aurkezteak, deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

25. artikulua.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei Buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, betetze aldera, honako betebeharrak egiaztatu beharko ditu eskatzaileak, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, eskabide-orrian:

a) Ikasmateriala berria dela eta euskaraz sortuko dela.

b) Aurkeztutako proiektua aurrera eramateko beharrezko egile-eskubideak edota egile-baimenak dituela.

c) Ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako ezaugarri bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozeduraren eraginpean.

d) Ez daukala diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor-edo administrazio-arloko zigorrik eta ez dagoela laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duten lege-debekuen eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekua barne.

e) Beste edozein administraziori, erakunde publikori edo pribaturi helburu bererako eskatutako edo haiengandik jasotako diru-laguntzen, laguntzen, sarreren edo baliabideen berri eman duela eskabide-orrian.

f) Ez dagoela berreskuratze-agindu baten zain, Europar Batasunak diru-laguntza bat ilegal eta merkatu komunaren bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren.

g) Ez dela krisian dagoen enpresa, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoarekin bat etorriz (2014-07-31ko AO, C249).

h) Ebazpena hartzerakoan kontuan izandako ezaugarriren bat aldatuz gero, horren berri dagokion tokian emateko konpromisoa hartzen duela.

26. artikulua.– Eskabide-orriarekin batera nahitaez aurkeztu behar den dokumentazioa:

1.– Proiektuaren dokumentazioa.

a) Aurkeztu nahi den proiektu bakoitzeko «Proiektuaren txostena» deritzon inprimakia bete beharko da. Inprimaki hori egoitza elektronikoan egongo da eskuragai, eta proiektuaren gaineko alderdi didaktikoen, teknikoen eta ekonomikoen datuak emango dira bertan. Proiektuaren gaineko txostena egiteko kontuan izan I. eranskinak jasotzen dituen balorazio-irizpideak.

b) Ikasmaterialaren demoa ere aurkeztuko da URL helbide batean (Proiektuaren txostenean bertan zehaztu) eta, formatu itxian, fitxategi konprimituan. Aurkezten den ikasmateriala amaituta badago, URL-a bidalita nahikoa izango da. Demorik gabe aurkezten diren proiektuak ez dira onartuko, euskaraz aurkezten ez diren demoak ere ez.

c) 4.2 artikuluak dioen bezala, ikasmaterialaren alderdi didaktiko-pedagogikoa egingo dutenek Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren araberako euskarazko C1 maila dutela ziurtatu beharko dute. Proiektuaren txostenean, talde didaktiko-pedagogikoaren datuen atalean, zehaztu beharko da partaide bakoitzak zein agiri duen eta agirien kopia kotejatuak aurkeztu beharko dira. Aurkeztu ezean, eskatzaileak baimena eman beharko du eskabide-orrian, dagokion atalean, konprobazio-lanak egiteko.

Deialdiaren kudeaketa-organoak Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan ematen diren agirien konprobazio-lanak egin ditzake. Bi komunitate horietatik kanpora emandako agiriren bat baldin badute, kopia kotejatua aurkeztu beharko dute, ezinbestean.

2.– Entitatearen dokumentazioa.

a) Eskabidea egiteko entitatearen txartela erabiltzen bada, ez da agiririk aurkeztu beharko.

b) Eskabidea ordezkariren batek egiten badu, ondoko dokumentuak aurkeztu beharko dira: sortzearen akta edo eskritura, estatutuak, ordezkari legalaren izendapena eta IFZren (Identifikazio Fiskaleko Zenbakia) kopia.

Aurkezten diren dokumentuak kopiak baldin badira, kotejatuak edo egiaztatuak izango dira ezinbestean.

c) Eskatzailea elkarte, fundazio edo kooperatiba bat bada eta Euskal Autonomia Elkarteko Administrazio Orokorraren Erregistroan izena emanda badago, ez du b) puntuan eskatzen den agiririk aurkeztu beharko. Horretarako eskatzaileak berariazko baimena eman beharko du eskabide-orrian, dagokion atalean, Administrazioak konprobazio-lanak egin ditzan.

d) Zergak Nafarroako Foru Erkidegoko Ogasunean ordaintzen dituzten produktoreen kasuan, zergak egunean dituela ziurtatzen duen agiria aurkeztu beharko da.

27. artikulua.– 1.– Eskatzaileak eskabide-orri bat baino gehiago aurkezten duenean, 26.2 artikuluko agiriak bakarrak izan daitezke fitxa guztientzat.

2.– Halaber, 26.2 artikuluan aipatutako agiriak, d) puntukoa salbu, lehendik bidaliak badira EAEko Administrazio orokorrera, eskatzaileak ez ditu agiri horiek berriro aurkeztu behar izango, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, 28. artikuluan agintzen duenari jarraituz. Aurkeztu ezean, eskatzaileak baimena eman beharko du eskabide-orrian, dagokion atalean, eta dokumentu horiek noiz eta zein deialditarako (Saila, Zuzendaritza, programa) aurkeztu zituen argi adierazi, Administrazioak konprobazio-lanak egin ditzan.

28. artikulua.– Eskabide bat behar bezala bete gabe aurkezten bada, berau osatzeko hamar (10) lan-eguneko epea emango du Hezkuntza Sailburuordetzak. Epe hori igaro ondoren, eta motibo sendorik gabe, eskatutako datuak ematen ez badira, atzera egiten dela ulertuko da, horretarako ebazpena emanez.

29. artikulua.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatutakoa betez, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, «EIMA» deritzon fitxategian jasoko dira. Fitxategi hori 2010eko urriaren 4ko Aginduak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarenak, arautzen du eta bere helburua deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea da batetik, eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonak deialdiaren garapenari buruz informatzea bestetik. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Sailaren Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari baimena ematen diote beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

VIII. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZEN KALKULUA ETA EBAZPENA

30. artikulua.– 1.– Deialdian zehar aipaturiko baldintzak betetzen dituzten proiektuen adostasun-neurketa egin eta eskatzaileak eskabide-orrian zehaztutako datuen inguruan beharrezko zuzenketak egin ostean, zeregin horretaz arduratuko den Ebazpen-batzordeak proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren proposamena finkatu eta arrazoituko du eta, honen ondoren, ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Hezkuntzako sailburuordeari.

2.– Aipatutako Ebazpen-batzordearen partaideak honako hauek dira:

– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, batzordeko burua.

– Euskara Zerbitzuko burua.

– Sailaren Laguntza-zerbitzuetako IKT-arduraduna.

– EIMA 2.0-ko teknikaria, batzordearen idazkaria.

3.– Batzorde honen aholkulari gisa, alorrean alorreko adituak hartuko dira kontuan. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatuko ditu horiek.

31. artikulua.– 1.– EIMA 2.0 deialdi honetara aurkeztuko diren proiektuen balorazioa egiteko I. eranskinean azaldutako irizpideak hartuko dira kontuan.

2.– Ebazpen-batzordearen proposamena ikusiz laguntza-deialdi honen ebazpena egingo du Hezkuntzako sailburuordeak, proiektu bakoitzari dagokion laguntza zehatza esleituz.

3.– Agindua EHAAn argitaratu eta, beranduenik, sei hilabeteko epean emango da Ebazpena. Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da, eta jakinarazi eta biharamunetik hasita izango du eragina. Hona hemen iragarki- taularako lotura:https://euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/erabakiak/

Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

Era berean, ebazpena EHAAn argitaratuko da, esleitutako diru-laguntzen ezaguera orokorra bermatzeko.

4.– Diru-laguntzaren ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik hasita hamar (10) egun naturaleko epean esleitutako diru-laguntzari idatziz berariazko ukoa egiten ez badiote onuradunek kudeaketa organoari, esleitutako diru-laguntza onartutzat joko da.

5.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote diru-laguntza eskatu duten entitateek Hezkuntzako sailburuari, Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik hasita, hilabeteko epean.

6.– Hartu beharreko ebazpenaren jakinarazpenik egiten ez bada artikulu honen 3. puntuan esandako epean, ezezko erantzuna bailitzan hartu ahal izango da isiltasuna.

IX. KAPITULUA
DEIALDIAREN KUDEAKETA ORGANOA ETA JARRAIPEN BATZORDEA

32. artikulua.– 1.– Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio laguntza-deialdi honen kudeaketa.

2.– Berariazko Jarraipen-batzordea arduratuko da deialdi honen harian diru-laguntza aginduta duten proiektuen jarraipena egiteaz, laguntza agindu eta, proiektua burutu ondoren, azken ordainketa egin arte.

3.– Jarraipen-batzordearen partaideak honako hauek dira:

– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, batzordeko burua.

– Euskara Zerbitzuko burua.

– EIMA 2.0-ko teknikaria, idazkaria.

4.– Jarraipen-lanaren inguruan sortutako gertakarien onarpena ere Jarraipen-batzordearen esku geratzen da.

5.– Berari dagokio, orobat, hasieran agindutako laguntzan murrizketarik egiteko motiborik dagoen aztertzea eta, laguntza-onuradunari entzunaldia eskaini ondoren, Hezkuntzako sailburuordeari hartarako proposamena egitea.

6.– Batzorde honen aholkulari gisa, jakitun beregain edo profesionalak kontuan hartu ahal izango dira.

X. KAPITULUA
IKASMATERIALAK AURKEZTEKO PROZEDURA ETA DIRU-LAGUNTZEN ORDAINKETA

33. artikulua.– 1.– Diru-laguntza esleitu zaion eskatzaile orori agindutako laguntzaren lehen % 20 aurreratuko zaio, ebazpena jakinarazi eta handik bi hilabeteko epean beranduenik.

2.– Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko hirugarrenen erregistroan alta emanda egon behar du laguntza-jasotzaileak, laguntza jaso ahal izateko. Alta emateko edota aurretik erregistratutako kontu-zenbakia aldatzeko, lotura honetan dagoen agiria bete beharko du eta aurrez aurre edo bide elektronikoz aurkeztu: https://www.euskadi.eus/r51-341/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html

34. artikulua.– 2019ko irailaren 5erako, beranduenik, ikasmaterialak bukatua egon behar du eta Hezkuntza Sailean onespen eske aurkeztua.

Diru-laguntzaren ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hilabeteko epean produktore bakoitzak lan-egutegia idatziz aurkeztu beharko du.

35. artikulua.– Ikasmateriala modu elektronikoan aurkeztu behar da, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren bidez: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Informazio gehiago: http://www.euskadi.eus/eima-euskal-ikasmaterialen-kalitatea/web01-a2heusk/eu/

36. artikulua.–1.– Hezkuntza Sailaren onespena jaso beharko dute deialdi honen bidez diruz lagundutako ikasmaterialek.

2.– Ondorengo horiek dira onespena eskuratzeko ikasmaterialak gainditu beharreko azterketak: trataera didaktikoaren onespen-azterketa, hizkuntzaren onespen-azterketa eta teknikazko onespen-azterketa.

3.– Deialdi honen bidez diruz lagundutako ikasmaterialek kasuan kasuko onespen-azterketak gainditu izanaren berri ematen duen esaldi hau eramango dute gida didaktikoan: «Ikasmaterial honek Hezkuntza Sailaren onespena du», onespena jaso duen datarekin.

4.– Onespen-azterketak egiteko, onespena eskatzeko agiriarekin batera, laguntza eskatzaileak ikasmateriala bera ere (gida didaktikoa barne) aurkeztu beharko du hezkuntza-administrazioan, editagarria den artxibo digital batean. Ikasmateriala dagoen interneteko helbidea (URL-a) onespena eskatzeko agirian bertan zehaztu beharko da. Informazio gehiago: http://www.euskadi.eus/eima-euskal-ikasmaterialen-kalitatea/web01-a2heusk/eu/

5.– Onespena eskatzeko agiria Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan ere egongo da eskuragai: https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2018/eima-2-0/y22-izapide/eu/

37. artikulua.– 1.– Materialak Hezkuntza Sailaren onespen-azterketa gainditzen badu, behin betiko bertsioari ekin beharko dio produktoreak. Jabetza pribatuko ikasmaterialen kasuan, ikasmateriala interneten zintzilik jarri beharko du kasuan kasuko produktoreak Hezkuntza Sailak azken bertsioaren azterketa egin dezan, onespena jaso eta gehienez hilabeteko epean. Creative Commons lizentziapeko ikasmaterialen kasuan, ikasmateriala Hezkuntza Sailaren Euskal Ikasmaterialen gordailura (EIMA Katalogoa) igo beharko da, Hezkuntza Sailak azterketa egin diezaion, onespena jaso eta gehienez hilabeteko epean.

Horrekin batera, honako dokumentuok aurkeztu beharko dira, bi kasuetan, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren (http://www.euskadi.eus/nirekarpeta) bidez:

a) Arduradunaren zinpeko aitormena, laguntza-deialdi honen bidez jasotako diru-kopuru osoa eskabide-orrian zehaztutako proiektua produzitzeko erabili dela ziurtatuz, edota, bestela, kopuru hura zuzenduz eta benetakoa adieraziz.

b) Amaiera-memoria izeneko dokumentua, garatu diren lanak zehaztuz.

c) Egindako gastuen egiaztagiria, behar bezala xehatua, jatorrizko faktura edo kopia konpultsatuekin eta dagozkien ziurtagiriekin batera, bai eta egindako gastu bakoitzaren ordainketa-egiaztagiriekin ere.

Gastuen egiaztagiria izeneko inprimakia Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan izango da eskuragai: https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2018/eima-2-0/y22-izapide/eu/

d) Ikasmateriala gutxienez bost urtez interneten eskuragarri egongo dela ziurtatzen duen zinpeko aitormena, eskatzaileak izenpetuta (jabetza pribatua duten ikasmaterialen kasuan).

e) Interneteko helbidea eta beharrezko klabeak jasotzen dituen idazki ziurtatua (jabetza pribatua duten ikasmaterialen kasuan).

f) Ikasmateriala Euskarazko Ikasmaterialen Katalogoan (EIMA katalogoa) katalogatzeko eskaera fitxa, behar bezala beteta.

Inprimaki hori Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan izango da eskuragai: https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2018/eima-2-0/y22-izapide/eu/

g) Zergak egunean dituela ziurtatzen duen agiria, zergak Nafarroako Foru Erkidegoko Ogasunean ordaintzen dituzten eskatzaileen kasuan.

Legeen aldaketaren ondorioz dokumentazio gehigarririk behar izanez gero, laguntza-deialdiaren ebazpenean zehaztuko da.

2.– Ikasmaterialak onespena lortu eta hilabete bateko (1) epean ikasmaterialaren behin betiko bertsioa eta deialdian eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, Hezkuntza Sailburuordetzak, interesatuari aurretik entzunez, ukatu egin ahal izango dio agindutako laguntza azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAAn) dioenaren arabera, eta agindutako diru-laguntzaren aurrerakina sarrera publiko moduan itzuli beharko du eskatzaileak.

38. artikulua.– Materialak onespenik jasoko ez balu, Euskara Zerbitzuak egin beharreko aldaketen proposamena egingo dio produktoreari.

Hamabost (15) lan-eguneko epea izango du produktoreak azterketaren jakinarazpenaren irteera datatik Euskara Zerbitzuak proposatutako aldaketak gauzatzeko. Epe horretan ez baditu aldaketok gauzatzen eta onespenerako eskaera bideratzen, Hezkuntza Sailburuordetzak ukatu egingo dio agindutako laguntza azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (92-02-07ko EHAA) dioenaren arabera, eta agindutako diru-laguntzaren aurrerakina sarrera publiko moduan itzuli beharko du eskatzaileak.

Bigarren saioan onespen- azterketak gainditzen baditu eta ikasmaterial horrek Hezkuntza Sailaren onespena jasotzen badu, 37. artikuluan adierazitako eran jokatuko da; baina materialak bigarren aldiko onespen-azterketa gainditzen ez baldin badu, Hezkuntza Sailburuordetzak, interesatuari aurretik entzunez, ukatu egin ahal izango dio agindutako laguntza eta agindutako diru-laguntzaren aurrerakina sarrera publiko moduan itzuli beharko du eskatzaileak aurreko paragrafoan jasotako baldintza berberetan.

39. artikulua.– 1.– Ikasmaterialak onespena jaso eta behin betiko bertsioa onartu ondoren, agindutako laguntzaren % 80 luzatuko zaio eskatzaileari. betiere 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera.

2.– Behin betiko bertsioaren egiaztapenak egin ondoren Agindu honetan ezarritako baldintzen arabera ikasmateriala onartzen ez bada, egin beharreko aldaketak idatziz bidaliko ditu Hezkuntza Sailburuordetzak, epe jakin batean eta dagozkion aldaketak proposatuz. Azterketa gaindituz gero, artikulu honen 1. puntuan adierazitako eran jokatuko da. Gainditzen ez baldin badu, ordea, Hezkuntza Sailburuordetzak ukatu egingo du agindutako laguntza, 1/1997 Legegintza Dekretuak, azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAA) dioenaren arabera, eta agindutako diru-laguntzaren aurrerakina sarrera publiko moduan bueltatu beharko du eskatzaileak.

40. artikulua.– 1.– Diru-laguntza agindu ondoren, laguntza-jasotzaileak materiala 2019ko irailaren 5a baino beranduago entregatuko duela aurreikusten badu, idatzi bat aurkeztu beharko du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan, atzerapen horren arrazoiak azalduz eta ikasmateriala entregatzeko aurreikusitako epea zehaztuz. Zuzendaritza horrek, hartarako duen Jarraipen-batzordeaz, 34. artikuluan esandakoari salbuespenik egiteko arrazoizko motiborik dagoen ala ez aztertuko du, eta dagokion erantzuna emango du. Hilabete pasa ondoren Hezkuntza Sailburuordetzaren erantzunik ez balego, luzapen-eskabideak baimena duela ulertuko da.

2.– Luzapen-eskabidea ikasmateriala aurkezteko epea amaitu ondoren aurkezten bada, ez da onartuko.

41. artikulua.– Jarraipen-batzordearen gertakari-txosten teknikoa kontuan izanik, agindutako diru-kopurua ukatu edo murriztu egin ahal izango du Hezkuntzako sailburuordeak, laguntza-onuradunari entzunaldia eskaini ondoren, benetan produzitutako ikasmateriala eskabide-orrian jasotako ezaugarrietatik aldentzen den neurrian, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19.4 artikuluan jasotzen den bezala.

42. artikulua.– 1.– Lana garaiz eta zuzen amaitzen ez duenak, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko dizkio jasotako diru-kopuruak eta legez dagozkien interesak eta kobratzeko daukana jasotzeko eskubidea galdu egingo du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (92-02-07ko EHAAn) zehaztutako prozeduraren arabera dagozkion berandutze-interesak gehituz.

2.– Modu berean jokatuko da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotzen den baldintzaren bat betetzen ez bada.

XI. KAPITULUA
LAGUNTZA JASOTZAILEEN BETEBEHARRAK

43. artikulua.– Deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzen inguruan Ekonomia Jarraipenerako Bulegoak edota Euskal Herriko Kontu Epaitegiak bere egitekoak betez eskatutako edozein informazio eskaintzera behartuta dago laguntza-jasotzailea.

44. artikulua.– Agindu honetan finkatutako edozein eginkizun ez betetzeak edota laguntzak lortzeko ezarritako baldintzetan gezurretan ibiltzeak, jokabide horien ondorioz gerta daitezkeen erantzukizun penalak baztertu gabe, agindutako laguntza galtzea ekarriko du; baita, hala legokiokeen kasuan, aurretik jasotako diru-kopurua atzera sarrera publiko moduan itzuli beharra ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (92-02-07ko EHAAn) dioenaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Laguntza programa hau Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 26ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren barruan dago, zenbait diru laguntza mota barne-merkatuarekin bateragarriak jotzen dituena, Itunaren (EBAO 2014, L 187, 2014-06-26) 107. eta 108. artikuluen aplikazioaren ondorioz (Kategorien Araberako Salbuespen Araudi Orokorra edo 651/2014 Araudia).

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, eta errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Interesdunek, bestela, zuzen-zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzien Salan; bigarren aukera horretaz baliatzeko epea, berriz, bi hilabetekoa izango da, agindua aldizkari ofizial horretan argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 17a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala