Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

151. zk., 2018ko abuztuaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
4120

AGINDUA, 2018ko uztailaren 26koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuarena, 2018ko ekitaldirako partaidetzazko toki-garapenaren estrategiaren (PTGE) babespeko proiektuetarako laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dituena. Estrategia hori arrantza-sektoreko toki-ekintzako taldeak (ATET) onetsi du, arrantza-eremuen garapen jasangarrirako, Europako 2014-2020 aldirako Itsaso eta Arrantzako Europako Funtsaren (IAEF) esparruan.

Partaidetzazko toki-garapena (PTG) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) III. tituluaren II. kapituluan ezarri zen; bertan, Eskualde Garapenerako Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Landa Garapenerako Nekazaritzako Europako Funtsari eta Itsaso eta Arrantzako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak ezartzen dira, baita Eskualde Garapenerako Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari eta Itsaso eta Arrantzako Europako Funtsari buruzko xedapen orokorrak ere, eta Kontseiluaren 1083/2006 Erregelamendua (EE) indargabetzen da.

Azpieskualdeko gune jakinetan zentratuko da partaidetzazko toki-garapen hori, tokiko ekintza taldeek gobernatuko dute, ongi integratutako toki-garapeneko estrategien eta sektore anitzeko estrategien eta guneetan oinarritutakoen bidez gauzatuko da; tokiko beharrizanak eta potentziala aintzat hartuz diseinatuko da, eta alderdi berritzaileak barne hartuko ditu tokiko testuinguruan, baita sareak, eta, hala behar denean, lankidetza ezarri ere.

Bestalde, arrantza- eta ur-eremuetako garapen jasangarria Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2014ko maiatzaren 15eko 508/2014 (EB) Erregelamenduaren 58. artikulutik 64. artikulura bitartean xedatzen da; Erregelamendu hori Itsaso eta Arrantzako Europako Funtsari buruzkoa da, eta indargabetu egiten ditu Batzordearen 2328/2003 (EE), 861/2006 (EE) 1198/2006 (EE) eta 791/2007 (EE) Erregelamenduak, eta Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 1255/2011 (EB) Erregelamendua.

IAEFek barne hartzen ditu, modu eraginkorrean, partaidetzazko toki-garapenaren estrategiak (PTGE), arrantza-sektoreko toki-ekintzako taldeek (ATET) diseinatu eta gauzatu dituztenak, arrantzari eta ur-eremuari lotutako komunitateetan EBren laugarren lehentasuna (hau da, hazkunde ekonomikoa, gizarteratzea, enpleguaren sorkuntza eta enplegagarritasunerako laguntza sustatzea) lortzeko tresna nagusi bezala, barne harturik arrantzaren esparruan eta itsas ekonomiarekin lotutako bestelako sektoreekin lotuta egindako jardueren dibertsifikazioa.

2015eko azaroaren 13ko 8118 (2015) C burutzapen-erabakiaren bidez onetsi zen IAEFen Espainiarako programa eragilea, eta horren 5.1 puntuan partaidetzazko toki-garapenaren estrategiak aplikatzeari buruzko informazio zehatza jasotzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza-eremuen garapen jasangarria martxan jartzeko, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak arrantza-sektoreko partaidetzazko toki-garapenaren estrategiak eta horiek kudeatzeko ardura duten Tokiko Ekintza Taldeak hautatzeko eta onartzeko deialdi publikoa argitaratu zuen 2016ko otsailaren 12ko EHAAn (29. zenbakia).

Iragarritako hautaketa-prozeduraren bidez, partaidetzazko toki-garapenaren estrategia bat aurkeztu zuen Itsas Garapen Elkartea Tokiko Ekintza Taldeak; estrategia hori Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren 2016ko uztailaren 15eko Ebazpenaren bidez hautatua izan zen eta 2016ko abuztuaren 12ko 153. zenbakiko EHAAn argitaratu zen, ostiralez (http://www.euskadi.eus/informazioa/arrantza-guneen-garapena-europako-itsas-eta-arrantza-funtsaren-esparruan-eiaf-2014-2020/web01-a2arraku/eu/).

2017ko urtarrilaren 1ean, Itsas Garapen Taldea Tokiko Ekintza Taldeak eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak hitzarmen bat sinatu zuten partaidetzazko toki-garapeneko estrategia aplikatzeko, Itsaso eta Arrantzako Europako Funtsaren 2014-2020 aldirako programa eragilearekin bat eginez. Aipatutako estrategiaren aplikazio-eremua osatzen dute Bermeo, Mundaka, Ondarroa, Getaria, Mutriku, Berriatua, Elantxobe, Orio, Hondarribia, Pasaia, Zumaia, Lekeitio, Lemoiz, Zierbena eta Santurtziko udalerriek eta Donostiako arrantza-portuak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.5 artikuluak ezartzen duenez, ekitaldi ekonomiko bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak indarrean jartzen direnean, eguneratu, berrikusi, edo, hala badagokio, ezarri egingo dira programen diru-laguntzak emateko arauak eta kasuan kasuko deialdia egingo da bere garaian izaera mugagabez arautu zirenentzat.

Kontuan hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legean eta Diru-laguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Onartzea, 2018. urterako, arrantza-sektoreko partaidetzazko toki-garapenaren estrategian ezarritako helburuak betetzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarriak. Estrategia hori Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren 2016ko uztailaren 15eko Ebazpenaren bidez onartu zen (horren bidez, arrantza sektoreko Itsas Garapen Elkartea, Flag toki-ekintzako taldea izendatu dela aditzera eman zen, partaidetzazko toki-garapeneko estrategia kudeatzeko; talde hori hautatua eta onartua izan da, zehazki, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2016ko otsailaren 3ko Aginduaz egindako deialdi publikoarekin bat etorriz). I. eranskin bezala jaso dira biak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik hasita; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 26a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRIAK
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
LAGUNTZA HONEN XEDE DIREN KOSTALDEKO UDALERRIAK ETA ZONAREN ARABERAKO SAILKAPENA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
2018ko ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
EKOIZPENEKO INBERTSIO-PROIEKTUA BALORATZEKO JUSTIFIKAZIO-MEMORIA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
EKOIZPENEKOA EZ DEN INBERTSIO-PROIEKTUA BALORATZEKO JUSTIFIKAZIO-MEMORIA
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
ENPLEGUA SORTZEKO PROIEKTUA BALORATZEKO JUSTIFIKAZIO-MEMORIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala