Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

150. zk., 2018ko abuztuaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
4067

AGINDUA, 2018ko uztailaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena, Gradu eta Masterreko unibertsitate-irakaskuntza ofizialak kategorizatzen dituena.

Apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak, zeinak abenduaren 21eko 6/2001 Unibertsitateei buruzko Lege Organikoa aldatzen baitu, irakaskuntza nahiz titulu unibertsitario ofizialen egituraketa berria ezarri zuen.

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 48. artikuluak eta Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzko ekainaren 28ko 13/2012 Legeak (aurrerantzean, «Unibasq» soilik) Unibasq-i esleitzen diote Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza soziala duten unibertsitateen titulazioak ebaluatzeko eskumena.

Unibertsitate-ikasketa ofizialen antolamendua ezartzen duen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 25. artikuluaren arabera, Unibertsitate Kontseiluak aldeko edo aurkako ebazpena emango du unibertsitate-titulazio bat ezartzeko proposamenari buruz, betiere dagokion ebaluazio-organoak titulazioaren ikasketa-plana ebaluatu ondoren.

Gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko unibertsitate-ikasketa ofizialak nola ezarri eta kendu arautzen duen abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-irakaskuntza ofizialak definitu eta antolatzeko, Goi Hezkuntzako Europar Eremua arautzen duten eta haren oinarri diren printzipio eta irizpideak bete behar dira. Bestalde, aipatzen da irakaskuntza hauetan aintzat hartu beharko dela Euskal Autonomia Erkidegoaren egitura sozioekonomikoa eta halaber jaso beharko direla bertako lan-merkatuaren potentzialtasunak eta beharrizanak eta, graduondokoen kasuan, baita jadanik finkatuta dauden ikerketa-lerroak ere.

Abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 4. artikuluak ezartzen duenez, oinarrizko eta tarteko mailan eta maila aurreratuan kategorizatuko da gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-irakaskuntza ofizialen eskaintza, bektore hauek aintzat hartuta: metodo eta metodologia berritzaileetan oinarritutako prestakuntza, nazioartekotzea eta enpresa, erakunde eta bestelako entitateekiko harremanak. Helburua da gizarteari informazio zabalagoa ematea Euskal Unibertsitate Sistemaren ezaugarriei buruz.

Horregatik guztiagatik, eta abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Agindu honen helburua da oinarrizko eta tarteko mailan eta maila aurreratuan kategorizatzea Euskal Unibertsitate Sisteman eskaintzen diren unibertsitate-irakaskuntza ofizialak, helburu hartuta gizarteari informazio zabalagoa ematea Euskal Unibertsitate Sistemaren ezaugarriei buruz.

2.– Euskal Unibertsitate Sistemaren Gradu eta Masterreko unibertsitate-irakaskuntza ofizialei aplikatuko da agindu hau.

2. artikulua.– Kategorizazioa.

Abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, oinarrizko eta tarteko mailan eta maila aurreratuan kategorizatuko da gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-irakaskuntza ofizialen eskaintza, bektore hauek aintzat hartuta:

a) Metodo eta metodologia berritzaileetan oinarritutako prestakuntza.

b) Nazioartekotzea.

c) Enpresa, erakunde eta bestelako entitateekiko harremanak.

3. artikulua.– Metodo eta metodologia berritzaileetan oinarritutako prestakuntzaren bektorea.

1.– Metodo eta metodologia berritzaileetan oinarritutako prestakuntzaren arloan, bektoreak zehaztuko du nolako hobekuntza izan den irakaskuntza-prozesuan eta ikasleen ikaskuntza-prozesuan, bizitza osoan zehar luzatzen den testuinguruan. Betekizun hauek hartuko dira kontuan:

a) Metodo eta metodologia berritzaileak integratzea, titulazioan ezarritako konpetentziak garatzeko.

b) Curriculumaren antolamenduak, irakaskuntza-koordinazioak eta ebaluazioak lagundu behar dute metodo eta metodologia berritzaileetan oinarritutako titulazioaren konpetentziak garatzen.

c) Titulazioan badaude irakasle eta ikertzaileak, titulazioan aplikatzen diren Hezkuntza Berriztatzeko Programetan eta Docentian parte hartzen dutenak, eta erakusten dutenak metodo eta metodologia berritzaileak integratu direla irakaskuntza- eta ikaskuntza- prozesuetan.

d) Badago estrategia bat, titulazioaren konpetentziak garatzeko metodo eta metodologia berritzaileak integratzen dituena, eta badago batzorde eragile bat, estrategia hori aztertu eta koordinatzen duena.

2.– Bektorea neurtzeko, item hauek aztertuko dira:

a) Titulazioaren errendimendu-tasa (kreditu gaindituak/matrikulatuak).

b) Ikasleen gogobetetasuna.

c) Hezkuntza Berriztatzeko Programetako irakasle eta ikertzaileak.

d) Docentian ebaluazio positiboa duten irakasle eta ikertzaileak.

e) Titulazioan metodo eta metodologia berritzaileen bidez garatutako ECTSen ehunekoa.

3.– Aipatutako betekizun eta itemak zenbateraino garatu eta betetzen diren aztertuta, maila hauek ezarriko dira:

a) Oinarrizko maila: irakaskuntza teorikoa, praktikak, mintegiak, irakurketa osagarriak eta ikaskuntzarako beste baliabide batzuk konbinatzen dira, bai eta ikaskuntza presentzialak eta ez-presentzialak ere.

b) Tarteko maila:

1.– Prestakuntzarako metodo eta metodologia berritzaileak erabiltzen dira, gutxienez prestakuntzaren % 25ean (alde batera utzita gradu amaierako lana edo master amaierako lana). Metodo eta metodologia horien artean, ikaskuntza aktiboa eta ikasleen esperientzian oinarritua baliatzen da, ikasleek inplikazio- eta ardura-maila handiagoa izan dezaten, bai eta ikaskuntza-proiektuak, arazoetan oinarritutako ikaskuntza edo erronketan oinarritutakoa ere.

2.– Titulazioan irakasten aritzen diren irakasle eta ikertzaileen % 30ek, gutxienez, titulazioan txertatutako Docentia programaren bidezko akreditazioa dute, edo Unibasqen jarraipen-txostenaren bidezko akreditazioa, edo Unibasq-ek balidatu beharko duen programa baliokidea.

3.– Ikasleek metodologiekin duten gogobetetasun-maila 5,5ekoa edo hortik gorakoa da.

4.– Errendimendu-tasa % 50ekoa edo hortik gorakoa da.

c) Maila aurreratua:

1.– Prestakuntzarako metodo eta metodologia berritzaileak erabiltzen dira, gutxienez prestakuntzaren % 40an (alde batera utzita gradu amaierako lana edo master amaierako lana). Metodo eta metodologia horien artean, ikaskuntza aktiboa eta ikasleen esperientzian oinarritua baliatzen da, ikasleek inplikazio- eta ardura-maila handiagoa izan dezaten, bai eta ikaskuntza-proiektuak, arazoetan oinarritutako ikaskuntza edo erronketan oinarritutakoa ere.

2.– Titulazioan irakasten aritzen diren irakasle eta ikertzaileen % 50ek, gutxienez, Docentia programaren edo programa baliokide baten bidezko akreditazioa dute (Unbasqek baliozkotua izan beharko du programa horrek).

3.– Ikasleek metodologiekin duten gogobetetasun-maila 10etik 7 puntukoa da gutxienez.

4.– Errendimendu-tasa % 70ekoa edo hortik gorakoa da.

5.– Batzorde eragile bat dago, titulazioan ezarritako konpetentziak garatzeko metodo eta metodologia berritzaileak integratzeko estrategia aztertu eta koordinatzen duena, eta emaitzak nabarmentzekoak dira.

4. artikulua.– Nazioartekotze-bektorea.

1.– Titulazioak zenbateraino duen nazioartekotzeko joera aztertuko du bektoreak, nazioartekotzearen arloan, honako betekizun hauen arabera:

a) Nazioartekotze-ekintzak integratzea, titulazioan ezarritako konpetentziak garatzeko.

b) Curriculumaren antolamenduak, irakaskuntza-koordinazioak eta ebaluazioak aukera eman behar dute titulazioak artikulatzeko atzerriko unibertsitateekin lankidetzan, Goi Hezkuntzako Europar Eremuaren testuinguruan edo nazioartekotze-ekintzen integrazioa aldezten duten nazioarteko beste testuinguru batzuetan.

c) Irakasle eta ikertzaileek hizkuntzen C1 maila egiaztatzea, nazioartekotzea errazteko moduko hizkuntzetan irakasteko.

d) Honako hauek izatea: mugikortasun-programak, hirugarren hizkuntzetako eskaintza, nazioartekotze-estrategia eta hura aztertu eta koordinatuko duen batzorde eragile bat.

2.– Bektorea neurtzeko, item hauek aztertuko dira:

a) Titulazioaren ikasle-mugikortasuna: atzerrira irtendako ikasleak.

b) Titulazioaren ikasle-mugikortasuna: nazioartetik hartutako eta matrikulatutako ikasleak.

c) Hizkuntza ez-ofizialetan irakasteko akreditazioa duten irakasleak, nazioartekotzea errazten dutenak.

d) Hizkuntza ez-ofizialetan eskainitako kredituen ehunekoa, nazioartekotzea errazten duena.

e) Atzerritik hartutako eta atzerrira joandako ikasleen gogobetetasuna tituluarekiko eta egonaldiarekiko.

3.– Aipatutako betekizun eta itemak zenbateraino garatu eta betetzen diren aztertuta, maila hauek ezarriko dira:

a) Oinarrizko maila. Titulazioak ikasleen borondatezko mugikortasuna sustatzen du nazioarteko beste unibertsitate batzuekin egindako akordioen bidez, eta ikasle batzuek baliatzen dute mugikortasun hori.

b) Tarteko maila. Titulazioak baldintza hauek betetzen ditu:

1.– Gutxienez, ikasle berrien % 15ek parte hartzen du nazioarteko mugikortasun-programetan.

2.– Mugikortasunaren iraupena graduko kreditu guztien % 12,5aren parekoa da eta masterreko kreditu guztien % 20aren parekoa, gutxienez.

3.–- Autonomia-erkidegoan ofizial ez diren hizkuntzetan irakasten da, graduko edo masterreko kreditu guztien % 15ean, gutxienez.

4.– Irakasleen % 15ek, gutxienez, akreditazioa dauka nazioartekotzea errazteko moduko hizkuntzetan irakasteko.

5.– Mugikortasun bidez hartutako ikasleen gogobetetasun-maila 10etik 7 puntukoa da gutxienez.

c) Maila aurreratua. Titulazioak baldintza hauek betetzen ditu:

1.– Gutxienez, ikasle berrien % 20k parte hartzen du nazioarteko mugikortasun-programetan.

2.– Titulazioan matrikulatutako ikasleen % 10, gutxi gorabehera, nazioarteko mugikortasun-programen bidez heltzen da edo atzerritarra da.

3.– Autonomia-erkidegoan ofizial ez diren hizkuntzetan irakasten da, graduko kreditu guztien % 20an edo masterreko kreditu guztien % 30ean, gutxienez.

4.– Irakasleen % 20k, gutxienez, akreditazioa dauka nazioartekotzea errazteko moduko hizkuntzetan irakasteko.

5.– Mugikortasun bidez hartutako ikasleen gogobetetasun-maila 10etik 7 puntukoa da gutxienez.

6.– Badago nazioartekotze-estrategia bat, eta hura aztertzen eta koordinatzen duen batzorde eragile bat, eta emaitzak nabarmentzekoak dira.

Autonomia-erkidegoan ofiziala den hizkuntza bat hitz egiten den herrialdeekin egiten badira nazioarteko akordioak, inguruabar horretara egokitu beharko dira hizkuntza ez-ofizialetan irakasteko irizpideak eta irakasleen akreditazioa.

5. artikulua.– Enpresa, erakunde eta bestelako entitateekiko harremanen bektorea.

1.– Enpresa, erakunde eta bestelako entitateekiko (aurrerantzean, enpresekiko) harremanen bektoreak unibertsitateen eta enpresen arteko harremanen ezaugarriak definituko ditu, unibertsitate-agiridunek lan-merkatuan integratzeko behar dituzten konpetentziak garatzeko eta enplegu berriak sortzen laguntzeko. Alde horretatik, betekizun hauek kontuan hartuko dira:

a) Enpresekin lankidetzan integratzea irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak, titulazioan ezarritako konpetentziak garatzeko.

b) Kurrikulumaren antolamenduak, irakasleen koordinazioak eta ebaluazioak sustatu behar dituzte enpresekin lankidetzan gauzatzen diren irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak, titulazioan ezarritako konpetentziak garatzeko.

c) Ikasle agiridunen enplegagarritasunari jarraipena egiteko eta neurtzeko sistema eta teknikak erabiltzea.

d) Enpresaren irakaskuntza-eskaintza, eta ikasleen tutoretza partitua. Badago unibertsitate eta enpresaren arteko estrategia bat, bai eta hura aztertzen eta koordinatzen duen batzorde eragile bat ere.

2.– Bektorea neurtzeko, item hauek aztertuko dira:

a) Unibertsitate eta enpresaren arteko prestakuntza-programetan parte hartzen duten ikasleen ehunekoa.

b) Titulazioan eskaintzen diren enpresa-kredituen ehunekoa.

c) Ikasleek enpresetan egindako kredituen ehunekoa.

d) Ikasle agiridunen enplegu-tasa.

e) Enpresen gogobetetasuna.

f) Ikasleen gogobetetasuna.

3.– Aipatutako betekizun eta itemak zenbateraino garatu eta betetzen diren aztertuta, maila hauek ezarriko dira:

a) Oinarrizko maila. Titulazioak enpresetan praktikak egiteko aukera sustatzen du -kurrikulumaren barruan edo borondatez, titulazioan ECTS kredituak aitortuta-, bai eta gradu edo master amaierako lanak enpresetan egiteko aukera ere, eta titulazioko ikasle batzuek aukera horiek baliatzen dituzte.

b) Tarteko maila.

1.– Ikasleen % 30ek, gutxienez, enpresa batean egiten du gradu edo master amaierako lana, edo praktikaldia -kurrikulumaren barruan edo borondatez, titulazioan ECTS kredituak aitortuta (18 eta 30 ECTS kreditu artean).

2.– Ikasleek praktikekin duten gogobetetasun-maila 10etik 7 puntukoa da gutxienez.

3.– Enpresek praktikekin duten gogobetetasun-maila 10etik 7 puntukoa da gutxienez.

c) Maila aurreratua.

1.– Ikasleen % 30ek, gutxienez, enpresa batean egiten du gradu edo master amaierako lana, edo praktikaldia -kurrikulumaren barruan edo borondatez, titulazioan ECTS kredituak aitortuta (30 ECTS kreditutik gora).

2.– Ikasleek praktikekin duten gogobetetasun-maila 10etik 7 puntukoa da gutxienez.

3.– Enpresek praktikekin duten gogobetetasun-maila 10etik 7 puntukoa da gutxienez.

4.– Badago unibertsitate eta enpresaren arteko estrategia bat, eta hura aztertzen eta koordinatzen duen batzorde eragile bat, eta emaitzak nabarmentzekoak dira.

5.– Ebidentziak daude titulazio eta enpresen artean etengabeko harremana dagoela esateko.

6. artikulua.– Prozedura.

1.– Unibasq-eko Aholku Batzordeak, Gradu edo Masterreko titulazio ofizial bat baimentzea eskatzeko idazki bat aurkezteko prozesuan euskal unibertsitate-sistemako unibertsitateren bat aurrera eramaten ari den prozesuan, oinarrizko maila, erdiko maila edo maila aurreratua emango dio aipatutako titulazioari, Unibasq-eko Aholku Batzordeak onartuko duen eta EHAAn argitara emango den jarduera-protokoloaren arabera.

2.– Halaber, Gradu edo Masterreko titulazio ofizial bat berritzeko prozesuan euskal unibertsitate-sistemako unibertsitateren batek aurkeztu duen eskaera dela-eta, titulazioari dagoeneko esleitu zaion maila berrikusiko du Unibasq-eko Ebaluazio Batzordeek eta aldatu behar den edo ez zehaztuko dute.

7. artikulua.– Kategorizazioaren indarraldia.

Unibasq-ek egingo du titulazioen kategorizazioa, horretarako onartzen duen protokoloari jarraituz, eta kategorizazioa indarrean egongo da titulazioaren akreditazioa berritu arte.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 27a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala