Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

148. zk., 2018ko abuztuaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
3988

EBAZPENA, 2018ko maiatzaren 17koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez agintzen baita gordailutu daitezen Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartearen estatutuetan egindako aldaketa eta estatutuak berak, eta horren berri ematen baita.

Espediente bat ireki da Sindikatu eta Enpresa Erakundeen Estatutuak Gordailutzeko Bulego Publikoan, Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartearen estatutuak aldatzeko dokumentazioa gordailutzeko. Elkartearen idazkariak aurkeztu du dokumentazioa. Espediente hori azterturik, ebazpena eman da, honako aurrekari hauek oinarri hartuta:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Zenbait dokumentu aurkeztu dira 2018ko apirilaren 16an, aipatutako enpresa-elkartearen estatutuak aldatzeko dokumentazioa eta estatutuak berak gordailutu daitezen eskatzeko.

Bigarrena.– Errekerimendu bat egin zitzaion elkarte horri 2018ko apirilaren 25ean, eta 2018ko maiatzaren 3an bete zuen eskatutakoa.

Hirugarrena.– Aurkeztutako agiriak bat datoz Sindikatuen eta Enpresa Erakundeen Estatutuak gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuarekin. Zehazki, honako agiri hauek aurkeztu dira: gordailutze-eskabidea; ezohiko batzar orokorrak estatutuak aldatzeko hartutako erabakiaren ziurtagiria; estatutu aldatuak, eta elkartearen zuzendaritza batzordearen dokumentazioa, egiaztatzen duena enpresaburuak direla eta haien kargurako langileak dituztela.

Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoa da haren jarduketa-eremua, estatutuetako 5. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zuzenbideko honako oinarri hauek aplikatu behar zaizkie egitate horiei:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Sindikatuen eta enpresa-erakundeen estatutuak gordailutzeko eskumena organo honi ematen dio Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Eusko Jaurlaritzaren apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuaren 9.1.m) artikuluak.

Bigarrena.– Administrazio-prozedura honetan aplikagarri den funtsezko araudia apirilaren 1eko 19/1977 Legean eta Sindikatuen eta enpresa-erakundeen estatutuak gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuan jasota dago.

Hirugarrena.– Gordailutzeko aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, zuzenbidearen araberakoa dela egiaztatu da. Horrenbestez, gordailutzeko onartu behar dira aipatutako enpresa-elkartearen estatutuak aldatzeko dokumentazioa eta estatutu aldatuak, eta horren berri eman.

Aipaturiko oinarriak eta oro har aplikatzekoak diren xedapenak aztertu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agindua ematea gordailutu daitezen Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartearen estatutuak aldatzeari buruzko erabakia eta elkarte horren estatutuak.

Bigarrena.– Agindua ematea gordailutze hori argitara dadin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Sindikatuen eta Enpresa Erakundeen Estatutuak gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuaren 13. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Hirugarrena.– Eman den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak ebazpen honek.

Laugarrena.– Interesdunek aztertu ahalko dute gordailututako dokumentua, eta horren kopia eskatu, baita inpugnatu ere Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salaren aurrean, urriaren 10eko 36/2011 Legean ezarritakoaren arabera (2011ko urriaren 11ko BOE).

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 17a.

Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

MARÍA ELENA PÉREZ BARREDO.


Azterketa dokumentala