Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

148. zk., 2018ko abuztuaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3981

122/2018 EBAZPENA, uztailaren 17koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Irungo Udalarekin sinatutako Lankidetza-hitzarmena, 6.2.01 Oñaurre eremuko AD partzelan zuzkidura bizitokiak sustatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Irungo Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua, 6.2.01 Oñaurre eremuko AD partzelan zuzkidura bizitokiak sustatzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 17a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 17KO 122/2018 EBAZPENARENA

Lankidetza hitzarmena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila, Irungo Udala eta Irunvi, Irungo Etxebizitzarako Elkarte Publikoa, S.A.U. Irun Udalerriko 6.2.01 Oñaurre Esparruko AD Lursailean Zuzkidura Bizitokien Sustapena.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko uztailaren 5ean.

BILDURIK

Alde batetik, Ignacio Maria Arriola López jn., Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua.

Eta bestetik, Jose Antonio Santano Clavero jn., Irungo Udaleko alkate-lehendakaria eta Irunvi, Irungo Etxebizitzarako Elkarte Publikoa, S.A.U. enpresaren Administrazio Kontseiluko lehendakaria.

AGERTU DIRA:

Lehenbizikoa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu gisa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari moduan, ekintza honetarako baimendua Gobernu Kontseiluak 2018ko maiatzaren 22an egindako bileran hartutako erabakiaren bidez.

Eta bigarrena, Irungo Udaleko alkate-lehendakari gisa, haren ordezkari moduan, ekintza honetarako baimendua toki korporazio horren osoko bilkurak 2018ko ekainaren 12an hartutako erabakiaren bidez eta Irunvi, Irungo Etxebizitzarako Elkarte Publikoa,, S.A.U. enpresaren Administrazio Kontseiluko lehendakaria izateagatik, ekintza honetarako baimendua aipaturiko Kontseilu horrek 2018ko ekainaren 5eko bileran hartutako erabakiaren bidez.

Bi aldeek lege gaitasun nahikoa aitortzen diote elkarri Lankidetza Hitzarmen hau sinatzeko, eta horretarako

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengo.– Euskal Autonomia Estatutuak bere 10.31 artikuluan xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa duela lurraldearen, itsasertzaren, hirigintzaren eta etxebizitzen antolaketan.

Bigarren.– Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legeak bere 2. artikuluan jasotzen ditu Euskadiko etxebizitza politikaren printzipio gidariak, honako hauek besteak beste:

1.– Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubidea bermatzeko, lankidetzan eta koordinatuta aritzea botere publiko guztiak, Estatuko Administrazio Orokorraren mendeko organoak eta euskal sektore publikoa barne, zeina osatzen baitute Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, foru aldundiek, toki erakundeek eta haien mendeko titulartasun publikoko erakunde guztiek.

2.– Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubidearen eraginkortasunaren inguruko ekimenetan jarduera publikoak eta pribatuak koherenteak izatea.

3.– Etxebizitzei eta zuzkidura bizitokiei buruzko politika publikoak planifikatu eta programatzea, kontuan hartuta alokairuko etxebizitza dela Konstituzioan ezarritako etxebizitza eskubideari erantzuteko funtsezko tresna.

4.– Etxebizitza edo bizitoki babestu bat izateko eskubidea erabiltzerakoan edozein diskriminazio desagerraraztea, kolektibo ahulen aldeko ekintza positiboko neurriak ezarrita eta jokabide diskriminatzaileak zigortuta.

5.– Lurralde kohesioa egotea sustapen eta berritze neurrien aurreikuspen eta aplikazioaren banaketa orekatuan, eta aldi berean, etxebizitzen eta zuzkidura bizitokien eskaintza zabal eta behar bestekoa lortzea.

6.– Herritarrek etxebizitzei eta zuzkidura bizitokiei buruzko politika publikoak formulatzeko prozesuan benetan parte hartzea eta lankidetzan jardutea, bai eta bizitegiak sustatu, eraiki, kontserbatu, birgaitu, berroneratu eta berritzen edo horien administrazio edo kudeaketako zereginetan aritzen diren izaera sozialeko eta irabazi asmorik gabeko erakundeek ere.

7.– Etxebizitza babestu berriak eta zuzkidura bizitokiak eraikitzeko esku hartze guztiak nahiz etxebizitzak birgaitzeko edo eraberritzeko jarduerak haien bizigarritasun, funtzionaltasun eta segurtasun baldintzak hobetzera bideratzea, arreta berezia jarrita irisgarritasunean, baliabide naturalen erabilera eraginkorrean eta gizarte, finantza eta ingurumen iraunkortasunean, diseinu unibertsalaren printzipioei jarraiki.

8.– Jarduera produktiboak eta pertsonen bizitza indibiduala eta familiakoa erantzunkidetasunez bateratzen lagunduko duen hiri planifikazioa bultzatzea, erantzunkidetasunezko gizarte antolaketa bideratuz.

9.– Eraikinak, etxebizitzak eta haien ingurune urbanizatua gizarte erantzukizunez erabil daitezen bultzatzea, duten funtzio soziala errespetatu eta betetzeko.

10.– Etxebizitzaren arloan planifikazio bat ezarri, garatu eta gauzatzea herritarren egiazko premien eta haien egoera pertsonal, sozial, ekonomiko eta laboralen arabera.

Lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkorraren bidez bakarrik berma daiteke hori guztia, eta lurzoru publikoa erosteko eta kudeatzeko ekintza ausartarekin osatu behar da kontrol publiko hori. Hori dela eta, botere publikoek, kasu honetan Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Irungo Udalak batera esku hartu behar dute, eta hartara behartuta daude gainera, behar diren babes ofizialeko etxebizitzak eta zuzkidura bizitokiak egin ahal izateko baldintza egokiak sor daitezen, espekulazioa saihestuko duen bizitegi lurzoruaren ondare publikoa eratu ahal izateko.

Era berean, beterako ekintza koordinatu hori baieztatzeko eta berresteko, bi erakunde publikoei dagokiena aurreko atalean azaldutako alderdiei begira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak batetik, eta Toki Erakundeek bestetik, elkarrekiko harremanetan, dagokien esparruan, elkarlanean jardun behar dute eta elkarri beharreko laguntza aktiboa eman behar diote, dituzten egitekoak eraginkortasunez bete ahal izateko.

Aipaturiko eskumen horiek erabiliz, 2010eko martxoaren 22an, ordu hartako Etxebizitza, Obra Publiko eta Garraio Sailak eta Irungo Udalak konpromiso Akordio bat sinatu zuten 6.2.01 Oñaurre eremuan babes ofizialeko 128 etxebizitza sustatzeko, eremu horretako RP-A3 eta RP-A4 lursailetan, zehatz esateko.

Hirugarren.– Irunvi, Irungo Etxebizitzarako Elkarte Publikoa, S.A.U. udal elkartea da, Irungo Udalak eratua, sozietate anonimo moduan eta Sozietate Anonimoen Legea eta hirigintza erregimena arautzen duen legeria beteaz.

Elkartearen helburua da, besteak beste, etxebizitzen eta beste edozein eratako ostatu, lokal eta aparkalekuen sustapen, eraikuntza eta kudeaketa, horretarako bere funts propioak edo xede horretan lortzen duen beste edozein baliabide erabilita, eta gainera, azaldutako helburu horiek betetzeko aplikatu beharreko legeriak baimendu eta formalizatzen diren hitzarmenak bere gain harturik. Era berean, arestian aipaturiko higiezin horien sustapen, eraikuntza eta kudeaketarako era guztietako obra, azterketa eta proiektuak esleitu eta kontratatzea du xede.

Laugarren.– Diputatuen Kontseiluak 1998ko ekainaren 23an hartutako Akordioaren bidez behin betiko onartu zen Irungo Hiri Antolamendurako Plan Nagusia.

2011ko irailaren 19an onartu zen Plan Nagusiaren 23. Aldaketa, 6.2.01 Oñaurre esparrua hartzen duena.

Udalbatzak, 2011ko abenduaren 28an egindako Osoko Bilkuran, erabaki zuen behin betiko onartzea 6.2.01 Oñaurre esparruko Plan Partzialaren 2. Aldaketa (2012ko urtarrilaren 25eko GAO).

Dokumentu horren arabera, AD partzela baten kalifikazioa erantsi zitzaion kalifikazio xehatuaren sistematizazioari, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeko 81. artikuluak exijitzen zituen erreserbak kontuan hartuz.

Esparruaren Birpartzelazioa onartu ondoren, AD lursailaren esleipendun izan zen Udala, eta horrenbestez, udalaren titulartasunekoa da hura.

2015eko urtarrilaren 28an, Irungo Hiri Antolamendurako Plan Nagusi berria behin betiko onartu zuen osoko bilkurak. Aipaturiko Plan Nagusiaren 23. Aldaketa horretan jada zehaztutako antolakuntza irizpide eta helburu orokorrak jaso ziren dokumentu hartan.

6.2.01 Oñaurre esparrua hiriaren Erdialdean / Hego mendebaldean dago, Elizatxo Hiribidearen, Arretxe-Ugalde Industrialdearen, Lapitzeren Mendebaldeko etxebizitza familiabakarren eta AP-8 autopistaren arteko eremu batean.

Zoru urbanizagarri sektorizatuan, onartutako garapenerako plangintzak zehazten du hirigintza erregimen xehea, Plan Nagusi honetan xedaturikoarekin bat etorriz, izenetan egin beharreko egokitzapenak izan ezik, nola zuzkidura bizitokien lursailean, AD izena hartuko baitu, hala laguntza eta ikastetxe pribatuaren ekipamenduetarako lursailetan, aurrerantzean EM eta EP izena izango baitute, hori guztia Plan Nagusi berrian jasotako bestelako aldaketen kalterik gabe.

Hori horrela izan arren, indarrean dagoen araudiari dagokionean, Plan Partzialean jaso ziren AD lursailaren zehaztapen batzuetan kontraesanak zeuden, eta horregatik, Irungo Udalak Plan Partzialaren 3. Aldaketa puntuala tramitatu zuen sumaturiko oker horiek zuzentzeko.

Horren harira, Irungo Udalbatzak, 2017ko irailaren 27an egindako osoko bilkuran erabaki zuen behin betiko onartzea 6.2.01 Oñaurre esparruko Plan Partzialaren 3. Aldaketa. Haren Ordenantzak 2017ko urriaren 27an argitaratu ziren Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Era berean, Alkatetzak 2017ko urriaren 19an emandako Ebazpenaren bidez, erabaki zen 6.2.01 Oñaurre esparruko Birpartzelazio Proiektuaren 3. Aldaketa onartzea, AD Lursailari (Zuzkidura bizitokiak) buruzkoa.

Bestalde, Irunvi, Irungo Etxebizitzaren Elkarte Publikoa S.A.U. enpresako Administrazio Kontseiluak, 2017ko martxoaren 8an bilduta, «Satie Arquitectos, S.L.P» enpresari esleitu zion «Irungo 6.2.01 Oñaurre esparruan gazteentzako Zuzkidura Bizitokiak eraikitzeko Oinarrizko Proiektuaren eta, hala bazegokion, Gauzatze Proiektuaren prozedura irekiaren bidezko kontratazioa», haren eskaintzaren arabera: I. Fasea (Oinarrizko Proiektua): 27.000 euro eta II. Fasea (Gauzatze Proiektua): 49.800 euro, BEZik gabe.

Irungo Etxebizitzarako Elkarte Publikoa, S.A.U. Elkartearen Administrazio Kontseiluak, 2017ko urriaren 30ean egindako bileran, onartu zuen «Irungo 6.2.01 Oñaurre esparruan gazteentzako Zuzkidura Bizitokiak eraikitzeko» kontratua II. Fasera zabaltzea, hark barne ditu Gauzatze Proiektua eta Telekomunikazio Azpiegitura Proiektua, Satie Arquitectos, S.L.P. enpresari, hark eginiko eskaintzaren arabera, 49.800 euro-tan, BEZik gabe.

Bosgarren.– Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak bere 17. eta 81. artikuluetan adierazten du plangintzaren bidez ekipamendu komunitario modura ere kalifikatu ahal izango direla berariaz lursail batzuk erabilera nagusia bizitegietarakoa duten guneetan zuzkidura bizitokiak egiteko, bai aldi baterako bizitoki izan daitezen bai premia berezia duten kolektiboentzako bizitoki sozial bihur daitezen.

Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legeak arautzen du Lurzoru Ondare Publikoa, eta esaten du berau osatzen duen ondarea independentea izango dela, gainerako ondaretik banandua, etxebizitzaren alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak kudeatuko duela, ondoko helburu hauek betetzeko, besteak beste:

a) Lurzorua edo bizitegitarako hirigintza eraikigarritasuna eskuratzea, etxebizitzak, bizitokiak, lokalak eta eranskinak sustatzeko edo eraikitzeko.

b) Eraikin babestu horiek sustatzea edo eraikitzea, eta jarduerari berari lotutako ekipamendu publikoak ere.

Era berean, azken arau horrek bere 24.1 artikuluan xedatzen du udal plangintzan zuzkidura bizitokietarako hornidura publiko modura kalifikaturik dauden lursailak bi eratara lor daitezkeela halakoak ezartzeko ardura duen administrazioaren alde: jarduera integratuetan sartuta edo haiei atxikita baldin badaude, derrigor eta doan lagata; edo, jarduera integratuetan sartu gabe eta haiei atxiki gabe badaude, nahitaez desjabetuta. Lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan jasotako baldintzak betetzen badituzte, lursail horietan eraikitzen diren eraikinak zuzkidura bizitokitzat joko dira.

Gogora ekarri behar da premiazko neurriei buruzko ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuaren 29. artikuluaren 2. atalak ezartzen dituela etxebizitzaren alorrean eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak zuzkidura bizitokiak sustatzeko jarraibideak:

Etxebizitzaren alorrean eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak zuzkidura bizitokiak sustatzeko, helburu horretarako lursailak eman beharko ditu dagokion Udalak. Zuzkidura bizitokietarako lursailak emate hori birpartzelazioari buruzko erabakiaren bitartez formalizatu beharko da (etxebizitzaren alorrean eskumena duen sailak onartu ondoren), edo bestela, behar den hitzarmena izenpetuta eta ondoren Udalak lagapenari buruzko erabakia eta Eusko Jaurlaritzak onarpenari buruzko erabakia hartuta, hori guztia aplikatu behar zaion araudian xedaturikoari jarraiki.

Seigarren.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak etxebizitzaren alorrean dituen eskumenak erabiliz, lurzorua behar du etxebizitza behar handiak dauden udalerrietan, haien artean Irun, zuzkidura bizitokiak eraikitzeko, errenta gaitasun txikia duten eta etxebizitzaren merkatu librean sartzeko aukerarik ez duten familientzat, pertsonentzat, bizikidetza unitateentzat edo gazteentzat.

Kontuan harturik etxebizitzaren alorrean indarrean dagoen araudiak ez dituela aipaturiko Lurzoru Ondare Publiko hori osatzen duten ondasunak doan eskuratzeko balizkorik edo prozedurarik aurreikusten, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuan horretarako xedaturikoa beteko da.

Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 38. artikuluak xedatzen du titulartasuna duen sailari dagokiola ondasunak doan eskura daitezen onartzea, Gobernu Kontseiluak horretarako baimena eman ondoren, beste alderdi batzuen artean, eskuratze horrek berekin daramanean gastua sortzen duen berariazko erabilera baldintza edo konpromisoren bat, eta baldin eta, kasu honetan bezalaxe, eskumena duen organoak interes publikoko arrazoiak ikusten dituenean doaneko eskuratze hori onartzeko.

Esparru horretan, 2017ko uztailaren 19an Irungo Udalak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari bidali dio «Oinarrizko Proiektua-RV.00-34 Gazteentzako zuzkidura bizitokiak Irungo 6.2.01 Oñaurre esparruan» dokumentua, Satie Arquitectos enpresak idatzia, aztertua izan dadin lursaila zesioan emateari begira.

2017ko irailaren 18an, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Irungo Udalari jakinarazi zion proiektua bideragarria zela.

Aurrekoarekin bat, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak behar diren tramiteak bultzatu ditu Irungo Udalak erabakitako bere aldeko lagapena onartzeko eta aipaturiko lursail horretan zuzkidura bizitokiak eraiki ahal izateko.

Nolanahi ere, bakoitzaren interesak, konpromisoak eta ekarpenak behar bezala bideratu ahal izateko, bi aldeek Lankidetza Hitzarmen hau formalizatuko dute, ondoko klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Lankidetza Hitzarmen honen helburua da Irungo udal barrutian, 6.2.01 Oñaurre esparruko AD lursailean zuzkidura bizitokiak sustatzea.

Bigarrena.– Irungo Udalak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak adostu dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zuzkidura bizitokiak sustatzeko izatea 6.2.01 Oñaurre esparruko AD lursaila.

Irungo Udalak aipaturiko lursail hori lagatzeko konpromisoa hartzen du, inolako kargarik gabe, doaneko lagapena egiteko behar den erabakia hartuta.

Hitzarmen honetan jasotako ondare jarduera aurrera eraman ahal izateko, Gobernu Kontseiluaren baimena eskuratu behar da Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak xedaturikoaren arabera.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Gobernu Kontseiluaren lagapenaren onarpena tramitatzeko konpromisoa hartzen du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ingurumen organoak lurzoruaren kutsaduraren prebentzioaren eta zuzenketaren alorrean dituen eskumenen esparruan emandako ebazpena eskuetan duenean bakarrik onartuko du lursailaren titulartasuna, ebazpen horrek ahalbidetuko baitu etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legeak zuzkidura bizitokiei ematen dien etxebizitza erabileraren ezarpena.

Klausula honetan aurreikusitako ondasunaren doaneko lagapenari dagokion ondare eragiketa eskritura publikoaren bidez formalizatuko da sei hilabeteko epean, Gobernu Kontseiluak doaneko lagapena onartzeko erabakia hartzen duen egunetik aurrera kontatuta.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartuko ditu Hitzarmen honek xede duen lursaila doaneko lagapenaren bidez eskuratzeko ondare jardueraren eskriturek eta Jabetza Erregistroan inskribatzeak eragindako gastuak, Lurren Balioa Handitzeari buruzko Udal Zerga izan ezik.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak lursailaren titulartasuna eskuratu ondoren, zuzkidura bizitokiak egingo ditu bertan.

Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Hitzarmen honetan jasotako zuzkidura bizitokiekin loturiko eraikuntza eta urbanizazio obrak kontratatzeko eta gauzatzeko konpromisoa hartzen du.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zuzkidura bizitokiekin loturiko eraikuntza eta urbanizazio obrak 4 urteko epean bukatzeko konpromisoa hartzen du, doaneko lagapena eskritura publikoan formalizatzen denetik aurrera kontatuta. Nolanahi ere, behar bezala justifikatutako arrazoiengatik, hitzarmena sinatzen dutenek aho batez onartu ahal izango dute epe hori beste denboraldi batez luzatzea, baina inolaz ere ez da gaindituko Hitzarmenaren indarraldia.

Jarduera horietatik etorritako gastuak bere gain hartuko ditu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, behar diren dokumentu teknikoak prestatzeko lanei dagozkienak barne. Horren harira, Irunvi, Irungo Etxebizitzarako Elkarte Publikoa S.A.U.k behar den justifikazioa egin ondoren, Irungo udalerriko 6.2.01 Oñaurre esparruko AD lursailean zuzkidura bizitokiak eraikitzeko Oinarrizko Proiektua eta Gauzatze Proiektua dokumentuak idazteko lanari dagokion zenbatekoa ordainduko du.

Aldez aurretik beharrezko aurrekontu izendapenak egoteko eta Euskal Autonomia Erkidegoak baliabideak izateko baldintzaren pean geldituko dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Lankidetza Hitzarmen honetan bere gain hartutako konpromiso guztiak, aurrekontu egonkortasun eta finantza iraunkortasun printzipioak betetzearren.

Laugarrena.– Honako jarduera hauek egiteko konpromisoa hartzen du Irungo Udalak:

– Obrak lau hilabeteko epean hasteko, etxebizitzaren alorrean eskumena duen organoak eskatzen dituenetik aurrera kontatuta, behar diren udal lizentziak tramitatzeko.

– Lursailaren segurtasun eta mantentze neurriak hartzeko, zuzkidura bizitokiak eraikitzeko lanak hasten diren arte.

Irungo Udalak hartuko ditu bere gain klausula honetan hartutako konpromisoetatik etorritako gastuak.

Bosgarrena.– Irunvi, Irungo Etxebizitzarako Elkarte Publikoa S.A.U.k konpromisoa hartzen du Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari Irungo udalerriko 6.2.01 Oñaurre esparruko AD lursailean zuzkidura bizitokiak eraikitzeko obraren Oinarrizko Proiektua eta Gauzatze Proiektua emateko. Azken hori idazteko lanean Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko zerbitzu teknikoek parte hartuko dute gauzatze proiektu horrek dagokion araudia eta Sailak bultzatutako proiektuetan antzeko jardueretarako eskatzen diren baldintzak beteko dituela bermatzeko.

Aipaturiko dokumentu horiek prestatzeari dagozkion gastuak, Irunvi, Irungo Etxebizitzaren Elkarte Publikoa S.A.U.k orain arte sinaturiko kontratuen arabera 76.800 eurokoak (gehi BEZa) izan direnak, Eusko Jaurlaritzak ordainduko dizkio aipaturiko erakundeari, haien faktura eta ordainagiria aurkeztu ondoren. Gauzatze Proiektuaren kasuan, gainera, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Proiektu, Obra eta Gainbegiratze Zerbitzuaren onarpen teknikoa beharko du.

Seigarrena.– Zuzkidura bizitokien sustapenean Irun udalerri interesdun bakar izendatzeko konpromisoa hartzen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, udalerri horretako herritarrak izanik lehentasunezko hartzaileak.

Hala ere, Irungo Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolakuntza eta Etxebizitza Sailari proposatu ahal izango dio bizitokiak esleitzeko prozedura horretatik kanpo uzteko udal hirigintza jarduerek ukituriko pertsonei erantzuteko behar diren bizitokiak. Kasu horretan modu berezian egingo da esleipena.

Bizitokiren bat soberan gelditzen bada ez esleitu izanagatik, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Aginduaren bidez erabakiko du dagokion Eremu Funtzionalean zein pertsona edo/eta udalerri diren interesdunak.

Zazpigarrena.– Irungo Udalak konpromisoa hartzen du mintzagai ditugun zuzkidura bizitokien sustapenari aplikatu beharreko Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren Gaineko zergaren kitapenean % 95 arteko hobaria emateko, interes berezikotzat edo onura publikotzat hartutako eraikuntzei, instalazioei eta obrei dagokien zerga hori arautzen duen Ordenantza Fiskalean jaso bezala, adierazpen hori justifikatzen duten gorabehera sozial, kultural eta historiko-artistikoak daudenean edo enpleguaren sustatzen denean.

Zortzigarrena.– Irungo Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra salbuetsiko du eraikuntza eta obra lizentzia emateko tasa ordaintzetik, hain zuzen ere interes bereziko edo onura publikoko obratzat hartuak izateagatik Eiozren Ordenantzaren 8.1 artikuluaren a) atalaren ondorioetarako.

Bederatzigarrena.– Irungo Udalak konpromisoa hartzen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari inolako finantza garantiarik ez eskatzeko, esate baterako, fidantzak edo abalak, aplikatu beharreko araudiak eska dakizkion arren, bereziki hondakinen kudeaketari eta obrak gauzatzen diren bitartean uki daitezkeen udalaren titulartasuneko ondasun higigarriak edo higiezinak berrezartzeari dagokionean.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du hondakinak haien kudeaketa arautzen duten printzipioen arabera kudeatzeko, haien balorazioari lehentasuna emanez deuseztatzearen aurrean. Era berean, obrak izan dezakeen eragina ahalik eta gehien murrizteko behar diren neurri guztiak hartzeko, eta betiere obren ondorioz eragina jasan lezaketen udalaren titulartasuneko ondasunak lehengo egoerara bihurtzeko konpromisoa hartzen du.

Hamargarrena.– Alde guztiek beharrezkotzat hartzen dute Hitzarmenaren Jarraipen Batzorde bat izatea. Haren egitekoa izango litzateke egindako aurreikuspenen eta hartutako konpromisoen gauzatzeari erreparatzea, hitzarmena hertsiki bete dadin neurriak proposatzea, mintzagai ditugun zuzkidura bizitokiak sustatzeko lanean gerta litezkeen gatazkak edo/eta interferentziak erabakitzea eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabehera guztiei erantzutea.

Aipatutako Jarraipen Batzordea lau kidek osotuko dute, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzak bi proposatuko ditu eta beste biak Irungo Udalaren eta Irunvi, Irungo Etxebizitzarako Elkarte Publikoa, S.A.U. enpresaren ordezkariak izango dira.

Hitzarmen honetan aurreikusi ez bada, Jarraipen Batzordea Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko tituluaren III. Kapituluaren 3. Sekzioan jasotakoa betez gidatuko da.

Hamaikagarrena: hitzarmen honek administrazio izaera du, eta horrenbestez, beronen interpretazioaren, aplikazioaren, gauzatzearen eta ondorioen inguruan sor daitezkeen kontu guztiak jurisdikzio kontentzioso-administratiboaren esku geldituko dira, aurreko Klausulan aurreikusitako bidea agortu ondoren.

Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 6. Artikuluaren arabera Hitzarmen honek ez du Lege hori beteko, sor litezkeen zalantzak eta hutsarteak erabakitzeko Lege horren printzipioak aplikatu ahal izango badira ere.

Hamabigarrena: Lankidetza Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da, sinatzen denetik aurrera kontatuta. Aurreko atalean aurreikusitako epe hori amaitu aurretik, edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek epe hori luzatzea onartu ahal izango dute aho batez, beste lau urte osagarriko eperako, edo iraungitzeko erabakia hartu ahal izango dute.

Hamahirugarrena: Dokumentu honetan jasotako obligazioak ez betetzea hitzarmena bertan behera uzteko arrazoi izango da, eta aldeak hasierako egoera juridikora itzuliko dira, baina beste aldeari nahiz fede oneko hirugarrenei sortu zaizkien kalte eta galera guztien ordaina eman beharko du deuseztatze horren eragilea izan denak.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Hitzarmen honetan jasotako sustapenari uko egin ahal izango dio, aurreko paragrafoan aurreikusitako kalte-ordaina ordaindu gabe, bat-batean etor daitezkeen arrazoiengatik, mintzagai dugun lursaila hirugarren pertsonek okupatzea, esate baterako, sustapena bideraezina denean.

Eta adostasunaren eta fede onaren frogagarri gisa, dokumentu hau sinatu dute lau kopiatan, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Irungo Udaleko alkate-lehendakaria eta Irunvi, Irungo Etxebizitzarako Elkarte Publikoa, S.A.U.ren Administrazio Kontseiluko lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO SANTANO CLAVERO.


Azterketa dokumentala