Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

148. zk., 2018ko abuztuaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
3973

120/2018 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, ehiza-erroldarena.

Ehizari buruzko martxoaren 17ko 2/2011 Legeak 8. artikuluan adierazten du foru-organo eskudunek ehizaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari bidaliko diotela denboraldi bakoitzean harrapatutako ehiza-espezieei buruz biltzen duten informazioa. Informazio horrekin ehiza-errolda sortuko da, xede horretarako Eusko Jaurlaritzak onartuko duen erregelamendua betez.

Dekretuak errolda horren edukia, egitura, informazioa jasotzeko metodoak, informazioaren tratamendua eta edukia zabaltzeko modua zehazten ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen babesean ematen da Dekretua, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10. artikuluan xedatzen dena betez, zeinak adierazten baitu ehiza-gaietan eskumen esklusiboa duela. Hori egiteko, foru-aldundietan ehiza-gaietan eskudunak diren sailak kontsultatu dira, bai eta sektorean adierazgarriak diren erakundeak eta elkarteak ere.

Ondorioz, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren oniritzia jaso ondoren, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko uztailaren 30ean egindako bileran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Dekretu honen helburua Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko ehiza-errolda sortzea eta arautzea da.

2. artikulua.– Edukia.

Ehiza-erroldak Euskadiko ehiza-espezieen gaineko harrapaketei buruzko informazioa bilduko du; han sartuko dira foru-organoek lagatzen dituzten datuak.

3. artikulua.– Erroldaren egitura.

Ehiza-erroldan harrapatutako aleak jasoko dira, haien pisuaren eta gutxi gorabeherako balioaren kalkuluarekin. Honako eremu hauek izango ditu:

a) Ehiza-denboraldia.

b) Espeziea, ale kopurua, pisua eta balioa.

c) Sexua, ehiza larriko espezieetan.

d) Lurralde Historikoa, eta horren barruan, harrapaketa zer ehiza-barrutitan, zainpeko ehiza-eremutan edo bestelako ehiza-lurretan egin den.

e) Puntuazioa, ale medailagarrien kasuan.

4. artikulua.– Estatistika-informazioa biltzea.

Ehiza-eskubideen titularrek eta ehiztariek dagokien informazioa igorri beharko diete foru-aldundiei, aldundiek ezartzen duten modu eta epeetan.

Foru Aldundiek ehiza-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzari igorriko dizkiote 3. artikuluaren b), c) eta d) letretan biltzen den informazioa, ehiza-denboraldia amaitu eta hiru hilabeteko epean.

Aipatu ehiza-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritza izango da errolda kudeatzeko eta gaurkotzeko arduraduna.

5. artikulua.– Datuen tratamendua.

Faunaren ugaritasunaren erroldak eta azterketak egiteko eta populazioen azterketa demografikoak egiteko erreferentzia gisa erabili ahal izateko moduan tratatuko dira datuak.

Ehiza-denboraldika aurkeztuko dira.

6. artikulua.– Emaitzak ezagutzera ematea.

Emaitzak edozein pertsona edo erakunde interesdunek ikusi ahal izango dituzte, www.nasdap.euskadi.eus web-atarian.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko uztailaren 30ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERÍA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala