Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

147. zk., 2018ko abuztuaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

AZPEITIKO LEHEN AUZIALDIKO ETA INSTRUKZIOKO 2 ZENBAKIKO ZUZENEKO LAGUNTZA EMATEKO UNITATE PROZESALA
3947

EDIKTUA, adostasunik gabeko dibortzioari buruz bideratutako 304/2017 prozeduraren ondoriozkoa.

JAKINARAZPEN-ZEDULA

Azpeitiko (Gipuzkoa) Lehen Auzialdiko 2. zenbakiko Epaitegian adostasunik gabeko dibortziorako bideratutako 304/2017 prozeduran epaia eman da. Prozedura hori Anabelys Francis Vargas Perezek eskatuta hasi da, Alvaro Siriaco Chevez Andraderen aurka. Honako hauek dira epai horren idazpurua eta epaitza:

62/2018 EPAIA

Epailea: Maria de Blas Piñeiro andrea.

Lekua: Azpeitia (Gipuzkoa).

Eguna: bi mila eta hamazortziko maiatzaren hamarra.

Alderdi demandatzailea: Anabelys Francis Vargas Perez.

Abokatua.

Prokuradorea: Juan Jose Gonzalez Belmonte.

Alderdi demandatua: Alvaro Siriaco Chevez Andrade.

Abokatua.

Prokuradorea.

Judizioaren gaia: adostasunik gabeko dibortzioa eskatzea.

ERABAKI DUT:

Funtsean baiesten dut Francis Anabelys Vargas Perez andreak Alvaro Siriaco Chevez Andrade jaunaren aurka aurkeztu duen demanda; ondorioz, bi horiek 2008ko apirilaren 1ean Nikaraguako San Francisco del Norte udalerriko Erregistro Zibilean burutu zuten ezkontza deseginda deklaratzen dut, dibortzio bidez. Legezko ondorioak izango ditu desegite horrek, epai hau irmo egiten denetik Erregistro Zibilean inskribatzen den arte, baina ez du fede oneko hirugarrenik kaltetuko.

Alderdiek honako neurri hauek adostu dituzte:

1.– Zaintza- eta jagoletza-araubidea. Amak izango du XXXXX semearen gaineko zaintza eta jagoletza.

2.– Guraso-ahalaz baliatzea. Guraso-ahala erdibana izaten jarraituko dute aitak eta amak. Guraso biek guraso-ahala elkarrekin baliatzeak zera dakar: adingabeari dagozkion erabaki garrantzitsu guztiak guraso biek elkarrekin adostuta hartu beharra. Erabakiak hartzeko, egokien zaien komunikazio-bidea hautatu beharko dute; komunikazio-bide hori errespetatzera eta betetzera behartuta daude. Besterik adierazi ezean, komunikazioa posta elektronikoz edo burofaxez gauzatuko da, eta, hortaz, beste gurasoak ere bide horiek baliatuta erantzun beharko du. Hala egiten ez badu, ados dagoela ulertuko da. Adostasunik ez badago, Epaitegiak erabakiko du Kode Zibilaren 156. artikuluan ezarritako izapidearen arabera. Guraso-ahalaren arloan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:

a) Adingabearen egoitza hark ohiko bizileku duen udalerritik kanpora aldatzea; adingabea atzerrira joatea, oporraldiko bidaietan ez bada.

b) Ikastetxea aukeratzea eta, hala behar denean, ikastetxea aldatzea.

c) Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.

d) Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak (bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak).

e) Premiazkoak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.

Guraso biei aitortzen zaie adingabearen eskola-bilakaerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, bai eta ikastetxeko jarduera tutorialetan parte hartzekoa ere. Halaber, seme-alaben tratamenduei buruzko argibide medikoak ere eskatu ahal izango dituzte guraso biek.

XXXXXrekin dagoen gurasoak haiei buruzko erabakiak hartzerik izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, baldin eta urgentziako egoerarik gertatu bada, edo erabakiak adingabeen eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzkoak eta garrantzirik gabekoak badira.

3.– Adingabea gurasoekin egoteko denboraren eta denbora-banaketen, komunikazioen eta bisiten araubidea. Ez da ezartzen aita adingabearekin egoteko aldirik edo oporraldirik.

4.– Familia-etxebizitzaren erabilera. Francis andreak izango du familia-etxebizitzaren erabilera eta luperketa, adingabea zaintzeko eta jagoteko.

5.– Mantenu-pentsioa. Aitak XXXXX seme adingabearen mantenu-pentsioa ordaindu beharko du, harik eta hura adinez nagusi izatera iritsi eta ekonomikoki independentea izan arte edo izateko moduan egon arte, fede onez jokatuta. Pentsio hori hilean hirurehun (300) eurokoa izango da, eta urteko hamabi hilabeteetako lehenengo bost egunetan ordaindu beharko dio amari. Pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako Kontsumoko Prezioen Indizearen aldaketen arabera.

Amak horretarako ezartzen duen kontuan egin beharko da ordainketa.

Independentzia ekonomikorik ez duen bitartean semeak dituen aparteko gastuak erdibana ordainduko dituzte gurasoek. Ebazpen honen oinarri juridikoetan ezarritakoarekin bat etorriz, kontzeptu horretatik kanpo utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (izan ere, urtero errepikatzen dira); bestelako gastuak, berriz, sartu egingo dira apartekoen kontzeptuan, eta katalogo posible osoa adierazteko asmorik gabe, honako hauek sar daitezke: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, osasun-sistema publikoan edo dagokion medikuntza-erakundean sartzen ez diren gaixotasun fisiko edo mentalei lotutakoak, bai eta, prestakuntza-arloan, eta eskolan atzeratuta egonez gero, derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere. Egin beharreko gastua medikoa bada eta Gizarte Segurantzak edo dagokion erakunde medikoak ordaintzen ez badu eta beharrezkoa bada, erdibana ordainduko dute aitak eta amak; horretaz gain, fakultatiboa eta tratamendua bi gurasoek elkarrekin adostutakoak izango dira.

Aurreko paragrafoan azaldutako ezohiko gastuak aitak eta amak adostu beharko dituzte, gastua egin aurretik betiere; horrela, bada, gastu hori egin edo ez egin desadostasunik egonez gero, organo judizialaren pean jarriko da gaia; izan ere, organo horrek erabakiko du gastu hori ea bi gurasoek ordaindu behar duten ebazpen honetan ezarritako proportzioan. Gastua egingo dela ebatziko da, baldin eta behar-beharrezkoa bada, edo oso komenigarria bada eta familiaren gorabeherei egokitzen bazaie. Araubide horretatik kanpo uzten dira behar-beharrezkoak diren presako gastuak; izan ere, aldez aurretik ezin bada, aski izango da beste gurasoari ondoren jakinaraztea.

Ezohiko gastuak ordaindu beharra amaitu egingo da semea, adin nagusikoa izanik edo legez emantzipatuta egonik, ekonomikoki independentea denean, hartara eragotzi gabe 150. eta 152. artikuluetan betebeharra amaitzeko adierazten diren kausak.

Epaiaren aurka aurkeztutako errekurtsoek ez dute etengo aurreko neurrien eraginkortasuna.

Alderdi bati ere ez zaio ezartzen prozesuko kosturik.

Epai hau irmo bihurtzen denean, dibortzioaren gaineko adierazpenaren ondoriozko irmotasuna lortuta, Administrazioaren letraduak erabakiko du Erregistro Zibilari ofizioz jakinaraz dakiola, dagozkion idazpenak egin daitezen (Prozedura Zibileko Legearen 755. artikulua).

Eta lehen auzialdi honetan behin betiko epaituz, erabaki eta sinatu dut.

Argitalpena: Epaiari dagokion egunean, jendaurreko entzunaldia egiten ari zelarik, epaia eman zuen magistratu berberak eman, irakurri eta argitaratu zuen. Eta nik, Administrazioaren letradua naizenez, horren guztiaren fede ematen dut Azpeitin (Gipuzkoa), bi mila eta hamazortziko maiatzaren hamarrean.

Eta Alvaro Siriaco Chevez Andrade demandatuari behar bezalako jakinarazpena egiteko balio dezan ematen eta sinatzen dut honako hau, Azpeitin (Gipuzkoa), bi mila eta hamazortziko ekainaren hogeian.

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.


Azterketa dokumentala