Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

146. zk., 2018ko uztailaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3914

AGINDUA, 2018ko uztailaren 24koa, Hezkuntza sailburuarena, euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak bultzatzeko diru-laguntzen deialdia egiten duena.

Deialdi hau bat dator Euskal Autonomia Erkidegoan Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza arloan indarrean dauden arauekin, eta kalitatezko ikerketa sustatzea du helburu; izan ere, jarduera horiek nazioartean egiten dira, emaitzak argitaratzen dira inpaktu zientifiko eta teknologiko handiko foroetan, eta, bestalde, lagungarri dira Euskadiko eta Europako gizarteek XXI. mendean dituzten arazo sozial, ekonomiko eta teknologikoak konpontzeko. Horrela, talde horiek euskal ikerkuntzak Europako Ikerketa Eremuan dituen erronkei aurre egiteko behar besteko tamaina eta masa kritikoa lortuko dute, arlo desberdinetako adituen arteko batasuna sustatuz, aditu horiek prestakuntza handia baitute, eta ikerketa-proiektuetan, ezagutza-transferentzian eta graduondoko prestakuntza-programetan buru-belarri baitihardute.

Programa honen bidez lagundu egin nahi zaie euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeei. Horretarako, finantzaketa osagarria eskaintzea aurreikusten da, beste deialdietako finantzaketaz gainera, baita Euskal Autonomia Erkidegoko ikerketa-taldeak aintzatestea ere. Deialdi honekin, 2007an hasitako jardunbide bati jarraipena eman nahi zaio, unibertsitateko ikertaldeak sendotzera zuzenduta dagoena, eta, azken finean, ezagutza, berrikuntza eta ikerkuntzaren emaitzen transferentzia bultzatzera, horrek ahalbidetuko baitigu Europako Ikerketa Eremuan guztiz txertatzea, baita talde horiek ikerkuntzan duten prestakuntza indartzera ere. Halaber, Agindu honetan kontuan hartu dira Espezializazio Adimenduneko RIS3 Estrategian jasotako jarraibideak, gure herriko sektore publikoaren eta sektore pribatuaren lankidetza sustatzeko, nazioarteko sare eta partzuergoetan integratzeko, atzerriko ikertzaileak erakartzeko eta ezagutza gizarteari transferitu eta ezagutarazteko jarduerak gauzatzeko. Orobat, kontuan hartu dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2020 Planean diseinatutako estrategiak, Europa mailan –Europa 2020 Estrategia– zehaztutako helburuekin bat etortzea bilatzen dutenak, ekonomia lehiakor eta dinamikoak garatzeko, ezagutzan oinarrituta, alegia, modu jasangarrian hazteko gai diren eta enplegua ikuspegi kuantitatibo zein kualitatibotik hobetzeko gai diren ekonomiak.

Deialdi honetan finantzaketa eskaintzen zaie ikerketa-taldeei, salbuespen gisa, 3 urteko aldi baterako, hots, 2019 eta 2021 bitartean. Aldi hori igaro ostean, laguntza-deialdi bakarra egingo da euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeak finantzatzeko eta horretan talde guztiek parte hartuko dute.

Administrazio publikoen diru-laguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako eran, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin eta laguntzei eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin bat.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiko izapideak arautu dituen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduarekin bat etorriz,

Honako hau xedatzen dut:

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen helburua oinarriak ezartzea da, baita ikerketa-proiektuak egiten dituzten euskal unibertsitate sistemako ikertaldeen jarduerak bultzatzeko diru-laguntzen deialdia egitea ere, baldin eta ikerketa-programak Arte eta Giza Zientzietan, Zientzia Esperimentaletan, Osasun Zientzietan, Gizarte Zientzietan eta Zientzia Juridikoetan, Ingeniaritzan eta Arkitekturan egiten badituzte:

Hori guztia, ikerketa ahalbidetu eta bultzatzen eta sustatzen duen oinarrizko finantzaketa bermatze aldera, eta egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateetako sail eta unibertsitate-institutuetako taldeek egindako ikerketaren kalitate zientifikoa, eragin soziala eta nazioarteko oihartzuna areagotze aldera.

2.– Ebaluazio positiboa gainditu ondoren, ikerketa-taldeak Eusko Jaurlaritzaren aintzatespena lortu edo mantendu ahal izango du. Aintzatespen hori mantendu egingo da, hori aldatzen duen berariazko xedapena badago izan ezik, harik eta 5. artikuluan adierazten diren laguntza egikaritzeko epeak amaitzen direnera arte.

3.– Deialdi honetan parte hartzen duten 2016-2021 deialdiko A taldeek, ebaluazioa gainditzen ez badute, A talde izateari utziko diote.

4.– Diru-laguntzak aurrekontuen eskuragarritasunaren arabera emango dira, eta hiru urterako (2019-2021) izango dira, 5. artikuluan xedatuta dagoen bezala.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetako diru-laguntzen programaren guztizko zenbatekoa, 2019. urteko aurrekontu-ekitaldia eta 2020, 2021, eta 2022rako konpromiso-kredituak kontuan hartuta, 16.000.000 euro da, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kontura.

Aurrekontu hori 1.1 artikuluan jasotako arloetan banatuko da, modu honetan:

(Ikus .PDF)

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Laguntza hauen onuradun izango dira egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateak, betiere horietara atxikita baldin badaude ikerketa-taldeetako ikertzaile nagusiak.

2.– Erakunde onuradunek, laguntza jasotzen duten aldian, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Erakundeak ezin izango dira onuradun izan baldin eta diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko zehapenen bat badute bide penaletik edo administrazio-bidetik, edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren baten eraginpean badaude, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

b) Erakunde onuradunek egunean egon behar dute zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera eta Diru-laguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren arabera. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituztela; horretarako, ez du haien baimenik behar izango, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera. Gainera, erakunde onuradunek diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan behar dituzte.

Baldintza hori bete beharko da bai onuradun izateko eta bai izaera horri eusteko diru-laguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai diru-laguntza ematen denean eta bai ordainketak egiten direnean.

c) Ezin izango dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan honako xedapen hauetan jasotako egoeraren batean daudenak: Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan.

4. artikulua.– Ikerketa-taldeak.

Laguntza horiek jaso ahal izateko, ikerketa-taldeek eta horietako kideek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.– Taldeek honako kide hauek izango dituzte:

a) Doktoreak:

– Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateei estatutu edo kontratu bidez atxikitako irakasle eta langileak.

– Zientziarako Euskal Fundazioaren / Ikerbasque bitartez kontratatutako ikertzaileak (Research Professor, Research Associate edo Research Fellow), destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateetako batean dutenean.

– UPV/EHU - CSIC unitate misto bateko ikertzaileak, BERC kategoriako ziurtapena dutenak eta erakunde horiek kontratatu dituztenak.

Ikerketa-taldeko ikertzaile nagusiak doktore-kolektibo horretako kide batek izan behar du, kontratu iraunkorra eta lanaldi osoa edo parekatua duena.

Ikertzaile nagusiak ez badu kontratu-loturarik unibertsitate eskatzailearekin, kontratu-lotura baduen eta aurreko paragrafoan jasotako baldintzak betetzen dituen beste ikertzaile nagusi bat eskatuko da.

Ikertzaile nagusi izan ahalko dira, halaber, irakasle atxiki edo lan-legepeko bitartekoak diren eta lanaldi osoa edo parekatua duten doktoreak (alboko irakasle izan direnak), irakasle agregatu edo titular gisa ziurtatuta daudenak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den datan. Kasu horietan, aurreko paragrafoetan jasotako baldintzak betetzen dituen beste ikertzaile nagusi bat eskatuko da.

b) Ez-doktoreak:

– Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateei estatutu edo kontratu bidez atxikitako irakasle eta ikertzaileak.

– Prestakuntzan dauden ikertzaileak, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateei estatutu edo kontratu bidez atxikitakoak.

2.– Ikerketa-taldeko kide gehienek lan-ibilbide bateratua egiaztatu beharko dute, 2013. urtetik eskabidea egin den egunera arte, eta ikerlerroen kohesioa eta bateratasuna erakutsi beharko dituzte, dela elkarrekin egindako zientzia-argitalpenen bidez, dela elkarrekin egindako proiektuen bidez, dela teknologia eta ezagutza gizartera zabaltzeko egindako jardueren bidez.

Halaber, taldeak % 10eko baterako argitalpen kopuru minimo bat egiaztatu beharko du, eta halakotzat hartuko dira, gutxienez, taldeko bi kidek parte hartu duten argitalpen zientifikoak, artikuluak, liburuak edo liburu-kapituluak. Liburuetan kideetako bat editore gisa ageri bada eta beste kide batek kapitulu batean parte hartzen badu, baterako argitalpentzat hartuko dira.

3.– Taldeetan, gutxienez, doktoreak diren 5 kide egongo dira.

4.– Taldeak ekoizpen minimo hau izan behar du:

a) Bi zientzia-argitalpen ekoitzita izan beharko ditu doktore bakoitzeko, 2013. urtetik laguntza-eskabidea egiten den egunera arte.

Baterako argitalpenak behin baino ez dira zenbatuko. Horretarako, zientzia-argitalpentzat joko dira liburuak, liburu-kapituluak, reviewak, ebaluazioa egiten zaien argitalpen elektronikoak eta zientzia-aldizkarietako artikuluak.

Matematikaren, Fisikaren, Kimikaren, Biologiaren, Zientzia Biomedikoen, Zientzia Naturalen eta Ingeniaritza eta Arkitekturaren arloetan, ekoizpen minimo hori ziurtatzeko, Journal Citation Reports (JCR) Science Edition argitalpenean dagokion kategoria zientifikoko zerrendan jasotako aldizkarietan argitaratutako artikuluak bakarrik hartuko dira kontuan.

Gizarte Zientzien eta Zientzia Juridikoen eta Arte eta Gizarte Zientzien arloetan, ekoizpen minimoa artikulu, liburu eta liburu-kapituluen bidez ziurtatu ahalko da. Artikulu bidezko ziurtapena Web of Science (Arts and Humanities Citation Index, Social Science Citation Index, Science Citation Index, Journal Citation Reports y Emerging Sources Citation Index) edo Scimago Journal Rank guneetan jasotako aldizkarietan argitaratutakoekin egingo da soilik.

Liburuek eta liburu-kapituluek Scholarly Publishers Indicators-etan jasotako izen handiko editorialetan argitaratuta egon behar dute, Estatuan edo nazioartean. Halaber, ISBN kodea izan behar dute.

b) 2013. urtearen eta diru-laguntzaren eskabide-dataren artean jada amaitutako eta defendatutako doktoretza-tesien kopuru bat, taldearen tamainaren arabera, doktoreak diren kideen kopuru gisa neurtuta, honako arau hau aplikatuz zehazten dena:

(Ikus .PDF)

Salbuespen gisa, 2018ko abenduaren 31n ikertzaile nagusiak 41 urte baino gutxiago dituen taldeen kasuan, eskatutako tesietako bat defendatu gabeko doktoretza-tesi bat izan ahalko da, tesi-proiektua 2013. urtea baino geroago inskribatuta badago.

c) Erkidegoko, Estatuko edo nazioarteko deialdi publiko lehiakor bateko ikerketa-proiektua aktibo izatea 2016-2018 aldian. Ildo horretan, ez dira kontuan hartuko unibertsitate-esparruko edo probintzia-mailako deialdiak. Deialdi lehiakorraren prozeduran, laguntzak edo diru-laguntzak emateko, aurkeztutako eskabide guztiak alderatzen direnean, eskariak hurrenkera jakin batean jartzeko, aldez aurretik arauetan balorazioa egiteko ezarritako irizpideak jarraituz. Horrela, irizpideen arabera balorazio handiena lortu duten eskabideei bakarrik emango zaie laguntza.

5.– Ekoizpen minimoa ziurtatzea. Ekoizpen minimoaren betekizunak honela ziurtatuko dira:

a) Argitalpenak. Eskatzaileek, beren ekoizpen zientifikoa ikerketa-taldeak aplikazioan txertatzen dutenean, adierazi behar dute zer ekarpen hartu behar diren kontuan argitalpenen atalean eskatzen diren betekizun minimoak ziurtatzeko. Artikulu zientifikoak ziurtatzeko, aplikaziora artikuluaren lehen eta azken orria jasotzen dituen dokumentu bat igo behar du; lehen orrian ez bada aldizkariaren zenbaki edo liburukiari buruzko informaziorik agertzen, aurkibidea edo hori azaltzen duten beste orri batzuk gehituko dira. Liburu eta liburu-kapituluen kasuan, azala eta izenburua, egileak (edo editoreak), liburuaren kredituak (argitaletxea, ISBN eta abar), aurkibidea eta argitalpen-urtea agertzen dituen dokumentua. Liburu-kapituluen kasuan, honako hau ere erantsi behar da: kapituluaren lehen eta azken orria, eta eskatzailearen ekarpena agertzen duen kapitulu-aurkibidea.

Aplikazioak adierazitako argitalpenen zerrenda bat sortuko du (pdf), ekoizpen minimoaren betekizuna ziurtatzeko. Dokumentu hori inprimatu egin behar da eta, ikertzaile nagusiak sinatu ostean, aplikaziora igo behar da.

b) Doktoretza-tesiak. Tesiak ziurtatzeko unibertsitate eskatzaileek emandako dokumentua erabiliko da. Honako hauek agertu behar dute, gutxienez: izenburua, egilea, unibertsitatea, saila, data, tesiaren zuzendaritza eta kalifikazioa, nazioarteko aipamena duen tesia al den adieraziz. Dokumentua ikerketa-taldeak aplikaziora igo behar da.

c) Ikerketa-proiektuak: Unibertsitate eskatzaileek emandako dokumentuaren bidez ziurtatuko dira. Honako hauek agertu behar dute, gutxienez: proiektuaren izenburua, ikertzaile nagusia, emandako diru-laguntza, erakunde finantzatzailea, erreferentzia eta indarraldia. Dokumentua ikerketa-taldeak aplikaziora igo behar da.

6.– Taldeak kanpo laguntzaileak izan ahalko ditu, betiere, ikerketa-taldeak proposatutako helburuekin koherenteak diren baterako ibilbideak agertzen badituzte. Kanpo laguntzaileak irakasle bisitariak edota eskabidea egin duen erakundeaz bestelako ikertzaileak izan daitezke. Laguntzaile horiek ez dira taldeko kidetzat hartuko eta horien ekoizpen zientifikoa ez da zenbatuko aurreko 4. atalean aipatutako ekoizpen-mailan, ezta agindu honetako 12. artikuluan xedatzen den taldearen merituen ebaluazioan ere.

7.– Administrazio-laguntzarako langileak eta ikertzaile ez diren ikerketa-laguntzarako teknikariak ez dira taldekide moduan zenbatuko.

8.– Ikerketa-taldeak ikertzaile nagusi bakarra izango du. Salbuespen gisa, beste ikertzaile nagusi bat egotea onartuko da, 4.1.a) puntuan jasotako kasuetan.

9.– Ikertzaile bakoitzak deialdi honetako eskabide batean baino ezingo du parte hartu.

10.– Ez dute deialdi honetan parte hartuko eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean 2019-2021 urteetako honako laguntza hau jaso duten ikerketa-taldeek eta ikerketa-taldeko kideek: Euskal unibertsitate-sistemako ikertaldeen jarduerei 2016-2021 urteetan diruz laguntzeko deialdiak esleitzen dituen Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen 2016ko abenduaren 5eko Ebazpena betez onartutako laguntza.

11.– Eskabidea egiten duen taldeko kideak unibertsitate desberdinetakoak izan daitezke, baina taldea, administrazio-ondorioetarako, ikertzaile nagusia atxikita dagoen unibertsitateari lotuta egongo da.

12.– Hautaketa-prozesutik kanpo geldituko dira deialdi honetan jasotako baldintzak betetzen ez dituzten edo betetzen dituztela garaiz eta dagokion moduan frogatzen ez duten ikerketa-taldeak.

5. artikulua.– Diru-laguntza egikaritzeko aldia.

Egikaritzeko aldia hiru urtekoa izango da. 2019ko urtarrilaren 1ean hasi eta 2021eko abenduaren 31n amaituko da.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira, agindu honetan aurreikusitako ondorioetarako, diruz lagundutako jardueraren izaerari inongo zalantzarik gabe erantzuten dioten kontzeptuak, baldin eta oinarri arautzaile hauetan zehaztutako epean egiten badira.

Diruz lagundutako gastuen eskuratze-kostuak ez du, inolaz ere, merkatuko balioa gaindituko.

2.– Laguntza hauei dagokienez, egindako gastutzat hartuko da 19.1 artikuluan zehazten den egiaztatzeko aldia amaitu baino lehen ordaindu dena.

3.– Honako hauek dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Ikertzaileen kontratazioa, alegia, doktore-titulua duten ikertzaileak edo prestakuntzan diren ikertzaileak. Ikerketan laguntzeko langileen kontratazioa ere jasotzen da eta, horiek, goi-mailako titulazioa, lanbide-heziketa edo beste titulazioren bat izan dezakete.

b) Ekipamendu txikia erostea, zientifikoa nahiz bibliografikoa. Ekipamendu horren unitate bakoitzak 20.000 eurotik behera balio behar du, BEZik gabe. Laguntza honen kargura erositako material inbentariagarriak erakunde onuradunaren Inbentario Nagusian agertu behar du, bi urtez, gutxienez, erosketa-datatik zenbatzen hasita, azaroaren 17ko Diru Laguntzei buruzko 38/2003 Legearen 31.4. artikuluarekin bat. Informatika- eta bulego-ekipamendua erosteko ez da diru-laguntzarik emango.

c) Jarduera-programa egikaritzeko egin beharreko beste gastu batzuk. Atal honek barne hartzen ditu material suntsikorra, ikerketa-taldea nazioartekotzeko sustapen-jarduerak, prestakuntzako eta ikerketa ezagutarazteko jarduerak, espedizioak edo landa-lanak, azpikontratazioak, ikerketa-zerbitzu orokorrak eta taldearen ikerketa-helburuekin zerikusia duen beste edozein gastu, baldin eta lan-planean sartu badira.

4.– Ezin izango dira diruz lagundu estatutuz edo kontratuz erakunde onuradunekoak diren langile finkoen ordainsariak.

5.– Artikulu honetan diruz lagun daitezkeen gastuei buruz arautu ez denerako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan adierazitakoa beteko da.

7. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa formalizatzea.

1.– Ikerketa-talde bakoitzak telematikoki bete beharko du eskabidea, http://www.ikerketa-taldeak.net aplikazioa erabiliz. Horretarako, ikertzaile nagusiak alta hartu beharko du erabiltzaile gisa, eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideen arabera jardun beharko du.

2.– Eskabideko datuak. Atal honetan deskribatzen diren datuak, eta horiek baino ez, dira Ikerketarako Estatuko Agentziaren (ANEP ohia) Koordinazio eta Ebaluazio Azpiatalak (SCE) egin beharreko ebaluazioaren oinarria. Taldeko kide guztien ekarpen zientifiko nagusiak jasoko dira. Ikerketa Zuzendaritzak edozein taldekideri eskatu ahal izango dio dokumentazio gehigarria aurkez dezan. Honako hauek dira datuak:

2.1.– Taldearen datuak: zientzia-arloa, SCE arloa, ikerketa-ildoak, hitz gakoak, gaia, RIS3 lehentasunak, helburu sozioekonomikoak.

2.2.– Ikertzaile nagusiaren eta taldeko gainerako kideen datuak. Identifikazioa, prestakuntza akademikoa, egoera profesionala eta ibilbidea.

2.3.– Taldearen meritu zientifikoak, 2013. urtearen eta diru-laguntzaren eskabide-dataren artean. Honako hauek hartzen dira barne:

a) Ekoizpen zientifikoa: artikuluak, liburuak, kapituluak eta taldearen bestelako ekoizpenak.

Biltzarren kasuan, ekarpen garrantzitsuenak hautatuko dira, hala nola lantalde gonbidatuak, ahozko komunikazioak; horrela, talde bakoitzerako aplikazioan txertatu beharreko ekarpen kopuru maximoa honako hau izango da:

(Ikus .PDF)

b) Prestakuntza-gaitasuna. Honako azpiatal hauek hartzen dira barne:

– Taldeko kideek zuzendutako tesi defendatuak eta tesi inskribatuak.

– Ikerketa-langileak laneratzea, aintzat hartzen den epean indarrean zeuden kontratuen bidez, prestakuntzan edo hobekuntzan.

– Taldeko kideek parte hartzen duten master, doktoretza edo graduondoko programak.

c) Deialdi lehiakorretan ikerketa-proiektuen eta ezagutza transferitzeko bestelako jardueren bidez eskuratutako finantzaketa-iturriak.

d) Patenteak eta erabilgarritasun-ereduak.

e) Taldearen bestelako ekarpen eta jarduera zientifikoak.

2.4.– Jarduera-programa, helburuak, lan-plana, laguntzaren egikaritza-epe maximoa (2019-2021) nahitaez hartu behar duena, horren kronograma eta mugarri nagusiak. Taldearen helburuak, ekoizpen zientifikoari, prestakuntzari eta transferentziari dagokionez, orobat finantzaketa-iturriei dagokienez; horiek 2019-2021 hirurtekoan lortu beharreko adierazleen bidez kuantifikatu beharko dira. Halaber, 2019-2021 hirurtekorako aurreikusitako gizarterako hedapen eta dibulgazio zientifikoko jarduerak jaso behar dira.

2.5.– 2019-2021 aldirako eskatutako aurrekontua. Diruz lagundu daitezkeen eta 6. artikuluan jasotzen diren kontzeptu bakoitzean eskatzen diren kantitateak adierazi behar dira. Gainera, kantitate horiek justifikatu egin behar dira, jomuga zehatzaren deskribapen xehakatuaren bidez, eta 6. artikuluan deskribatzen diren eta diruz lagundu daitezkeen kontzeptuetara doitu behar dira.

3.– Ikertzaile nagusiaren curriculuma. Taldeko ikertzaile nagusiaren curriculuma aurkeztu beharko da unibertsitate- edo ikerketa-gaietan eskumenak dituen edozein administrazioren formatu normalizatuan. Dokumentazio hori pdf formatuan aurkeztu behar da http://www.ikerketa-taldeak.net aplikazioan.

4.– 4.4 artikuluan aipatzen diren ekoizpen minimoko baldintzak betetzen direla ziurtatzen duen dokumentazioa. Dokumentazio hori pdf formatuan aurkeztuko da http://www.ikerketa-taldeak.net aplikazioan.

5.– Eskabide-orri osoa bete eta datu guztiak eman ondoren, inprimatu egin behar da eta, inprimaki hori, taldeko ikertzaile nagusiak sinatu beharko du, eta aurkeztu beharreko gainerako agiriekin batera aurkeztu, unibertsitateko Ikerketa Errektoreordetzan, unibertsitateak ezartzen duen epean. Azkenik, unibertsitateak formalizatu eta aurkeztuko du eskabide-orria, artikulu honetako hurrengo ataletan ezarritako eran.

6.– Unibertsitateek eskatzeko ofizio bat bidaliko dute, taldeak zenbakiturik dituen zerrenda barne duela. Talde horietan ikertzaile nagusien izena aipatuko da. Gainera, aurreko atalean aipatutako inprimakiak ere aurkeztu beharko dira. Era berean, talde bakoitzeko kideen zerrenda aurkeztu behar da, horien kategoria profesionala, kontratu-egoera, unibertsitatearekiko lotura-mota eta doktore-izaera adierazita, hala badagokio. Ofizioak data agertuko du, eta unibertsitate eskatzailearen legezko ordezkariak izenpetu beharko du.

Azkenik, erantzukizunpeko adierazpena ere erantsi behar da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. zenbakian aipatzen dena (legegintzako dekretu horren bidez onartu da Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu dena). Aipatutako adierazpenak honako hauek jaso beharko ditu:

– Ea erakunde eskatzaileak eskatu dion beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturi diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabiderik helburu bererako, eta ea halakorik eskuratu duen.

– Erakunde eskatzaileak itzulketa- edo zigor-prozeduraren bat martxan duen edo izan duen, eta, hala badagokio, obligazioak ordaintzeke dituen, diru-laguntzak itzultzeari dagokionez.

– Erakunde eskatzaileak diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratibo edo penalik duen, edo horretarako desgaitzen duen legezko debekurik duen.

– Erakunde eskatzaileak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako beste debekuren bat duen.

– Erakunde eskatzaileak baimena ematen dion organo kudeatzaileari, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan jasotako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela egiazta dezan.

– Erakunde eskatzaileak onuradun izateko beharkizun guztiak betetzen dituela.

– Erakunde eskatzaileak konpromisoa hartzen duela Hezkuntza Sailaren Ikerketa Zuzendaritzari jakinarazteko diru-laguntza emateko eskatu eta kontuan hartzen diren baldintzetako bati eragiten dioten egoeretan izandako edozein aldaketa, baita edozein administrazioren edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak jaso izanaren berri emateko ere.

– Eskabideko datuak egiazkoak direla eta erakunde eskatzaileak bere gain hartuko dituela datuen zehaztasun-ezak ekar litzakeen erantzukizunak.

7.– Unibertsitateek zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako edozein bide erabilita aurkeztuko dituzten eskabideak, honako helbide honetan:

Eusko Jaurlaritza.

Hezkuntza Saila

Ikerketa Zuzendaritza

Erreferentzia: Euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeak

Donostia kalea, 1

01010 Vitoria-Gasteiz

Eskabideak posta-bulegoetan aurkezten badira, gutun-azal irekian eramango dira. Horrela, eskabidearen goiko aldean adierazi ahal izango da zer egunetan eta ordutan onartu diren postetxean.

Eskabideak toki hauetan ere aurkeztu ahal izango dira, eta toki horietan informazioa eskatzeko aukera ere egongo da: Herritarrei arreta emateko Zuzenean zerbitzuaren bulegoak: Bizkaia (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao), Gipuzkoa (Andia 13, 20003 Donostia), eta Araba (Ramiro de Maeztu 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz).

Orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan zehaztutako edozein bulegotan ere aurkeztu ahal izango dira.

Ikertzaile nagusia Euskal Herriko Unibertsitatekoa izanez gero, erregistro-bulego hauetan formalizatu ahal izango da eskaera:

– Arabako 01 erregistro-bulegoa (Arabako Campuseko Errektoreordetza, Izardui komandantea 2, 01005 Vitoria-Gasteiz).

– Gipuzkoako 02 erregistro-bulegoa (Ignacio M.ª Barriola gelategia, Elhuyar plaza 1, 20018 Donostia).

– Bizkaiko 03 erregistro-bulegoa (Errektoretza, Sarriena z.g., 48940 Leioa).

– Bizkaiko 84 erregistro-bulegoa (Larrako Etxea, Agirre Lehendakariaren etorbidea 83, 48015 Bilbao).

8.– Diru-laguntzak jasotzeko eskabidea aurkezteak berekin ekarriko du eskatzaileak baimena ematea organo kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan hark zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Dena dela, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena. Hala eginez gero, beharrezko egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera.

Dena dela, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena. Hala eginez gero, beharrezko egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera.

8. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da; amaitu, berriz, 2018ko irailaren 21ean.

Eskabide-orriak aurkezteko epea bukatutakoan, ezin izango da eskabide-orria aldatu.

9. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Ikerketa Zuzendaritzari dagokio izapidetzea; horren barruan eskaerak jasotzea, era guztietako kontsultak eta jakinarazpena sartzen dira.

10. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

1.– Diru-laguntza jasotzeko eskabidea guztiz betetzen ez bada edo arauzko agiriak aurkezten ez badira, 10 eguneko epean hutsak bete ditzala edo arauzko agiriak aurkez ditzala eskatuko dio Ikerketa Zuzendaritzak unibertsitate eskatzailearen legezko ordezkariari; orobat ohartaraziko dio, hala egin ezean, bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68 artikuluan.

2.– Ebazpenaren berri banan-banan emango zaie onuradunei.

11. artikulua.– Hautapen-prozesuko onarpen-prozedura.

1.– Eskabideak zuzentzeko epea igaro eta eskabideok ebatzi ostean, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak hautapen-prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonei buruzko behin-behineko ebazpena emango du.

2.– Ebazpenaren berri banan-banan emango zaie onuradunei.

3.– Behin jakinarazitakoan, behin-behineko ebazpenaren aurkako alegazioak aurkeztu ahalko dira, 10 eguneko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

4.– Alegazioetarako epea igaro eta horiek aztertu ostean, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak hautaketa-prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen inguruko behin betiko ebazpena emango du.

5.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Kautelaz, aipatutako ebazpenaren aurka errekurtsoa aurkezten duten taldeak, Agindu honen 12. artikuluan adierazitakoaren arabera ebaluatuko dira. Ebaluazioa ez da baliozkoa izango, aipatutako errekurtsoa bertan behera uzten bada.

12 artikulua.– Ebaluazioa.

1.– Ebaluazioak I+G+b lanak, taldearen produktibitatea eta 2013. urtetik eskaera-eguneraino egindako jarduerak aztertuko ditu, baita hurrengo hiru urteko (2019-2021) helburuen berritasuna eta jardueren bikaintasuna eta bideragarritasuna ere.

Ebaluazioan, bereziki hartuko da kontuan, irizpide guztietan zehar, ikerketa-lanen nazioartekotze-maila. Hala, atal bakoitzeko merituak lehenetsi egingo dira tokiko, eskualdeko, Estatuko eta nazioarteko dimentsioarekiko; taldearen tamaina eta kide kopuruarekiko; eta taldearen kohesio-mailarekiko, azken hori kideek ziurtatzen diren ekarpen zientifiko eta ikerketa-jardueretan duten partaidetza-intentsitate gisa neurtuta.

Ebaluazio-irizpideak aplikatzerakoan, kontuan hartuko dira zientzia-arlo bakoitzaren berezitasunak.

2.– Euskadiko espezializazio adimenduneko RIS3 lehentasunekiko lerrokadura-mailaren kasuan izan ezik, eskabideak Ikerketarako Estatuko Agentziaren (ANEP ohia) Koordinazio eta Ebaluazio Azpiatalak (SCE) ebaluatuko ditu. Horrek, eskabideak binaka ebaluatuko ditu agindu honetako 13.3 artikuluan ezarritako irizpideekin bat eta banakako txosten zientifiko-teknikoa emango du.

Artikulu horren 3.3 atala, RIS3 lehentasunei buruzkoa, Hautaketa Batzordeak puntuatuko du. Gainera, horretarako, txostena eskatu ahalko die gai horretan ebaluazio-esperientzia eta ospe handia duten pertsonei.

3.– Zehazki, honako irizpide-bloke hauek balioztatuko dira.

3.1.– Oinarrizko irizpideen blokea.

3.1.1.– Zientzia-ekoizpenaren bikaintasun-maila eta ekoizpena baloratuko da, taldearen neurriarekiko eta lortutako baliabideekiko. Batez ere, aldizkari zientifiko indexatuetako artikulu, liburu eta liburu-kapitulu gisa egindako argitalpenak hartuko dira kontuan. Gainera, modu osagarrian baloratuko dira berrikuspenak, ebaluaziodun argitalpen elektronikoak edota arlo zientifiko bakoitzean esanguratsuak diren bestelako adierazleak.

Ekarpenak ezagutzetan egiazki aurrera egitea ahalbidetu badute eta zientzia-komunitatean inpaktu esanguratsua izan badute baloratu ahal izango dira soilik. Ez dira baloratuko soilik deskribapenezkoak diren lanak edota aurretiazko lanen errepikapenak, ezagutza finkatzen ekarpen nabarmena egiten duten kasuetan salbu.

Argitalpenak baloratzeko zientzia-eremu bakoitzerako dauden zientzia-zerrendak eta -ranking-ak eta zitazio-adierazleak kontuan izanik baloratuko dira, nahiz eta ebaluazioan kontuan hartuko diren arlo bakoitzaren berezitasunak.

Ekarpen guztiak ebaluazioaren mendeko urteetan argitaratutakoak izan behar dute, alegia, 2013. urtetik eskabide-dataraino. Ez dira kontuan hartuko argitalpen onartuak edo edizio-prozesuan daudenak eta, ondorioz, urte horietan argitaratu ez direnak. Edizio digital eta inprimatuko argitalpen batekin lotutako «DOI» (Digital Object Identifier) identifikatzaile bat egoteak ez du esan nahi artikulua jadanik argitaratu denik bigarren formatu horretan. Beraz, ondorio horietarako, soilik liburuki inprimatuan agertzen diren datak hartuko dira baliozkotzat eta behin betikotzat, horietan bertsio batetik bestera aldea egon daiteke eta.

Artikuluen balorazioa egitean, erabilitako hedabidea kontuan hartuko da eta kalitate-adierazgarritzat onartuko da itzal handiko aldizkarietan argitaratzea. Aldizkariak nazioarteko datu-baseetan jasota egotea kalitatezko erreferentziatzat hartuko da, zehazki, deialdi honetan parte hartzeko ziurtatu beharreko ekoizpen minimoari buruzko 4.4 artikuluan deskribatu diren datu-baseetan indexatuta agertzea.

Halaber, Estatuko eta nazioarteko beste aldizkari batzuk ere kontuan hartu ahalko dira. Horiek, datu-base desberdinetan ager daitezke eta kalitate-adierazgarri izan daitezke, kontuan hartuta argitalpen bat katalogo edo datu-base batean indexatuta egote hutsa, mailakatze-indizerik gabe, ez dela berez kalitate-adierazgarria.

Ondorio horietarako, aldizkari indexatutzat hartuko dira kalitate-indize erlatiboak dituztenak. Kalitate Indize Erlatiboak (ICR) parametro ezagun baten bidez antolatutako edo lehenetsitako aldizkarien mailak edo zerrendak dira. Antolatzeko era horri esker, haien kokapen erlatiboa zehaztu daiteke, espezializazio-eremu berean aztertutako gainerako aldizkariekiko. Parametrorik ohikoena inpaktu-indizea da, argitaratutako artikulu kopurua eta jasotako aipamenak bateratzen dituena.

Liburuen eta liburu-kapituluen ebaluazioan, kontuan hartuko dira argitaletxearen prestigioa (SPI), editoreak, jatorrizko lanak onartzeko hautaketa-prozesua egotea, lana argitaratzen duen bilduma, jasotako aipamenak (Web of Science / Scopus), aldizkari zientifiko espezializatuetan jasotako erreseina eta kritikak, eta beste hizkuntza batzuetarako itzulpenak.

Oro har, ez dira kontuan hartuko biltzarretako hitzaldi eta komunikazioei dagozkien argitalpenak, JCR Science Edition-en jasotako aldizkarietakoekin konparatu daitekeen ezagutarazteko bideak direnean izan ezik, adibidez, Computing Research and Education (CORE), SCIE (Espainiako Sozietate Zientifiko Informatikoa) edo antzeko erakundeetako posizio esanguratsuen zerrendak.

Izaera orokorrarekin, jotzen da honako hauek ez direla jo behar ebaluatu beharreko ekarpentzat:

– Irakaskuntza-material izaera duten testuliburu edo eskuliburuak, programak, apunteak edo kasu praktikoak.

– Jorratzen den gaiarekiko, ekarpen original kontrastagarririk eskaintzen ez dutelako, ikerketa-liburutzat hartu ezin diren izaera profesionaleko liburuak.

– Dibulgazio-liburu eta -artikuluak, orobat informazio orokorreko aldizkarietako artikuluak eta iritzi-artikuluak.

– Testu-edizioak edo itzulpenak, garrantzi berezikotzat jotzen diren kasuetan salbu, orobat ikerketa pertsonalaren emaitza diren eta dagokion arloan ekarpen nabarmena egiten duten aurretiazko azterketak edo oharrak jasotzen dituzten kasuetan salbu.

– Bilduma-berrikuspen hutsak, ekarpen originalik egiten ez dutenean, nahiz eta aldizkari indexatuetan argitaratuta egon.

– Legegintza-bilduma hutsak, nahiz eta bat datozen, osagarriak diren edo indargabetuta dauden xedapenei buruzko oharrak jaso.

– Ikerketaren kudeaketa, inolaz ere ez dena nahastu behar ikerketarekin berarekin.

– Ikerketa-proiektuetatik edo I+G+b kontratuetatik eratorritako txosten edo irizpenak, barne izaerarekin ematen direnak, ez badaude kalitate egiaztatutako hedabideetan argitaratuta.

– Batzorde edo normalizazio-erakundeei egindako ekarpenak.

– Entziklopediak (sarrerak edo edizioa).

– Erreseinak eta aipamenak.

– Ohar editorialak, itzulpen, aurkezpen edo hitzaurre hutsak, ez direnean lan baten azterketa kritikoa; orobat, garrantzi argirik ez duten edota ikerketa pertsonalaren ondoriozko aurretiazko azterketarik eta oharrik jasotzen ez duten testu klasikoen edizioak, ez dutenean gai horretara ekarpen nabarmenik egiten.

– Azterketa historiko edo artistikoak barne hartzen ez dituzten katalogazioak.

– Transkripzioak, baldin eta ez badute dokumentuaren epai kritikorik edo analisi historikorik.

– Hitzaurreak, katalogoetako fitxak eta ohiko sarrerak, ez badira lan luzearen aurkezpen hutsa baino gehiago eta ez badute, berez, inolako interes kritikorik.

– Omenaldi-liburukiak, ez badiete aldizkari zientifikoetarako eta adierazitako liburu eta liburu-kapituluetarako eskatzen diren kalitate-irizpideak betetzen.

– Editoreari gutunak, oharrak edo beste artikulu batzuen eztabaidak.

– Ez dira argitalpenen atalean jasoko taldeko kideen tesiak.

– Lanaren beraren itzulpenak, beste hizkuntza batzuetara.

3.1.2.– Ikerketa-taldeak ikertzaileak prestatzeko duen gaitasuna. Honako alderdi hauek ebaluatuko dira:

a) Ebaluatutako aldian zuzendutako eta, batez ere, defendatutako, doktoretza-tesiak, horien nazioarteko izaera eta kalifikazioa. Ez dira kontuan hartuko taldearen espezialitate-esparruarekin bat ez datozen gaia duten doktoretza-tesiak.

b) Taldera atxikitako doktoretza aurreko eta doktoretza ondorengo kontratuen kopurua eta iraupena (doktoretza-tesia egiten egoteagatik edota taldeko proiektuekin finantzatuta egoteagatik).

c) Taldeko ikertzaileek zuzendutako graduondoko programak eta masterrak edota taldearen ikerketa-ildoetan sustatutako eta horiei loturiko doktoretza-programak.

Hori guztia 2013. urtetik laguntza eskatzen den egunera arte.

3.2.– Finantzaketari eta jakintza-transferentziari buruzko irizpideen blokea. Bloke honetan, honako alderdi hauek baloratuko dira:

a) Finantzaketa lortzea eta lortutako zenbatekoa, ikerketa-proiektuetarako deialdi lehiakorren bidez; horretan, batez ere, erakunde finantzatzailearen jarduera-esparrua –nazioartekoa, Estatukoa edo eskualde mailakoa–, proiektuen lidergoa eta taldeko kideek horietan duten partaidetza hartuko da kontuan.

b) Taldearen ikerketaren emaitzak, merkatura transferitutako aktibo zientifiko-teknologikoekin (know-how), patente-eskariekin eta erabilgarritasun-ereduekin neurtuta, orobat ikerketen emaitzekin zerikusia duten enpresen sorrera. Irizpide honen barruan sartzen dira patenteen ustiaketa-maila eta transferitutako aktibo zientifiko-teknologikoak (know-how), lizentzia-kontratu bidez egiaztatuta. Ustiaketan egon gabe emandako patenteei dagokienez, kontzesioa aurretiazko azterketarekin egin bada baloratuko dira soilik (B2 motakoak, 2017. urteaz aurretikoetarako). Kontuan hartuko da patentearen babes-hedapena (Estatukoa, Europakoa, nazioartekoa) eta balorazio hobea jasoko dute babes handiagoa duten kasuek.

Halako jarduerak ohikoak ez diren esparruetan, halakorik ez egoteak ez du kalifikazio negatiborik eragingo.

c) Herri-administrazioekin edo enpresekin, ikerketarako edo jakintza-transferentziarako, kontratu edo hitzarmen bidez gauzatutako jakintza transferitzeko ekintzak, betiere unibertsitateetako, institutuetako, ikerketa-zentroetako eta ikerketa kudeatzeko bestelako bulegoen edo kidekoen bitartez bideraturik badaude. Puntu honetan ez dira zenbatuko txostenak, aholkuak, arkitektura edo ingeniaritzako oinarrizko proiektuak eta abar, dagokion eremuko jakintzaren hobekuntza esanguratsurik ekartzen ez badute. Ekintza horien kopurua eta zenbateko ekonomikoa baloratuko da, orobat horien helmena erkidego mailakoa, Estatukoa edo nazioartekoa al den.

Hori guztia 2013. urtetik laguntza eskatzen den egunera arte.

3.3.– Helburuei eta lan-planari buruzko irizpideen blokea.

Bloke honetan, honako alderdi hauek baloratuko dira:

a) Taldearen hiru urtera begirako helburuak: helburu horien definizioa, kalitate zientifikoa, originaltasuna, berrikuntza- eta arrisku-maila eta jakintza zientifiko-teknologikoan aurrera egiteko egiten duten ekarpena baloratuko dira, baita lan-planarekiko koherentzia ere.

Argitalpen, tesi zein funts- eta langile-erakarpenerako 2019-2021 hirurtekorako helburuen kuantifikazio numerikoa baloratzeko, horien izaera errealista eta aurreko aldian taldeak lortutako helburuekiko koherentzia hartuko dira kontuan.

b) Lortu nahi diren emaitzen garrantzi eta inpaktu sozial, ekonomiko eta teknologikoa. Emaitzak epe labur eta ertainean transferitzeko aukera, ikasteko eta berritzeko gaitasunaren gaineko inpaktua, hazkunderako, gizarte-ongizaterako eta ingurumenerako duten garrantzia.

c) Taldeak garatzen dituen ikerketa-lerroak Euskadiko espezializazio adimenduneko (RIS3) lehentasunetara egokituta egotea.

d) Lan-plana: lan-planaren definizioa eta logika. Kronograma, arduradunak eta jomugak. Mugarri nagusiak. Laguntza kudeatzeko planak ezusteko emaitzen eta aurreikusi gabeko beste egoera batzuen aurrean dituen alternatiben proposamena.

e) Emaitzen dibulgazio zientifikoa, horiek jendearentzako eskuragarri eginez, taldearen ikerketa-jardueraren komunikazio-, difusio- edo didaktika-programa edo ekintzen bitartez.

f) Eskatutako aurrekontua: proposatutako helburuen egokitasuna eta izaera errealista.

Hori guztia 2019tik 2021era bitartean.

3.4.– Irizpide osagarrien blokea.

Honako hauek baloratuko dira:

a) Taldearen osaera, egitura, diziplinartekotasuna eta koherentzia, proposatutako helburuekiko, eta ikerketa-taldearen barruko genero-oreka.

Talde bakoitzaren genero-oreka baloratzeko, honako arau hau erabiliko da: bi puntu emango zaizkie sexu bakoitzeko kideen % 40 edo gehiago ziurtatzen duten taldeei; puntu bat emango zaie sexuetako bateko kideak % 30 edo gehiago eta % 40 baino gutxiago direnean; eta ez da puntuaziorik lortuko atal honetan sexuetako batek % 30etik behera hartzen duenean.

b) Taldearen lehiakortasun-potentziala eta nazioartekotze-maila, eskualdeaz gaindiko esparruan koordinatutako ikerketa- eta ekintza-sareetan dituzten lankidetza- eta partaidetza-jardueren bidez neurtuta.

4.– Puntuazioak.

4.1.– Jarraian, irizpide horiei dagozkien puntuazioak zehazten dira:

(Ikus .PDF)

5.– Ebaluazio-prozesuak hala eskatzen badu, eskatu ahal izango da Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bien arteko itzulpena, eta ikerketa-proiektua itzultzaile espezializatuek egin beharko dute.

Salbuespenezko kasuetan, ingelesez idatzitako proposamenak onartuko dira.

13. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

1.– Ebaluazioaren emaitzak hautaketa-batzordeari helaraziko zaizkio. Batzorde horrek kide hauek izango ditu: Ikerketako zuzendaria, batzordeburu ere izango dena; Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria, eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari-lanak egingo dituena.

2.– Hautaketa Batzordeak berrikusiko du deialdiko oinarriak behar bezala aplikatzen direla, baliabideak esleituko ditu eta ebazpen-proposamena emango du; horretan, A motako edo B motakotzat ziurtatzen diren taldeak zehaztuko dira, baita horietako bakoitzari dagokion diru-laguntza ere, eta, hala dagokionean, eskabidea ukatu zaien taldeak eta uko egiteko arrazoia.

3.– Hautaketa Batzordeak taldeak garatzen dituen ikerketa-ildoak Euskadiko espezializazio adimenduneko (RIS3) lehentasunekin bat datozela ebaluatuko du. Puntuazioa ikerketa-lerro horien eta RIS3 lehentasunen arteko gainjartze-mailaren arabera emango da, honako arau hau aplikatuta:

(Ikus .PDF)

4.– Ezin izango dira aukeratu eta, hortaz, ez dute talde-ziurtapenik jasoko, deialdi honetan guztira 50 puntutik beherako puntuazioa jasotzen duten taldeen eskabideak, edota oinarrizko irizpideen atalean puntuazio posible maximoaren % 60 edo gutxiago jasotzen duten taldeen eskabideak.

5.– A motako talde-kategorian sartuko dira 75 puntu edo gehiago lortu dituzten ikerketa-taldeak. B motako talde-kategorian sartuko dira 50 puntu edo gehiago eta 75 puntu baino gutxiago lortu dituzten ikertaldeak.

6.– A eta B talde gisa aitortutako ikerketa-taldeek hiru urteko aldi baterako lortu ahalko dute diru-laguntza.

7.– Talde bakoitzari emango zaion kantitatea lortzeko, honako modulu hauek aplikatuko dira:

a) Langile ikertzaileak kontratatzeko gastuei aurre egiteko zuzkidurak. Aldi osorako zenbatekoa, puntuazioaren eta taldearen tamainaren arabera (doktore kopurua).

(Ikus .PDF)

Ekipamendu zientifiko edo bibliografiko txikia erosteko zuzkidurak. Aldi osorako zenbatekoa, puntuazioaren eta taldearen tamainaren arabera (doktore kopurua).

Ingeniaritza eta Arkitektura, Zientzia Esperimental eta Osasun Zientzien arloetarako:

(Ikus .PDF)

Ekonomia eta Enpresa Zientzien, Gizarte Zientzia eta Zientzia Juridikoen eta Arte eta Giza Zientzien arloetarako:

(Ikus .PDF)

Beste gastu arrunt batzuetarako zuzkidurak. Zenbatekoa, doktore eta urteko

(Ikus .PDF)

8.– Emango den kantitateak ezin izango du ikerketa-taldeak eskatutako aurrekontua baino handiagoa izan. Laguntzak ezin izango du gainditu taldeak 2013. eta 2018. urteen artean jasotako kanpo finantzaketaren % 30, eta kanpo finantzaketatzat joko dira diru-laguntzen lerro honez bestelako iturrietako diru-sarrerak.

9.– Talde bakoitzari dagokion diru-laguntza lehiaketa-prozeduraz zehaztuko da. Xede horretarako, 2. artikuluan jasotzen diren eremu bakoitzean, eskabide hautagarrien aurrezerrenda-ordena ezarriko da; hala, balorazio onena jaso dutenei egingo zaie esleipena, harik eta Agindu honen 2. artikuluan ezarritako aurrekontuaren kreditua agortu arte, ezarritako arlo bakoitzerako.

10.– Funts eskuragarriek taldeari esleitu beharreko kantitatea partzialki baino estaltzen ez dutenean, aurreko 6. eta 7. ataletan adierazitakoa aplikatuz, kantitate eskuragarria esleituko da, betiere, hori eman beharreko zenbatekoaren % 50 edo gehiago denean.

11.– Aurreko puntuetan ezarritakoaren arabera kantidadeak esleitu ostean aurrekonturik geratuko balitz soberan, 95 eta 100 puntu bitarteko puntuazioa jaso duten A taldeei (A +) esleitutako kantitatea % 5 gehigarri areagotu daiteke. Horretarako, balorazio onena jaso dutenen esleipenekin hasiko da, harik eta arlo bakoitzeko aurrekontu-kreditua agortu arte.

12.– Puntuazio-berdinketak ebazteko, 12.4 atalean adierazitako irizpide-bloke bakoitzean lortutako puntuazio altuena hartuko da kontuan, honako ordena honetan: a), b), c) eta d). Berdinketak iraunez gero, eskabideak betetzeko aplikazioak ematen duen ausazko zenbakia erabiliko da ebazteko, goranzko ordenan. Zenbaki hori berariaz agertuko da aplikazio telematikoak sortzen duen eskaera-inprimakian.

14. artikulua.– Bateragarritasuna.

1.– Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak dira ikerketa berbera finantzatzea xede duen beste edozeinekin, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateek ikerketa-taldeei ematen dizkieten diru-laguntza orokorrekin izan ezik.

2.– Jaso beharreko laguntzaren kopuruak ezin izango du gainditu diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuek, banaka hartuta, sortutako gastua guztira. Hezkuntza Sailak emandako diru-laguntzak kopuru hori gainditzen badu, gastu hori ez gainditzeko behar den kopurua murriztuko da.

15. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hautaketa Batzordeak proposatuta, diru-laguntzak Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordearen ebazpen bidez esleituko dira. Horrek esleipen-ebazpena eman behar du deialdia egituratzen duten bost lerroetarako, sei hilabeteko epean, Agindua argitaratzen den unetik zenbatzen hasita. Ezarritako epe horretan, berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskabideak ezetsi egin direla.

2.– Ebazpen horiek, erakunde onuradunei atxikitako talde bakoitzari dagokionez, honako hauek jasoko dituzte:

a) Talde eskatzailearen identifikazioa.

b) Ebaluazioaren emaitza: A motako edo B motako taldetzat aitortzea, edo, behar izanez gero, uko egitea eta horretarako arrazoia.

c) Emandako kopuru osoa, eta kontzeptu eta urte-sarika zehaztuta.

d) Kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa.

3.– Ebazpenaren berri banan-banan emango zaie erakunde onuradunei.

4.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Jende guztiak jakin dezan, laguntzei buruz ebazten dena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, 2019. urtean.

16. artikulua.– Kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa.

Hautaketa Batzordeak kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa ezarriko ditu, diru-laguntza egikaritzeko dagozkion epeetan. Honako adierazle hauek zehaztuko dira: ekoizpen zientifikoa, prestakuntza-gaitasuna, erakarmen pertsonala eta funtsak biltzea.

Hori zenbakiz zehazteko, taldeak berak hurrengo hiru urteetarako diseinatutako jarduera-planean jasotako adierazleak, aurreko urteetan erakutsitako potentziala eta deialdi honen ebazpenean jasotako finantzaketa erabiliko ditu batzordeak. Hala dagokionean, Batzordeak txostenak eskatu ahalko dizkie talde bakoitzaren espezializazio-alorrean entzute handia eta ebaluazioak egiten esperientzia dituzten ikertzaileei.

Laguntza onartzeko dokumentuan –17.1 artikuluan aipatutakoan– jasoko dira aipatu adierazleak, eta segimenduari eta kontrolari dagokienez 19. artikuluan ezarritako txosten teknikoak ebaluatzeko erabiliko dira.

17. artikulua.– Laguntza onartzea.

1.– Laguntzaren onarpena formalizatzeko, eredu formalizatu bat erabiliko da, ziurtatutako ikerketa-talde bakoitzerako honako hauek jasoko dituena:

– Talde eskatzailearen identifikazioa.

– Taldekideak.

– Ebaluazioaren emaitza: A motako edo B motako talde aitorpena.

– Esleitutako kopuru osoa, eta kontzeptu eta urte-sarika zehaztuta.

– Kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa.

2.– Talde bakoitzaren onarpen-inprimakia ikertzaile nagusiak eta erakunde onuraduneko Ikerketako errektoreordeak edo horren baliokideak izenpetuta aurkeztu beharko da, eta Ikerketa Zuzendaritzara bidaliko da, hilabeteko epean, deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Ikerketa-taldeek ez badute onarpen-agiria epe horretan aurkezten, joko da laguntzari uko egiten diotela.

3.– Laguntza onartzeko epean zehar uko egiterik gertatuko balitz, askatutako kantitateak puntuazio handiena jaso duen eskabideari esleituko zaizkio, finantzaketarik jaso ez dutenen artean, 13. artikuluan jasota dagoen moduan.

4.– Onarpen-agiriak ofizio bati erantsita bidaliko dira eta taldeen zerrenda, zenbakia ipinita, eta taldearen ikertzaile nagusiaren izena jaso beharko ditu. Ofizio hori erakunde onuradunaren legezko ordezkariak izenpetuta eta data jarrita aurkeztu beharko da. Hori aurkezteko 7. artikuluko 5. atalean adierazitakoari jarraituko zaio.

18. artikulua.– Erakunde onuradunen eta horiei atxikitako ikerketa-taldeen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:

1.– Diru-laguntza, hain zuzen ere, laguntzaren xederako erabili beharko dute.

2.– Deialdi honi esker sortzen diren argitalpen eta bestelako emaitzetan, ikerketa-taldeak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren laguntza jaso duela aipatu beharko da, haren erreferentzia adierazita.

3.– Ikerketa Zuzendaritzari baimena eskatu beharko zaio, aurreikusitako jarduera-planaren betearazpenean eragina izango duen edozein aldaketa egiteko.

Ikerketa-taldearen osaeran edo taldearen jarduera-planaren edozein ataletan aldaketarik egin nahi izanez gero, ikertzaile nagusiak baimena eskatu beharko dio Ikerketa Zuzendaritzari. Eskabide hori sinatu eta Ikerketa Zuzendaritzari bidali behar dio erakunde onuradunen Ikerketako Errektoreordeak. Egindako eta baimendutako aldaketek errespetatu egin behar dituzte Ikerketako Estatuko Agentziaren Koordinazio eta Ebaluazio Azpiatalak (SCE) eta Hautaketa Batzordeak dagokion puntuazio-kalkulua egiteko erabili dituzten elementuak. Ikerketa Zuzendaritzak zehaztuko du baimendutako aldaketek ea eragindako diru-laguntzak aldarazten edo indargabetzen al dituzten, aurretik dagokion espedientea egin ostean.

Ikerketa-taldeetan kide berriak sartzeko eskabideekin batera, hautagaiaren curriculuma eta kontratuaren kopia aurkeztu beharko dira.

4.– Deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen dieten informazioa ematea.

19. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

1.– Segimendu ekonomikoko txostenak.

– Erakunde onuradunak urtero aurkeztuko ditu laguntzaren egikaritzaren segimendu ekonomikoko txostenak. Hirugarren urteari dagokion txosten ekonomikoak 2019-2021 aldi osoa hartuko du.

– Txostenean, erakunde onuradunaren kontabilitate-zerbitzuko kudeaketa edo burutzaren ziurtapena jaso behar da, ikerketa-talde bakoitzak esleitutako diru-laguntzarekin egikaritutako gastuarekin, kontzeptuka (langileak kontratatzea, bestelako gastu arruntak, gai inbentariagarriak), eta dagozkien zenbatekoak adierazita. Gainera, fitxategi bat erantsiko da euskarri informatikoan, diru-laguntzari egotzitako gastuen inguruan honako informazio hau jasoko duena:

– Taldearen identifikazioa.

– Gastua. Kontabilitate-sailkapena.

– Faktura: erreferentzia.

– Faktura: deskribapena.

– Faktura: hirugarrena (IFK/NAN).

– Faktura: hirugarrena (Izena / Enpresa-izena).

– Faktura: Zenbatekoa, guztira.

– Faktura: zerga-oinarria.

– Faktura: BEZ.

– Diru-laguntzari egotzitako zenbatekoa.

– Txosten horiek Ikerketa Zuzendaritzari bidali behar zaizkio. Bidalketa ofizioan egingo da eta horretan datak eta unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren sinadurak agertu behar dute, 7. artikuluko 5. atalean deskribatzen den moduan. Urteko txostenak aurkezteko epemuga hurrengo urteko martxoaren 31 izango da.

– Jatorrizko fakturak erakunde onuradunean artxibatu beharko dira lehenago esan den justifikazio-epearen amaieratik bost urtez, gutxienez, eta eskura egongo dira Ikerketa Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Kontroleko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten duten edozein egiaztapenerako.

2.– Ekoizpen zientifikoaren segimendu-txostena.

– Hurrengo urteko lehen hiruhilekoa amaitu aurretik, erakunde onuradunek talde bakoitzaren ekoizpen zientifikoari dagozkion urteko datuak eguneratu beharko dituzte, http://www.ikerketa-taldeak.net aplikazioan.

– Aplikazioak hirurteko horretarako txosten tekniko bat sortuko du. Txostena ikertzaile nagusiak sinatu behar du eta Ikerketa Zuzendaritzari bidali behar zaio 2022ko martxoaren 31 baino lehen. Bidalketa ofizioan egingo da eta horretan datak eta unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren sinadurak agertu behar dute, 7. artikuluko 5. atalean deskribatzen den moduan.

– Hirurteko txosten teknikotik abiatuta, egiaztatuko da taldeek beren gain hartutako konpromisoak betetzen direla, ekoizpen zientifikoari, prestakuntza-gaitasunari, langile ikertzaileak laneratzeari eta funtsak biltzeari dagokionez. Egiaztapen horretan, ikusten bada konpromisoak ez direla bete, xedapen honetako 21. artikuluaren arabera jokatuko da.

20. artikulua.– Ordainketa.

1.– Agindu honetako 17.1 artikuluan zehaztutako onarpen-prozedura betetakoan, laguntzak ordainduko dira, honela:

– Lehen urteko ordainketa, libramendu bitan egingo da: lehena, aurrerapen gisa, urte horretarako emandako zenbatekoaren % 50ekoa. Bigarrena, gainerako % 50ekoa, hurrengo urtean, behin 19. artikuluko 1. atalean zehaztutako txosten ekonomikoak eta zientifikoak aurkeztu izana egiaztatutakoan. Bigarren libramendua osorik ordainduko da, betiere, erakunde onuradunak egiaztatu ostean urte horretarako emandako zenbatekoaren % 40 gutxienez egikaritu dela. Ez bada hala, justifikatutako zenbatekoaren ordainketa egingo da; ondoren, esleitutako kantitatea aldatuko da eta dagozkion kantitate aurreratuak itzuliko dira.

– Bigarren urtean berdin jardungo da; bigarren libramendua osorik ordaintzeko, beharrezkoa izango da lehen bi urteetarako esleitutako laguntzaren % 70 egikarituta izatea, gutxienez. Ez bada hala, justifikatutako zenbatekoaren ordainketa egingo da; ondoren, esleitutako kantitatea aldatuko da eta dagozkion kantitate aurreratuak itzuliko dira.

Lehen urteko zenbatekoaren % 40, gutxienez, egikaritu ez duten taldeek, bigarren libramendu horren ordainketa osoa jasoko dute, betiere, egiaztatzen badute bigarren urtean jasotako zenbatekoaren % 70 edo gehiago egikaritu dutela. Ez bada hala, justifikatutako zenbatekoaren ordainketa egingo da; ondoren, esleitutako kantitatea aldatuko da eta dagozkion kantitate aurreratuak itzuliko dira.

– Hirugarren urtean lehen libramendu bat egingo da, aurrerapen gisa, urte horretarako emandako zenbatekoaren % 50ekoa; bigarren libramendua, behin 19. artikuluko 1. eta 2. ataletan zehaztutako txosten ekonomikoak eta zientifikoak aurkeztu izana egiaztatutakoan egingo da, eta lehen hirurteko (2019-2021) likidazioaren emaitzei egokituta egongo da.

2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-erregimenaren arabera bermatuko da; dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura emango diren diru-laguntzen berme eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta diru-laguntzen kudeaketan parte hartuko duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak aipatzen dira, baita horien erregimena eta obligazioak ere.

21 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa.

1.– Ondoren zehazten diren kasuetan, ezin izango da laguntzaren edo diru-laguntzaren ordainketa eskatu, eta aurretik zerbait ordaindu bazaie, bidezkoa izango da, batetik, jasotako zenbatekoak itzularaztea, eta, bestetik, laguntza edo diru-laguntza ordaindu zenetik aurrera sortuko ziren legezko interesak eskatzea, honako kasu hauetan:

a) Eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo laguntza lortzea eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz lortu badute diru-laguntza.

b) Diru-laguntzaren esleipenaren oinarrian dagoen jarduera ez bada bete, artikulu honetako bigarren atalean deskribatzen den moduan.

c) Justifikazio-betebeharra ez bada bete edo ez bada behar bezala justifikatu, Agindu honetako 19. artikuluan ezarri bezala.

2.– Laguntza egikaritzeko epearen amaieran, 19.2 artikuluan adierazten diren ekoizpen zientifikoko txostenetatik abiatuta, laguntzaren kalitate-adierazleen eta segimenduaren guztizko betetze-koefiziente bat lortuko da.

Koefiziente hori adierazle-bloke bakoitzerako kalkulatuko da lehendabizi, honela:

– Betetze-tasa. Taldeak bloke bakoitzean ezarritako helburuaren betetze-maila neurtzen du. Ziurtatutako eta konprometitutako adierazlearen arteko kozientea da; ziurtatutako adierazlea taldeak, hain zuzen ere, egikaritu duenari dagokio eta konprometitutako adierazlea, berriz, taldeak egikaritzeko konpromisoa hartu zuenari.

– Betetze-koefizientea: (Betetze-tasa * Adierazleari loturiko pisua).

Adierazle-bloke bakoitzaren pisu haztatuak honako hauek dira:

(Ikus .PDF)

Guztizko betetze-koefizientea bloke bakoitzerako lortutako koefizienteen batura izango da.

Argitalpen zientifikoen blokean, taldeko kideei dagokien unibertsitatea behar bezala aipatzen duen ekoizpena bakarrik hartuko da baliozkotzat.

Guztizko betetze-koefizientea ez denean 50 puntuetara heltzen, joko da ebazpenean adostutako baldintzak ez direla bete. Behin taldeei egoera hori jakinarazi ostean, hilabeteko epea izango dute beharrezkotzat jotzen dituzten alegazioak egiteko. Horretarako, txosten bat aurkeztu behar dute, emaitza horiek zer baldintzatan lortu diren adieraziz eta, hala dagokionean, ziurtatutako ekoizpen zientifikoaren kalitate-adierazgarriak nabarmenduz, zenbakizko emaitza negatiboa orekatzeko, hala nola: argitalpenen inpaktua, argitalpen mota bakoitzerako eta espezialitate-arlo bakoitzerako erabiltzen diren ranking-en arabera neurtuta; defendatutako tesien kalifikazioa, nazioarteko izaera eta taldearen ikerketa-lerroekiko duten moldatze-maila; laneratutako ikertzaileen prestakuntza- eta hobekuntza-kontratuen kalitatea eta iraupena; eta taldeko kideek esleitutako proiektuetan agertutako lidergoa eta horien nazioarteko, Estatuko edo erkidego-mailako izaera.

Agindu honetako 2. artikuluan adierazten direnen artean, taldeari dagokion arloko aditu-batzorde batek ebaluatuko ditu 19.2 artikuluan adierazten diren txosten teknikoak eta taldeen alegazioak.

Batzorde horien osaera EHAAn argitaratuko da ebaluazioa egingo den eguna baino lehen. Ez-betetzea berretsiz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela xedatuko da, eta jada ordaindutako kantitateak itzuli beharko dira.

3.– Halaber, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina, 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa.

4.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatzen bada, eta, edozein kasutan, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen diru-laguntzak eskuratu baldin badira lehia bidez, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu ahal izango da, betiere diru-laguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak bete egiten baldin badira.

5.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren tituluan ezarritakoarekin bat etorriz, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpen bidez jakinaraziko du laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala behar denean, zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli behar direla (698/1991 Dekretua, Diru-laguntzak itzultzeko prozedura orokorra arautu zuena; 1992ko otsailaren 7ko EHAA). Dena den, hori egin baino lehen, prozedurari dagozkion izapideak egin beharko dira, eta behar izanez gero, beste ekintza batzuk ere gauzatuko dira.

22. artikulua.– Datuak babestea.

Deialdian parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko, betiere Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Titulartasun Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuen Babeserako Euskal Agentziaren Sorrerari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz. Halaber, datuak «Ikerketa» izeneko fitxategian sartuko dira, 2010eko urriaren 4ko Aginduan araututakoaren arabera (2010eko azaroaren 5eko EHAA). Fitxategi horren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta deialdian lehiatzen direnei prozesuaren bilakaeraren berri ematea da. Ikerketa Zuzendaritza da fitxategi horren organo arduraduna. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Ikerketa Zuzendaritzan gauzatu ahal izango dira. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Ikerketa Zuzendaritzara jo behar da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ikerketa Zuzendariari ahalmena eman zaio agindu hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 24a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
ESKABIDE-INPRIMAKIA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
Ebaluazio- eta kontrol-fasea. Diru-laguntzari egotzitako gastuen kontabilitate-sailkapena
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala