Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2018ko uztailaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
3784

AGINDUA, 2018ko uztailaren 11koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez oinarri arautzaileak ezartzen baitira eta, arrantza-enpresei zuzenduta, minimis-araubidean jasotako 2018rako laguntzen deialdia egiten, ikasleek arrantza-ontzietan prestakuntza-egonaldiak egiteko aukera izan dezaten, Itsasoratu programa.

Arrantzarekin zerikusia duten sektoreetako langileen trebakuntza sustatzeko politika egokiari eustea da, besteak beste, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren helburuetako bat. Horregatik, eta arrantza-sektorearen premia eta berezitasun sozioekonomikoei erantzuna emateko, beharrezkoa da itsas langileen prestakuntza praktikoa sustatzea eta, oro har, merkatuaren beharretara egokitutako prestakuntza jaso nahi duten guztiei bekak emateko deialdia egitea, Europatik eskatzen denari egokitutako prestakuntza jaso dezaten eta aipatutako arrantza-sektorearen mesedetan.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuan ezarritakoaren arabera eta 15.1.u) artikuluan ezarritakoaren arabera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordeari dagokio «nekazaritzako eta itsas arrantzako prestakuntza eta gaitasun profesionala sustatzea». Bestalde, 18.1.ń) artikuluak Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari esleitzen dio «itsas arrantzako gaitasun profesionala sustatzea».

Eskumen-esparru horretan, eta lehen paragrafoan aipatutako helburuari dagokionez, laguntza-deialdi hau egiten da, aurreko ekitaldietan hasitako politikari jarraipena ematen diona, eta, bertan, beken deialdia egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko zentroetan itsas arrantzako irakaskuntza-ikasketak egiteko. Halere, deialdi honek beste hartzaile batzuk eta helburu bat ditu; izan ere, arrantza-enpresei zuzentzen zaie, horiek benetako lanpostuetan, alegia, arrantza-ontzietan, prestakuntza-egonaldiak egiteko aukera eman dezaten. Ondorioz, laguntza hauek bateragarriak izateaz gain itsas arrantzako sektorean prestakuntza arautua sustatzeko ikasleei ematen zaizkienekin, osagarriak ere badira.

Deialdi honen helburuak dira arrantza-sektorearen errealitatera hurbiltzea, prestakuntza-zikloetako ikasleek beren prestakuntza profesionala, «itsasoko egunak» izenekoak, osatzeko behar duten ontziratzea erraztea, gazteen enplegua sustatzea arrantza-sektorean, flotako langileria gaztetzea, eta, azkenik, belaunaldi-erreleboa bermatzen laguntzea.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis-laguntzei aplikatzeari buruzko 2014ko ekainaren 27ko Batzordearen 717/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako arrantza- eta akuikultura-sektoreko minimis-araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei.

Autonomia Estatutuaren 10.10 eta 16. artikuluen arabera Euskal Autonomia Erkidegoari emandako eskumenarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzeko abenduaren 22ko 5/2017 Legearen arabera eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak proposatuta,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Itsasoratu programako 2018. urterako laguntzen deialdia egitea arrantza-enpresei, ikasleek prestakuntza-egonaldiak egin ahal izateko arrantza-ontzietan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegiturako sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondoreak.

Agindu honek ondoreak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 11.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea eta helburua.

1.– Eranskin honen xedea da Itsasoratu programako 2018rako laguntzen deialdia arautuko duten oinarri arautzaileak ezartzea. Programa hori arrantza-enpresei zuzenduta dago, itsas arrantzako prestakuntza-zikloetako ikasleek prestakuntza-egonaldiak egin ahal izateko arrantza-ontzietan.

2.– Agindu honetan araututako laguntzen helburua da prestakuntza praktikoa sustatzea arrantza-sektorearen errealitatean; hori dela eta, erraztu egingo da arrantzako ontzi-enpresek itsas arrantzako prestakuntza-zikloetako ikasleak ontziratzea, ontziratze-aldi bakoitzean sortuko dituzten gastuetarako laguntza ekonomikoa emanez.

2. oinarria.– Araubide juridikoa.

Agindu honetan aurreikusitakoaz gain, honako xedapen hauek zuzenduko dituzte hemen araututako laguntzak: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako oinarrizko manuak; hori garatzeko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako erregelamenduan xedatutakoak, eta, hala dagokionean, haien ordez emandako araudiak.

Minimis-araubideko laguntzak direnez, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzko 2014ko ekainaren 27ko Batzordearen 717/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako arrantza- eta akuikultura-sektoreko minimis-araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei.

3. oinarria.– Onuradunak eta eskakizunak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzen onuradunak izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoan auzotasun administratiboa edo egoitza soziala duten pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta hurrengo ataletako eskakizunak biltzen badituzte.

2.– Oro har, Diru-laguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko eskakizunak bete beharko dituzte, baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzeko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretukoak ere:

a) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko diru-laguntzaren likidazioa egin arte eta, hortaz, egiaztapenak egingo dira bai diru-laguntza onartzen denean bai ordainketak egiten direnean.

b) Diru-laguntzaren onuradun den pertsona fisikoa edo juridikoa krisian den enpresa ez izatea, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

c) EAEko Administrazioak edo haren mendeko erakundeek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan, itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez egunean egotea. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, gaineratutako zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.

d) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat.

e) Konkurtso-deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitua ez izatea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

f) Laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez zehatuak ez izatea, hauetako delituren bat egiteagatik: prebarikazioa, eroskeria, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

g) Errudun deklaratu izanik, hori eragin duen kausa dela-eta, Administrazioarekin egindako edozein kontratu suntsitzea ez eragitea.

h) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.

i) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

j) Berreskuratze-agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

3.– Era espezifikoan, onuradun izateko, eskakizun hauek bete beharko dira:

a) Oinarri-portua Euskal Autonomia Erkidegoan duen arrantza-ontzi baten armadorea izatea, betiere baldintzatzaile hauek ere baditu:

● Arrantza-ontziak Ontzien eta Enpresa Ontzi Ustiatzaileen Erregistroko hirugarren zerrendan egon beharko du.

● Arrantza-ontziak alta-egoeran egon beharko du Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian. Arrantza-ontzia aktibotzat jotzen da Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian alta emanda badago, behin-behinean edo behin betiko, eta arrantza-jardueran aritu bada laguntza eskatu aurreko urtean. Hala, aurreko 365 egunak edo, bisurtea bada, 366 egunak, zenbatuko dira.

● Arrantza-ontziak arrantza-lizentzia eta behar diren baimenak izan beharko ditu balizko modalitate eta kaletarako.

b) Lan-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

4.– Onuraduna izateko eskakizunak atxiki beharko dituzte laguntza guztiz justifikatu eta/edo itzuli arte.

4. oinarria.– Ikasleen eskakizunak eta hautaketa.

1.– Prestakuntza-egonaldiak egingo dituzten itsas arrantzako prestakuntza-zikloetako ikasleei eskakizun hauek eska dakizkieke:

a) Auzotasun administratiboa Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

b) Ikasleek erdi-mailako ziklo eta goi-mailako zikloetako 1. ikasturtean aritu behar dute ikasten, zentro hauetako batean: «Blas de Lezo» Pasaiako Nautika eta Arrantzako Prestakuntza Zentroa; Bermeoko Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketa Eskola; eta Ondarroako Antiguako Ama Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketa Eskola. Hau guztia eskaintzen dute eskola horietan:

● Goi-mailako teknikaria itsasontzi eta ontzietako makineriaren antolamenduan eta mantentzean.

● Goi-mailako teknikaria itsas garraioan eta alturako arrantzan.

● Teknikaria itsasontzien eta ontzien makineria mantentzen eta kontrolatzen.

● Teknikaria nabigazioan eta itsasertzeko arrantzan.

c) Ikasturteko ikasgai guztia gainditzea, eta justifikatu gabeko bertaratze-faltek ez hartzea ikaslearen eskola-ordutegiaren % 15 baino gehiago.

2.– Prestakuntza-zentroek eskakizunak betetzen dituzten eta arrantza-ontzi batean prestakuntza-egonaldiak egin nahi dituztela ikasleek idatziz adierazi duten ikasleen zerrenda bat egingo dute. Zerrenda horiek arrantza-enpresen eskura jarriko dira gehienez bi ikasle hauta ditzaten egonaldi bat egiteko.

5. oinarria.– Prestakuntza-egonaldien ezaugarriak.

1.– Egonaldia Euskal Autonomia Erkidegoan oinarri-portua duten arrantza-ontzietan izango da.

2.– Ontziratzeak marea baten adinako iraupena izango du, 20 edo 30 egun ingurukoa gutxi gorabehera, hainbat faktore aldakorren arabera.

3.– Onuradun bakoitzak ikasle bat sartu ahal izango du prestakuntza-egonaldi bakoitzean.

4.– Prestakuntza-egonaldia 2018ko bigarren seihilekoan gauzatuko da eta laguntzen deialdia argitaratu ondoren.

5.– Praktiketako ikaslearen segimendua eta tutoretza egin beharko da. Horrek esan nahi du egingo diren eginkizunen hasierako memoria bat egin behar dela, bai eta amaierako beste memoria bat ere, praktiketako aldia eta ikasleak jarduera hauen arabera ikasitakoa baloratzeko:

a) Enpresa-egitura eta antolamendua identifikatzea: lan-prozedura enpresa-arloan, prestakuntza-baliabideak eta gaitasun profesionalak, pertsonalak eta soziala, lantokian ezarritako kalitate-sistema eta segurtasun-sistemak.

b) Ohitura etikoak eta lan-ohiturak aplikatzea: jarrera pertsonalak (enpatia, puntualtasuna), jarrera profesionalak (ordena, garbitasuna, segurtasuna...), jarrera lan-arriskuen eta ingurumenaren prebentzioan, enpresako hierarkia, jarduera profesionalen agiriak, barne-arauen ezagutza eta aplikazioa, lan-jarraibideak eta lan-prozedurak.

c) Arrantza-ontzia prestatu eta mantentzea abiatzeko eta nabigazioan zehar: arrantza-ontzia abian jartzeko tramitazioa, itsasontziaren egonkortasuna egiaztatzea, kalak kontrolatzea eta hornidura zehaztea lasta-tankeetan, erregaian eta ur gezan, guneak, bitartekoak, ekipamenduak, etab. berrikustea, nabigazio-ibilbidea trazatzea, abiatzeko komunikazioak, makinen mantentze-kudeaketa, etab.

d) Nabigazio-kontrola: atrakatu, irten eta ainguratzeko maniobrak, funtzioak branka, popa, aginte-zubian eta makina-gelan, zubiko guardia egitea, abordatzeak prebenitzeko maniobrak, zubiko eta itsasbideko tresnetan jardutea, SMSS aparatuak erabiltzeko protokoloak, segurtasun-arauak betetzea, kalitatea eta prestakuntza-erregistroa betetzea.

e) Arrantza-jarduerak: arrantzako instalazioak eta bertako ekipamenduak prestatu, mantendu eta konpontzea; arrantza-bankuak detektatu eta lokalizatzea; maniobrak arrantza-arteekin, kalatua, biratzea, desberdintasuna horien arteko aplikazioan arrantza-parkean eta zubian, harrapaketa-eragiketak, harrapaketen merkataritza-interesa eta kalitatea baloratzea, bisitatutako kalen errendimendu jasangarria baloratzea, harrapaketen prozedura eta karga gainbegiratzea, arrantza-araudia aplikatzea zereginetan, segurtasun-arauak aplikatzea, etab.

6. oinarria.– Finantzazioa, jarduerak eta diruz lagun daitezkeen gastuak, laguntzen zenbatekoa.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko aurrekontu orokorretan horretarako ezarrita dauden kredituetatik etorriko dira soilik. Baliabide ekonomiko horiek, guztira, 100.000 eurokoak dira.

2.– Diruz lagundu ahal izango da itsas arrantzako prestakuntza-zikloetako lehenengo ikasturteko ikasleek arrantza-ontzi batean prestakuntza-egonaldia egitea marea batek irauten duen bitartean, hau da, 20 edo 30 egunean.

3.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta zenbatekoak hauek dira:

a) Enpresak ikasle bakoitzari eman beharreko haborokina estaltzetik eratorritako gastuak. Haborokin horren zenbatekoa finkoa da ikasle eta ontziratze-aldi bakoitzeko: 800 euro.

b) Gizarte Segurantzan alta ematetik eratorritako gastuak; izan ere, arrantza-enpresak bermatu beharko du ikasle bakoitza estalita izatea egonaldi osoan gertakari arruntengatik eta lan-arriskuengatik. Kostua hilean 46,52 eurokoa da, eta kontzeptu horrengatik zenbateko hori ordainduko da.

c) Prestakuntza-egonaldia arrantza-ontzian egiten duen ikasle bakoitzaren tutoretza eta monitorizaziotik eratorritako gastuak, baita ikasleen mantenutik eta aldi horretan itsasontziak egin ditzaketen eginkizunak kontrolatu, zein gainbegiratzetik eratorritakoak ere. Zenbatekoa 2.600 eurokoa da, prestakuntza-aldi bakoitzeko.

d) Ekipamendu eta lan-arroparen gastuak. Gastu hauek finantzatzeko laguntzaren zenbatekoa 100 eurokoa izango da prestakuntza-egonaldia egiten duen ikasle bakoitzeko.

7. oinarria.– Eskaerak aurkezteko epea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskaerarekin batera, 8. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, euskadi.eus egoitzan elektronikoki aurkez daitezke eskabideak: https://www.euskadi.eus/ Itsasoratu programa 2018 (Ref:1051101).

Helbide honetan, eskaera inprimakia, erantzule deklarazioaren eredua eta behean aipatutako eredu-inprimakiak eskuratzeko aurkitzen dira, baita eskabideak aurkezteko eta justifikatzeko modu elektronikoan errazteko informazioa.

3.– Ordezkariaren bitartez eskaera egiten badu, ordezkaritza akreditatu behar da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluen arabera.

4.– Eskaeraren ondorengo prozedurak egiteko eta jakinarazteko dira helbide hau erabili beharko da: https.// Euskadi.eus/misgestiones

5.– 39/2015 Lege Organikoaren 14.1 artikuluarekin bat etorriz, pertsona fisikoek administrazioarekin arremanetarako beste modu ez elektronikoen bidez ahal izango da, eskaera inprimakiak erabiliz, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako bulegoetan eskuragarri izango direlarik; zuzendaritza horretako helbideak jarraian zerrendatzen dira eta baita www.nasdap.ejgv.euskadi.net web horrialdean. Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko eta Azpiegituretako Departamentuko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzara zuzendu beharko da zuzenean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak emandako bitartekoen arabera, honako helbide hauetako batean:

● Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

● Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila. Arrantza Egituren Zerbitzua, Concha Jeneralaren kalea 23, 2.a, 48010 Bilbao.

● Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila. Arrantza Antolamenduko Zerbitzua, Easo kalea 10, 20006 Donostia.

Era berean, eskaera zuzenean aurkez daiteke Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako tokietan, betiere apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuari jarraituz (72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa).

6.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoarekin bat eginez, diru-laguntzaren eskaera aurkeztuz gero, eskatzaileak baimena emango du Arrantza eta Akuikulturako Zuzendaritzak zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duten agiriak, NAN/IFK nortasuna eta beste edozein administrazio publikok egindako agiri guztiak. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu.

8. oinarria.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Pertsona fisikoa izanez gero, NANaren kopia. Pertsona juridikoa izanez gero, enpresaren IFKren kopia, ahalordetze-eskriturarena, legezko ordezkariaren NANarena eta baita erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen kopia bana ere, dagokien erregistroak zigilatuta.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, hauek adieraztekoa: eskatzaileak agindu honetako eskakizun guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla eta 3. oinarrian ezarritako eskakizunak betetzen dituela, hori egiaztatzeko agiriak badituela, eta Administrazioak eskatzen duenean haren esku utziko duela. Era berean, eskaera-ereduko erantzukizunpeko adierazpenak komunikazio hauek izango ditu:

● Diruz lagun daitekeen gastu bererako, beste administrazio publikoren bati eta beste erakunde publiko edo pribaturen bati diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten eta halakorik lortu duen ala ez jakinaraztea.

● Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza eta diru-laguntzen esparruan enpresa haiek itzultzeko edo zehatua izateko prozeduraren batean dagoen ala ez adieraztea.

● Aurreko bi zerga-ekitaldietan minimis-araubidearen barruan laguntzak jaso dituela edo indarrean dagoen zerga-ekitaldian laguntzak jasotzen ari dela adieraztea.

c) Honako alderdi hauek barne hartzen dituen memoria:

● Prestakuntza-egonaldiak egingo diren arrantza-ontziko datuak.

● Prestakuntza-egonaldietarako hautatutako ikasleen datuak, gehienez bi. Ontziratzeko eta egonaldia egiteko ikasle bakoitza ados dagoela egiaztatu beharko da, eta ikastetxeak agiri baten bidez ziurtatuko du 4. oinarriko eskakizunak betetzen direla.

● Prestakuntza-egonaldia egingo den arrantza-ontzirako aurreikusitako ontziratze-aldian egin beharreko itsasaldiaren datuak.

d) Eta eskatzaileak aurkeztu nahi duen edozein agiri osagarri.

9. oinarria.– Eskaeren kudeaketa.

1.– Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NANa, IFK, zerga-betebeharretan eta Gizarte-segurantzarekiko ordainketetan egunean dagoela ziurtatzen duten agiriak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Agindu honetako 8. oinarriko a. apartatuan eskatutako agiriak administrazio honetan edo beste batean entregatzen direnean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu agiri horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28-3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Eskatzaileak adierazi beharko du zein Administraziotan eta noiz aurkeztu diren. Hala ere, berariaz uka dezake laguntza-eskaeran inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, agiriak aurkeztu beharko ditu.

3.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskaera eta eskatutako agiriak. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

4.– Eskaerak eskakizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

5.– Edonola ere, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak aurkeztutako eskaeran adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskaera izapidetzeko beharrezko irizten dituen bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.

10. oinarria.– Diru-laguntzak esleitzeko eta kudeatzeko prozedura.

1.– Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak du agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Arrantza eta Akuikulturako zerbitzu teknikoek egiaztatuko dute eskaera bakoitzean eskakizunak betetzen direla, hori berariaz adieraziz.

3.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura eskakizunak betetzen dituzten arrantza-enpresen arteko lehiarik gabeko konkurrentziakoa izango da. Deialdiko zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada kalkulatutako kopuruak emateko, guztiek jasoko dute erabakitako zenbatekoa. Ezarritako gehieneko diru-kopurua ez bada nahikoa aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko, diru-laguntza proportzionalki banatuko da sektore bakoitzeko onuradunen artean, harik eta funtsak erabat agortu arte.

4.– Aurkeztutako eskaerak eta agiriak aurkeztu ondoren, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari dagokio deialdiaren ebazpena ematea eskatutako diru-laguntzak emanez edo ukatuz, ebazpen bakarraren bidez.

5.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

A) Hautatutako eskaerei dagokienez:

1) Enpresa onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.

2) Emandako diru-laguntza.

B) Onartu ez diren eskaerei dagokienez:

1) Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.

2) Laguntza ukatzeko arrazoiak.

6.– Onuraduna zehapen-prozeduraren batean edo diru-laguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, laguntza jasotzeko, lehenik hura amaitu beharko da. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko aldian, emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera eskuratzeko debekua izateagatik.

7.– Agindu hau indarrean sartu eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskaerak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

Prozeduraren ebazpena, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren 1. zenbakiko b) letran xedatutakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko. Dena dela, enpresa eskatzaile guztiei ebazpen osoa helaraziko zaie, eta, gainera, ebazpenean interesdun bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira.

Edonola ere, lehenik egiten den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.

8.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen dutenetik aurrera, edo, edozein unetan administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta biharamunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

11. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek oinarri hauetan ezarritako betebeharrak izango dituzte; horiek, besteak beste, artikulu hauetako betebehar hauek jasotzen dituzte: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluak:

1) Prestakuntza-egonaldia izatea eskaeran adierazitako eran eta ontziratze-aldietan.

2) Prestakuntza-egonaldia egin behar duen pertsonari laguntza ematea, eta bere jarduera ongi gauzatzeko behar dituen bitarteko, tresna edo ekipoak erabiltzeko aukera ematea.

3) Programa behar bezala garatzen dela zaintzea; ikasleari ezin zaio eskatu bere prestakuntzarekin lotuta ez dagoen beste jarduerarik egitea.

4) Prestakuntza-egonaldia egiten duen ikasle bakoitzari 800 euroko haborokina ordaintzea ontziratze-aldi bakoitzarengatik, prestakuntza-aldia amaitu eta aste batera, gehienez.

5) Ikaslearen segimendua eta tutoretza egitea eta 5. oinarriko txostena aurkeztea.

6) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

7) Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

8) Beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati xede bera finantzatzeko, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatziz, beste diru-laguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta egutegiko hamabost egunetan.

9) Diru-laguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari, idatziz.

10) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

11) Tratu-berdintasunaren arloko araudian xedatutakoa betetzea.

12. oinarria.– Laguntzak ordaintzea eta bermeak justifikatzea.

1.– Hiru hilekoa izango da onuradunei zuzenean laguntzak ordaintzeko epea, justifikazio-agiri hau zuzen aurkezten denetik aurrera:

● Prestakuntza-egonaldia egin duen pertsonak egindako zereginen eta jardueren txosten zehatza.

● Ikasleek egindako banku-transferentzien kopia, 11-4 oinarrian jasotako betebeharra egiaztatzen dutenak.

● Gizarte Segurantzan alta egoeran egotearen ziurtagiria.

● Diru-laguntzak itzultzeagatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

2.– Foru-ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dauden, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak egiaztatuko du, automatikoki eta ofizioz. Hala ere, onuradunak berariaz uka dezake laguntza-eskaeran inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

3.– Arrantza eta Akuikultura zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki irizten badio, eta eskaera hori arrazoitu beharko du.

4.– Laguntzak modu egokian kudeatu eta ordaintzen direla egiaztatze aldera, 2018ko abenduaren 31n amaituko da inbertsioa egin dela egiaztatzen duten agiriak aurkezteko gehieneko epea.

5.– Onuraduna zehapen-prozeduraren batean edo diru-laguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, laguntza jasotzeko, hura amaitu beharko da lehenik. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera eskuratzeko debekua izateagatik.

13. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza eskatu duen pertsonak eskaeran atzera egin ahal izango du. Hori eskatutako laguntza emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik egin behar da. Atzera egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari eta hark, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du, eta hari dagokion prozedura amaitutzat emango.

2.– Onuradunak laguntzari uko egin ahal izango dio, laguntza onartu ondoren ere –agindu honen 11. oinarriko 6. paragrafoan ezarritako betebeharrarekin bat etorriz, emandako laguntza onartzeko betebeharra du onuradunak–, baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Uko egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari eta hark, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

14. oinarria.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo diru-laguntzaren bat emanez gero, Nekazaritza eta Akuikultura Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta liteke horren ondorioz diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira. Nekazaritza eta Akuikultura Zuzendaritzak aldaketa-ebazpena emango du, zeinetan birdoitu egingo baitira oinarri berriaren arabera emandako diru-laguntzaren zenbatekoak.

2.– Edonola ere, onuradunek ez badute betetzen agindu honetako eta betebeharren bat edo diru-laguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, edo diru-laguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badaude Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluarekin eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluarekin bat, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, onuradunek beren betebeharrak ez betetzeagatiko espedientea bideratu eta interesdunak entzun ondoren, diru-laguntza osoa edo zati bat hartzeko eskubidea kenduko die onuradunei, ebazpen bidez, eta, hala badagokio, aginduko die Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari guztiz edo partzialki, proiektuaren exekuzio-mailaren arabera, itzultzeko hartu dituzten laguntzak eta hala badagokio, dagozkion diru-laguntzen alorrean aplika daitezkeen berandutze-interesak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluarekin bat, hargatik eragotzi gabe dagozkion gainerako neurriak hartzea.

Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

15. oinarria.– Bateragarritasunak.

Agindu honetako diru-laguntza hauek bateragarriak dira edozein erakunde publiko zein pribatuk xede berberaz emandakoekin. Hala ere, (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis-araubidearekin bat, onuradun batek jaso dezakeen zenbatekoa ez da izango 30.000 eurotik gorakoa hiru ekitaldi fiskaleko epealdi batean; edozein delarik, bai laguntzaren helburua, bai laguntza ematen duen administrazio-organoa.

16. oinarria.– Datuen babesa.

Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak datuak babespean tratatzeko konpromisoa hartzen du, Datu Pertsonalak babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.


Azterketa dokumentala