Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2018ko uztailaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
3470

EBAZPENA, 2018ko maiatzaren 31koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, Amorebieta-Etxanoko udal mugarteko (Bizkaia) «Luminabaso izeneko 220 kV-ko azpiestazio elektriko berria» instalazio elektrikoaren administrazio-baimenari eta gauzatze-proiektua onartzeari buruzkoa (Espedientea: 48-AT-D-2011-00029).

Espedientea ebazterakoan beharrezkoa da honako hauek aintzat hartzea eta aipatzea:

AURREKARIAK

Bat.– Red Eléctrica de España, S.A.k (aurrerantzean, REE), 2011ko martxoaren 22an, eskatu zuen administrazio-baimena, onura publikoaren deklarazioa, gauzatze-proiektuaren onarpena eta ingurumen-inpaktuaren deklarazioa Amorebieta-Etxanoko udal mugarteko (Bizkaia) «Luminabaso izeneko 220 kV-ko azpiestazio elektriko berria» instalazio elektrikorako.

Bi.– Abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuko 10. artikuluan (2002-12-23ko EHAA) eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuko 144. artikuluan (2000-12-27ko EHAA) ezarritakoa betez, bat eginez ezartzen duenarekin testu beraren azken xedapenetako lehenengoan, 1957ko apirilaren 26ko Nahitaezko Desjabetze Legearen Erregelamenduko 17. artikuluan, Sektore elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 53. artikuluan eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Errege Dekretu Legegilearen 9. artikuluan, proiektuen ingurumen-eragina ebaluatzeari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena (2008-01-26ko BOE) Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legean xedatutakoari dagokionez (1998-03-27ko EHAA), hilabete bateko informazio publikoko epea bete zuten aipatutako proiektuak eta ingurumen-inpaktuaren azterketak.

Hiru.– Informazioa jendaurrean jartzeko izapidea betetzeko, iragarkia argitara eman zen Amorebieta-Etxanoko Udaleko iragarki-taulan 2011ko maiatzaren 27tik ekainaren 28ra, 2011ko ekainaren 3ko BAOn, 2011ko ekainaren 20ko EHAAn eta 2011ko ekainaren 30eko «El Correo» egunkarian.

Lau.– Aldi berean, zegozkion txostenak eskatuz separatak bidali zitzaizkien Amorebieta-Etxanoko Udalari, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailari (Garraio eta Herri Lan Sailburuordetza), Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari (Kultura Ondarearen Zuzendaritza), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Sailari (Ingurumenaren Plangintza, Ebaluazio eta Kontrolerako Zuzendaritza; eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza).

Honako erakunde hauei ere bidali zitzaizkien proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, informazio gisa: Amorebieta-Etxanoko Udala, Lemoako Udala, Larrabetzuko Udala, Galdakaoko Udala, Bediako Udala, URA Uraren Euskal Agentzia, Bizkaiko Foru Aldundia (Errepideen Zuzendaritza), Bizkaiko Foru Aldundia (Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusia), Bizkaiko Foru Aldundia (Kulturako Zuzendaritza Nagusia), Bizkaiko Foru Aldundia (Ingurumen Saila), Bizkaiko Foru Aldundia (Mendietako eta Naturaguneetako Zuzendaritza Nagusia), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Uren Saila (Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Saila (Ingurumen Sailburuordetza, Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza), Bizkaiko Osasun Lurraldeko Bulegoa (Osasun Publikorako Zuzendariordetza), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Saila (Nekazaritza eta Landa Garapeneko Sailburuordetza, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Saila (Nekazaritza eta Landa Garapeneko Sailburuordetza, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Saila (Ingurumen Sailburuordetza, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza) eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila (Kultura Ondarearen Zuzendaritza).

Bost.– Sektore elektrikoari buruzko 54/1997 Legearen 36.3 artikuluari eta 1955/2000 Errege Dekretuaren 114. artikuluari jarraituz, 2012ko urrian txosten bat eskatu zitzaion Ministerioko Energia Politikako eta Meategietako Zuzendaritza Nagusiari. 2012ko urriaren 30ean emandako erantzunean, Zuzendaritza Nagusiak txostena egiteko lanak eten zituen aipatutako instalazioa plangintza berrian sartuta egon arte.

Sei.– Kontsultatutako administrazioek aurkeztutako txostenak eskatzaileari bidali zitzaizkion, eta eskatzaileak txostenak kontuan izan eta bertako baldintzak onartu zituen.

Zazpi.– Amorebieta-Etxanoko Udalak alegazioak aurkeztu zituen (egun desberdinetan) aurreikusitako kokalekuarekin lotuta. REEra bidali ziren. Eta REEk dokumentazio berria aurkeztu zuen; 2011ko azaroaren 14an aipatutako udalera bidali zuen.

Zortzi.– Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailak proiektuari alegazioak aurkeztu zizkion 2013ko urtarrilaren 17an. Aldiz, REErekin hainbat negoziazioren ostean, 2016ko azaroaren 15ean instalazioak bideragarriak zirela jakinarazi zuen.

Bederatzi.– 2012ko martxoaren 28an, Ingurumen Sailburuordetzak ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren ebazpena eman zuen REEk sustatutako Luminabaso 220 kV-ko azpiestazio elektrikoaren eta Abadiño-Sidenor 220 kV-ko konexio elektrikoko linearen proiektuari buruz.

Hamar.– REEk izapidetzea berriro ere martxan jartzea eskatu zuen 2016ko maiatzaren 25ean, baimendu beharreko azpiegitura Industria, Energia eta Turismoko Ministerioaren Plangintza Zuzendariordetza Nagusiaren "Planificación Energética, Plan de Desarrollo de la Red de Transporte de Energía Eléctrica 2015-2020" dokumentuan jasota baitzegoen dagoeneko. Dokumentu hori Ministro Kontseiluak onartu zuen 2015eko urriaren 16an.

Hamaika.– 2017ko irailaren 8an, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak espedientea berrartzeko eskatu zion Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministerioko Energia Politikako eta Meategietako Zuzendaritza Nagusiari. Eta 2017ko urriaren 11n aipatutako Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txostena jaso zen abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 35.2 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

Hamabi.– 2018ko apirilaren 23an, REEk beste idazki bat aurkeztu zuen, deklarazio eskabidean atzera eginez; hain zuzen ere, instalazioaren onura publikoaren deklarazioan.

Hamahiru.– 2018ko maiatzaren 30ean, REEk gehigarri bat aurkeztu zuen, baimendu beharreko instalazioak 337/2014 Errege Dekretuaren bidez onartutako instalazio elektrikoen araudi berria beteko duela justifikatzeko.

OINARRI JURIDIKOAK

Bat.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria da ebazpen hau emateko eskuduna, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuan ematen zaizkion ahalmenez baliatuta (2017-04-21eko EHAA).

Bi.– Sektore elektrikoari buruzko 54/1997 Legearen 39. artikuluak ezartzen duenez, energia elektrikoa banatzeko instalazioak martxan jartzeko, aldatzeko, eskualdatzeko eta behin betiko ixteko, aldez aurretik dagozkion baimenak beharko dira.

Hiru.– Abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuaren bidez, honako instalazio hauek eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenerako prozedurak arautzen dira: energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko instalazioak, baita kontsumitzaileak konektatzeko harguneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere.

Lau.– Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen bigarren xedapen iragankorrean ezartzen denez, legea indarrean jarri aurretik hasitako instalazio elektrikoen baimentze-prozedurak aurreko araudiari jarraituz izapidetuko dira, ebatzi arte.

Bost.– Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak zehazten duenez, I. eranskineko B) apartatuan jasotako proiektuetan banakako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar da.

Sei.– Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen lehengo xedapen iragankorrak ezartzen duenez, aipatutako legea indarrean sartu aurretik argitaratutako ingurumen-inpaktuaren adierazpenen indarraldia bertan behera geratzen da proiektuak ez badira adierazpenak indarrean sartu eta sei urteko gehieneko epean gauzatzen hasi.

Zazpi.– Espedientea bideratzean, administrazio-prozedurari buruzko arauetan zein aipatutako legerian aurreikusitako prozedura-baldintzak eta izapideak kontuan hartu eta bete dira.

Zortzi.– Proiektuak eta aurkeztutako gehigarriak betetzen dituzte aplikagarriak diren segurtasun-araudietan biltzen diren eskakizun teknikoak.

Ikusita aipaturiko lege-xedapenak eta gai honi lotuta oro har aplikatzekoak diren bestelako xedapenak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Baimena ematea Red eléctrica de españa S.A.ri Amorebieta-Etxanoko udal mugarteko (Bizkaia) «Luminabaso izeneko 220 kV-ko azpiestazio elektriko berria»ri dagozkion instalazioetarako.

Onartzea gauzatze-proiektua, eta gehigarria; hona hemen ezaugarri nagusiak:

● Aterpez kanpoko azpiestazio berria, 220 kV-koa, «Luminabaso» izenekoa, 6 etengailu-posizio ekipaturekin, eta beste 3 erreserban, barra bikoitzeko konfigurazioan.

● Kokapena: Amorebieta-Etxanoko udal mugartea.

● Aurrekontua: 4.424.020 euro.

● Helburua: inguruan energia elektriko eskaeran izandako hazkundeari erantzuna ematea.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan, abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuan eta jarraian zehaztutako baldintzekin bat eginez ematen da ebazpen hau:

1.– Onartutako proiektuarekin eta haren gehigarriarekin, eta eskatu eta baimentzen diren aldaketekin bat egin beharko dute obrek.

2.– Martxan jartzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen honen egunetik aurrera.

3.– Obrak amaitzean, instalazioen jabeak Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari jakinarazi beharko dio lanen amaiera, behin betiko onarpena eman eta abiarazte-akta egin ahal izateko.

4.– Ebazpen hau eman dugu udalek eta probintziek eman beharreko lizentzia eta baimenei eta obrak egiteko beharrezkoak diren gainerakoei ezer kendu gabe eta horietatik aparte, eta eskatzaileak beharrezkoak izango ditu horiek ere. Halaber, hirugarrenen eskubideei kalterik egin gabe eta jabetza-eskubideari eutsiz ematen da.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Industria Sailburuordetzaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 31.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.


Azterketa dokumentala