Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2018ko ekainaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3350

EBAZPENA, 2018ko maiatzaren 18koa, Ingurumeneko sailburuordearena, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duena piezen estaldura egiteko bi lerro berri, zink-lerroa bat eta zink-nikel lerroa bestea, Euskal Kataforesis SAk Iurretako udal-mugartean duen metalen tratamendu- eta estaldura-lantegian ezartzeko.

AURREKARIAK

Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko martxoaren 25eko Ebazpenaren bidez, Euskal Kataforesis, SAri ingurumen-baimen integratua eman zitzaion Bizkaiko Iurretako udal-mugartean duen lantegian metalen tratamendu eta estaldurako jarduerarako.

Ingurumeneko sailburuordearen 2009ko urriaren 22ko Ebazpenaren bidez, aldatu eta egikaritu egiten zen Euskal Kataforesis, SAri emandako ingurumen-baimen integratua metalen tratamendu eta estaldurako jarduerarako Bizkaiko Iurretako udal-mugartean duen lantegirako.

Ingurumeneko sailburuordearen 2012ko irailaren 13ko Ebazpenaren bidez, aldatu egin zen Euskal Kataforesis, SAri emandako ingurumen-baimen integratua, metalen tratamendu eta estaldurako jarduerarako Bizkaiko Iurretako udal-mugartean duen lantegirako kataforesiaren bitarteez metalezko piezak margotzeko jardueraren ustiapen-baldintzei zegokienez.

2013ko maiatzaren 31n Ingurumen Administrazioaren Zuzendariak jakinarazi zion Euskal Kataforesis, SAri ez funtsezkotzat ebazten zela aldaketa bat; Iurretako Arriandi industrialdeko bi pabiloitan piezak biltegiratu eta enbalatuta ipintzeko jardueran zetzan moldakuntza.

2013ko uztailaren 15ean Ingurumen Administrazioaren Zuzendariak jakinarazi zion Euskal Kataforesis, SAri ez funtsezkotzat ebazten zela aldaketa bat; fosfatatze-lerroan bi foku berri egokitu, koipegabetze-fokuaren emaria handitu eta koipegabetzeko produktuak aldatzean zetzan moldakuntza.

2017ko irailaren 11n, Xabier Garamendi jaunak, Euskal Kataforesis, SAren izenean eta ordezkaritzan, ingurumen-organo honi ingurumen-baimenaren aldaketa funtsezkoa eskatu zion, ingurumen-inpaktuko adierazpena egin ondoren, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak xedatzen duenarekin bat eginez, piezei estaldura emateko bi lerro, zink-lerroa bat eta zink-nikel lerroa bestea, ezartzeko proiektua burutzeko. Eskaerarekin batera honako dokumentazio tekniko hau aurkeztu zuen:

– Ingurumen-baimen integratuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren oinarrizko eskabide-proiektua, Bizkaiko Iurretan Euskal Kataforesis, SAk duen lantegi berrian pieza-estaldurarako bi lerro ezartzeko.

Aurkeztutako dokumentazioaren askitasuna egiaztatu ondoren, Ingurumeneko Sailburuordearen 2017ko urriaren 20ko Ebazpenaren bidez, Iurretako udal-mugartean piezen estaldurarako bi lerro, zink-lerroa bat eta zink-nikel lerroa bestea, ezartzeko proiekturako Euskal Kataforesis, SAk sustatutako metalen tratamendu eta estaldurako jardueraren funtsezko aldaketaren proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean jarri zen 30 laneguneko epean, egoki irizten ziren alegazioak aurkezteko eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2017ko azaroaren 15ean. Era berean, ondoko auzokide bakoitzari jakinarazpena bidali zitzaion 2017ko azaroaren 21ean. Era berean, espedientearen oinarrizko dokumentazioa herritarren eskura ere egon zen, epe horretan bertan Iurretako Udaletxean, Ingurumen Sailburuordetzan eta Ingurumen Sailburuordetzaren Bizkaiko Lurralde Zerbitzuan.

Jendaurreko informazioko izapidea bukaturik, ikusi da ez dela alegaziorik aurkeztu Ingurumen Sailburuordetzan.

2017ko azaroaren 6an, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginak, bere 17. eta 18. artikuluetan, eta 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoak, 37. artikuluan xedatua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzak irizpena eskatu zien Osasun Sailari, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, Segurtasun Sailari eta Iurretako Udalari.

2018ko urtarrilaren 17an, egindako jendaurreko informazioaren izapidearen eta eraginpeko administrazio publikoen eta pertsona interesdunen entzunaldi-izapidearen emaitza helarazi zitzaion sustatzaileari, 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, 38. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

2017ko abenduaren 26an, sustatzaileak helarazi zuen hastapeneko dokumentazioaren aldaketa bat, hondakin-uren arazketa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eskatutako baldintzetara egokituz.

2018ko urtarrilaren 22an sustatzaileak argibide osagarriak aurkeztu zituen Iurretako Udalak, inplikatutako administrazio publikoei eta interesdunei eskainitako entzunaldi-izapidean igorri zuen txostena zela eta.

2018ko martxoaren 1ean jaso zen Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren baimena Euskal Kataforesis, SA enpresak biltodira isurtzeko lehendik zuena aldatuz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, bere 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hura lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 9. artikuluan xedatzen duenaren arabera, ingurumen-baimen integratua behar da haren 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozeinetan aritzen diren instalazioak ustiatzeko.

1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 10. artikuluan xedatzen duenaren arabera, funtsezko aldaketa da Euskal Kataforesis, SAk metalen tratamendu eta estaldurarako Bizkaiko Iurretako udal-mugartean dituen instalazioetan proposatzen den aldaketa.

21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoak, 1. artikuluan xedatzen duenaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburutzat hartuta.

Era berean, 3/1998 Lege Orokorrak, otsailaren 27koak, ingurugiroa babestekoak, 42. artikuluan dioenarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatu behar dute besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea ingurumenean dauzkan ondorioen analisia, alternatibarik egokienak hautatzeko helburuarekin, jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Aipatu 21/2013 Legearen 7.1 artikuluan agintzen denaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar da haren I. eranskinean edo II. eranskinean jasotako edozein proiekturen ezaugarrien eraldaketarako, baldin eta aldaketa horrek, berez, beteko balitu I. eranskinean zehazten diren atalaseak. Metalen eta material plastikoen gainazalak prozedura elektrolitikoz edo kimikoz tratatzeko instalazioak, tratamendurako haietan erabiltzen diren kubeten edo lerro osoen bolumena 30 metro kubiko baino gehiagokoa denean, arau horren I. eranskineko 4.f Multzoan agertzen dira.

Halaber, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko Legearen testu bategina onartzen duenak, bere 11.4 artikuluan, eta 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, ingurumen-ebaluaziokoak, ebazten dutena aplikatzeko, autonomia erkidegoek beharrezkoa dena xedatuko dute ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako jarduerak eta autonomi erkidegoko araudian ingurumen-inpaktua ebaluatzeko ezarritako beste figura batzuk ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran txertatu ahal izateko, hala eska badaiteke eta autonomia erkidegoak horretarako eskumena badu.

21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Ingurumen Sailburuordetzak, organo substantibo gisa, Euskal Kataforesis, SAk metalen tratamendu eta estaldurarako duen lantegiaren aldaketari buruz, bi lerro berri, bat zink-lerroa eta zink-nikel lerroa bestea, ezartzean datzanaz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuko azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta eragindako administrazio publikoek zein interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da 3/1998 Legearen, otsailaren 27koaren, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren arabera, baita 77/2017 Dekretuaren, apirilaren 11koaren, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenaren arabera ere.

Ikusirik 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko Legearen testu bategina onartzen duena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Kataforesis, SA sustatzaileak Iurretako udal-mugartean dituen instalazioetan gainazaleko tratamenduetarako bi lerro berri, bat zink-lerroa eta bestea zink-nikel lerroa, ezartzeko ingurumen-proiektuaren aldeko adierazpena egitea, Ebazpen honen Bigarren eta Hirugarren ataletan ezartzen diren baldintzekin.

Jarduera hori 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoak, I. eranskinean zerrendatzen dituenen artean 4.f Multzoan dago jasota: metalen eta material plastikoen gainazala prozedura elektrolitikoz edo kimikoz tratatzeko instalazioak, tratamenduko kubeten edo lerroen bolumena 30 metro kubiko baino gehiagokoa baldin bada.

Euskal Kataforesis. SAren instalazioaren egoitza da Bizkaiko Iurretako Arriandi Industrialdea, z/g. Une honetan Ingurumen Baimen Integratua du kataforesi bidez piezak margotzeko. Zink eta zik-nikel bidez piezak estaltzeko lerro berrien ezarpena lehendanik eraikita eta hormigoi-zola emanda dagoen industria-nabe batean egingo da, lehengo instalazioaren alboan, 470 m2ko azalera estaliz. Scrubber edo gas-garbigailua eta kontzentratu azido eta alkalinoentzako bi depositu soilik geratuko dira nabe horren kanpoaldean, zoruan ainguratuta. Eraikina Ibaizabal ibaiaren eskuineko ibarrean dago, ubidetik 100 metro baino gutxiagora, urpean gera daitekeen eremuan, 100 urteko itzulaldiarekin.

Proiektuan agertzen diren gainazal-tratamenduko lerro berrien helburua da piezak korrosiotik babestea. Tratamendu hori jasoko duten piezak gehienbat altzairuzkoak izango dira eta, behin edo behin, zamakezkoak. Bastidoreetan ezarritako piezak murgilduz burutzen da prozesua. Tratamendu-upelen bolumena, guztira, 166,8 m3koa da.

Zink-lerro berriaren ekoizpen-ahalmena 294.105 m2koa izango dela aurreikusten da, eta zink-nikel lerroarena 420.081 m2koa.

Ez da eraikuntza-obrarik egin beharko, ez bada instalazio osagarriak egokitzeko lanetarako, esate baterako, isurkinak lehendanik dagoen araztegira bideratzeko, argindarraren eta gasaren harguneak egiteko, ur-hornidurarako, e.a. Jarduketa horiek erakarriko dute indusketa-materialak sortzea (11 m3 inguru), lehendik lurzorua kutsa zezaketen instalazioak (489410-00064 kodea) eduki dituen lurzati batean.

Instalazioan burutuko diren prozesuak izango dira, alde batetik, lehendanik baimenduta daudenak, kataforesiaren bidez piezak margotzeko jarduerari dagozkionak:

1. prozesua: piezen gainazala prestatzea.

Hainbat etapatan metalezko piezen gainazala egokitzean datza prozesua, margoaren itsasgarritasuna hobetu dadin. Prestakuntza-fase horretan koipe- eta olio-hondarrak garbitzen dira tentsioaktiboen bitartezko bi koipegabetze-etapatan, eta korrosioaren kontra bermatzeko fosfatazio bat aplikatzen zaio estaldurari. Prozesu hori ihinztaduraz egiten da (dutxa sistemaz) tunel bakar batean.

Fase horretan egiten diren garbiketetako bat ur desmineralizatuarekin egiten da, piezen gainazaletan gera daitezkeen gatzak desagerrarazteko.

Etapen artean badira interfaseak, piezen xukadura jaso eta aurreko bainura itzultzea ahalbidetzen dutenak. Tunel osoaren inguruan kanala doa, isurkinak hondakin-uren araztegiko lantegiko homogeneizazio-zulora bideratzea ahalbidetzen duena.

2. prozesua: margotzea eta garbitzea.

24 m3ko upel batean piezak murgilduz egiten da margoketa (KTL). Piezen euskarri diren bastidoreak tentsio elektriko bati konektatuta geratzen dira margoan erabat murgilduta daudenean, eta horrela margo-partikulak elektro-ezarrita geratzen dira margotu behar diren piezen gainazalean.

Ondorengo garbiketak margo-soberakinak berreskuratzeko egiten dira, margoaren isurketa minimizatzeko UFR-ultra-iragazketako modulu batean (lehengaia aurreztuz birzirkulazioari esker). Azkenik ADR2 ur desmineralizatuarekin garbiketa bat eman behar zaie disolbatzaile-hondarrak piezen gainetik desagerrarazteko, eta estalduraren akaberan orban edo akatsak agertzea ekiditeko.

3. prozesua: lehortzea eta enbalatzea.

Labe batean (205-240.ºC) egiten da margoaren lehorketa, etengabe aire beroa hauspotuz. Lehortzen direnean, piezak atera eta enbalatu egiten dira.

4. prozesua: ur desmineralizatuaren ekoizpen osagarria.

Bi lantokitan egiten da truke ioniko eta adsortzio prozedura baten bitartez, truke ionikoko eta ikatz aktibatuko erretxinak erabiliz: ikatz aktibozko, katioi-erretxinezko eta anioi-erretxinezko zutabeak igarotzen ditu jarraian urak. Lortzen den ura depositu batean jasotzen da eta handik produkzio-prozesuko hainbat etapatarako punpatzen da.

Katioi-erretxina indarberritzeko azido klorhidrikoa erabiltzen da, eta anioi-erretxinarentzat soda kaustiko likidoa.

Zink eta zink-nikelezko estaldura lerro berriak abian direnean, zenbatesten da desmineralizazio-lantegiak beste 22,8 m3 ur inguru gehiago erabiliko duela urtean.

5. prozesua: ur-araztegia.

Egun dagoen ur-araztegiaren arazketa-ahalmena da 7 m3/orduan, eta kataforesi-prozesutik datorkion ura eta ur desmineralizatuaren ekoizpen osagarritik datorkiona hartzen ditu orain arte.

Lantegi hori handitu egingo da zink eta zink-nikel lerro berrien ezarpenak, proiektuak dioenez, 9.248 m3/urtean isurketa-bolumenaren hazkundea (gutxi gora behera 1,8 m3/orduko emaria) erakarriko baitu.

Bestalde, zink- eta zink-nikelezko estaldurarako lerro berriekin lotuta dauden prozesuak ondorengo hauek dira:

6. prozesua: piezak prestatzea.

6.a prozesua: koipegabetze kimikoa.

Piezak eskuz ipini ondoren, koipegabetze kimikoari ekiten zaio 50.ºtan, tentsioaktibo biodegradagarriak daramatzaten gai kimikoak erabiliz. Skinner baten bidez koipegabetzaile batekin konektatuta dagoen gainezkabide batetik kanporatu egiten dira etengabe sortzen diren olioak, kanpoan kudeatuak izan daitezen. Ondoren, garbitu bat ematen zaie gainazaleko tentsioaktiboen soberakina desagerrarazteko.

6.b prozesua: koipegabetze elektrolitikoa.

Gai alkalinoak eta korrontea erabiltzen dira ezarrita egon daitezkeen kalaminak eta gainerako zikinkeriak kentzeko, eta ondoren garbiketa bat ematen zaie turrustan piezen aztarna alkalinoak desagerrarazteko.

6.c prozesua: Desugerketa azido klorhidriko diluituarekin.

Azido klorhidriko diluitua erabil daiteke piezaren oxido-aztarnak desagerrarazteko eta ondoren turrustan garbitua ematen zaie azido-soberakinak desagerrarazteko.

6.d. prozesua: koipegabetze anodikoa.

Gai alkalinoak erabiltzen dira eta korrontea gainazala ezarpenerako prestatzeko.

7. prozesua: estaldura metalikoaren ezarpena:

Piezen beharrizanen arabera zinkezkoa edo zink-nikel aleaziozkoa eman dakieke. Prozesu biak ingurune alkalinoko elektrolisiaren bidez egiten dira, piezak direlarik katodoa, eta haien gainazalean ezartzen da estaldura, korronte-dentsitate bat aplikatuz, zinkezkoa nahiz zink eta nikelezkoa.

7.1. prozesua: zink elektrolitikoaren lerroa.

Zenbatesten den ekoizpen-ahalmena: 294.105 m2.

Hartarako prestatuta dagoen upel batean disolbatutako zinka aplikatzen da elektrolisi-prozeduren bidez.

Zink hutsezko fasearen ondoren garbiketa bat eman eta jarraian aktibatu egiten da oinarri azido txit disolbatuaren bitartez gainazala garbitu eta pasibatzeko prestatzeko.

7.2 prozesua. Zink-nikel elektrolitikoaren lerroa

Zenbatesten den ekoizpen-ahalmena: 420.081 m2

Hartarako prestatuta dagoen upel batean disolbatutako zink-nikela aplikatzen da elektrolisi-prozeduren bidez.

Zink-nikel bainuan 3 S mintzezko sistema bat erabiltzen da, bainua ez zahartzen laguntzen duena, energia-beharra eta konplexatzaileen kopurua eta metalen kontzentrazioa murrizten duena.

Bestalde, zink-nikelaren lehen garbiketako urak, elementu metaliko eta konplexatzaile gehien daramatzatenak beraz eta bide batez arazteko zailenak direnak, lurruntzeko ekipamendu batera bideratzen dira eta han, alde batetik, ekoizten da % 90 ur destilatua, garbiketetarako baliatzen dena, eta bestetik, % 10 gerakin kontzentratua, bainuontzira itzultzen dena edo, behar denean, kudeatzaile baimenduari bidaliko zaiona.

8. prozesua: ondorengo tratamenduak korrosioaren kontrako eta funtzio-gaitasunak hobetzeko:

8.a. prozesua: pasibatzea.

Itsatsi den kanpo-geruzaren konbertsio bat da hari korrosioaren kontrako erresistentzia sendoagoa emateko; bi lerroetatik datozen piezei ematen zaie. Azidotasun gutxiko ingurumen batean egiten da kromo-gatz tribalenteak erabiliz. 3.800 litroko 3 upel daude horretarako.

8.b prozesua: zigilatzea.

Lehenik, piezek garbiketa-fase batetik igaro behar dute azido-hondarrak desagerrarazteko eta, behar izanez gero, zigilatu egiten dira zigilatze-geruza bat, oinarri akriliko eta silikatozkoa, ezarriz haiei, itxura homogeneoagoa eta korrosioarekiko erresistentzia handiagoa ematen diena. Bolumena 3.800 l.

9. prozesua: lehortzea.

Piezak berogailuetan lehortzen dira 80.ºko aire beroa hauspotuz.

Azkenik, piezak eskuz kanporatzen dira.

10. prozesua: zerbitzu orokorrak.

Prozesu horrek eragiketa osagarriak eta mantentze-lanetakoak bilbatzen ditu, eta horien artean beste prozesuetan erabiltzen diren ekipamenduak eta makineria, hala nola bulegoetako hainbat jarduketa.

Zenbatesten den energia-kontsumoari dagokionez, energia-iturritzat, lehortze-prozesuko erregailuetan erabiltzen den gas naturala ezean, energia elektrikoa erabiliko da makinerian, lurrungailuan eta gasen garbigailuan. 3.723.044 kWo kontsumoa zenbatetsi da.

Udal-sareko ura erabiliko da instalazioan; proposatu diren lerro berriek 9.435,04 m3/urtean ur gehiago kontsumitzea erakarriko du. Horietatik, 8.791,84 m3/urtean erabiliko dira 6., 7. eta 8. prozesuetako garbiketa guztietan; 169,4 m3/urtean bainuak berritzeko erabiliko dira; 22,8 m3/urtean desmineralizazio-lantegirako eta 18 m3/urtean lurrungailurako erabiliko dira. Kantitate horiei gehitu behar zaizkie 433 m3/urtean, lerro berriak ezartzearen ondorioz handitu beharko den langile kopuruak sortuko dituen ur sanitarioei dagokiena.

Hondakin-urei dagokienez, zink- eta zink-nikel estaldurako lerroen jarduerak sortzen diren ur industrialak (8.815 m3/urtean inguru) eta ur sanitarioak (433 m3/urtean inguru) gehituko ditu. Ur industrialen eta ur sanitarioen sareak bereizita daude. Ur sanitarioak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren sarera isurtzen dira zuzenean. Zink-nikel lerro berriko lehen garbiketatik datozen ur industrialak lurruntze-bidez tratatuko dira; gainerako irakuzketetatik datozenei, aldiz, isurkiaren lehen tratamendu bat emango zaie homogeneizatu eta neutralizatzeko, eta lehendik dagoen kataforesi-lerrotik datozen isurkiekin batera emango zaie ondorengo tratamendua, enpresak duen industria-efluenteen araztegia erabiliz hartarako; eta horren ondoren Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren biltodira isuriko dira.

Bestalde, euri-urak nabeen estalkietatik bideratzen dira industrialdeko euri-uren kutxatilan biltzeko, eta handik Ibaizabal ibaiko ubidera isurtzen dira.

Lerro berriek ez dute, lehendik abian den kataforesi-jardueran erabiltzen direnez gain, disolbaitzaile berrien kontsumorik.

Instalazioak kataforesi bidezko pieza-margoketako jarduerarako bost foku ditu (hiru foku zarratu eta sistematiko 1. prozesurako: Piezen gainazalaren prestaketarako; foku bat 2. prozesurako: Margotzea eta garbitzea; 3. prozesuko erregailuen foku bat: Lehortzea eta bilgarrietan jartzea), eta bi foku berri zink- eta zin-nikel estaldurako lerro berriekin lotuta daudenak (7. prozesuko foku bat: Estaldura metalikoaren itsaspena, sortzen diren emisioak arazteko gas-garbiketako dorrea edukiko duena; eta 9. prozesuko erregailuen foku bat: Lehortzea). Gainera, kanpai-bidez xurgatuko diren isuri lausoak ere izango dira.

Lerro berrien jarduerak zarata-foku berriak sorraraziko ditu; zehazki, gasen araztegiko dorreko haizagailutik eta punpa magnetikoetatik sortzen den zarata, irakuzketako bainuetako astintze-parrillako hauspoetatik sortzen dena, lurrungailutik datorrena eta zubi-garabietakoa. Foku berri horiek guztiak, punpa magnetikoak izan ezik, nabearen barnean daude.

Jardueraren zabalkundea dela eta sortzen diren hondakinak nagusiki 6. prozesutik (kopigabetze alkalinoetako bainu erabilezinak eta desugerketa-bainu erabilezinak eta azido erabilezinak) eratortzen dira, eta 7.2 prozesuko lurrungailutik (zink-nikel kontzentratua). Halaber, egun sortzen diren hondakinen kopurua ere gehitu egingo da, zehazki araztegian sortzen direnena (5. prozesua): olio-lohiak, araztegiko opilak eta ontzien hondakinenak eta desmineralizazio lantegikoak: truke ionikorako erretxin erabilezinak eta ikatz aktibo erabilezinak; horiek, kanpotik kudeatuko dira.

Euskal Kataforesis, SAren jardueran Metalen eta Plastikoen Gainazal Tratamenduetako BREFean («Surface Treatment of Metals and Plastics», 2006ko abuztua) jasotzen diren eta eskueran dauden teknika onenak erabiltzen dira.

Proiektuak, besteak beste, TEO-teknika erabilgarri onenak direla pentsa daitekeen neurri hauek biltzen ditu hainbat prozesutarako:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Honako baldintza eta betebehar hauek ezartzea Euskal Kataforesis, SAk Iurretako udal-mugartean duen lantegian gainazalak tratatzeko bi lerro berri, zink-lerroa bat eta zink-nikel lerroa bestea, instalatzeko egokitze- eta muntatze-lanetarako.

A) Proiektua gauzatzen hasteko epea.

Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko; ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da kontatzen epea. Hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, 3/1998 Legearen, otsailaren 27koaren 47.8 artikuluan, eta 21/2013 Legearen, abenduaren 9koaren 43. artikuluan ezarritakoarekin bat. Horretarako, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko dio, gutxienez hilabete lehenago, noizko aurreikusten den proiektua gauzatzen hastea.

B) Instalazioa egokitzeko eta muntatzeko baldintza orokorrak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

B1.– Jarduketa-eremua mugatzea.

a) Obrak eta lurzorua okupatzea dakarten eragiketa osagarriak proiektuaren mugen barruan burutuko dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatu mugetatik kanpo zirkulatzea.

b) Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko erasanik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

B.2.– Zaratak, dardarak eta horien ondoriozko efektuak gutxitzeko neurriak.

a) Egokitzapen-faseak iraun bitartean, beharrezkotzat jotzen diren obra-jardunbide egokien multzoa aplikatu beharko da, obra-makineriaren mantentze-lan orokorrei eta zarata gutxitzeari dagokienez.

b) Zaratari buruzko 1367/2007 Errege Dekretuak, urriaren 19koak, 37/2003 Legea, azaroaren 17koa garatzen duenak, 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, 212/2002 Errege Dekretuak, otsailaren 22koak, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituenak eta arau osagarriek ezarritakora.

B.3.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

Zama daramaten kamioiak, hautsa edo partikulak barreiatzea eragotziko duten toldoz eta antzeko sistemez estalita aritu beharko dute.

B.4.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

a) 22/2011 Legeak, uztailaren 28koak, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoak araututako eran eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, ebakiak prestatzeko jarduketetatik eratortzen direnak, bilgarriak, eta errefuseko lehengaiak.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu beharko da, edo, hala badagokio, aipatu 22/2011 Legeak, uztailaren 28koak, bere 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra izango da teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik ezinezkoa izatea haiek balorizatzea.

b) Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak, hala badagokie, 105/2008 Errege Dekretuan, otsailaren 1ekoan, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzekoan, eta 112/2012 Dekretuan, ekainaren 26koan, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzekoan, aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

c) Baldin eta aurreikusten bada hondakindegi baimenduan ezabatzea dela hondakinen azken helmuga, orduan, hondakin horiek karakterizatu egingo dira, Kontseiluaren 2003/33/EE Erabakiak, 2002ko abenduaren 19koak, hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta 49/2009 Dekretuak, otsailaren 24koak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.

d) Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 20/1986 Oinarrizko Legea, maiatzaren 14koa, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzkoa, betearazteko erregelamendua onartzen duen 833/1988 Errege Dekretuak, uztailaren 20koak, 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu direla eta galerarik izan ez dadin.

Aipatutako edukigailuak edo ontziak etiketatu egin beharko dira argi eta irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, indarreko araudiaren arabera.

e) Sortutako olio erabilia 679/2006 Errege Dekretuak, ekainaren 2koak, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenak ebatzitakoari jarraituz kudeatu beharko da.

Erabilitako olioak aldi baterako biltegiratzea, hau da, baimendutako kudeatzaileak biltzen dituen arte, ontzi edo segurtasun-sistema batean gordetako biltegietan egingo da, horrela biltegi nagusiak haustura edo galeraren bat izanez gero olioa sakabanatzea saihesteko.

f) Hondakinen kudeaketari buruzko araudia betetzeko xedez, lan desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

g) Aurrekoaren arabera, berariazko gune bat atonduko da eta bertan jarriko dira hondakin arriskutsuak (olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar) aldi baterako bilduko dituzten instalazio estaliak. Horiez gainera, eta bereiz, hondakin inerteak biltzeko berariazko edukiontziak jarri behar dira. Edukiontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurtze edo lurruntze bidez edukirik ez galtzeko. Orobat, obrak egiten ari diren bitartean sortzen diren hondakinak biltzeko elementu estankoak (bidoiak eta abar) instalatu behar dira; elementuok hondakin moten arabera bereizi behar dira. Gero hondakinok aurrean aipatutako gune garbira eramango dira.

h) Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

B.5.– Lurzorua babesteko neurriak.

Kontuan izanik lerro berrien instalazioaren kokagunea izan behar duen orubea jasota dagoela lehendik lurzorua kutsatu duten edo kutsa zezaketen instalazioen (489410-00064 kodea dutenen) inbentarioan, 2017ko abenduaren 21eko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren aginduan, zeinaren bitartez lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasaten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioa eguneratzen baita, eta kontuan izanik lur-mugimenduak egin behar direla (11 m3 inguru) instalazioak egokitzeko (kanalak eta kutxatilak eginez), hondeaketa-lanak egiten diren bitartean eta haiek amaitzean, ondorengo neurri hauek hartu beharko dira:

4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoak, 25. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz, hondeatu beharreko materialak karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.

Hondeatu beharrekoa 500 m³ baino gutxiago denez, aldaketaren jakinarazpenean informazio hau eman beharko da: non dagoen kokatuta, zenbat hondeatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.

Orobat, 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, aipatu artikulu horretan ebazten duenaren arabera, hondeaketa amaitzean, ingurumen-organoari helarazi beharko zaio ateratako materialak behar bezala berrerabili edo kudeatu direla egiaztatzen duen txostena.

Oro har, irizpide hauek hartuko dira aintzat:

– Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoak, ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa; horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

– 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, xedatutako VIE-A ebaluazioko balio adierazleak eta TPH-etarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.

– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren pareko den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

B.6.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

7/1990 Legeak, uztailaren 3koak, Euskal Kultura Ondareari buruzkoak, ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Orokorrari; gero, beharrezkoa izanez gero, hark erabakiko du zer neurri ezarri.

B.7.– Obrek dirauten bitarteko jardunbide egokien kontrola.

Obren jardunbide egokien kontrola egingo da, eta bereziki kontuan hartuko dira honako alderdi hauek: hondakinen kudeaketa, hondeaketa-soberakinena ere aintzat hartuz, hauts- eta zarata-ekoizpena eta Ebazpen honetan adierazitako bestelako alderdiak.

B.8.– Obraren amaierako txostena.

Sustatzaileak obraren amaierako txostena bidali beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari; obrak egin bitartean izan diren gertaeren berri emango du bertan, eta Ebazpen honetan nahiz ingurumen-inpaktuaren azterlanean jasotako neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino betetzen diren azalduko du, eta ingurumen-organoak hondeaketa-materialak behar bezala kudeatzeko ezarritako neurrien berri ere emango du.

Horrekin batera, eta hala badagokio, proiektua gauzatu bitartean sartutako aldaketak xehetasunez dokumentatu beharko dira, eta ingurumenaren gaineko eraginaren ikuspegitik duten justifikazioa azaldu. Halaber, eraikuntza-fasean ingurumen-arloan eginiko behaketa-programaren emaitzak eta hondeaketa-materialen erabilera zehatza dokumentatu behar dira, zenbaketari eta ezaugarriei buruzko datuak barne hartuta.

Hirugarrena.– Euskal Kataforesis, SA sustatzaileak Iurretako udal-mugartean duen instalazioan piezen estaldura egiteko bi lerro berri, zink-lerroa bat eta zink-nikel lerroa bestea, ustiatzeko eta jarduera uzteko ondorengo eskakizun eta baldintza hauek ezartzea:

A) Administrazioarekiko harremanen arduraduna.

Euskal Kataforesis, SA enpresak Administrazioarekiko harremanen arduradunari buruz emandako datuen edozein aldaketaren berri emango dio Ingurumen Sailburuordetzari.

B) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

B.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

B.1.1.– Baldintza orokorrak.

Euskal Kataforesis, SAren lantegiaren ustiapenean bete beharreko baldintzak dira atmosferara egingo diren isurketek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea.

Prozesuan atmosferara botatzen den kutsagarri oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko dira, behar denean, kutsagarrien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor horretatik salbuetsi daitezke isuri ez-zarratuak, baldin eta horiek biltzea ez bada teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria, edota egiaztatzen bada ingurunean kalte urria eragiten dutela.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko isurtzerik ez egiteko, eta haien efluenteak giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperaturaren eta konposizioaren arabera sortzen diren aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko. Era berean, instalazio horiek martxan ez dauden edo erabilgarri ez dauden aldien iraupena ahalik eta gehien murriztuko da.

278/2011 Dekretuak, Abenduaren 27koak, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzekoak, 5. artikuluan jasotzen dituen betebeharrak bete beharko dituzte instalazioaren titularrek.

Honako elementu hauek guztiek nahitaez bete beharko dituzte atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-gunea, neurketa-portua, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo honek foku berri bat baimendu ondoren, abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako ILE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

B.1.2.– Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogazioa.

Lantegian, 100/2011 Errege Dekretuak, urtarrilaren 28koak,atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duenak eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituenak, xedatutakoaren arabera katalogatutako jarduera hauek burutzen dira:

(Ikus .PDF)

B.1.3.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Euskal Kataforesis, SAk metalen tratamendu eta estaldurarako duen instalazioak, estaldurak egiteko bi lerro berriak abian izaten dituenean, ondorengo foku zarratu hauek izango ditu:

(Ikus .PDF)

Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko batek bezala funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan; hurrengo urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek jarraitzen ez badute. Ingurumena zaintzeko programa egokian justifikatu beharko da inguruabar hori.

B.1.4.– Isuriaren muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren isurietan, ez dira gaindituko isurien mugako balio hauek:

(Ikus .PDF)

* CO eta NOx oxigenoa % 3 dela.

(1) Disolbatzaile organikoen urteko kontsumoa 15 t/urtean baino gehiagokoa bada, 1. fokuaren KOLak isurtzeko muga balioa 50 mg C/Nm3koa da.

Balio horiek honako baldintza hauetarako dira: 273 Kko tenperatura, 101,3 kPako presioa, eta gas lehorra.

278/2011 Dekretuaren, abenduaren 28koaren, 9. artikuluan xedatutakoaren arabera ebaluatuko da isurketa-balioak betetzen direla. Mugako isurketa-balioren bat betetzen ez dela ikusten bada, beharrezko zuzenketa-neurriak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta berehala jakinaraziko zaizkio ingurumen-arloko eskumena duen sailari ez-betetzea, neurri zuzentzaileak eta haien epeak.

GKO-Guztizko Karbono Organiko gisa neurtutako KOL-Konposatu Organiko Lurrunkorrei dagokienez, 117/2003 Errege Dekretuak, urtarrilaren 31koak, zenbait jardueratan disolbatzaileak erabiltzeagatik sortzen diren konposatu organiko lurrunkorren isurketak murrizteko xedatutakoa bete beharko du.

Disolbatzaile organikoen isurketako muga-balioak.

Euskal Kataforesis, SAk ondorengo atalase hauek gainditzen dituenean disolbatzaileen urteko kontsumoan 117/2003 Errege Dekretuaren II. eranskineko jarduerarako, gainazalen estaldurarako, jarduera egin beharko da disolbatzaile organikoen isuri lausoen ondorengo muga-balio hauek gainditu gabe:

(Ikus .PDF)

Disolbatzaile organikoen kalkuluen eta disolbatzaileen isuri lausoen kalkuluak 117/2003 Errege Dekretuaren eta haren garapen-araudiaren arabera egin behar dira.

Mugako isurketa-balioren bat betetzen ez dela ikusten bada, beharrezko zuzenketa-neurriak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta berehala jakinaraziko zaizkio ingurumen-arloko eskumena duen sailari ez-betetzea, neurri zuzentzaileak eta haien epeak.

B.1.5.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

278/2011 Dekretuak, Abenduaren 27koak, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzekoak, 5. artikuluan jasotzen dituen betebeharrak bete beharko dituzte instalazioaren titularrek.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximinien gailurrak ez dira egongo bigarren ataleko B.1.3 azpi-zenbakian ezarritako goreneko kotatik behera. Fokuen sekzioak, neurketa-guneak, laginketa-puntuak, neurketa-portuak, irisgarritasuna, segurtasuna eta zerbitzuak, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak 2012ko uztailaren 11ko Aginduaren bidez argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute. Agindu horretan, 278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, garatzeko jarraibide teknikoak zehaztu ziren, zeinak arautzen baitzituen atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzen dituzten instalazioak.

Organo honek foku berri bat baimendu ondoren, abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako neurketa-kontrol bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

Isuri lausoak minimizatzeko helburuarekin, jarioak antzemateko ekipoak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

B.2.– Isurketak egiteko baldintzak

B.2.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua

Isurketa sortzen duen jarduera mota nagusia: Automobilgintzarako metalezko piezen zink eta zink-nikelarekiko gainazal-tratamendua elektroitsasketazko inprimaketaz.

(Ikus .PDF)

Euskal Kataforesis, SA enpresak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren saneamendu biltodi nagusiarekin lotuta dauzka bere isurketak, eta badira ur beltzen eta industria-uren kutxatilak isurketen kontrola ahalbidetzen dutenak. Sareak bereiziak dira.

B.2.2.– Isurketaren muga-balioak.

Saneamendu-sarera egiten den isurketaren parametroak honako hauek izango dira, bakoitzerako zehazten diren gehieneko balioekin:

Ezingo da diluzio-teknikarik erabili, isurketaren muga-balioak lortzeko.

(Ikus .PDF)

(1) Kloruroen kontzentrazioa mugatuta geldituko da, isuria hartzen duen hondakin-uren araztegiaren isuriek ez dezaten 2.000 mg/l-ko kontzentrazioa gainditu saneamendu-sareko erabiltzaile guztientzat.

* Jarduera honen berariazko parametroak.

Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Bestela, titularrak tratamendu egokia egin beharko du, isurketaren ondorioz aipatu arauak eta kalitate-helburuak urratzen ez direla ziurtatzeko.

B.2.3.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Arazte-instalazioek edo hondakin-uren zuzenketa-neurriek jarduera hauek izango dituzte, funtsean:

(Ikus .PDF)

a) Oinarrizko egokitzapen-lerroa.

– Punpaketa Kutxatila: lantegiko industria-ur guztiak biltzen dituen depositua, zola baino kota baxuagoan dagoena.

– Koagulazio Modulua: m3 bateko andela, lau angelukoa.

– Neutralizazio Modulua: 3,8 m3ko depositu batean egiten da eta 500 litroko andela du karea prestatzeko.

– Flokulazio Modulua: 1,5 m3ko depositu batean egiten da. Polielektrolitoa 100 litroko andel batean aurkitzen da.

– Lamela Dekantagailua: 4,7 m3ko bolumena du, behean lohien isurbidea duela.

– Lohien Loditegia: 5 m3ko depositu konikoa.

– Iragazketa: prentsa-iragazkidun bi unitate ditu

b) Instalazioaren handitzea.

Zink- eta Zink-Nikel lerro berrietatik eratorriko den jarduerak, proiektuak dioenaren arabera, isurketa-bolumena 9.248 m3/urtean handituko du.

Gutxi gora behera 1,8 m3/orduan gehiagotuko da emaria eta, beraz, konpondu egin beharko da hazkunde hori oinarrizko bi ekipamendu handituz instalazioak behar bezala funtziona dezan. Handitzea honako puntu hauetan zertuko da:

– Zink-lerroko Efluenteen Homogeneizazio Depositua: egungo efluenteen homogeneizazio-depositua erabiliko litzateke, 10na m3 dituzten bi depositu dituena une honetan.

– Koagulazio-modulu berria, 4 m3koa.

– Aurre-Neutralizazioko Modulua, 1,2 m3koa.

– Dekantagailua: dekantagailu berri bat ezarriko litzateke, 7 m3koa, eta horrela gaur egungo batezbesteko egonaldi-denbora handitu egingo da, emariaren handitzeak ez dezan eraginik izan uraren azken kalitatean. Ohar garrantzitsua: Dekantagailuaren m3koak aipatzen direnean, lamelen enborraz ari gara, haren zati baliagarriaz. Une honetan 4,72 m3 ditu, eta 7 m3 izango lituzke.

– Lurrungailua: Zink-Nikel lerroko lehen garbiketa eta, bide batez, gai metalikoak eta konplexatzaile gehien daramatzan eta arazketa zailtzen duten urak dituena, hutsean lurruntzeko ekipamendu batera bideratzen da. Han, % 10 gerakin kontzentratua, kanporatuta kudeatzen dena, sortzen da, eta % 90 garbiketarako berrerabiltzen den ur bilakatzen da. Tratamendu berezitu honetan, Zink-Nikel lerroko langintzako disoluzioetatik datorren gerakinaren % 90 inguru desagerrarazten da, garbiketa horretan agertzen baita.

c) Esparrutik kanpo isuketak ekiditeko segurtasun-neurriak ezartzea:

Egungo araztegiak badu sistema bat maniobra guztiak era automatikoan kontrolatzen dituena. Halaz eta guztiz ere, kontrol-sistema bat ezarri beharko zaio, solidoen zunda batez eta pHaren beste batez osatua, haien seinaleak joan daitezen mekanismo bat abiaraziko duen kontrolagailu batera, hartara zehaztapenetatik kanpo (esekitako solidoen eduki handiegia edo mailaz kanpo dagoen pHa) datorren isuriak alarmari eragin diezaion eta isurketa araztegiko iturburura bidera dezan saneamenduko biltodira joan beharrean. BBUPeko Isurketa Teknikariek kontrolatuko dute sistema.

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla egiaztatuz gero, Euskal Kataforesis, SA enpresak beharrezkoak diren aldaketak egin beharko ditu arazteko instalazioetan, isurketak baimendutako ezaugarrietara egokitzeko, Administrazioari jakinarazi ondoren, eta, hala badagokio, baimena aldatzeko eskatuko du.

Aurkeztutako agirien arabera, isurketak kontrolatzeko kutxatila bat jarriko da baimendutako hondakin-ur mota bakoitzerako; kutxatila horiek isurketen lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango dituzte. Administrazioak egoki deritzonean ikuskatzeko sarbide zuzena duen lekuan kokatuko dira kutxatilak.

Kasu honetan, efluentea kontrolatzeko honako elementu hauek eduki beharko dira ezinbestez:

– Kaudalimetroa isuri industrialaren irteeran, uneko emaria eta guztizkoa neurtzen dituena.

Halaber, BBUPek gutxienez urtero onetsitako kalibrazio edo egiaztapen programa bat ezarri beharko du isuriaren titularrak. Kasu horretan:

– Kaudalimetroa urtero egiaztatuko da.

– Hiru urtean behin, kaudalimetroaren egiaztapenaren ordez kalibrazioa egingo zaio.

B.3.– Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

B.3.1.– Hondakin guztientzako baldintza orokorrak.

a) Instalazioetan sortutako hondakin guztiak 22/2011 Legea, uztailaren 28koa, hondakinei eta kutsatutako lurzoruei buruzkoa, eta aplikatzekoak diren berariazko araudietan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta helbururik egokiena zehazteko.

b) Espresuki debekatuta dago sortzen diren hondakin mota ezberdinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorrian bertan bereiziko dira, eta hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasketarik ez gertatzeko.

c) Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balioztatu beharko da, balorizatzaile baimendu bati emanda. Hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra izango da teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik ezinezkoa izatea haiek balorizatzea. Birsortzea/berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

d) Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin horiek tratatzeko instalazio baimenduak baldin badaude, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraikiz.

e) Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan deuseztatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek karakterizatu egingo dira, Kontseiluaren 2003/33/EE Erabakiak, 2002ko abenduaren 19koak, hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta 49/2009 Dekretuak, otsailaren 24koak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.

f) Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, Abenduaren 16koak, onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d atalean) ezarritakoa ezertan galarazi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

g) Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek zola estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

h) Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko du, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

i) Hondakinak desagertu, galdu edo isurtzen baldin badira, jazoera hori berehala jakinarazi beharko zaie bai Ingurumen Sailburuordetzari bai Iurretako Udalari.

j) Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, 180/2015 Errege Dekretua, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duena, eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipen eta kontrola egiteko, 22/2011 Legeak, uztailaren 28koak,Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoak, 25.2 artikuluan dionaren arabera.

k) Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, 22/2011 Legeak, uztailaren 28koak, 25. artikuluan aurreikusten dituen, eta 180/2015 Errege Dekretuak, matxoaren 13koak, 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakiz, garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

l) Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1013/2006 Erregelamenduan, 2006ko ekainaren 14koan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.

B.3.2.– Hondakin arriskutsuak.

Lerro berriak aintzat hartuta, hauek dira sustatzaileak adierazitako ekoizpen-prozesuko hondakin arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da, eta horiei buruzko informazioa baimena izapidetzean jasotzen da. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko 2015-2020rako Ingurumeneko Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balioztapena kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileri eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Gainerako hondakin arriskutsuak ezingo dira 6 hilabete baino gehiago biltegiratu.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela;agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da; agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Euskal Kataforesis, SAk onarpen-agiriak eta kontrol- eta jarraipen-agiriak edo haien baliokide diren agiri ofizialak erregistratu eta artxiboan gorde behar ditu, hiru urtez, gutxienez.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

h) Euskal Kataforesis, SAk 679/2006 Errege Dekretuak, ekainaren 2koak, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenari jarraituz kudeatu beharko du bere enpresan erabilitako olioa.

i) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– 110/2015 Errege Dekretuak, otsailaren 20koak, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzkoak, xedatuaren arabera kudeatuko dira. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek 106/2008 Errege Dekretuak, otsailaren 1ekoak, pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoak, xedatua bete beharko dute. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta Toki Erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki Erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Euskal Kataforesis, SAk, PCB eduki dezaketen gailuak dituen heinean, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu 1378/1999 Errege Dekretuak, abuztuaren 27koak, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituenak zehaztutako baldintzak, eta 228/2006 Errege Dekretuak, otsailaren 24koak, errege-dekretu hori aldatzen duenak, xedatzen dituenak.

k) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1005/2009/EE Erregelamenduak, 2009ko irailaren 16koak, ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean eman zuenak, adierazten dituen substantziak erabiliko balitu, Euskal Kataforesis, SAk berreskuratu egingo ditu, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Euskal Kataforesis, SAk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko programa, dagokion urtekoa, bidaliko du.

m) Erregistro bat eramango da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak.

n) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zeina mota horretako hondakin ahalik eta gutxien sortzea baita, Euskal Kataforesis, SAk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat egin eta aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, 22/2011 Legeak, uztailaren 28koak, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoak, 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatutako legea garatzen duen araudiak ez badu Euskal Kataforesis, SA hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

o) Baldin eta Euskal Kataforesis, SA 11/1997 Legeak, apirilaren 24koak, Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzkoaren lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada, Euskal Kataforesis, SA bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

p) Atal honetako e) eta f) idatzi-zatietan aipatutako dokumentuak (kudeatzaileak EAEko lurraldekoak direnean) eta n) idatzi-zatian aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, harreman elektronikoko IKS-eeM sistemako erakunde-bertsioa erabiliz, 183/2012 Dekretuak, irailaren 25ekoak, Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzekoak, xedatzen duenari jarraituz.

q) Amiantoa duten hondakinak daudela hautemanez gero, Euskal Kataforesis, SAk 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzkoak, 3. artikuluan ezartzen dituen eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira, dekretu horren bidez ezarri baitziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

B.3.3.– Hondakin ez-arriskutsuak

Hauek dira sustatzaileak adierazitako hondakin arriskugabeak:

(Ikus .PDF)

a) Hirugarren atalean, B.3.1 azpiatalean xedatzen diren hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balioztatu beharko da, balorizatzaile baimendu bati emanda. Hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra izango da teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik ezinezkoa izatea haiek balorizatzea. Justifikazio tekniko hori baliagarria izan dadin, delako hondakina hartzeko baimena duten hiru kudeatzailek balorizatzeari uko egiten diotela frogatu beharko da.

b) Erabilitako ontziak eta ontzien hondakinak materialen arabera egoki bereizita entregatu beharko zaizkio agente ekonomiko (hornitzaile) bati, berrerabiliak izan daitezen, ontzi erabilien kasuan; edota berreskuratzaile, birziklatzaile edo balioztatzaile baimendu bati, ontzien hondakinen kasuan.

c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balorizatzea denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Euskal Kataforesis, SAk onarpen-agiriak edo agiri ofizial baliokideak erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu, nahitaezkoak badira, hiru urtez gutxienez.

e) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharko da, 49/2009 Dekretuak, otsailaren 24koak, hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzekoak, ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa.

f) Baldin eta Euskal Kataforesis, SA 11/1997 Legeak, apirilaren 24koak, Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzkoaren lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada, Euskal Kataforesis, SA bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

g) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasoko dituena: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta dagokion urteko Ingurumena zaintzeko programa bidali beharko dira Ingurumen Sailburuordetzara.

h) Atal honetako d) eta e) idatzi-zatietan aipatutako dokumentuak (kudeatzaileak EAEko lurraldekoak direnean) Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, harreman elektronikoko IKS-eeM sistemako erakunde-bertsioa erabiliz 183/2012 Dekretuak, irailaren 25ekoak, Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzekoak, xedatzen duenari jarraituz.

B.4.– Ontziak merkaturatzea.

Euskal Kataforesis, SA enpresak, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta bilgarriak erabiltzen dituenez, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, Ontzien Gaineko Urteko Adierazpena egin beharko du. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko programa, dagokion urtekoa, bidaliko du.

Era berean, Euskal Kataforesis, SAk ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko, biltegiratzeko eta itzultzeko sistema bat ezarri beharko du (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Euskal Kataforesis, SA enpresak, bere produktuak merkaturatzeko industria- edota merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, aipatu betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, 11/1997Legeak, apirilaren 24koak, ontzi eta ontzi-hondakinei buruzkoak, lehen xedapen gehigarrian arautakoari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.

Baldin eta Euskal Kataforesis, SA enpresak, urte natural baten zehar, merkaturatzen baditu ontziratutako produktuak edo, kasua bada, hondakinak sor ditzaketen industria- edo merkataritza-ontziak, hain justu ere ondoren zehaztu kantitateetan baino handiagoetan:

– 250 tona, beira bada bakarrik.

– 50 tona, altzairua bada bakarrik

– 30 tona, aluminioa bada bakarrik

– 21 tona, plastikoa bada bakarrik

– 16 tona, egurra bada bakarrik

– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soil-soilik badira

– 350 tona, hainbat material badira eta, banaka, bakoitzak aurreko kopuruak gainditzen ez baditu

prebentziorako enpresa-plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta prebentziorako enpresa-planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko da urtero, dagokion urteko martxoaren 31 baino lehen. Bi agiriok dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira.

B.5.– Lurzorua babesteari dagozkion baldintzak.

9/2005 Errege Dekretuak, urtarrilaren 14koak, eta 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoak ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostenaren gomendioekin bat etorriz, Euskal Kataforesis, SAk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu.

– Lehengaien biltegia egokitu beharko du bertako zolak egin dezan atxikipen-kubetaren betekizuna.

– Egun dagoen gasoleo-kubeta ordezkatu egin beharko du deposituaren eduki osoa hartzeko gai izango dena ipiniz.

Halaber, 9/2005 Errege Dekretuan, urtarrilaren 14koan, 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan, eta abenduaren 16koan, xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak egikaritzeko, 2016ko azaroaren 17an ingurumen-organoak bidalitako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularrean aipatzen diren instalazioei eskatzen zaien dokumentazioa entregatu beharko du sustatzaileak. Zirkular horretan, honako hau jasotzen da: lurzoruaren egoeraren aldizkako txostenaren edukia eta emateko baldintzak, lurpeko uren eta lurzoruen txostena, kontrol-agiria eta jarraipen-agiria, esteka honetan eskura daitekeena:

Http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-pcc/eu/

Sustatzaileak lurzoruen agiri bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzen lan egiten duen erakunde egiaztatu batek egina. Agiri horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurrazpiko uren jarraipeneko agiriak. Aurrerantzean ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea erakarriko lukeen aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) 4/2015 Legeak, Ekainaren 25ekoak, 25. artikuluaren 1c letran ebazten denarekin bat etorriz, hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.

b) Hondeaketa horretan hondeatutako materialek 500 m³ gainditzen badituzte, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du; planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plan hori, betetzen hasi aurretik.

c) Hondeatu beharrekoa 500 m³ baino gutxiago bada, aldaketaren jakinarazpenean informazio hau eman beharko da: non dagoen kokatuta, zenbat hondeatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.

d) Aurreko kasu horietan guztietan, hondeatzen amaitutakoan, hondeatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu aurretik.

e) Oro har, ondorengo irizpide hauek beteko dira:

– Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, 49/2009 Dekretuak, otsailaren 24koak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin konposatu baten azterketa egin beharko da. Laginak hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3 bakoitzeko 10 azpilagin izango ditu gutxienez, baina hori espero daitekeen kutsaduraren heterogenoetasunaren edo homogeneotasunaren arabera aldatu ahal izango da. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3ko bolumena baino bolumen handiagoa duten unitateez osatutako lagin konposatua hartu ahal izango da eta, aldiz, afekzio heterogeneoaren kasuan, 500 m3ko bolumena baino bolumen txikiagoa duten unitateekin.

– Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoak, ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa; horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

– 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, xedatutako VIE-A ebaluazioko balio adierazleak eta TPH-etarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.

– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren pareko den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Baldin eta aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketaren bat egitea instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 1. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Era berean, 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 22. artikuluaren 2. zenbakian dioenaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e zenbakiari jarraikiz betiere.

B.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Ondorengo indize akustikoak gaindi ez daitezen beharrezko neurri guztiak ezarriko dira:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 7:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 mko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik; horietan, apantailamenduak saihesteko beharrezko garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan,

(Ikus .PDF)

1.– Taula. Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran eskatutako zarata-mailak.

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun-modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Jardueraren funtzionamendutik, zuzenean nahiz zeharbidez, eratortzen diren efektu gehituek gainditzen dituztenean 1367/2007 Errege Dekretuak, urriaren 19koak, 37/2003 Legea, azaroaren 17koa, Zaratari buruzkoa, garatzen duenak 14. eta 16. artikuluetan zehazten dituen kalitate akustikoko helburuak zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokionez, behar besteko neurriak hartu beharko ditu jarduerak gainditze hori gerta ez dadin.

c) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

d) Zink- eta zink-nikel lerro berriekin lotutako zarata-sorburuei dagokienez (gas-garbigailua, lurrungailua, e.a.), Euskal Kataforesis, SAk beharrezko neurriak hartuko ditu instalazioak 213/2012 Errege Dekretuak, urriaren 16koak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoak, I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak transmititu ez ditzan kanpoko ingurumenera, betiere horiek aipatu arauaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera ebaluatuta.

(Ikus .PDF)

(1) Muga-balio horiek aplikagarriak dira orobat inongo eremu akustikotan kokatuta ez dauden bizitegi-erabilerako eraikinetarako, baliook eraikinaren garaiera orotan leihodun fatxada guztietara iristen den soinuari dagozkiolarik, are eraikin horiek Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldetik kanpo egonda ere.

Kanpoaldeko muga-balioek lurretik 2 metroko garaiera eta leihodun fatxaden kanpoaldeko eraikuntzaren garaiera guztiak dituzte erreferentziatzat.

C) Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da ingurumena zaintzeko programa:

C.1.– Isuri atmosferikoak kontrolatzea.

C.1.1.– Kanpo-kontrolak.

a) Euskal Kataforesis, SAk botatzen dituen kutsatzaileak kontrolatu beharko ditu, ondorengo jarraibidearen arabera:

(Ikus .PDF)

(1) Agindua, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, 2012ko uztailaren 11koa, zeinaren bidez jarraibide teknikoak zehaztu baitziren 278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzen dituzten instalazioak arautzen dituena, garatzeko.

b) Puntu honetako a) letran aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, 212/2012 Dekretuan, urriaren 16koan, ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa-kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) letran azaldutako isurketa-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batezbesteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, isurketa bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori dagokion urteko ingurumena zaintzeko programan justifikatu beharko da.

C.1.2.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, betiere honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: 100/2011 Errege Dekretuak, urtarrilaren 28koak,atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituenak, 8. artikuluan, eta 278/2011 Dekretuak, abenduaren 27koak, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak egiten dituzten instalazioak arautzen dituenak, III. Eranskinean ebazten dutena.

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

C.1.3.– Disolbatzaileak erabiltzeagatik isuritako Konposatu Organiko Lurrunkorren kontrola.

117/2003 Errege Dekretuak, urtarrilaren 31koak, zenbait jardueratan disolbatzaileak erabiltzeagatik sortzen diren konposatu organiko lurrunkorren isurketak murriztekoak xedatutakoaren aplikazio-eremuan aurkitzen den merkataritza-elkartea denez, Euskal Kataforesis, SAk urtero bidali beharko du, dagokion urteko ingurumen-zaintzako proramaren barnean, 1/2013 Dekretuak, urtarrilaren 8koak, konposatu organiko hegazkorrak igortzen dituzten instalazioei buruzkoak, 9.1 artikuluan zehazten duen dokumentazioa.

Urte jakin batean Euskal Kataforesis, SAren disolbatzaile-kontsumoa 17/2003 Errege Dekretuak, urtarrilaren 31koak, II. eranskinean ezartzen duen urteko kontsumoaren atalasera iritsi ez denean, instalazioak soilik igorri beharko du urteko disolbatzaile-kontsumoaren taula, 1/2013 Dekretuaren 9.2 artikuluak agintzen duen moduan.

1/2013 Dekretuaren 9.1 eta 9.2 artikuluetan aipatzen diren dokumentuak bidaltzeko, http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-20775/es/ helbide elektronikoan dauden txantiloiak erabili beharko dira, bertan dauden giden jarraibideen arabera.

Euskal Kataforesis, SAk, ekoizpen aldaketak egiten dituelako edo lehengai berriak erabiltzeagatik aurreikusiko balu 117/2003 Errege Dekretuaren, urtarrilaren 31koaren II. eranskinean barnebilduta egoteari utzi egin behar diola, behar bezala arrazoitu beharko du zio hori EAEn konposatu organiko lurrunkorrak isurtzen dituzten instalazioen zerrendan duen inskripzioa baliogabetzeko, 1/2013 Dekretuak 8. artikuluan agintzen duen eran, eta, behar izanez gero, ingurumen baimen integratuan dituen atmosferarako isurketen baldintzak aldatu ahal izateko.

C.2.- Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea

Bilketa-hodira isurketa egitekotan:

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, ondorengo analisiak egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, «Erakunde Laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du, eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

c) Isurketen kontrolen emaitzak hauei bidaliko zaizkie:

– Ingurumen Sailburuordetzari, Ebazpen honetako bigarren ataleko C.5 azpiatalean ezarritako epeak eta baldintzak betez.

d) Kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti laginketak.

e) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da puntu honetako a) letran ezarritako kontrol-parametro guztiek Ebazpen honen Hirugarren ataleko B.2.2 azpi-atalean ezarritako mugak betetzen dituztenean.

C.3.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak taula honetan jasota dauden jardueraren funtzionamenduaren inguruko parametro-adierazleen urteko segimendua egingo du, ingurumenean duten eraginarekin lotuta, eta dagokion urteko ingurumen-zaintzako programarekin batera aurkeztu beharko du.

(Ikus .PDF)

C.4.– Zarata kontrolatzea.

a) Ebaluazioa indize akustikoak kalkulatzeko metodoen bidez egin beharko da: Ld, Le, Ln,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo

b) LAeq,Ti adierazle akustikoaren ebaluazioa egingo da hiru urtez behin zarata transmititzeko arriskurik handiena dagoen aldean neurketak eginez. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

c) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak II. mailako Administrazioko Lankidetza Erakunde (ALE) batek egin beharko ditu 212/2012 Dekretuan, urriaren 16koan agintzen den eran. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du ingurumen-organoak.

d) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetzak emandako jarraibide teknikoetan araututakora egokituko dira.

C.5.– Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/y22-izapide/es/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_201732123333101/procedures/proc_201732144928210/es_def/electronic_partial.shtml

Hala, aipatutako programan zehaztutako aldian egindako kontrol guztiak, ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko dira bakarrik, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik jakinarazi beharko da hari dagokion jakinarazpena, eta ingurumen-baimen integratuan ezarritakoaren arabera egingo da. Era berean, kontrolak urtean behin baino maiztasun handiagoarekin egiten badira, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira bidaliko.

Emaitza horiek urtero bidaliko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak azalduz; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik egin ez bada.

C.6.– Ingurumena Zaintzeko Programaren Agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du, eta bertan bildu beharko ditu aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak. Programa horrek honako hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua adierazi beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

D) Ohiz kanpoko egoeretan funtzionatzeko prebentzio-neurriak eta baldintzak.

D.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, isurien eta sortuko diren hondakinen zenbatespena egin beharko du sustatzaileak, eta, hala badagokio, haiek kudeatzeko eta tratatzeko era ere bai.

Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatzeko, bigarren ataleko B.3 azpiapartatuan («Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak») ezarritakoari lotu beharko zaio, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

D.2.– Jarduera uztea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa (28.5 epigrafea, Metalen tratamendua eta estaldura), eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Euskal Kataforesis, SAk jarduera uzte horren berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 31.3 artikuluan xedatzen duenari jarraikiz.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Euskal Kataforesis, SAk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen Hirugarren atalaren B.3 azpiatalean ezarritakoarekin bat etorriz.

D.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, 815/2013 Errege Dekretuaren, urriaren 18koan, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartzen duenean, 13. artikuluan arautu bezala, Euskal Kataforesis SAk, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen edozein isurketa edo emisio saihesteko.

D.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, honako apartatu hauetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko biltodi-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa-mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, tangen barnealdearen ikuskapen bisualak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Era berean, atmosferara eta uretara egindako isurketak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa eta abar) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipoen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak beharrezko maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo hondakindegi baimendu batera eramateko. Biltegiratu egingo dira hondoan hustubiderik ez duten biltegi iragazgaitzetan. Ez dira inoiz pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Baldin eta instalazioetan lohien tratamendua badago, horietatik jaregindako ura berriro bideratuko da arazte-instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.

Nabeen barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Ezin izango da arazketa-instalazioetan «bypass» bidez hondakin-urik isuri.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «by-pass» bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «By pass» horretatik ustekabeko isurketa bat sortuko balitz, titularrak, Ingurumen Sailburuordetzara 48 orduko epean bidali behar duen txostenaren bidez (atal honetako i letran adierazitakoaren arabera), segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko luke.

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta antzemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak, ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

f) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek bete egin beharko dituzte produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak.

g) Larrialdirik gertatuz gero, berehala eta efikaziaz esku hartzeko beharrezkoak diren material guztiak edukiko dira, kantitate nahikoan: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako ingurunean isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta norbera babesteko ekipo bereziak.

h) Kubeten hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura dokumentatua eduki beharko dute. Bertan, araztegiaren eraginkortasunari eragin diezaioketen isuriak hara joatea saihestu beharko da.

i) Gorabeheraren bat gertatuz gero agintariei jakinaraztea

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, gertatu dena zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren betiere. Komunikazioan alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gertakari-mota.

– Jatorria eta zergatiak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– epe laburrera aurreikusitako jarduketak, halakorik balego.

Gorabehera edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS Deiak eta Iurretako Udala berehala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gertakari-mota.

– Istripua non, zergatik eta zer ordutan gertatu zen.

– Gertakariaren iraunaldia.

– Ustekabeko isurketa gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.

– Mugapenak gaindituz gero, isurketen datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gerta ez dadin prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) Larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

Emergentziazko egoeraren batean, ezbeharrez nahiz maneiu oker batez debekatutako isurketak egingo balira Estolda Sarera, titularrak berehala jakinarazi beharko dio Patzuergoari gertatu dena, sor litezkeen kalteak ekidin edo murriztu ahal izateko

j) Aurreko atalean ezarritakoari kalterik egin gabe, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu, etengabeko prozesu bati badagokio, baita aurreikusitako mantentze prebentiboak ere, betiere ahalik eta aurrerapen handienarekin.

k) Larrialdi-egoeretan babes zibilari buruzko araudian ezarritakoa bete beharko da, eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

E. Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, Euskal Kataforesis, SAk, aurreko urtean atmosferara eta uretara isuritako emisioei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.

Informazio hori IKS-eeM sistemaren erakunde-bertsioaren bidez egingo da (www.eper-euskadi.net webgunean dago eskueran); hau da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemaren bidez.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenean eragina duten jardueren erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, 27/2006 Legearen, uztailaren 18koaren xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da 15/1999 Lege Organikoak, abenduaren 13koak, Datu Pertsonalak Babestekoak, ezarritakoa betetzen dela.

F) Instalazioa aldatzea.

Babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, araudi berriak indarrean jartzeak edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharrak hala gomendatzen duenean.

Era berean, hala babes- eta zuzenketa-neurriak nola ingurumena zaintzeko programa alda daitezke, jardueraren sustatzaileak hala eskatuz gero edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

Instalazioetan aldaketarik egin ahal izateko, aldez aurretik honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da

www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/es_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

eta Erakunde honen onespena ere beharko da, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

16/2002 Legeak, uztailaren 1ekoak, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoak garatzen duen 815/2013 Errege Dekretuak, urriaren 18koak, 14.1 artikuluan ezartzen ditu aldaketa bat funtsezkotzat jotzeko irizpideak.

Nolanahi ere, aipatutako 815/2013 Errege Dekretuak, urriaren 18koak, 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoak, 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusiko balu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen aitorpena eduki beharko da, 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzkoan, ezarritakoarekin bat etorriz.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Iurretako Udalari eta Euskal Kataforesis, SA merkataritza-elkargoari.

Bosgarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 18a.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala