Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2018ko ekainaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3239

AGINDUA, 2018ko apirilaren 24koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinen bidez diru-laguntzetarako deialdia egiten baita Lanbide Heziketaren eremuan ikaskuntzarako KA1 mugikortasun-ekintzak antolatu eta garatzeko, Erasmus+ programaren esparruaren barruan.

Hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kirolari buruzko EBren Erasmus+ programa Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1288/2013 Erregelamenduaren bidez onartu zen, zeinaren bidez Erasmus+ programa sortu baitzen –EBren hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kirolari buruzkoa– eta indargabetu baitziren 1719/2006/EE, 1720 /2006/EE eta 1298/2008/EE erabakiak. Programa hori 2014ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra arte izango da indarrean. Erasmus+ programak zenbait atal ditu, eta horietako bi deialdi honetakoak dira: goi-mailako Lanbide Heziketako ekintzak eta erdi-mailako Lanbide Heziketakoak.

Deialdi honen babesean, ikaskuntzarako mugikortasun-ekintzen helburuak (KA1) sustatzen dira. Hau da, langileen mugikortasuna –bereziki irakasle, hezitzaile, zuzendari eta gazte-begiraleena–, bai eta ikasleen mugikortasuna ere, betiere erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketaren sektoreetan. Hona hemen helburuok:

● Parte-hartzaileei laguntzea ezagutza, trebetasunak eta gaitasunak bereganatzen, haien garapen pertsonala bultzatze aldera.

● LHko ikasleei atzerrian trebatzeko aukera gehiago ematea.

● Ikasleei beharrezko dituzten trebetasunak ematea, hezkuntza- eta prestakuntza-arlotik lan-merkatura igaro daitezen.

● Kalitatearen hobekuntza eta berrikuntza sustatzea lanbide-heziketan eta prestakuntza-sistemetan, erakundeetan eta enpresetan.

● Hezkuntzaren eta lanbide-heziketaren esparruetan ohitura berritzaileak garatzen laguntzea eta horien transferentzia lortzea bertan zein herrialde parte-hartzaileen artean.

Programak barnean hartzen dituen ekintzak hauek dira:

● Lanbide Heziketako ikasle edo tituludunentzako nazioz gaindiko egonaldiak enpresetan edo erakundeetan.

● Lanbide Heziketako irakasleentzako egonaldiak eta irakasle-trukeak.

Europako Batzordeko Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritza Nagusiak 2017ko urriaren 25eko Europako Erkidegoaren Egunkari Ofizialean argitaratu zuen Eramus+ Programaren EAC/A05/2017 proposamen-deialdia (2017/C 361/04), eta hor ezartzen da 2018ko ekitaldirako proposamenen deialdia.

Europako Erkidegoak aurreko neurriak finantzatzeko egiten duen ekarpena, orokorrean, ez da iritsiko ekintzarako onartzen den aurrekontu totalaren % 100era. Beraz, beharrezkoa da estatu kideek elkarrekin finantzatzea, onartzen diren ekintzak garatuko badira.

Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen diru-laguntzak emateko jarduera arautzen duten publizitate-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak, betiere EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginari jarraikiz (azaroaren 11ko arazoaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuen), eta kontuan hartuta diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (Diru-laguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatu zuen lege hori) eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainontzeko xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Diru-laguntzetarako deialdia egitea, Eramus+ Programaren barruan onartutako mugikortasun-proiektuak –2018 eta 2019an garatzekoak– batera finantzatzeko. Erasmus+ programa horren helburua da, hain zuzen ere, ikaskuntza arrazoia dela langileak eta ikasleak mugitzea. Mugikortasun-programa hauen hartzaileak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan matrikulatutako ikasleak edo tituludunak (ikasketen azken urtean KA1 eskatu dutenak) edo Euskal Lanbide Heziketako irakasleak.

Baterako finantzaketa horrek, beraz, 2018 eta 2019. urteetan zehar egiten diren mugikortasun-proiektuen aurrekontuaren zati proportzionala estaliko du.

2.– Europako Erkidegoaren finantzaketa oro har ekintzaren aurrekontuaren % 100era iritsiko ez denez, deialdi honen bitartez eskuratzen diren diru-laguntzak, eta beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik lor litezkeenak Erkidegoaren finantzaketak estaltzen ez duen aurrekontuaren zatia estaltzeko erabiliko dira. Dena dela, proiektu bererako jaso daitezkeen laguntza guztien baturak ezin izango du onartutako aurrekontuaren % 100 gainditu. Nolanahi ere, batura horrek % 100 gainditzen badu, dagokion proportzioan murriztuko da laguntza.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

Deialdi honetara guztira 500.000 euroko zenbatekoa zuzenduko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Erregimen juridiko pribatuko erakunde eta instituzio guztiek parte ahal izango dute deialdi honetan, baldin eta Erasmus+ Programan onartutako proiekturik badute.

2.– Erakunde eta instituzio horiek Lanbide Heziketaren eremuko mugikortasun-proiektuetan parte hartu beharko dute –hau da, goi-mailako eta erdi-mailako Lanbide Heziketarako Erasmus+ Programaren esparruko KA1 ekintzetan –, eta Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko dute egoitza.

3.– Erakunde eskatzaileak kudeatzen duen proiektuan parte hartzen dutenek ezin izango dute proiektu honetarako bakarkako laguntzarik jaso Eusko Jaurlaritzak edo Espainiako Gobernuak kudeatzen duen beste edozein deialdiren bitartez.

4.– Erakunde eskatzaileek, gainera, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Erakunde edo instituzio eskatzaileak ezin izango du diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galarazten dion zigor penalik edo administratiborik izan, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen araberako sexuaren ziozko bereizkeria barne dela.

b) Erakunde onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzengatik edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

c) Erakunde edo instituzio eskatzaileak egunean izan beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

d) Eskatu daitezkeen edozein betebehar zein baldintza, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluan ezarritakoak, ezertan eragotzi gabe Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. eta 14. artikuluek diotena aplikatzea.

4. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Entitate interesdunek baliabide elektronikoak erabiliz egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute, batetik, otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak –Administrazio Elektronikoari buruzkoak–, eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an emandako Ebazpenak, hain zuzen ere, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa -Platea- onartzen duenak.

3.– Honako egoitza elektroniko honetan zehazten da nola izapidetu eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/erasmus-plus/y22-izapide/eu

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

5. artikulua.– Baldintzak egiaztatzea.

1.– Laguntzak eskatzen dituzten entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

Nolanahi ere, entitate eskatzaileek espresuki ukatu dezakete baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako eran; errege dekretu horren bidez, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen da.

2.– Eskabideetan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen entitateak berariaz adieraz dezan baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, alde batera utzi gabe administrazio publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua aplikatuz, baldintza hauek erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko dira, eskabidean:

a) Helburu bererako beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

b) Eskaera egiten duen pertsonak edo entitateak ez du izan behar diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, eta ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne, hala xedatzen baitu Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, azken xedapenetako seigarrenean.

c) Egunean izan beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, indarrean den arautegiaren arabera.

d) Halaber, entitate eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

e) Entitate eskatzaileak behar diren egiaztapenak egingo ditu, hain zuzen ere, ziurtatzeko proiektuan parte hartzen dutenek, norbanako gisa eta proiektu honetarako, Eusko Jaurlaritzaren edo Espainiako Gobernuaren bestelako diru-laguntzarik jasotzen ez dutela.

f) Entitate eskatzaileak bere egiten du KA1 ekintzak antolatzeko eta garatzeko diru-laguntzak batera finantzatzeko Aginduan ezarritakoa (ikaskuntzarako mugikortasun-ekintzak dira horiek, goi-mailako eta erdi-mailako Lanbide Heziketako eremuan garatzen direnak Erasmus+ Programaren esparruan); halaber, deialdiko oinarriak osorik ezagutu eta onartzen ditu; eta, laguntza lortuz gero, hitzematen du deialdiko xedeak beteko dituela.

6. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskaerak baliabide elektronikoen bidez aurkeztuko dira, euskadi.net helbideko egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/erasmus-plus/y22-izapide/eu

Entitate eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, aukeran. Prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

2.– Eskaerekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1) Formulario normalizatua. «Proiektu-identifikatzailea»

2) Formulario normalizatua. «Proiektuaren kostuaren kalkulua, I. eranskinaren arabera»

3) Hezkuntzaren Internalizaziorako Zerbitzu Espainiarra (HIZE) egindako eskabidearen ziurtagiria eta haren kopia, hau da, honako deialdia honetan egindako eskabidearena. Dagoeneko onartuak izan diren proiektuak baldin badira, egindako Finantza Kontratuaren kopia bat aurkeztu beharko dute.

Agindu honen I. eranskinean argitaratzen den taulan, proiektu bakoitzerako aurrekontua egitean kontuan izan beharreko gehieneko kostua jasotzen da. Proiektu bakoitzari dagokion baterako finantzaketa kalkulatzeko orduan, gehieneko kostu hori hartuko da kontuan, behin HIZEren laguntza eta lortu den beste edozein finantzaketa-bide deskontatu ondoren.

Goian aipatutako dokumentu-ereduak euskadi.net helbideko egoitza elektronikotik (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/erasmus-plus/y22-izapide/eu/) jaitsi ahal izango dira, betetzeko hutsuneak dituen PDF formatuan.

3.– Eskaeran, honako hauek egiaztatzeko erantzukizunpeko adierazpena jasoko da: aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla, aginduan ezarritako betekizun guztiak betetzen dituela laguntzarako eskubidea izateko aitorpena lortzeko, hori egiaztatzen duen dokumentazioa daukala, eskatzen zaionean Administrazioaren eskura jarriko duela dokumentazio hori, eta aurreko betebeharrak aipatutako aitorpen horri dagokion aldi osoan betetzeko konpromisoa hartzen duela. Era berean, erantzukizunpeko adierazpenean adieraziko da ea beste administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen batek laguntzarik eman dion eskabidean aurkeztutako gastu berberak ordaintzeko.

Datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, baliteke erantzukizunak gertatzea (penala, zibila edo administratiboa).

7. artikulua.– Eskaerak aurkezteko eta zuzenketak egiteko epea.

1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluaren arabera, eskabideak betetzen ez baditu bete beharreko baldintzak, entitate interesdunari errekerimendua egingo zaio hamar eguneko epean hutsegitea zuzendu dezan edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak aurkez ditzan. Era berean, jakinarazi egingo zaio ezen, horrela egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, aipatutako legearen 21. artikuluan jasotako baldintzen arabera eman beharko den ebazpena emanda.

8. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Teknologiaren eta Ikaskuntza aurreratuen Zuzendaritzaren Europako Programen atalari dagokio deialdi honetan ezarritako laguntza ekonomikoak kudeatzeko lanak egitea.

9. artikulua.– Esleitzeko prozedura.

Laguntzak kudeatuko dituen organoak, eskabide guztiak bere esku dituenean eta eskabideek deialdi honetako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, honela esleituko du diru-laguntza:

a) Aurkeztutako proiektuaren kostua I. eranskineko tauletan gehieneko kostuari buruz ezarritako parametroekin bat datorrela egiaztatuko du.

b) Ikusirik nolako dokumentazioa aurkezten duen eskaera egiten duen erakundeak eta zein informazio jasotzen den HIZEtik eta beste erakunde publiko batzuetatik, zehaztu egingo dira beste erakunde batzuetatik proiektu bakoitzerako hitzemandako laguntza ekonomikoak, gainfinantzaketa saihesteko asmoz.

c) Proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko da, 10. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituz.

10. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztea.

Proiektu bakoitzari emango zaion diru-laguntzaren zenbatekoa honako irizpide hauek oinarri hartuta zehaztuko da, goi-mailako eta erdi-mailako Lanbide Heziketako Erasmus+ Programaren I. eranskinaren arabera:

1) Proiektu bakoitzari dagokion baterako finantzazio-proposamena kalkulatzeko goi-mailako eta erdi-mailako Lanbide Heziketako Erasmus+ Programaren II. eranskinean zehaztutako kalkulu-taulak erabiliko dira.

Kudeaketa-kostuetarako eta hizkuntza-trebakuntzarako laguntzak ere II. eranskineko kalkulu-taula horietan zehaztuta daude.

2) 2. artikuluan adierazitako zenbatekoa nahikoa ez bada aurkeztutako eskaera guztien aurretik kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko, zenbateko hau eskatutako betebeharrak betetzen dituzten eskaeren artean banatuko da. Banaketa, zenbateko guztiak ordaintzeko behar den zenbateko osoa kontuan hartuta, hasieran kalkulatutako zenbatekoen proportzio beraren arabera egingo da.

11. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Lanbide Heziketako sailburuordeak emango du deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena, Teknologiaren eta Ikaskuntza aurreratuen Zuzendariak egindako proposamena ikusi eta gero, edo, hala badagokio, ukatzeko edo ez onartzeko arrazoiak.

2.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko taula elektronikoan (www.euskadi.eus) argitaratuko da, eta modu horretan egingo da jakinarazpena. Epea hiru hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egingo dizkie, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

3.– Epea amaitu eta entitate interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

4.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

12. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntza 3 epetan ordainduko da:

● Proiektu bakoitzerako laguntza osoaren % 10, ebazpena argitaratu ondoren, eta entitateak sinatutako eta HIZEra bidalitako proiektuaren kontratua aurkeztu ondoren.

● Proiektuaren mugikortasun-ekintza edo -fluxu bakoitzaren % 45, proiektuaren mugikortasun-ekintza edo -fluxu bakoitzerako ereduaren arabera prestatutako behin betiko mugikortasun-plana aurkeztean. Planean zehaztu beharko da zein den proiektuaren HIZEko kodea eta zein diren mugitzen diren pertsonak (izen-abizenak, NAN, zer estatutara doan, zer enpresatara, noiz hasten eta bukatzen den mugikortasuna).

● Proiektuko mugikortasun-ekintza edo -fluxu bakoitzerako azken % 45a, mugikortasunak egin ahala. Horrela, bada, mugikortasun-ekintza edo -fluxu bakoitza amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean, entitate onuradunak honako hau bidaliko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza aurreratuen Zuzendaritzako Europako Programen atalari:

a) Ziurtagiri bat, egindako mugikortasun bakoitzeko, ereduaren arabera.

b) Hizkuntza-prestakuntzaren fakturaren kopia, hala behar denean; bertan, prestakuntzaren onuradunen datuak adierazi beharko dira.

● Proiektuaren behin betiko aurrekontuaren likidazioa, proiektuko azken mugikortasun-fluxuaren ordainketa izapidetzeko dokumentazioa aurkeztutakoan.

Ziurtagiria jasotakoan eta bertan azaltzen diren datuak egiaztatutakoan, agindua emango da egindako mugikortasunen arabera baterako finantzaketari dagokion zatia ordaintzeko.

Behin betiko mugikortasun-planaren eredua eta egindako mugikortasunen ziurtagiriaren eredua eskuragarri izango dira euskadi.net-en egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/erasmus-plus/y22-izapide/eu/)

13. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, deialdiaren ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta hamabost egun naturaleko epean entitate onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egin diru-laguntzari, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza zertarako eman den, xede zehatz horrexetarako erabiltzea.

c) Diru-laguntza jaso duten kontratuen finantzaketa publikoari behar bezalako publizitatea ematea, erregelamenduz ezarrita dauden baldintzetan, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan jasotakoaren arabera.

d) Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz.

e) Estatuko nahiz nazioarteko bestelako administrazioetatik edo erakunde publiko edo pribatuetatik xede bererako eskuratutako diru-laguntzen edo laguntzen berri ematea, halakorik jaso bada.

f) Hezkuntza Sailak egin ditzakeen egiaztapen-jarduerak onartzea.

g) Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

h) Diru laguntzaren xedearekin edo haren justifikazioarekin zerikusia duten entitate onuradun, entitate laguntzaile edo hirugarrenak; horiek behartuta daude laguntza ematera eta kontrol funtzioak egiteko eskumena duten organoek eskatzen dieten dokumentazio osoa aurkeztera, Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

14. artikulua.– Baldintzak aldatzea eta diru-laguntza itzultzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldakuntzak, baldin eta deialdiaren helburua bete bada, edo, aurrekoez gain, beste edozein erakunde publiko eta pribatutatik beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasotzeak diru-laguntzak ematen dituen ebazpena aldatzea ekar dezakete. Horretarako Teknologiaren eta Ikaskuntza aurreratuen Zuzendaritzak kitapen-ebazpena emango du eta, bertan, eman diren diru-laguntzen zenbatekoak doitu egingo dira.

2.– Laguntza itzultzeko prozedurari ekingo zaio entitate onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan adierazitako kasuetako batean sartzen badira, edo Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasu batean, edo Agindu honetan eta bete beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badituzte, edo diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez badituzte.

3.– Diru-laguntza emateko betekizunak betetzen ez direla frogatzen bada, jasotako zenbatekoak itzuli beharko zaizkio Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari, bai eta sortutako berandutze-interesak ere, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen 698/1991 Dekretuan eta laguntza emateko ebazpenean.

15. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuak.

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta datuak babesteko euskal bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraituz, deialdi hau bideratzean bildutako datu pertsonalak «Erakunde laguntzaileak» izeneko fitxategi batean jasoko dira –parte-hartzaileek baimena eman dutenean datu horiek tratatu eta argitara emateko–. Fitxategi horren xedea da diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta deialdian parte hartzen duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea. Fitxategi horren arduraduna Teknologiaren eta Ikaskuntza aurreratuen Zuzendaritza da. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Teknologiaren eta Ikaskuntza aurreratuen Zuzendaritzaren aurrean balia daitezke. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Teknologiaren eta Ikaskuntza aurreratuen Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek jasotzen ez dituen alderdiak arautzeko, aplikatzekoak izango dira Herri Administrazioaren Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta laguntza eta diru-laguntza publikoei buruzko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EAEko Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean. Bi epeok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 24a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
ERASMUS+ MUGIKORTASUN-PROIEKTUEN KOSTUAK KALKULATZEKO ERREFERENTZIA
(LANGILEENTZAKO ETA IKASLEENTZAKO)
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
ERASMUS+ MUGIKORTASUN-PROIEKTUETARAKO LAGUNTZAK KALKULATZEKO ERREFERENTZIA
(LANGILEENTZAKO ETA IKASLEENTZAKO)
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
PROIEKTUAREN ZEHAZTASUNAK
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
PROIEKTUAREN KOSTUAREN KALKULUA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
BEHIN BETIKO MUGIKORTASUN-PLANA
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
EGINDAKO MUGIKORTASUNAREN ZIURTAGIRIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala