Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2018ko ekainaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

BARAKALDOKO LEHEN AUZIALDIKO 5 ZENBAKIKO EPAITEGIA
3213

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 480/2017 prozeduraren ondoriozkoa.

Barakaldoko Lehen Auzialdiko 5 zenbakiko Epaitegia (Familia).

Judizioa: 480/2017 ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak.

Alderdi demandatzailea: Itxasne Vazquez Sanchez.

Alderdi demandatua: Joseba Zulueta Aborruza.

Gaia: guraso eta seme-alaben arteko neurriak.

Judizio horretan, ebazpena eman da, eta honela dio hitzez hitz:

EPAITZA

Baiesten dut Itxasne Vázquez Sánchez andreak Joseba Zulueta Aborruza jaunaren aurka aurkeztutako demanda. Hortaz, neurri hauek onartzen ditut alderdien eta haien alaba XXXXXren arteko harremanak arautzeko:

Amak izango du alabaren zaintza eta jagoletza; guraso-ahala, berriz, bi gurasoena izango da. Gainera, egonaldi- eta komunikazio-erregimen hau ezartzen dut:

3 urtera arte:

Astelehentik ostiralera, aitaren lan-txandaren arabera:

Arratsaldeko txanda: astelehenetik ostiralera, ordubete goizez, aitaren eta amaren artean adostuta, kontuan hartuta adingabearen ordutegiak eta premiak.

Goizeko txanda: astelehenetik ostiralera, bi ordu igandeetan, aitaren eta amaren artean adostuta, kontuan hartuta adingabearen ordutegiak eta premiak.

Asteburuetan: bi ordu larunbatetan, eta bi ordu igandeetan, aitaren eta amaren artean adostuta, kontuan hartuta adingabearen ordutegiak eta premiak.

Bisita-erregimen horri jarraituko zaio Gabonetako, Aste Santuko eta udako oporraldietan ere.

Amaren etxebizitzan jaso eta entregatuko du aitak adingabea, hitzartutako orduan.

Hiru urte betetzen dituenetik aurrera:

Bi asteburutik behin egon ahal izango da aita adingabearekin, ostiralean ikastetxetik ateratzen denetik igandeko 20:00ak arte; amaren etxebizitzan jaso eta entregatu beharko du. Bi astegunetan ere egon ahal izango da aita alabarekin, ikastetxetik ateratzen denetik 20:00ak arte; ikastetxean jasoko du, eta amaren etxebizitzan entregatuko. Eskola-oporraldien erdia guraso bakoitzarekin emango du adingabeak, eta gurasoek adostu beharko dute nola banatu oporraldi hori. Ados jarri ezean, aitak urte bakoitietan aukeratuko du, eta amak bikoitietan.

Alabaren aldeko mantenu-pentsio bat ezartzen da, 200 eurokoa, eta zaintza ez duen gurasoak ordaindu beharko du, hilabete bakoitzeko lehen bost egunetan. Pentsioa urtero eguneratuko da Estatistika Institutu Nazionalak aldian-aldian argitaratutako Kontsumoko Prezioen Indizearen aldaketen arabera; zenbaketa hasteko oinarritzat ebazpen honen eguna hartuko da.

Alaba adingabearen ezohiko gastuak, ebazpen honetako zuzenbideko oinarrietan adierazitakoak, bi gurasoek ordainduko dituzte, erdibana. Dena dela, urgenteak ez diren ezohiko gastuak biek baimendu beharko dituzte. Baimena emantzat joko da, baldin eta 10 eguneko epean berariazko eragozpenik jartzen ez bada, beste alderdiak egin behar den gastuaren jakinarazpena behar bezala egiten duenetik hasita (jakinarazpen horretan, adieraziko da zer gastu egin nahi den, zergatik den beharrezkoa eta zenbat diru ordaindu behar den, eta, gainera, dagozkion agiriak jasoko dira han). Hori guztia auzialdian sortutako kostuei buruzko berariazko erabakirik hartu gabe.

Aurkaratzeko modua: Bizkaiko Probintzia Auzitegian aurkeztutako apelazio-errekurtsoaren bidez (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den eta apelatutako ebazpena eta aurkaratutako erabakiak zein diren (PZLb, 458.2 artikulua).

Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharko da, eta, baldintza hori bete ezean, ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori zainpean jarri beharko da epaitegi honek Banco Santander banketxean duen Gordailuan eta Zainpean jartzeko Kontuan. Kontuaren zenbakia hauxe da: (........) Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Diru-kopuru hori zainpean jarri izana egiaztatu beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOko 15. xedapen gehigarria).

Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.

Eta epai honen bidez erabaki, agindu eta sinatzen dut.

Alderdi demandatuaren gaur egungo helbidea edo bizilekua ezezaguna denez gero, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 156.4 eta 164. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, ediktu hau EHAAn argitaratzea ebatzi du epaileak, epaia jakinarazteko eginbidea gauza dadin.

Barakaldo (Bizkaia), 2018ko maiatzaren 28a.

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.


Azterketa dokumentala