Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

116. zk., 2018ko ekainaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3135

108/2018 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Sustapen Ministerioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, hiri informaziorako sistema garatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Sustapen Ministerioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, hiri informaziorako sistema garatzeko. Eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 12a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 12KO 108/2018 EBAZPENARENA
SUSTAPEN MINISTERIOAREN ETA EUSKO JAURLARITZAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA HIRI INFORMAZIORAKO SISTEMA GARATZEKO

Madril, 2018ko martxoaren 16a.

Alde batetik, Julio Gómez-Pomar Rodríguez jauna, Azpiegitura, Garraio eta Etxebizitzako Estatu idazkaria den aldetik, urriaren 3ko 851/2014 Errege Dekretuari jarraituz, zeinaren bidez haren izendapena xedatzen baita, eta Sustapen Ministerioan eskumenak eskuordetzeari buruzko uztailaren 23ko FOM/1644/2012 Aginduaren Zazpigarren atalean xedatutakoari jarraituz, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2 g) artikuluarekin bat.

Beste aldetik, Ignacio María Arriola López jauna, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua den aldetik, Eusko Jaurlaritzako Lehendakariaren azaroaren 26ko 29/2016 Dekretuari jarraituz, zeinaren bidez haren izendapena xedatzen baita, apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, esleitzen dizkion eskumenak baliatzean.

Bi aldeek elkarri aitortzen diote lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko behar den eskumena, eta helburua hori izanik,

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Sustapen Ministerioak, Azpiegitura, Garraio eta Etxebizitzako Estatu Idazkaritzaren bidez, hainbat eskumen baliatzen ditu, Konstituzioaren 149.1.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Estatuko Administrazio Orokorraren etxebizitza eta lurzoruaren arloari dagozkionak, apirilaren 8ko 362/2017 Errege Dekretuaren 2.11 artikuluan xedatutakoarekin bat, zeinaren bidez Sustapen Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen baita eta azaroaren 11ko 424/2016 Errege Dekretua –ministerio-sailen oinarrizko egitura organikoa ezartzen duena– aldatzen baita.

Aipatutako Errege Dekretuaren 9.4 artikuluko d), g) eta f) hizkietan xedatutakoaren arabera, Arkitektura, Etxebizitza eta Lurzoru Zuzendaritza Nagusiak, besteak beste, funtzio hauek betetzen ditu:

– Babestea eta autonomia-erkidegoekin eta udalerriekin elkarlanean aritzea, hirigintza-teknikak ezagutu eta hedatzeko eta arloko jardunbide egokiak hedatzeko.

– Lurzoruari eta Hiri Birgaitzeari buruzko Legearen testu bateginaren lehen xedapen gehigarriak aipatzen duen hiri-informaziorako sistema diseinatzea, mantentzea eta eguneratzea. Testu bategin hori 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuak, urriaren 30ekoak, onetsi du, hirigintza eta lurzoruari buruzko estatistika-datuak biltzeko eta tratatzeko, arloan eskumenak dituzten gainerako administrazioekin elkarlanean.

– Azterlanak eta ikerlanak sustatzea eta egitea, hirigintza- eta lurzoru-politikei dagokienez, eta politika horiei buruzko informazioa biltzea eta hedatzea.

Etxebizitza- eta lurzoru-politikaren ardatz estrategikoen artean dago Administrazio Publikoen, sektoreko eragileen eta gizarte-kolektiboen arteko adostasuna eta koordinazioa. Hala, Sustapen Ministerioak autonomia-erkidegoei aurkeztu die hiri-informaziorako sistema (aurrerantzean, HIS), zeina lurzoruari buruzko aipatutako legearen testu bateginaren lehen xedapen gehigarriak jasotzen baitu, Espainiako lurzoru eta hirigintzari buruzko informazioa argitaratuz eta hedatuz gehieneko gardentasuna sustatzeko helburuarekin. Sistema kooperatibo bat da HIS, eta arloan eskumenak dituzten administrazioen informazio-sistemekin koordinatuta dago. Hauek dira horren helburu nagusiak:

– Lurzoruari eta hirigintzari gardentasuna ematea, kudeaketa publiko eta pribatuarentzako tresnak baitira eta herritarrentzako informazioa ematen baitute.

– Indarrean dagoen planteamendua ezagutzea.

– Lurzoruaren erabilgarritasuna eta horren okupazioaren bilakaera ezagutzea.

– Etxebizitzen eta beste erabilera batzuen eskariari eta eskaintzari buruzko informazioa gehitzea.

– Beste sistema nazional eta europar batzuekiko bateragarritasuna bermatzea.

Bigarrena.– Eusko Jaurlaritzaren apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuan, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenean, 1. artikuluko e) eta f) ataletan, honako jardun-arlo hauek esleitzen zaizkio, besteak beste, sailburuari:

– Lurraldearen eta itsasbazterraren antolamendua.

– Lurzorua eta hirigintza.

Jarduketa-arlo horietako eskumenei jarraituz, eta lurralde-antolamendua babesteko tresna gisa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 1993tik dauka «Udalplan» izeneko Informazio Geografikoaren Sistema eta lurralde-datuen bankua, EAEko lurzoru osoari dagokionez. Tresna horrek, udalerri bakoitzean indarrean dagoen plangintzaren informazioa biltzen du urtero, zehazki, Egitura Orokor eta Organikoa eta Lurzoruaren Kalifikazioa, baita horren Sailkapena ere. Horrez gain, datu-base alfanumerikoa du, udalerri bakoitzeko planteamenduan definitutako arlo bakoitzaren egikaritze-maila islatzeko. Oinarri hori hainbat laburpen-laukirekin osatzen da, Funtzio-arloen, Probintzien edo Lurralde Historikoen eta Autonomia-erkidegoen araberako informazioarekin.

Hirugarrena.– HISren Lantaldeak (aurrerantzean, HISL), 2008ko ekainaren 26an sortuak eta Sustapen Ministerioko, Autonomia-erkidegoetako, Tokiko Entitateetako eta lurralde-informazioarekin erlazionatutako beste instituzio eta organismo batzuetako ordezkariek osatuak, kide guztien kooperazioa eta koordinazioa erraztea du helburu, baita teknologia estandarizatuaren bidez gutxieneko eduki tematiko komun eta irisgarri batzuk adostea ere.

Laugarrena.– Horregatik, bi alderdiek Lankidetza-hitzarmen hau sinatu nahi dute, beharrezkoa den koordinazioa eta osaketa ezartzera bideratutako hainbat ekintza abiarazteko, hirigintza-informazioa benetan irisgarria eta publikoa izan dadin, mailarik gorenean.

Bosgarrena.– Aurreko gogoeta horietan oinarrituz, Sustapen Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak lankidetza-hitzarmen hau formalizatzeko nahia adierazten dute. Hona hemen:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honek lankidetza instituzionala sendotzea du helburu orokortzat, hirigintza-plangintzarekin loturiko informazioa trukatzeko. Horretarako, HISLren baitan sortutako gomendioak hartuko dira kontuan, baita aipatutako informazioarekin sistemara egiten den txertaketa ere.

Bigarrena.– Garatu beharreko jarduerak.

Lankidetza-hitzarmen honen xedearen betearazpena bermatzeko, bi alderdiak konprometitzen dira honako jarduketa hauek egitera:

– Eskuragarri dagoen udal hirigintza-planteamenduari buruzko informazioa partekatzea, eta organismo parte hartzaileek garatutako informazio-sistemetan erabiltzea, jatorri-iturria aipatuz.

– Informazioa ematea eta, kasuan kasu, hainbat lankidetza-ekintza egitea programatzen diren eta bientzat interesgarriak izan daitezkeen topaketen, hitzaldien, kongresuen edo antzeko ekintzen inguruan.

– Lankidetza-hitzarmen honetan ezartzen diren proiektuetatik eratorritako ekintzak eta esperientziak hedatzea, komenigarritzat jotzen den moduan.

Hirugarrena.– Sustapen Ministerioaren Betebeharrak.

Lankidetza-hitzarmen honen helburua betetzeko, Sustapen Ministerioak, Arkitektura, Etxebizitza eta Lurzoruaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, konpromiso hau bereganatzen du:

– HISLren ekintzak koordinatzea, bilerak deitzea eta horien emaitza argitaratzea HISren atariaren bidez.

– HISren datu-basean, urtebeteko gehieneko epean, Hitzarmenaren bidez lortutako informazioa txertatzea. Horretarako, jatorrizko datu-multzoen eraldaketa-prozesuak abiarazi ahal izango dira, hiri-informaziorako sistemaren datu-ereduari egokitzeko helburuarekin. Nolanahi ere, jatorri-iturria aipatuko da.

– HISn jasotako informaziotik eratortzen diren emaitza guztiak partekatzea, HISLk adierazitako mekanismo teknologiko eta zehaztapen guztiak erabiliz.

– HISko Autonomia-erkidego guztien informazio globalizatua Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren eskura jartzea, bereziki, probintzietako hiriburuen edo 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerrien informazioa.

Laugarrena.– Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren betebeharrak.

Lankidetza-hitzarmen honen xedea betetzeko, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere egiten du konpromiso hau:

– HISLn parte hartzea, informazio-sistemen garapenerako ospatzen diren bileretara joanez eta gomendioen lanketan lagunduz.

– Euskal datu-ereduak HISren datu-ereduaren elementuen gutxieneko multzoa elikatzen uzten duela bermatzea, kostu gehigarririk ez dakartzan bitartean, eta horren garapenari kalterik egin gabe.

– Hitzarmen honen azalpen-atalaren bigarren puntuan udal-plangintza eskuragarriari buruz jasotako informazioa Sustapen Ministerioaren eskura jartzea, urtebeteko epean, Hitzarmena sinatzen denetik, Seigarren Klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordean adostutako bitarteko telematikoen bidez.

– HISn hirigintzari buruz jasotako informazioaren eguneraketa sustatzea, Hitzarmen honen baldintzen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko informazioaren eguneraketa-prozesuarekin koordinatuz.

Bosgarrena.– Finantzaketa.

– Hitzarmen honek ez dakar inolako gastu-konpromisorik. Hitzarmenaren garapenean zehar, aurreikusi gabeko jarduketak gertatuko balira, eta horiek gauzatzeko gastuak beharrezko balira, alderdiek adostu ondoren, Eranskin baten sinadura izapidetu ahal izango da, kontsiderazio juridiko eta efektu lotesle berberekin.

– Horretan, kooperazioaren dimentsioa eta irismena islatuko dira zehaztasunez, baita alderdiek bereganatzen dituzten konpromiso guztiak ere, eta, hori sinatzen den unetik, Lankidetza-hitzarmen honen kidetzat joko da. Hala, hitzarmenean jasotzen diren erregimena eta arauak aplikatuko zaizkio.

Seigarrena.– Jarraipen-batzordea.

Lankidetza-hitzarmen honen aplikazioaren jarraipena egiteko, Jarraipen Batzorde bat egin da, osaera, funtzio eta jarduteko araubide hauekin:

1.– Osaera:

– Sustapen Ministerioaren aldetik, Azpiegitura, Garraio eta Etxebizitzako Estatu idazkariak zuzenean izendatutako bi pertsona, horietako bat organoaren Presidente gisa.

– Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak izendatutako bi pertsona, horietako bat organoaren idazkari gisa.

Edo eskuordetzen dituzten ordezkariak.

Hitzarmen hau sinatu eta hilabeteko epean, gehienez ere, alderdiek beren ordezkariak izendatuko dituzte.

2.– Funtzioak:

– Jarduketak eta egindako lanak jarraitzea, Bigarren Klausulan aurreikusitako ekintzak garatzean.

– Onartutako konpromisoen balizko berrikuspenak aztertzea eta, kasuan kasu, proposatzea.

– Hitzarmenaren egikaritzeari dagokionez, hori betetzerakoan zein interpretatzerakoan plantea daitezkeen arazoak ebaztea.

– Interesgarritzat jotzen diren neurriak eta jarduketa osagarriak proposatzea eta diseinatzea.

3.– Jarduteko araubidea:

Jarraipen Batzordea urtean behin bilduko da gutxienez, eta kideetakoren batek eskatzen duen guztietan.

Jarraipen Batzordearen bileretan funtzionamendu-arauak adostu ahal izango dira, Lankidetza-hitzarmen honetan zehatz-mehatz xedatutakoa osatzeko eta, bestela, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluaren hrugarren atalean kide anitzeko organoei buruz ezarritako arauen bidez arautuko da Jarraipen Batzordea.

Zazpigarrena.– Aldaketa eta ebazpena.

Lankidetza-hitzarmen hau aldatzeko aukera egongo da bi alderdiek hala nahi badute.

Hitzarmena ebatzi ahal izango da bi aldeek hala nahi izanez gero. Halaber, alde bakarrak hitzarmena ebazteko arrazoia izango da beste aldeak klausuletan jasotzen direnen ez-betetze larriak edo behin eta berriz ez betetzea. Ez-betetze hori aurretiaz jakinarazi behar da, proposatutako ebazpen-data baino hilabete bateko aurrerapenarekin, gutxienez.

Era berean, hitzarmenaren ebazpenarekin, ez da kalte eta galeren kalte-ordainik egongo, ezta alderdi bakar baten lege-ekintzarik ere.

Zortzigarrena.– Ondoreak eta iraupena.

Lankidetza-hitzarmen honen iraupena lau urtekoa izango da sinatzen den egunetik hasita. Bi alderdien berariazko akordio bidez luzatu ahal izango da, luzapena iraupen-epea azkendu aurretik egiten bada.

40/2015 legearen 49. H) 2 artikuluaren arabera, luzapenaren iraupena beste lau urtekoa izan daiteke gehienez, hitzarmena azkentzen denetik.

Hitzarmena baliozkoa eta eraginkorra izango da Estatuko sektore publikoaren Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan –Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen zazpigarren xedapen gehigarrian aipatzen baita– inskribatu eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, aipatutako legearen 48.8 artikuluaren arabera.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren izaera eta jurisdikzio aplikagarria.

Azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretu bidez onetsitako Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bateginaren 4.1 c) artikuluaren babesean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47.2.a) artikuluarekin bat etorriz egin da hitzarmen hau. Halaber, arau espezifikorik ez badago, legezko testu horien printzipioak aplikatuko zaizkio, sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak ebazteko.

Hitzarmen honen edukiaren interpretazioak, aldaketak, ondorioek eta bertan behera uzteak sor ditzaketen auzigaiak, eta seigarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordearen bitartez ebatzi ez direnak, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera ebatziko dira, aurreko bide administratiboa agortu ondoren.

Alderdiek, hitzartutakoarekin ados daudela adierazteko, eta hitzartutako guztia behar bezala jasota gera dadin, dokumentu hau sinatu dute, hasieran adierazitako tokian eta datan.

Azpiegitura, Garraio eta Etxebizitzako Estatu idazkaria,

JULIO GÓMEZ-POMAR RODRÍGUEZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala