Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

106. zk., 2018ko ekainaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2903

EBAZPENA, 2018ko maiatzaren 22koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinaren bidez batera argitaratzen baitira 2017ko lehiaketa arrunterako deialdiak, Euskal Autonomia Erkidegoan gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuak betetzeko direnak.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 21eko 7/1985 Legearen (TAOL) bigarren xedapen gehigarriak Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak (TAAIL) emandako idazkeran ezartzen du erakunde eskudunek izango dituztela TAOLaren 92.bis artikuluak eta horrekin bat egiten dutenek gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioen arloan aurreikusten dituzten eskumen guztiak, autonomia-erkidegoko arautegiak ezarritakoaren arabera, lurraldean hutsik dauden lanpostuak betetzeko lehiaketetarako deialdiak egiteko eskumena barne, bai eta lehiaketa horietan funtzionarioak izendatzeko eskumena ere.

Hori dela eta, bigarren xedapen gehigarri hori Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzeko orduan, neurri handi batean, EAEko erakundeek unean-unean ezartzen dutenaren arabera moldatuko da.

2018ko martxoaren 19an, indarrean jarri zen Gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretua. Nahiz eta errege-dekretu horrek arautu gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioen lanpostuak betetzeko lehiaketen araubide juridikoa, haren bosgarren xedapen iragankorrak ezartzen du ezen, lehiaketa garatzeko agindua indarrean jarri arte, bi lege-xedapen hauek aplikagarri izaten jarraituko dutela: batetik, Gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeari buruzko uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretua, eta bestetik, Estatu mailako gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuen horniketarako lehiaketei buruzko arauak ematen dituen Administrazio Publikoetarako Ministerioaren 1994ko abuztuaren 10eko Agindua.

Hori dela eta, aipatutako bosgarren xedapen iragankorrak ezartzen duenari jarraikiz, martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretua indarrean jarri aurreko araudia aplikatu behar zaio gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioei gordetako lanpostuak betetzeko 2018ko lehiaketa arruntari.

Euskal Autonomia Erkidegokoari dagokionez, Estatuko gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeari buruzko uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarrian aurreikusita dago errege-dekretu horren aplikazioa Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera gauzatuko dela. Xedapen horren zazpigarren paragrafoan ezarrita dagoenez, lurralde historikoetako foru-erakundeei dagokie gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuak betetzeko lehiaketetarako deialdia egiteko ahalmena, beren lurraldeetarako baino ez direnean. Deialdi horiek dagokien lurralde historikoko aldizkari ofizialean argitaratzeaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratu ahal izango dira.

Hori guztiori kontuan hartuta, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-erakundeek egin eta argitaratu dute 2018. urteko lehiaketa arrunterako deialdia, lurralde historiko bakoitzean toki-erakundeetan gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostu hutsak betetzeko. Arabako Foru Aldundiak, 2018ko maiatzaren 16an bidalitako idazki baten bitartez, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari jakinarazi dio ez duela 2018. urterako deialdia egingo, toki-korporazioetako alkate-presidenteek adierazi baitute ez daukatela asmorik gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostu hutsak betetzeko aurtengo lehiaketa arrunterako deialdia egiteko.

Gauzak horrela, koordinatze aldera, batera argitaratu behar dira lurralde historikoek egindako 2018. urteko lehiaketa arruntari buruzko deialdiak; hori dela eta, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 10. artikuluak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitaratzea foru-aldundietako organo eskudunek egindako deialdiak, 2018. urteko lehiaketa arrunterako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako bakoitzeko toki-erakundeetan gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostu hutsak betetzeko. Honako deialdi hauetan daude lehiaketak eraenduko dituzten oinarri komunak eta toki-erakundeek onartu dituzten berariazko oinarriak:

a) Bizkaiko Lurralde Historikoa: Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru-diputatuaren maiatzaren 11ko 4372/2018 Foru Agindua, Bizkaiko Lurralde Historikoko toki-erakundeetan nazio mailako gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostu hutsak betetzeko 2018 urteko lehiaketa arrunterako deialdia egiteari buruzkoa (2018ko maiatzaren 21eko BAO, 96. zk.).

b) Gipuzkoako Lurralde Historikoa: Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuko foru-diputatuaren 2018ko maiatzaren 3ko 520/2018 Foru Agindua, gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu hutsak betetzeko 2018ko lehiaketa arrunterako deialdia egiten duena (2018ko maiatzaren 11ko GAO, 90. zk.).

Bigarrena.– Lehiaketetan parte hartzeko eskaera-orriak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Eskatzen diren betekizunak eta merezimenduak ebazpen honen egunean bete beharko dira.

Laugarrena.– Deialdi hauetan baloratzeko merezimendu orokorrak izango dira ebazpen honen egunean egiaztatuta eta inskribatuta daudenak Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioen erregistroan, banakako zerrendaren arabera. Zerrenda hori interesdunen eskura dago Eusko Jaurlaritzako Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Lehiakideek ezin izango dute beste egiaztagiri gehigarririk aurkeztu, ezta epaimahaiak bestelako balioespenik egin ere.

Merezimendu orokor horiek www.euskadi.eus/toki-araubidea helbidean ere kontsultatu ahal izango dira.

Bosgarrena.– Foru-aldundiek egindako deialdietan daude jasota gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu hutsak, lehiaketa arrunterako deialdi bidez betetzekoak. Lanpostu horiek dira eranskinean agertzen direnak.

Seigarrena.– Foru-aldundiek egindako deialdietan daude toki-erakundeek onartu dituzten berariazko oinarriak. Oinarri horietan daude adierazita lanpostuen ezaugarriak eta merezimendu bereziak.

Zazpigarrena.– Lehiaketan parte hartzeko eskabidea eta destinoak esleitzeko lehentasun-hurrenkeraren eredua argitaratuta daude foru-aldundiek egindako deialdien eranskinetan.

Zortzigarrena.– Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko probak egitea eskatzen duten lehiatzaileek, eskabideak aurkezteko epean, adierazi beharko diote Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari zer hizkuntza-eskakizun egiaztatu nahi duten.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honetan eta foru-aldundien deialdietan aurreikusi ez diren gaietan, oinarritzat hartuko dira gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioei buruzko araudia eta aplikatu beharreko gainerako lege- edo arau-xedapenak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 22a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

ELIXABETE ETXANOBE LANDAJUELA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala