Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2018ko maiatzaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2844

EBAZPENA, 2018ko maiatzaren 11koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Valdegovía/Gaubeako Udalerrian (Araba) Gaubea Kanpina SLk sustatutako Angostoko kanpina handitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena.

AURREKARIAK

2017ko abenduaren 18an, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ebazpen bat eman zuen, zeinaren bidez egiten baitzen Valdegovía/Gaubeako udalerrian (Araba) Gaubea Kanpina SLk sustatutako Angostoko kanpina handitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterlanari buruzko irismen-dokumentua.

Merkataritza eta Turismoko Lurralde Bulegoko koordinatzailearen 2017ko abenduaren 15eko iragarki baten bidez, Angostoko kanpina (Araba) handitzeko proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlana jendaurrean jarri zen, 30 eguneko epean, egoki ikusten ziren alegazioak aurkezteko. Horretarako, iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2017ko abenduaren 28an.

Informazio publikoaren izapidetze-epea bete ondoren, ikusi zen ez zela aurkeztu kanpina handitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko alegaziorik.

Horrez gain, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatzen dena betetzeko, Eusko Jaurlaritzaren Arabako Merkataritza eta Turismoko Lurralde Bulegoak kontsulta egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Ildo horretatik, sustatzaileak kontuan hartu ditu izapide honetan jasotako txostenak, eta aldaketak egin ditu proiektuan eta ingurumen-inpaktuaren azterlanean.

2018ko martxoaren 27an, Arabako Merkataritza eta Turismoko Lurralde Bulegoak osatu zuen Gaubea Kanpina SLk sustatutako Angostoko kanpina handitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioari hasiera emateko eskaera, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu da:

– Proiektuaren dokumentu teknikoa.

– Ingurumen-inpaktuaren azterlana, 2018ko martxokoa.

– Jendaurreko informazioaren izapideko emaitzak deskribatzen dituzten dokumentuak.

– Eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzak deskribatzen dituzten dokumentuak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek, beste helburu batzuen artean, bermatu behar dute ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioen azterketa sartzea plangintzaren hasierako faseetan, eta, aukera egokienak hautatze aldera, ingurumenari buruzko ondorioei buruzko analisia, kontuan izanik zenbait jardueren ondoriozko eragin metatzaileak eta sinergiakoak.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutako aplikatzeko, sustatzaileak eskatzen badu, 7. artikulu horretako 2. atalean jasotako proiektuek ingurumen-inpaktuko ebaluazio-prozedura arrunta bete beharko dute. Halaber, Euskadiko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legeak bana-banako ingurumen-inpaktuko ebaluazio-prozedura arautzen du, ingurumen-inpaktuko ebaluazio-prozedura arruntaren baliokidea dena.

Ildo horretatik, aipagarria da Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen IB eranskinaren 10.1 epigrafeko kasuen artean jasota dagoela Gaubea Kanpina SLk sustatutako Angostoko kanpina handitzeko proiektua (aurrerantzean, proiektua): kanpinak, baldin eta hektarea bat edo gehiagoko azalera badute eta zati batean edo oso-osorik ingurumen aldetik kalteberak diren guneetan badaude, eta sustatzaileak eskatu badio Eusko Jaurlaritzaren Arabako Merkataritza eta Turismoko Lurralde Bulegoari proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa izapidetzeko.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Arabako Merkataritza eta Turismoko Lurralde Bulegoak, organo substantibo gisa, hirigintza-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterlan bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta eragindako administrazio publikoek eta pertsona interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterlana zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera ere.

Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Egokitzat jotzea Valdegovía/Gaubeako Udalerrian (Araba) Gaubea Kanpina SLk sustatutako Angostoko kanpina handitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

Proiektuaren helburua kanpinlari kopurua handitzea da, 376tik 1014ra pasatzeko. Handitze hori kanpinaren azalera zabaltzearekin lotuta dago (19.305,31 m2-tik 72.852,21 m2-ra pasatuko da). Zabaltze hori kanpinaren hegoalderantz egingo da: «Los Nogales» izeneko lursaila hartuko du. Gainera, zerbitzu gehiago emango ditu kanpinak: kirol askotako pista, igerileku berria, gizarte-zentroa, baratze-eremua eta txakurrentzako eremua.

Handitzea elkarren segidako 3 fasetan egingo da, 2018, 2019 eta 2020an garatu nahi direnak. Proposatutako handitze-faseak funtzionalak dira, hiru faseak gauzatzea nahitaezkoa ez bada ere.

Handitze-proiektuaren obrak lurra mugituz egingo dira, lursaila egokitzeko, hain zuzen ere, batetik, bide nagusiak egiteko, ibilgailuak eta pertsonak handik ibil daitezen, bestetik, aparkalekuak egiteko, eta azkenik, beharrezko instalazioen zangak egiteko, lursailak kanpinaren ostatu-mota bakoitzaren zerbitzuez hornituta egon daitezen. aurreikusitako lur-mugimenduak ez dira garrantzi handikoak, topografiak proiektuarekiko izan duen egokitzapenagatik.

Eraginpeko partzelan lehorreko laborerako lursail bat dago, ES2110005: Tumecillo ibaia KBEaren eremu periferikoan, eta eremuan Batasunaren intereseko habitatak daude, 91E0* Alubioi-basoak, Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior direlakoenak, Tumecillo ibaiaren ertzetako habitata, eta 9340 Habitata: Quercus ilex eta Quercus rotundifolia zuhaitzetako basoak, handitze-eremuaren ekialdeko zerrendan dagoena. Proiektuaren eremuan, mehatxatutako espezieen EAEko katalogoan jasotako zenbait fauna-espezie daude, eta Arabako lurralde historikoan onartutako kudeaketa-planak dituzte. Espezie horiek lotura dute Tumecillo ibaiarekin eta eremuko baso naturalekin. Gainera, aurreikusitako proiektuaren eremuaren zati bat interes hidrogeologikoko eremutzat jotzen da (alubioien eta alubio-kolubioen biltegiak eta iragazkortasun handia, lurpeko masa: Valderejo-Sobrón) eta akuiferoen kutsadurarekiko kaltebera edo oso kaltebera gisa kategorizatuta dago.

Ur-hornidurari dagokionez, urteko kontsumoa 15.000 m3 handitu dela kalkulatzen da. Beraz, handitze-lanaren ondoren, urteko kontsumoa 22.500 m3-koa izango dela uste da.

Hondakin-uren saneamenduari dagokionez, hobi septikoa ixtea aurreikusita dago, baimendutako instalazioei zerbitzua emateko, hondakin-ur guztiak saneamendu-sistema orokorrean sartzeko, Gaubeako HUAn tratatuko baitira.

Euri-urei dagokienez, solidoen dekantagailuaz eta koipe-bereizgailuaz hornitutako aurretratamendua duen bereizteko sistema baten bidez bilduko dira. Handitzearen hegoaldeko muturrean dagoen gainezkabidean hustubide bat egongo da. Hortik zehar joango dira urak Tumecillo ibaira, Angostoko zubia delakotik beherako uretan baitago.

Bigarrena.– Honako baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko. Baldintzok lotesleak dira, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz.

A) Proiektua garatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioari jarraituko zaio, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoa beteko da.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Aldaketa puntualak egin behar badira proiektuan, non obrak egiteko gainerako izapideetan aurreko paragrafoan aipatutakoak baino garrantzi txikiagoa duten, aldaketa horiek ere ingurumenaren ikuspuntutik justifikatu beharko dira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen pleguan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurrien izaria eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterlanean finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumenaren gaineko inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

C.1.– Ondare naturala babesteko neurriak:

Kanpina handitzeko proiektua ES2110005: Tumecillo ibaia KBEaren eremu periferikoan kokatzen da, gune horretako ingurumen-balioak behar bezala babestu nahirik. Arabako Lurralde Historikoko mendiei buruzko martxoaren 26ko 11/2007 Foru Arauan xedatutakoa aplikagarria izan arren, honako neurri hauek ere aplikatuko dira:

C.1.1.– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektuaren lursailaren barruan egingo dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatu mugetatik kanpo zirkulatzea.

Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honetako C.10 bigarren atalean ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

C.1.2.– Tokiko bertako landaredia ebakitzea saihestuko da zuzenean hartuko diren eremuetan. Horretarako, obrak hasi baino lehen, zehatz-mehatz mugatu eta balizatuko dira lanak egiteko nahitaez moztu behar ez diren bertako zuhaitz eta zuhaitz-unadak, eta batez ere han dauden arte handiak. Babestu beharreko eremu horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako bigarren C.10 atalean ezarritako ingurumen-aholkularitzak. Mugen eta balizen ezaugarri eta kokapen zehatzak ebazpen honen C.11 atalean aipatutako lan-programan jasoko dira.

C.1.3.– Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan kontratistaren instalazio-eremuak proiektatzeko, eta hauek ere sartuko dira: obrako materialak eta landare-lurrak behin-behinean biltegiratzeko eremua eta obran sortutako tipologia desberdineko hondakinak kudeatzeko eremua. Eremu horiek inola ere ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (bertako zuhaiztiak, ibaiertzeko landaretza), ez eta ibilguetatik hurbil dauden lursailetan ere.

Horretarako, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian, obrak hasi aurretik. Mugaketa hori obra-zuzendaritzak baimendu beharko du, eta, aldez aurretik, ebazpen honetako bigarren C.10 atalean aipatzen den txostena egingo du ingurumen-aholkularitzak. Instalazio horien ezaugarriak eta kokalekua adierazi beharko dira ebazpen honetako C.11 paragrafoan aipatzen den lan-programan.

C.1.4.– Tumecillo ibaiaren ibilguarekiko 50 metroko atzerapena errespetatuko da, mota guztietako eraikin, instalazio edo eraikuntzetarako, finkoak nahiz desmuntagarriak izan.

C.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak:

Ezarri daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

C.2.1.– Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

C.2.2.– Eraikuntza-fasean, ahalik eta material xehe gutxien isuriko da drainatze-sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira lehenengo fasean, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.

Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, dagokionean, gune jakin batean isurtzen dela bermatzeko, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuz.

Ebazpen honetako bigarren ataleko C.11 puntuan aipatzen den lan-programan jasoko dira sistema horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.

Bestalde, hormigoi-upelak garbituko dira berariaz egokitutako eremuetan. Hormigoi-esnea ezingo da inola ere isuri ibilgura. Hormigoiaren hondakinak ebazpen honetako bigarren ataleko C.6 puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

C.2.3.– Alde batetik, kutsatu gabeko euri-urak jasotzeko sare banatzaile bat izango du kanpinak, eta, bestetik, ur-hondakin sanitarioak jasotzeko sare bat. Ur-hondakin sanitario guztiak saneamendu-sistema orokorrean sartuko dira. Kanpineko euri- eta hondakin-uren sareen ezaugarri nagusiak ingurumen-inpaktuaren azterlanean ezarritakoarekin bat etorriko dira.

C.3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak:

C.3.1.– Obrak egin bitartean lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

C.3.2.– Sobratutako lurzoruaren kalitatea eremu horietarako aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatu beharko da une oro.

C.4.– Airearen kutsadura saihesteko eta hauts-isuriak murrizteko neurriak:

C.4.1.– Obrak dirauen bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek eragindako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta inguruak ureztatzeko.

C.4.2.– Obra-guneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta.

Ebazpen honetako bigarren ataleko C.11 puntuan zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak.

C.5.– Zaraten eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:

C.5.1.– Eraikitze-fasean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, obra-makinen mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

C.5.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

C.5.3.– Bestalde, proiektua garatzean, obrek eraginpeko eremuan sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita, baina hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

C.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak:

C.6.1.– Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: ezinezkoa bada horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

C.6.2.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

C.6.3.– Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan deuseztatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek ezaugarrituko dira, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak xedatutakoari jarraikiz, eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideen arabera.

C.6.4.– Obren indusketa-soberakinei dagokienez (kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak), betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatuz.

Obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari lurren mugimenduen balantze zehatza eta indusketaren soberakinen jarraipena igorri beharko dizkio, alegia, erauzi ez ziren leku edo obretan eraikuntzarako zuzendutako kopuruak eta ezaugarriak ondo adierazi beharko dira.

C.6.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen hondakinen kasuetan. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

C.6.6.– Sortutako olio erabilia Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da.

Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

C.6.7.– Araudia errazago betetzeko, lan bakoitzean sortzen diren hondakinak kudeatzeko sistemak izango dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

C.6.8.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

C.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak:

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Euskararen Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

C.8.– Obrak integratzeko eta leheneratzeko neurriak:

C.8.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-inpaktuaren azterlanean agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Ingurumen-lehengoratzean, lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko dira, bai eta landare-estalkia izan dezaketen gune guztien landare-berritzea ere.

C.8.2.– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako espazioak lehengoratzeko eta landareberritzeko lanak erraztearren.

C.8.3.– Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak gauzatuko dira. Alde horretatik, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

C.8.4.– Leheneratze-lanak egin ondoko bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

C.9.– Garbiketa eta obraren akabera.

Obrak bukatutakoan, eremua arretaz garbituko da, eta proiektuak eragina duen eremuko hondakin guztiak kenduko dira. Egin daitezkeen errausketatik, kofratuak kentzetik, edo, oro har, edozein garbiketa-jardueratatik eratorritako hondakinak eremutik kenduko dira, eta ebazpen honetako bigarren ataleko C.6 puntuan xedatutakoari jarraikiz kudeatuko dira.

C.10.– Ingurumen-aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan aholkularitza gaitua eduki beharko du obraren zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterlaneko zehaztapenen arabera. Lanen Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.

C.11.– Lanak egiteko programaren diseinua.

Obrak hasi aurretik, jarraian datozen idatzi-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du kontratistak. Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta obren zuzendariak berariaz onartuko ditu; aurrez, txosten bat egingo du aurreko idatzi-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

– Makineriaren parkearen, eta obrako materialen eta lurren eta hondakinen aldi baterako biltegiratzerako eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak.

– Urak bideratzeko eta sedimentuei eusteko aurreikusitako sare eta sistemen kokapenari, ezaugarriei eta neurriei buruzko xehetasunak.

– Kamioien gurpilak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.

D) Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da ingurumena zaintzeko programa (lekuak, parametroak eta neurketen maiztasuna).

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

D.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, bidali egingo zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

D.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa hartuko.

D.3.– Uren kalitatearen kontrola.

Oro har, ingurumen urtarrera isurketak egin ditzakeen obra-lekurik izanez gero, bigarren ataleko C.10 puntuan aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztapena egingo du, urak isuri aurretik urak bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala ziurtatze aldera. Hau ere aztertuko du: ibaira material xeheak isuri ote diren, euri-aldietan batez ere.

Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezko diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten zuloetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urak lur gaineko ur-ibilguetara irits ez daitezen.

D.4.– Eraberritzearen arrakasta kontrolatzea.

Bermealdian, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako gainazalen lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.

D.5.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitiren ingurumen-inpaktuaren azterlanean proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

D.6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatuta eta leheneratze-lanen bermealdia amaituta egingo da bidalketa hori, zehazki, leheneratzea egin eta bi urtera. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate independente batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta aldez aurretik zehaztu ez denean, laginak hartzearen xehetasunak.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

E) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

F) Ebazpen honen aurreko ataletan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan.

Agiri horiek Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko ditu organo substantiboak, oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera.

F.1.– Obrak hasi baino lehen, ingurumena zaintzeko programaren testu bateratua.

F.2.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak bukatzen direnean zenbatzen hasita, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen bigarren ataleko D.1 puntuan aurreikusitakoaren arabera.

Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko; epea, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da kontatzen. Hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.– Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak ingurumen-organoari jakinarazi beharko dio, aldez aurretik, noiz hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia Eusko Jaurlaritzaren Arabako Merkataritza eta Turismoko Lurralde Bulegoari, Valdegovía/Gaubeako Udalari eta Gaubea Kanpina SLri jakinaraztea.

Seigarrena.– Agintzea ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau argitaratzeko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 11.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala