Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2018ko maiatzaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2821

AGINDUA, 2018ko maiatzaren 16koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira irakurketa sustatzeko eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean txertatuta dauden liburutegi publikoen zerbitzuak erabiltzeko diru-laguntzak, eta horien deialdia iragartzen, 2018. urtean.

Euskadiko Liburutegien urriaren 26ko 11/2007 Legearen bidez sortu zen Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, eta sare horri dagokio, besteak beste, liburutegiei laguntza-programak eta -zerbitzuak ezartzea, nagusiki informatika-sareak antolatzeko, irakurketa eta liburutegien erabilera sustatzeko kanpainak bultzatzeko eta funtsez edo bestelakoez hornitzeko.

Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio liburutegien alorreko eskumenak, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 14.1.c) artikuluan.

Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak dio Liburutegi Zerbitzuaren eskumenekoa dela Euskadiko liburutegi-sistemaren planifikazioa, funtzionamendua eta koordinazioa garatu eta betetzea, baita irakurketa sustatzeko neurriak diseinatzea ere.

Hori dela eta, eta jakinik haurtzaroan eta gaztaroan errazago hartzen dela liburuekiko zaletasuna eta liburutegiak erabiltzeko ohitura, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak uste du lehentasuna duela batez ere herritar horien beharrizanei erantzuteak.

Agindu hau, gainera, sartuta dago sailak 2018-2020 aldirako duen Diru-laguntzen Plan Estrategikoan, zeina onartu baitzen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bidez.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da irakurketa sustatzeko eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean txertatuta dauden liburutegi publikoen zerbitzuak erabiltzeko diru-laguntzen 2018ko deialdia arautzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen gehieneko zenbateko globala 260.000,00 eurokoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura emango dira.

3. artikulua.– Izapidetzea.

1.– Bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek prozedura horren izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta gauzatzeko.

2.– Honako egoitza elektroniko honetan daude eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztapenak: http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/irakurketa_sustatu/web01-ejeduki/eu/

3.– Helbide honetan egingo dira eskaeraren osteko izapideak, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/y22-home/eu/nirekudeaketak.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun izan daitezke liburutegi publikoen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, toki-erakunde eskudunak eta udal-liburutegi publikoen arloko zereginak esleituta dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udal-erakundeak; ezken horiek dira tokiko sektore publikoarekin bat egiten dutenak.

Udalerri bakoitzean onuradun bakarra egon daiteke. Beraz, udalerri batean eskaera bat baino gehiago badago, udalaren eskaerak lehentasuna izango du gainerako erakunde eskatzaileen aurretik.

Eskatzaile bat baino gehiago badago eta horietako bat ere ez bada udala, liburutegi gehien kudeatzen duen erakundeak izango du lehentasuna. Azken kasu horretan, erakunde eskatzaileek liburutegi-kopuru bera kudeatzen badute, liburu-funtsen kopuru handiena duenak izango du lehentasuna.

2.– Ezingo dute diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zehapen administratibo edo penalik duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere.

Halaber, ezingo dute agindu honetako diru­laguntzarik eskatu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten pertsona juridikoek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen indarrez jarritako isunen ondorioz debekua dutenek ere.

3.– Onuradun izaten hasteko zein emandako diru-laguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko, eskatzen da Zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluko e) letran jasota dagoen bezala, eta diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ere ordainduta izatea, aipatutako legearen 13.2 artikuluko g) letran jasotakoaren eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluaren arabera. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du hori guztia, eskatzaileei baimena eskatu beharrik izan gabe. Hala ere, eskatzaileak espresuki uka dezake horretarako baimena, eta, hala egiten baldin badu, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

5. artikulua.– Jarduera diruz lagungarriak.

1.– Diruz lagungarri izango da 2018ko ekitaldian burutzen den eta hauek sustatzea helburu duen jarduera oro: batetik, irakurketa haur eta gazteen artean, eta, bestetik, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen barruan txertatuta dauden liburutegien zerbitzuen erabilera.

Diruz lagungarritzat joko dira, besteak beste:

a) Irakurzaletasuna sustatzeko profesionalen berariazko prestakuntzara bideratutako jarduerak, baina kanpo geratuko dira joan-etorri eta mantenu gastuak eta jarduera horietan parte hartzetik eratorritako gainerako dietak.

b) Haur- eta/edo gazte-irakurketako jarduera osagarriak (ipuinaren ordua, irakurketa-tailerrak eta abar).

c) Haur-eta/edo gazte-liburuaren erakusketa bibliografikoak, hizketaldiak eta abar antolatzea.

d) Haur-eta/edo gazte-literaturako lehiaketak antolatzea.

e) Haur eta gazteen artean liburua eta liburutegiak sustatzeko kanpainak.

2.– Kanpo uzten da, espresuki, agindu honek aipatzen dituen helburuen barnean jarduera zehatzak burutzeko beharrezko ez den material bibliografikoa erostea.

3.– Ezin izango dira diru-laguntza hauetara aurkeztu gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzen ez duten jarduerak.

4.– Gastu diruz lagungarriei Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie. Zehazki, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak. Halaber, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak baino handiagoa denean, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, diru-laguntza jaso duen jardueraren % 100 arte azpikontratatu ahal izango du onuradunak.

6. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betebeharrak eta betekizunak egiaztatzea.

1.– Hilabetekoa izango da deialdi honetara eskabideak aurkezteko epea, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira eskabideak, agindu honen 3. artikuluaren 2. zenbakian zehazten den helbide elektronikoan, baita 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotzen diren erregistro elektronikoetan ere.

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta agiriak, aukeran. Era berean, prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

4.– Eskabideari honako hauek erantsiko zaizkio:

a) Memoria labur bat, zeinetan jasoko baitira burutu beharreko jarduerak, eta proiektua egoki interpretatzeko interesgarri iritzitako elementu oro.

b) Errolda-datuak, 0 eta 13 urte bitarteko eta 14 eta 18 urte bitarteko biztanleei buruzkoak.

c) Liburutegi publikoak kudeatzeko eskumenak dituzten toki-erakundeek, eskumen hori egiaztatzeko, agiri bat erantsi beharko dute, aurretik hala egin ez badute eta baldintza beretan indarrean ez badago, behintzat.

5.– Eskabideetan, espresuki adieraziko da laguntza eskatzen duten erakundeek baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak dagozkion egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak betetzea.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.6 artikuluan xedatutakoarekin bat, erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

a) Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

b) Ez egotea diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera.

c) Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta agirietan jasotako datuak, eta betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak.

7. artikulua.– Laguntzak kudeatzea.

Kultura Ondarearen zuzendariari dagokio agindu honen bidez araututako diru-laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Ikusiz gero falta direla eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren agiri batzuk edo horietan forma-akatsak daudela, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hori egin ezean, ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.

Erakunde eskatzaileren batek eskabidea presentzialki aurkeztu badu, zuzenketak aurkezpen elektronikoaren bidez egiteko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egin zen eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

9. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea.

Kultura Ondarearen zuzendariari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, agindu honen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera. Era berean, zuzendari horrek osatuko du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kulturako sailburuordeari igorriko dio. Bertan azalduko dira, hala badagokio, erakunde onuradun bakoitzari emandako diru-laguntzaren kopurua, onartu ez diren eskabideak, eta ezetsi direnak, arrazoia adieraziz, onartutako aurrekontua, bai eta emandako diru-laguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen diren baldintza guztiak ere.

10. artikulua.– Diru­laguntzen zenbatekoa zehazteko prozesua eta zenbatekoen mugak.

Agindu honetan ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen dituzten onuradunen artean banatuko dira agindu honen xederako bideratutako baliabide ekonomikoak.

Diru-kopurua zehazteko, honako irizpide hauek erabiliko dira:

1.– Biztanleria-irizpidea: erakunde onuraduneko haurren eta gazteen biztanleria hartuko da kontuan, eta biztanleria hori 0 eta 13 urte bitartean eta 14 eta 18 urte bitartean zatituko da. Horretarako, biztanleen araberako multzoak ezartzen dira, zeinei indize homologatu batzuk eta indize zuzentzaile batzuk aplikatuko baitzaizkie: zenbat eta biztanle gutxiago izan onuradunek, orduan eta handiagoak izango dira indize zuzentzaileak.

1.1.– Biztanleria homologatua (P).

Herri guztiak haurren eta gazteen biztanle-kopuruaren arabera sailkatzen dira, eta, horrela, herrien P balio homologatua lortzen da, eskala honen arabera:

Biztanleria: P.

0tik 100era: 100.

101etik 200era: 200.

201etik 300era: 300.

301etik 500era: 500.

501etik 1.000ra: 1000.

1.001etik 2.000ra: 2.000.

2.001etik 3.000ra: 3.000.

3.001etik 5.000ra: 5.000.

5.001etik 10.000ra: 10.000.

10.001etik 20.000ra: 20.000.

20.001etik 30.000ra: 30.000.

30.001etik 40.000ra: 40.000.

40.001etik 50.000ra: 50.000.

50.001etik 60.000ra: 60.000.

10.000naka jarraitzen du.

Adibidea: 1.145 biztanle dituen udalerri bat 2.000 dituenarekin parekatuko da, eta 40.127 biztanle dituen beste bat 50.000 dituenarekin.

1.2.– Indize zuzentzailea (IZ).

Honako koefiziente zuzentzaile hau ezarriko da:

Biztanleria: IZ.

0tik 100era: 10.

101etik 200era: 6.

201etik 300era: 5.

301etik 500era: 3,5.

501etik 1.000ra: 2.

1.001etik 2.000ra: 1,25.

2.001etik 3.000ra: 1.

3.001etik 5.000ra: 0,75.

5.001etik 10.000ra: 0,5.

10.001etik 20.000ra: 0,35.

20.001etik 30.000ra: 0,33.

30.001etik 40.000ra: 0,31.

40.001etik 50.000ra: 0,29.

50.001etik 60.000ra: 0,27.

Formula lortzeko, urrats hauek egin behar dira:

1.– Onuradun bakoitzaren B balioa eskuratzea, hau da, faktore hauek biderkatzearen emaitza: Biztanleria homologatua (P) eta indize zuzentzailea (IZ).

(B = P*IZ*)

2.– B koefizienteen baturaren emaitza (BB).

3.– Diru-laguntza kalkulatzea:

Diru-laguntza: DK * B

4.– Faktoreak:

P: Biztanle-taldeentzako biztanleria homologatua.

IZ: Indize zuzentzailea.

B: Biztanleria (P) eta indize zuzentzailea (IZ) biderkatzearen emaitza. (B = P*IZ).

BB: Onuradun guztien B balioen batura.

DK: Baliabide erabilgarriak.

Aurreko hori guztia aplikatu eta gero, onuradunen batek 11.1 artikuluko ehunekoa gainditzen badu, aurrekontuaren gainean onarturiko gehieneko zenbatekoan ezarriko dira diru-laguntzak. Soberakinak gainerako onuradunen artean banatuko dira, kalkulu-eranskinean ezarritako sistemaren arabera. Jardunbide hori behar adina aldiz errepikatuko da, eta aplikatu eta gero geratzen diren kopuruak aurretik lortutako kopuruei gehituko zaizkie. Jardun hori behar adina aldiz errepikatuko da, eta aurretik lortutako zenbatekoei gehituko zaizkie hori aplikatzearen ondoriozkoak.

11. artikulua.– Zenbatekoa eta bateragarritasunak.

1.– Laguntza hauen xede diren jarduerak egiteko, gastuen onartutako aurrekontuaren % 75erainokoa izan ahal izango da diru-laguntza. Gehieneko ehuneko hori mantendu beharko da amaieran justifikatutako kopuruekiko.

2.– Artikulu honen aurreko zenbakian zehaztutakoa gorabehera, erakundeari ezin izango zaio 30.100,00 euro baino gehiagoko diru-laguntza eman, inolaz ere.

3.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada, betiere. Izan ere, halakorik gertatuz gero, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.

12. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Kulturako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen zuzendariak egindako proposamena ikusita, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen ebazpena ematea. Ebazpen horretan, honako informazio hau adieraziko da: eskatutako diru-laguntza ematea, ukatzea eta, hala badagokio, ez onartzea; ematen bada, erakunde onuradunaren izen soziala eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukatu direnen kasuan, eskatzaileen izena edo izen soziala eta ukoa arrazoitzen duten zergatiak azalduko dira. Onartu ez direnen kasuan ere emango dira zergatiak.

2.– Jakinarazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da ebazpena.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

4.– Sei hilekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, deialdiaren agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, diru-laguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.

5.– Erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko, eta, bidezko denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei. Diru-laguntza horiek emateko, eta, bidezkoa denean, ordaintzeko, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako diru-laguntzak itzultzea, baldin eta hala eskatzen duen ebazpena ematen bada itzulketa-prozeduraren bukaeran.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Hori dela eta, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean ez badiote diru-laguntzari espresuki uko egiten erakunde onuradunek, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Agindutako helburu zehatzerako erabiltzea diru-laguntza.

a) Diru-laguntza ematea eragin duen jarduera gauzatzea.

d) Diru-laguntza eman duen erakundeari justifikatzea betetzen direla emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta jarduera bera aurrera eraman dela.

e) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutzen duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.

f) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea diru-laguntza eman duen erakundeari.

g) Beste erakunde publiko zein pribatuei xede berberarekin diru-laguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren diru-laguntzetarako eskabidea egiteko unean erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adierazten duen agiria aurkeztea.

h) Diru-laguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea diru-laguntza eman duen erakundeari.

i) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Liburutegi Zerbitzuak emandako babesa beren-beregi adieraztea diru-laguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta agiri guztietan, bai eta horien publizitatean ere.

j) Hizkera ez-sexista erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

k) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak.

14. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa, likidazioa eta ordainketa.

1.– Diru-laguntza agirien bidez justifikatuko da 2019ko urtarrilaren 15a baino lehen.

2.– Justifikazio horiek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, web-gune honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/-/2017/promocion_lectura/es/

Diru-laguntza justifikatzeko agirien artean, kontu-hartzailearen edo, hala badagokio, idazkari kontu-hartzailearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, eginiko gastuei dagokienez.

Jarduerak funts propioek edo beste diru-laguntza edo baliabide batzuek ere finantzatu badituzte –diru-laguntzaz gain–, diru-laguntza jaso duten jarduera horietarako erabilitako zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatuko dira justifikazioan.

Aurkeztutako agiriak jaso eta aztertu ondoren, Kultura Ondarearen zuzendariak diru-laguntza ordaintzeko agindua emango du, eta, diru-laguntza gutxitu behar bada, ezarritako prozeduraren arabera eta interesdunari bidezko entzunaldia egin ondoren, likidatzeko ebazpen-proposamena egingo dio Kulturako sailburuordeari, zeinari baitagokio ebazpena ematea bi hileko epean, justifikazioak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera.

3.– Ematen diren diru-laguntzak aldi bakarrean ordainduko dira, betiere egiaztatu eta gero diruz lagundutako jarduera burutu dela, eman den helbururako erabili dela eta haren kostuaren zenbatekoa zein den.

4.– Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, erakunde onuradunek alta emanda egon beharko dute Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

Hauek dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza, osorik edo partez, eman denerako ez, baizik eta beste jarduera batzuetarako erabiltzea.

b) Ez betetzea agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza emateko ebazpenean adierazitako baldintzak.

c) Ez itzultzea, hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa horretarako ezarritako epean.

Ez-betetzeren bat gertatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak eta legezko interesak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera, betiere (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten dizu emandako datuak eta diru-laguntzen deialdi honetako eskabidean eta fitxategietan agertzen direnak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututako Kultura Ondarearen Laguntzak eta Diru-laguntzak izeneko fitxategi batean sartuko ditugula. Agindu horren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko (hizkuntza-politikaren, kulturaren eta gizarte-hedabideen arloak) datu pertsonalen fitxategiak arautzen dira. Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta horrekin zerikusia duten bestelako administrazio-prozedura edo -espedienteak kudeatzea. Fitxategi horren berri aurretik eman zaio Datuak Babesteko Euskal Bulegoari eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezko segurtasun-neurriak ditu. Datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalak babesteari buruzko arautegiarekin bat etorrita, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubidea dute interesdunek, halaxe onartzen baitu espresuki Datu Pertsonalak Babesteko Legeak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko dute (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Era berean, jakinarazten da emandako diru-laguntzak EHAAn argitaratuko direla.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beronen aurka, interesdunek, urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan (Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua), bi hileko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 16a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala