Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2018ko maiatzaren 28a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2802

EBAZPENA, 2018ko maiatzaren 16koa, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariarena, Molla-Hondarribiko portuan aisia-ontziak amarratzeko emakidak esleitzeko dena (7. zerrenda).

Lehenengoa.– Portu eta Itsas Gaietako zuzendariaren 2017ko abenduaren 1eko Ebazpenaren bitartez, Molla-Hondarribiko portuan aisia-ontzien amarralekuak erabiltzeko emakidak egiteko deialdi publikoa iragarri zen.

Bigarrena.– Ebazpenaren aurrekarietan zehazten da emakida horiek esleitzeko prozedura jasota dagoela Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 19ko Aginduan. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren portuetan eta portu-instalazioetan laketontzien titularrei amarralekuak erabiltzeko emakidak emateko prozedura eta erregimena arautzen da.

Hirugarrena.– Aipatutako ginduaren 15. artikuluak ezartzen duenaren arabera, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariak ebazpen arrazoitua emango du aginduaren beraren 14. artikuluko irizpideetan oinarrituta. Ebazpen horrek, kasuaren arabera, erabaki hauek jasoko ditu:

a) Amarralekua esleitzea.

b) Eskaera ukatzea ez baldin baditu eskatutako baldintzak betetzen.

c) Eskaera itxarote-zerrendan sartzea, hurrenkera-zenbakia zehaztuta.

Laugarrena.– Aipatutako aginduaren 15.4 artikuluan jasotakoaren arabera, «Ebazpenean hamar eguneko epea emango zaie amarraleku bat erabiltzeko emakida jaso eta dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiaren titulartasuneko beste portu edo portu-instalazio batean ontzi berarentzako amarraleku bat erabiltzeko titulu gaitzailea zeukatenei, amarralekua erabiltzeko zein tituluri uko egiten dioten jakinaraz dezaten».

Bosgarrena.– Urriaren 21eko 236/1986 Dekretuaren bidez onartutako Portu-jardueren Erregelamenduaren 3. artikuluan, oraingo Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari ematen zaio portu-zerbitzuen antolaketa, kudeaketa eta kontrola egiteko eskumena eta, azken finean, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren portuetan eta portu-instalazioetan garatzen diren jarduera guztiei dagokiena.

Aurretik esandakoarekin bat etorriz, ikusita EKP SA sozietateak egindako proposamena, eta zuzendaritza honi apirilaren 11ko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 74/2017 Dekretuaren 7.h) eta 23.b) eta c) artikuluetan ematen zaizkion ahalmenak baliatuta,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– I. eranskineko zerrendan jasota dauden eskatzaileei amarralekuen esleipenak onartzea, eta ondorioak izango ditu 2018ko ekainaren 1etik 2033ko ekainaren 1era arte.

Bigarrena.– 2018ko ekainaren 1etik uztailaren 1era arteko epea ematea, esleitutako amarralekua okupatzeko.

Amarralekua EKPren langileak aurrean direla okupatuko da.

Hirugarrena.– II. eranskinean jasota dauden eskaerak itxarote-zerrendan sartzea, hurrenkera-zenbakia zehaztuta.

Laugarrena.– III. eranskineko eskaerak ukatzea, bertan adierazitako arrazoiengatik.

Bosgarrena.– Hamar eguneko epea ematea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko portu edo instalazioetan dagoeneko ontzi berbererako amarralekua erabiltzeko baimena dutenei, hain zuzen ere, agindutako epean Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari jakinarazi diezaioten zein amarralekuri egiten dioten uko.

Seigarrena.– Ebazpen honek ez dio bukaera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari edo ebazpena eman duenari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 16a.

Portu eta Itsas Gaietako zuzendaria,

AITOR ETXEBARRIA ATUTXA.

I. ERANSKINA
AMARRALEKUEN ESLEIPENAK
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
ITXAROTE-ZERRENDA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
UKATUTAKO ESKAERAK
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala