Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

100. zk., 2018ko maiatzaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2779

AGINDUA, 2018ko maiatzaren 18koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, Batzordearen 2018/37/EB eta 2018/40/EB Betearazpen Erabakiak jakinarazten dituena, zeinaren bidez onartzen baita, hurrenez hurren, eskualde biogeografiko mediterraneoen eta atlantikoen Batasunaren garrantzizko lekuen hamaikagarren zerrenda eguneratua.

Gobernu Kontseiluak 1997ko abenduaren 23an, 2000ko azaroaren 28an eta 2003ko ekainaren 10ean egindako bilkuretan hartutako Erabakien bidez, Hegaztientzako Babes Bereziko sei Eremu (HBBE) izendatu ziren, eta 52 gune proposatu ziren Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izateko. Proposamena Europako Batzordera eraman zen, eta han ontzat eman zuten Batasunaren garrantzizko lekuen zerrenda, 2004/813/EE eta 2006/613/EE Erabakien bidez. Erabakiok eskualde biogeografiko atlantikoari eta mediterraneoari dagozkie, hurrenez hurren.

Europako Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EE Zuzentarauak habitat naturalak eta flora eta fauna basatiak nola kontserbatu arautzen du, eta, zehazki, 4. artikuluaren bitartez, eta ondare naturala eta bioaniztasunari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. eta 46. artikuluen bitartez, xedatuta geratu da autonomia-erkidegoek BGL guztiak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu behar dituztela eta eremuok behar bezala kontserbatzeko neurri guztiak ezarri behar dituztela, lekuan lekuko habitat naturalaren eta espezieen berezitasunen arabera.

Aukeratutako KBE eta HBBE guztiek aldaketak izan dituzte Batzordeak hasieran onartutako BGLei dagokienez. Aldaketa horiek zenbait kasutan mugei eragiten diete, eta beste zenbaitetan, ordea, eremuei izendatutako irudiei (KBE edo HBBE).

Eraginpeko 2000 Natura espazio bakoitzari buruzko izendapen-dekretuan ezarrita dagoen bezala, Europako Batzordearen 2004/813/EB eta 2006/613/EB Erabakietan jasotako mugak direla-eta egindako KBE eta HBBEen handitzeak ingurumen arloko sailburuaren Agindua EHAAn argitaratu eta biharamunean gauzatuko dira, eta agindu horren bidez jakinaraziko dira dagozkion Europako Batzordearen erabakiak.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Batzordearen 2018/37/EB eta 2018/40/EB Betearazpen Erabakiak (erantsitako esteka) jakinaraztea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz. Izan ere, hurrenez hurren, eskualde biogeografiko mediterraneoen eta atlantikoen Batasunaren garrantzizko lekuen hamaikagarren zerrenda eguneratua onartzen da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean indarrean jar dadin.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 18a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

ERANSKINA

Batzordearen 2018/37/EB Betearazpen Erabakia:

http://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=uriserv:OJ.L_.2018.015.01.0001.01.SPA&toc=OJ:L:2018:015:TOC

Batzordearen 2018/40/EB Betearazpen Erabakia:

http://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=uriserv:OJ.L_.2018.015.01.0125.01.SPA&toc=OJ:L:2018:015:TOC


Azterketa dokumentala