Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

100. zk., 2018ko maiatzaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
2770

80/2018 DEKRETUA, maiatzaren 22koa, interes publikokotzat jotzen duena bateragarria izatea arte-irakaskuntzak irakastea eta irakaskuntzaren edo kulturaren arloko sektore publikoan beste lanpostu bat edukitzea.

Metatutako esperientziak erakusten duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan, irakasleen zati batek Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan egiten du lan, lanaldi murriztuko lanpostuetan. Bestalde, musika-ikasketak egiteko eskariak etengabe gora egitearen ondorioz, Toki Administrazioaren mende dauden titulartasun publikoko musika-eskola eta kontserbatorio ugari dago, eta bertan, aipatutako irakasleek haien funtzioak lanaldi partzialean egiteko aukera eskatzen dute sarri, lanaldi osoa bete ahal izateko. Gauza bera gertatzen da beste arte-irakaskuntza batzuetan, hala nola, dantzan eta arte dramatikoan.

Egoera hori ez da egokitzen indarrean dagoen araudiarekin, herri-administrazioen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzkoarekin, alegia. Alabaina, kontuan hartu behar da langile horiek, ehunekotan, kolektibo murritz bateko kide direla irakaskuntzaren arloaren barruan; izan ere, irakasten dituzten espezialitateetan langile falta dago, kualifikazio-maila eta espezifikotasuna direla-eta.

Egoera hori ikusita, hezkuntza-administrazioak arte-irakaskuntzaren arloko langileak modu logiko eta arrazionalean baliatzeko aukera aurreikusi du: horrela, haien funtzioak ondo betetzea ahalbidetuko da, irakaskuntza horiek eskaintzen dituzten ikastetxe publikoetan matrikulatutako ikasleen mesedetan.

Lege-esparru aplikagarria honako lege honek osatzen du: abenduaren 26ko 53/1984 Legea, Herri-administrazioen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzkoa. Lege horrek langile horien bateraezintasunaren erregimen orokorra arautzen du, eta haren hirugarren artikuluan aipatzen du autonomia-erkidegoetako gobernu-organoek, dagokien konpetentzia-arloan, bigarren jarduera bat gauzatzearen bateragarritasuna aitortu ahalko dutela, hori interes publikokoa dela deklaratu ondoren. Bigarren lanpostuari dagokion jarduera lan-erregimenaren barruan baino ezingo da gauzatu, denbora partzialean eta iraupen jakinarekin, eta lan-arloko legeriak ezarritako baldintzetan.

Horregatik, erabat beharrezkoa eta justifikagarria da, bateragarritasunari dagokionez, irakaskuntza- edo kultura-arloan beste lanpostu batean gauzatzen diren jarduera publiko jakin horiek interes publikokotzat jotzea; izan ere, horrek lanaren eta irakasle-jardunaren arteko lotura desiragarria ahalbidetuko du irakaskuntza mota horietan, eta horrela, irakasleek dagokien lanbidea burutu ahalko dute legezko berme osoarekin.

Horrenbestez, Hezkuntzako sailburuak proposatuta, Euskadiko Eskola Kontseiluaren txostenarekin eta gainerako nahitaezko txostenekin, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko maiatzaren 22an izandako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Abenduaren 26ko 53/1984 Legearen, Herri-administrazioen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzkoaren, hirugarren artikuluan ezarritakoari jarraikiz, interes publikokotzat jotzen da Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan arte-irakaskuntzan jarduteko bateragarritasuna eta sektore publikoan irakaskuntza- edo kultura-arloan bigarren lanpostu edo jarduera bat egiteko aukera, ondokoen artean:

a) Arte-irakaskuntza eskaintzen dituzten Toki Administrazioaren ikastetxe publikoetan irakaskuntza.

b) «Musikene» Goi Mailako Musika Ikastegi Baimenduan irakaskuntza.

c) Lan edo jarduera artistikoa sektore publikoaren titulartasuneko hurrengoetan: orkestra sinfoniko edo ganbera-orkestretan, banda sinfonikoetan, edo koruetan.

d) Lan edo jarduera artistikoa sektore publikoaren titulartasuneko arte dramatiko-konpainietan.

e) Lan edo jarduera artistikoa sektore publikoaren titulartasuneko dantza-konpainietan.

2. artikulua.– Baldintzak.

1.– Bigarren jarduerari dagokion lanaldiak (kontzeptu guztiak barne hartuta) ezingo du asteko hamabost ordutik gorakoa izan, eta ikasturteko 175 ordu izango ditu gehienez. Salbuespen gisa, 1. artikuluan aipatutako sektore artistikoen programa zehatzen prestaketan aldizka kolaboratzeko jarduerak asteko muga hori gainditu ahalko du, dagokion erakundearen zuzendaritza-organoek hala eskatuta eta guztiz ezinbestekoa denean.

2.– Bigarren lanpostu edo jarduera lan-erregimenaren barruan gauzatuko da betiere, denbora partzialean eta iraupen jakinarekin.

3.– Bateragarritasun baimena ez da mugagabea izango, eta ez zaio pertsonari emango, baizik eta eskariaren bitartez garatu nahi den lanpostu edo jarduera zehatzari dagokio. Ez du interesdunaren lanaldi eta ordutegian aldaketarik ekarriko, eta inolaz ere ez du balioko ikasturte bat baino gehiagorako.

3. artikulua.– Prozedura.

1.– Interesdunek dagokion bateragarritasun-eskaera aurkeztu beharko dute hezkuntza arloan eskumena duen sailaren Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzan, bigarren lanpostua edo jarduera gauzatzen hasi aurretik.

2.– Bigarren lanpostu bat edo bigarren jarduera bat gauzatzeko, aurretik azaldutako terminoetan, aurretiazko eta berariazko bateragarritasun-baimena ezinbestekoa izango da. Horretarako, bigarren lanpostuaren atxikipenari dagokion organo eskudunak nahitaezko txosten bat igorri beharko du aurretiaz.

Aurreko paragrafoan adierazitako bateragarritasun-baimena interes publikoaren arabera egingo da, eta bateraezintasun-araudiaren gainerako baldintzak bete beharko ditu.

3.– Hezkuntza arloan eskumena duen sailaren Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren titularrak lau hilabeteko epean ebatziko du eskaera, gehienez. Epe hori igaro ostean berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera administrazio-isiltasunaren bidez baietsitzat joko da.

4. artikulua.– Mugak.

1.– Hezkuntza-administrazioak beste zerbitzu edo funtzio batzuk betetzeko irakasle-arduretatik guztiz edo partzialki liberatu dituen pertsonek ezin izango dute 1. artikuluan aipatutako bigarren lanpostu edo jarduerarik bateratu liberazio horrek iraun bitartean.

2.– Langileak ezin izango du jarduera ordaindurik burutu murrizketaren objektu izan den ordutegiaren barruan, baldin eta pertsona horri emandako ordutegi murrizketa honako hauetan jasota baldin badago: uztailaren 6ko 185/2010 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko funtzionario irakasleen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzen duena; «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saileko lan-legepeko irakasle eta hezitzaileentzako» hitzarmen kolektiboa; edo horren ordezko araudia.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Hezkuntza arloan eskumena duen sailaren titularrari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

AZKEN XEDAPENENETATIK BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 22a.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERÍA.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala