Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

91. zk., 2018ko maiatzaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
2541

69/2018 DEKRETUA, maiatzaren 8koa, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari «Aparkabisa Bizkaiko Garraio Gunea, A.B. – Centro de Transportes de Bizkaia, S.A. (Aparkabisa)»ren kapital-gehikuntzan parte hartzeko.

Europar Batasuneko herrialdeen arteko merkataritzako harremanak ugaritu eta garraioaren sektoreak ekonomian gero eta pisu handiagoa hartu ahala, hainbat zentro sortu dira Europan garraio-eskaintza eta -eskaria leku berean biltzeko, eta intermodalitatea koordinatu ahal izateko, horrek asko errazten baitu garraio-enpresen antolaketa, kudeaketa eta koordinazioa.

Abenduaren 20ko 242/1982 Dekretuaren bidez, «Aparkabisa Bizkaiko Garraio Gunea, A.B. – Centro de Transportes de Bizkaia, S.A. (Aparkabisa)» sozietatea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sozietate publiko gisa eratu zen, baina abenduaren 3ko 375/1985 Dekretuaren bidez galdu zuen izaera hori.

Sozietate horren xedea da Bizkaiko Lurralde Historikoan Salgaien Zentral Integralak eta ibilgailu astunentzako aparkalekuak sustatu, prestatu eta ustiatzea.

Hitzartutako gehikuntza baino lehenagoko sozietate-kapitala hogeita bederatzi milioi zortziehun eta hogeita bat mila, zazpiehun eta hiru (29.821.703,00) eurokoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak bost milioi bederatziehun eta berrogeita hamahiru mila, berrehun eta berrogeita hamaika (5.953.251,00) euroren partaidetza eta sinadura du, eta Eusko Jaurlaritzari 239 euroko balio nominala duten 24.909 akzio dagozkio, alegia, kapitalaren % 19,9628.

EAEko garraioko zentro integratuak indartzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren politikari jarraikiz, aintzat hartu da «Aparkabisa Bizkaiko Garraio Gunea, A.B. – Centro de Transportes de Bizkaia, S.A.» sozietateak bere kapitala laurogeita hemeretzi mila seiehun eta hirurogeita hiru (99.663,00) euro zabaltzeko egindako aurreikuspen-txostena, berrehun eta hogeita hemeretzina (239) euroko balio nominala duten laurehun eta hamazazpi (417) akzio izendun jaulki eta salerosketarako ipiniz.

Kapital-gehikuntzari buruzko aurreikuspen-txostena aztertu ostean, bidezkotzat jo da, helburu horri begira, kapital horren gehikuntzan parte hartzea. Ondorioz, EAEko Administrazioak sozietatearen kapitalean % 19,9626ko partaidetza izango du, betiere Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110. artikuluan eta gainerako xedapen bateragarrietan adierazitako prozeduraren arabera.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko maiatzaren 8an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren partaidetza baimentzea «Aparkabisa Bizkaiko Garraio Gunea, A.B. – Centro de transportes de Bizkaia, S.A. Aparkabisa» sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusiak erabakitzen duen kapital-gehikuntzan; EAEko Administrazioak hemeretzi mila zortziehun eta hogeita hamazazpi (19.837,00) euroko ekarpena egingo du, eta, ondorioz, sozietatean % 19,9626ko partaidetza izango du aurrerantzean.

2. artikulua.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariari edo parte hartzeko kide-eskubideak dituenari baimena ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean, akzioak harpidetu eta estaltzeko beharrezkoak diren ordainketak eta ekarpenak egiteko, kapital-gehikuntzak gizarte-estatutuetan eragiten duen aldaketa onartzeko, baita, orokorrean, aurreko artikuluan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren gainontzeko jarduketetan aritzeko ere.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko maiatzaren 8an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala