Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

88. zk., 2018ko maiatzaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
2462

66/2018 DEKRETUA, maiatzaren 2koa, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortzen eta arautzen duen Dekretua aldatzen duena.

Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortu eta arautzeko azaroaren 4ko 270/2003 Dekretua indarrean jarri zenetik, hainbat inguruabar direla-eta dekretu hori aplikatzeko errealitatea aldatu egin da. Erregistroko arduradunaren aurrean aurretiazko borondateen agiriaren emakida formalizatzeko eskubideaz baliatzeko eskaria, adibidez, nabarmen igo da, eta horrek eragin esanguratsua izan du.

Igoera horrek agerian uzten du emakida-formula horrek harrera bikaina izan duela, eta, beraz, hura sustatzen jarraitu behar dela. Hala ere, eskariari erantzuteko epea espero baino gehiago luzatzen ari da, dekretuak zorrotz zehaztu baitzuen Osasun Arloko Aurretiazko Borondateen abenduaren 12ko 7/2002 Legearen arabera emakida horren fede-emaile publiko gisa jarduteko eskumen esklusiboa zuen administrazio-figura: erregistroko arduraduna.

Zailtasun hori konpondu ahal izateko aukerak aztertu ondoren, honako hau da irtenbiderik egokiena: eskumen horretaz baliatzeko ahala hainbat arduradunen bidez deszentralizatzea, eta, hala, arduradun horiek garatzea zeregin hori Osasun Sailak ezartzen dituen administrazio-unitateetan. Azken horiek funtzionalki organo nagusi baten menpe egongo dira. Irtenbide horrek, izan ere, zerbitzua erabiltzailearengana hurbiltzen laguntzeaz gain, administrazio-baliabideak eskariaren bilakaerara erraz egokitzeko aukera ematen du.

Irtenbide hori aplikatzeko, beraz, araudia aldatu behar da, eta, bide batez, erregistroan inskribatutako agiriak eskuratzeko araubidea osatzeko aprobetxatu da. Hala, agiriak ematen dituzten legezko ordezkariei, edo, agiriak ematen dituzten pertsonek modu sinesgarrian horretarako izendatu dituzten pertsonei hedatuko zaie agiriok eskuratzeko eskubidea, orain arte agiriak ematen zituzten pertsonei eta osasuneko langileei soilik aitortzen zitzaiena.

Gainera, aurreikuspen batzuk birformulatu egin dira, helburu bikoitza lortze aldera: gaur egun Osasun Sailaren administrazio-prozedura eta antolaketa-egitura arautzen dituen araudira egokitzea testua, batetik, eta genero-ikuspegia sartzea, bestetik.

Horrenbestez, gizarte-erakunde nagusiei entzun ostean, Aholku Batzorde Juridikoarekin ados, Osasuneko sailburuak halaxe proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko maiatzaren 2n egindako bilkuran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Aldatzen da Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortu eta arautzeko den azaroaren 4ko 270/2003 Dekretuaren 3. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«3. artikulua.– Erregistroaren antolaketa.

1.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroak administrazio-izaera eta funtzionamendu deszentralizatua dauzka, eta Osasun Sailari atxikita dago.

2.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa zenbait administrazio-unitateren bidez kudeatzen da, eta unitate horiek funtzionalki osasun-aseguramenduaren gaineko eskumena duen zuzendaritzaren menpe daude. Osasuneko sailburuari dagokio horien jarduera-eremua eta atxikipen organikoa zehaztea.

3.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa kudeatzeko administrazio-unitateei atxikitako langileek karguagatik duten informazioa isilpean gorde beharko dute.»

Bigarren artikulua.– Aldatzen da Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortu eta arautzeko den azaroaren 4ko 270/2003 Dekretuaren 4. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«4. artikulua.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren arduradunak.

Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa kudeatzen duten administrazio-unitateetako bakoitzean arduradun bat egongo da, eta berak formalizatuko du aurretiazko borondateen agiri-ematea, agiri hori aldatzea, ordeztea eta ezeztea, Osasun Arloko Aurretiazko Borondateen abenduaren 12ko 7/2002 Legeak dioenaren arabera.»

Hirugarren artikulua.– Aldatzen da Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortu eta arautzeko den azaroaren 4ko 270/2003 Dekretuaren 5.2 artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«2.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko inskripzioak euskarri informatikoan egingo dira, eta zorrotz eta osorik beteko da datu pertsonalen babesari buruzko araudia.»

Laugarren artikulua.– Aldatzen da Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortu eta arautzeko den azaroaren 4ko 270/2003 Dekretuaren 6.2 artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«2.– Halaber, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren arduradunen aurrean formaliza dezake osasun-arloko aurretiazko borondateen agiri-ematea, haren aldatzea, ordeztea edo ezeztea.»

Bosgarren artikulua.– Aldatzen da Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortu eta arautzeko den azaroaren 4ko 270/2003 Dekretuaren 8. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«8. artikulua.– Aurretiazko borondateen agiri-ematearen inskripziorako prozedura.

1.– Inskripziorako prozeduraren hasiera agiri-emailearen eskabidearekin hasten da. Eskabidea dekretu honen I. eranskinean dagoen ereduari jarraikiz egingo da, eta harekin batera bertan dauden datuak zehazteko edo osatzeko egoki ikusten diren elementuak erantsi daitezke.

2.– Eskabidearekin batera, dokumentazio hau ere aurkeztu behar da:

a) Agiria notario aurrean egin bada: horren kopia autentiko bat eta nortasun-agiriaren fotokopia bat, edo pasaportearena edo agiri-emailearen nortasuna egiaztatzeko balio dezakeen beste edozein agirirena.

b) Agiria Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko arduradunen aurrean egin bada: horren kopia autentiko bat eta nortasun-agiriaren fotokopia bat, edo pasaportearena edo agiri-emailearen nortasuna egiaztatzeko balio dezakeen beste edozein agirirena.

c) Agiria lekukoen aurrean egin bada: horren kopia autentiko bat eta agiri-emailearen edo lekukoen nortasun-agirien fotokopiak, edo pasaportearenak edo agiri-emailearen nortasuna egiaztatzeko balio dezakeen beste edozein agirirenak.

a) eta b) letretan aipatutako kasuetan, nortasun-agiriaren fotokopia aurkeztu beharrean, edo pasaportearena edo Administrazio publikoak emandako beste edozein agirirena, horiek kontsultatzeko baimena eman daiteke.

3.– 1. eta 2. apartatuetan zehaztutako identifikazio-agiriak baliabide elektronikoz zein elektronikoak ez diren baliabideez aurkez daitezke Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutako erregistroetan, lekuetan eta dekretu honen 3.2. artikuluan adierazitako administrazio-unitateen egoitzetan.

Eskabidea ez bada erregistro elektronikoetan aurkezten, hari atxikitako agiriak gutun-azal itxi batean aurkeztuko dira.

4.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren arduradunei dagokie aurretiazko borondateen agiria emateko bete behar diren legezko formaltasunak bete direla egiaztatzea. Lekukoen aurrean ematen denean, agiri-emailea adinez nagusia dela egiaztatu beharko da, baita sinadurak egiazkoak direla ere, bai agiri-emailearena, bai lekukoena. Azken egiaztapen hori egiteko, nortasun-agirien fotokopietara jo beharko da, edo pasaporteenetara zein nortasuna egiaztatzeko balio dezakeen beste agiriarenera.

5.– Eskabidea 1. apartatuan ezarritakoari jarraikiz egin ez bada, edo berarekin batera 2. apartatuan adierazitako agiriak erantsi ez badira, errekerimendua egingo zaio interesdunari akatsa zuzen dezan edo eskatzen zitzaizkion agiriak aurkez ditzan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat.

6.– Osasun-arloko osasun-aseguramenduaren eskumena daukan zuzendari eskudunak ebatziko ditu Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko inskripzioari buruzko gaiak. Inskripzioren bat ukatzeko, ebazpen arrazoitu bat eman beharko da, baina 7/2002 Legean eta dekretu honetan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik baino ezin izango da ukatu. Ebazpen hori eman beharko da, eta eskatzaileari horren jakinarazpena egin, hilabeteko epean.

7.– Ezarritako epearen barruan jakinarazpenik ez badago, baietsi dela ulertuko da.

8.– Inskripzioari buruzko ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke.

9.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan aurretiazko borondateen agiriaren inskripzioa hiru egun balioduneko epean egingo da baiespen-ebazpenaren egunetik aurrera.»

Seigarren artikulua.– Aldatzen da Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortu eta arautzeko den azaroaren 4ko 270/2003 Dekretuaren 12. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«12. artikulua.– Aurretiazko borondateen agiri inskribatuaren agiri-emailearen eta haren ordezkarien eskubideak.

1.– Aurretiazko borondateen agiri inskribatuaren agiri-emaileak, eta haren legezko ordezkariak nahiz agiri horren bidez horretarako modu sinesgarrian izendatutako ordezkariak, kontsulta egin dezake Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan, nahi duenean.

2.– Aurretiazko borondateen agiriaren inskripzioa egiaztatzen duen ziurtagiria ere eskura dezake.»

3.– Eskubide horiek gauzatu nahi dituzten pertsonek horretarako eskabidea egin dezakete mekanismo telematiko egokiaren bitartez, edo identitatea egiaztatzeko aukera ematen duen beste bitarteko baten bidez.

Zazpigarren artikulua.– Aldatzen da Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortu eta arautzeko azaroaren 4ko 270/2003 Dekretuaren 14.1 artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«1.–Pertsona bat tratatzen ari den medikuak garrantzi handiko erabaki klinikoak hartu behar baditu, eta gaixoak ezin badu adierazi bere nahia zein den, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistrora telematikoki sartu beharko du, pertsona horrek agiria inskribatua daukan egiaztatu, eta, hala bada, edukia irakurri.»

Zortzigarren artikulua.– Aldatzen da Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortu eta arautzeko azaroaren 4ko 270/2003 Dekretuaren 18. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«18. artikulua.– Aurretiazko borondateen agiria erregistroaren arduradunen aurrean egitea.

1.– Aurretiazko borondateen agiria Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren arduradunen aurrean egiten bada, agiri-emaileak bere burua identifikatu beharko du nortasun-agiriaren bidez, edo, indarreko pasaportearen bidez, baita adinez nagusia dela egiaztatu ere.

2.– Agiri-ematea ez da egindakotzat hartuko, agiri-emaileak ez badu askatasunez jokatzen Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren arduradunen iritziz.

3.– Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren arduradunek agiri-emailearen gaitasuna zalantzan jartzeko arrazoiren bat badute, agiri-ematea eten dezakete, harik eta Erregistro Zibilak horri buruz emandako egiaztagiria lortu arte.

4.– Autentikotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatzen duen edozein euskarritan egin daiteke aurretiazko borondateen agiria.

5.– Aurretiazko borondateen agiria egiten bukatu ondoren, agiri-emaileari eskatu beste kopia autentiko emango zaio.

6.– Aurretiazko borondateen agiriren baten aldaketak formalizatzeko, beste batez ordezteko edo ordeztu gabe ezeztatzeko, artikulu honen aurreko apartatuetan xedatutakoari jarraikiz egin behar da.»

Bederatzigarren artikulua.– Aldatzen da Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortu eta arautzeko den azaroaren 4ko 270/2003 Dekretuaren xedapen gehigarrien apartatuta, eta honela idatzita geratzen da:

«XEDAPEN GEHIGARRIA.– Teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak.

Osasun Sailak dekretu honetan araututako erregistro-jarduketetarako, bereziki notario aurrean edo Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko arduradunen aurrean formalizatzen diren aurretiazko borondateen kasuan, teknologia elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzea sustatuko du.»

Hamargarren artikulua.– Dekretu honen I. eta II. eranskinek ordezkatuko dituzte Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortu eta arautzeko den azaroaren 4ko 270/2003 Dekretuaren I. eta II. eranskinak.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko maiatzaren 2an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERÍA.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala