Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

86. zk., 2018ko maiatzaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2433

AGINDUA, 2018ko apirilaren 25ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dei egiten baitzaie EAEko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko itunpeko ikastetxeei, hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko jarduera-proiektuak egitea eskatzeko 2018-2019, 2019-2020 eta 2020-2021 ikasturteetarako (hezkuntza inklusiboa eta aniztasunaren arreta).

Hezkuntza Sailak eskola-eredu mistotik hezkidetzailera igarotzeko eraldaketa-prozesua sustatu nahi du, genero-indarkeria eta sexismoan oinarritutako indarkeria-adierazpen oro prebenitzen lagunduko duena. Horretarako, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarria betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistema hobetzeko plana onartzen da; plan hori bikaintasuneranzko ekitatean oinarritzen da, eta «hezkuntza inklusiboa eta aniztasunarekiko arreta» ezartzen du bere lerro estrategikoen artean, «Hezkuntza Sisteman Hezkidetza eta Genero Indarkeriaren Prebentzioa Lantzeko Gida Plana» abiapuntutzat hartuta, zeinak bigarren edizioa izango baitu hurrengo ikasturteetan. Hau da plan horien helburuetako bat: ikastetxeek beren kulturan, politiketan eta jardunbideetan genero-ikuspegia txerta dezaten sustatzea, eskola-komunitateko eragile guztien laguntzaz.

Genero-indarkeria da sexismoan eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-ezean oinarritutako sistema baten ondorio larriena. Eskolak ikasleen arteko botere-harremanak aldatzen lagundu dezake, behar diren aldaketak eginez, berdintasunean oinarritutako harremanen bidezko sozializazioa ziurtatzeko. Sozializazio horrek identitate-aniztasuna errespetatu behar du, eta ikasle guztien garapen pertsonala ahalbidetu, nola neskena, hala mutilena.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak helburu hori zabaltzen du, eta horretan sakontzen du; hala, 28. artikuluan hezkuntza-sistema premiatzen du hezkidetza-eredu bat gara dezan. Zehazki, honako hau adierazten du:

Hezkuntza-politika publikoek bultzatu beharreko hezkuntza-ereduek, betiere, helburu hauek izan behar dituzte: sexuaren araberako estereotipoak eta rolak baztertuko dituen garapen integrala eskaintzea, bereizkeria mota oro baztertzea, eta generoak behartu gabeko orientazio akademiko eta profesionala bermatzea. Horretarako, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna bultzatuko da alor guztietan: curriculumean, antolaketan eta abarrean.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 29. artikuluan ezartzen duenez, Hezkuntza Administrazioak hezkidetzako proiektuak sustatuko ditu, eta hezkidetza-helburuak integratuko ditu hezkuntzako maila ezberdinetako jakintza-arloetako eta diziplinetako curriculumaren diseinuan eta garapenean.

Deialdi hau azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean ezarritako baldintzetan ebatziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan zehaztutako oinarrizko araudiaren arabera, eta laguntzei eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin bat etorriz.

Hori guztia aintzat hartuta, eta esleitutako eskumenen esparruan, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

EAEko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko itunpeko ikastetxeen artetik 50 aukeratzea gehienez, hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa sustatzeko jarduera-proiektu bat egin dezaten 2018-2019, 2019-2020 eta 2020-2021 ikasturteetarako. Proiektu horrek ahalbidetu behar die ikastetxean hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa modu global, sistematiko eta integratuan lantzea.

2. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.– Xede hori lortzeko, oro har, 2018-2019 ikasturtean 100.000 euro bideratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kargura.

2.– Hautatutako ikastetxe bakoitzari bi mila (2.000) euroko diru-ekarpena egingo zaio deialdi honetan aipatzen diren hiru ikasturteetarako, irakasleak zein eskola-komunitatea trebatzeko eta proiektua koordinazio- eta zabalkunde-jardueretarako. Proiektuak hiru ikasturteko iraupena badu ere, lehenengo ikasturtean egindako gastuak soilik hartuko dira aintzat.

3.– Honako lurralde-banaketa honen arabera aukeratuko dira proiektuak:

(Ikus .PDF)

4.– Hala ere, lurraldeen araberako banaketa aldatu ahal izango da, baldin eta aukeratutako eskabideekin ez bada lortzen lurralde horietakoren baterako aurreikusitako plaza-kopurua.

5.– Hezkuntza Sailak, diru-esleipenaz gain, prestakuntza ere emango die aukeratutako ikastetxeetako berdintasuneko ordezkariei.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Agindu honetan aipatzen diren laguntzak EAEko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko itunpeko ikastetxeei esleituko zaizkie.

4. artikulua.– Eskakizunak.

1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan azaldutako egoeretako batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

2.– Erakunde eskatzaileak ez du eduki behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ez eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenak arautzen duen ildotik.

3.– Erakunde eskatzaileak egunean izan behar ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, arauz zehaztu den bezala.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko beste laguntza edo diru-laguntza batzuen esparruan, diru-laguntza horien itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozedura hori amaitu egin beharko da onuradunei laguntza hauek emateko, edo, hala badagokio, ordaindu ahal izateko. Diru-laguntza horiek eman eta ordaintzen diren unean egiaztatu ahal izango da hori betetzen dela.

5.– Kanpo geldituko dira deialdi honetako eskakizunak betetzen ez dituzten proiektuak, baita aurreko deialdietan diru-laguntza jaso zutenak ere, hau da, 2014-2015, 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetan proiektu integralak diruz laguntzeko deialdia, 2014-2015, 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetan jarduera-proiektuak diruz laguntzeko deialdia, 2015-2016, 2016-2017 eta 2017-2018 ikasturteetan jarduera-proiektuak diruz laguntzeko deialdia, eta 2016-2017, 2017-2018 y 2018-2019 ikasturteetan jarduera-proiektuak diruz laguntzeko deialdia, baldin eta ez badiete horiei uko egin, betiere.

5. artikulua.– Erakunde eskatzaileak betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkezteaz batera, eskatzaileak laguntza ematen duen organoari baimena ematen dio zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Diru-laguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, baina, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruzko erregelamendu orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

2.– Eskarietan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu edo agiri guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak.

3.– Erantzukizunpeko adierazpen bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), betebehar hauek egiaztatuko dira:

a) Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

b) Erakunde edo pertsona eskatzaileak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ez eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenak arautzen duen ildotik.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo/eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzak direla-eta hasitako ezein itzulketa- edo zehapen-prozedura bukatuta egon beharko da.

d) Eskabidean eta agirietan jasotako datuak egiazkoak direla eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela, eta ez dagoela diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasotako egoeraren batean.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa –Platea– onartu zuen Telekomunikazio zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.

3.– Eskabideak eta erantzukizunpeko adierazpenak elektronikoki nola egin jakiteko eta horien ereduak eskuratzeko, jo Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikora: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/hezkidetza-50/y22-izapide/es

4.– Eskabidearen izapide hauek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

5.– Bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoan: https://www.euskadi.eus/

7. artikulua.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Erakunde eskatzaileek «Eskabidea» formulario normalizatua aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta. Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan eskuratu ahal izango da eskabide-eredua, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2017/piba/y22–izapide/es/.

2.– «Eskabidea» formulario normalizatuarekin batera, 2018-2019, 2019-2020 eta 2020-2021 ikasturteetarako «Jarduera-proiektua» (II. eranskina) formulario normalizatua aurkeztu beharko da, eta eduki hau izango du:

i) Justifikazioa.

ii) Helburu orokorrak eta helburu espezifikoak hiru ikasturteetarako.

iii) Helburu espezifiko bakoitzari lotutako jarduerak, haien arduradunak, denborak, jarraipenaren adierazleak eta lortutakoa zehaztuta, 2018-2019 ikasturterako soilik.

iv) Ebaluazioa.

3.– Deialdiaren I. eranskinean, proiektua lantzeko argibideak biltzen dira.

4.– «Eskabidea» eta «Jarduera-proiektua» formulario normalizatuekin batera, «Zuzendaritzaren ziurtagiria» formulario normalizatua ere aurkeztu beharko da (III. eranskina).

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Agiriak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/hezkidetza-50/y22-izapide/es

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete agiriak, beraiek nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

4.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

9. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

1.– Eskaerak barematuko ditu hautaketa-batzordeak, eta hautatutako ikastetxeen zerrendak egingo ditu. Hauek osatuko dute batzordea:

a) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo horrek izendatzen duena; batzordeburu izango da.

b) Hezkuntza-berriztapeneko lurralde-arduradunak edo haiek eskuordetzen dituzten pertsonak.

c) Eskola Inklusiboko Berritzegune Nagusiko arduraduna eta lankidea (aniztasuna/generoa).

d) Pedagogia Berrikuntzaren Zerbitzuko pertsona bat; idazkari-lanetan jardungo du.

2.– Hautaketa-batzordea ikastetxeak aukeratuko du, eta Hezkuntzako sailburuordeari igorriko dio ebazpen-proposamena.

10. artikulua.– Diru-laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak bateraezinak dira 1. artikuluan xedatutako helburu bererako beste edozein erakunde publikok edo pribatuk eman dezakeen diru-laguntza ororekin.

11. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektuak balioztatzean, gehienez 10 puntu emango dira, eta gutxienez 6 puntu lortu beharko dira onartuak izateko.

a) Balioztatzeko irizpideak:

1.– Ikastetxearen ibilbidea eta premien zehaztapena (2,5 puntu, gehienez). Hauek hartuko dira kontuan:

I) Ikastetxeak jarduerak, programak eta proiektuak sustatzen, prestakuntzan eta abarretan egindako ibilbidea esparru hauetan: hezkidetzan, gizonen eta emakumeen berdintasunean, genero-indarkeriaren prebentzioan, sexu-aniztasunean, harreman afektibo-sexualetan (0,75 puntu, gehienez).

II) Eskualdeetako Berritzeguneek hezkidetzaz eta genero-indarkeriaren prebentzioaz antolatutako mintegietan parte-hartzea (0,50 puntu, gehienez).

III) Nahiko! Programan edo Beldur Barik Programan parte-hartzea (0,25 puntu, gehienez).

IV) Premien zehaztapena (puntu 1, gehienez).

2.– Helburu orokorrak eta helburu espezifikoak (1,25 puntu, gehienez).

3.– Jarduerak (4,25 puntu, gehienez). Hauek hartuko dira kontuan:

I) Ikasleentzako jarduerak: estereotipoak, interakzio-plana, espazioen erabilera, genero-indarkeriaren prebentzioa, heziketa afektibo-sexuala, orientazio akademikoa... (1,50 puntu, gehienez).

II) Hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa hauetan sartzeko jarduerak: proiektuak (IHP –Ikastetxearen Heziketa Proiektua–, ICP –Ikastetxearen Curriculum Proiektua– eta AJA –Antolakuntza eta Jarduera Araudia–, aniztasunari erantzuna, bizikidetza, eta abar), agiriak (jakinarazpenak, matrikulazioak, aktak...) eta ikastetxeko komunikazio-sistemak (puntu 1, gehienez).

III) Klaustro guztiaren prestakuntza (0,75 puntu, gehienez).

IV) Familien prestakuntza eta parte-hartzea (0,75 puntu, gehienez).

V) Komunitate- eta gizarte-eragileen prestakuntza eta parte-hartzea (0,25 puntu, gehienez).

4.– Zer neurritan egokitzen den proiektua «Hezkuntza-sisteman Hezkidetza eta Genero Indarkeriaren Prebentzioa Lantzeko Gida Plana» delakora, eta hezkuntza-komunitateak plana prestatzen izandako parte-hartzea (puntu 1, gehienez).

5.– Ebaluazioa (puntu 1, gehienez).

b) Esleipena.

I) Lortutako puntuazioaren eta 2. artikuluaren 3. zatian ezarritakoaren arabera egingo da esleipena.

II) Berdinketa gertatuz gero, ikastetxeko irakasle-portzentaje handiena biltzen duen proiektuak izango du lehentasuna.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hezkuntzako sailburuordeari dagokio, hautaketa-batzordearen proposamenez, agindu honetan arautzen den deialdia ebaztea. Ebazpen horrek jasoko ditu zer erakundek jaso duen diru-laguntza, zer erakunderi ez zaion eman eta diru-laguntza ukatzeko arrazoiak.

2.– Aipatutako ebazpena gehienez sei hilabeteko epean jakinaraziko da, agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori igarota, aipatutako ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunek beren eskaerak ezetsi direla ulertu ahal izango dute, hargatik eragotzi gabe Administrazioak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoaren arabera, espresuki ebazteko duen betebeharra.

3.– Ebazpena banaka eta elektronikoki jakinaraziko zaie pertsona interesdunei. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.

4.– Jakinarazpena burututzat joko da pertsona interesdunak jakinarazpena jaso izana elektronikoki sinatzen duenean. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsi duela ulertuko da, eta izapidea gauzatutzat joko. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo erakunde hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sarbidea.

5.– Aurrekoa hala izanik ere, organo kudeatzaileak erakunde interesdunei jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

6.– Gainera, ebazpen hori Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan eta EHAAn argitaratuko da, jende guztiak horren berri izan dezan.

7.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

13. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketa, diru-laguntzaren % 60, esleitutako diru-laguntza onartu eta gero egingo da.

b) Gainerakoa –diru-laguntza osoaren % 40a– «Hezkidetza – Diru-laguntzaren justifikazioa» agiria (IV. eranskina) aurkeztu ondoren ordainduko da; 2019ko ekainaren 30a baino lehen aurkeztu behar da agiri hori, behar bezala beteta. Agiri hori eta dagozkion fakturak eta ordainagiriak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/hezkidetza-50/y22-izapide/es

2.– Administrazioak laguntzak eta diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean egon behar du erakunde onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailak ematen du, helbide honetan: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/eu/edukiak/informazioa/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html

3.– Programaren iraupena 3 ikasturtekoa den arren, gastu guztiak artikulu honetako 1. apartatuan ezarritako epean aurkeztu behar dira.

4.– Gainera, 2019, 2020 eta 2021eko ekainaren 30a baino lehen, «Hezkidetza – Jarduera-proiektuak – Justifikazioa» agiria (IV. eranskina) behar bezala beteta aurkeztuko da bitarteko elektronikoen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/hezkidetza-50/y22-izapide/es

5.– 2021eko ekainaren 30etik abuztuaren 31ra bitartean (egun hori barne), memoria ekonomiko bat aurkeztu beharko da, hiru ikasturteen memoriarekin eta ebaluazioarekin batera. Agiriak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/hezkidetza-50/y22-izapide/es.

6.– «Hezkidetza – Diru-laguntzaren justifikazioa» eta «Hezkidetza – Jarduera-proiektuak – Justifikazioa» agiriak behar adinako aurrerapenez argitaratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/hezkidetza-50/y22-izapide/es

14. artikulua.– Ikastetxeen betebeharrak.

1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte agindu honetan araututako laguntzen erakunde onuradunek, finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak barne, Diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluko 3. eta 4. apartatuetan jasotakoarekin bat; horiez gain, betiere, betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jasotzen denetik aurrera, 15 eguneko epea izango dute erakunde onuradunek diru-laguntzari uko egiten diotela berariaz eta idatziz adierazteko; osterantzean, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea betetzen direla eskakizunak eta baldintzak eta egin dela laguntza esleitzeko edo erabiltzeko arrazoi izan den jarduera.

d) Diru-laguntza eman dion Administrazioari xede bererako lortu duen beste edozein laguntzaren berri ematea, hala agintzen baitu azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluak (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA).

e) Diru-laguntza eman duen Administrazioak egin beharreko egiaztapen-ekintzei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-ekintzei laguntza ematea, aipatutako azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan bertan adierazten denez.

2.– 2018-2019, 2019-2020 eta 2020-2021 ikasturteetarako hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa ahalbidetzen duen jarduera-proiektu bat aurkeztea (jardueren kasuan, arduraduna, denborak eta ebaluazio-adierazleak 2018-2019 ikasturterako bakarrik zehaztu behar dira).

3.– Ikasturte bakoitzean, lan-plan bat eta hari dagokion memoria egitea. Agiriok ikastetxearen urteko planaren eta urteko memoriaren zati izango dira, hurrenez hurren.

4.– Ikastetxeko hezkidetzako eta genero-indarkeriaren prebentzioko arduraduna identifikatuta izatea. Hark horretarako ezaugarri egokiak izan beharko ditu, hala nola, egonkortasuna, ikastetxea ezagutzea, sentsibilitatea, prozesua dinamizatzeko, koordinatzeko eta gidatzeko gaitasuna, eta Sailak antolatutako eskualde-mintegian eta prestakuntza-jardueretan parte hartzea ahalbidetuko zaio.

5.– Hezkidetzako eta genero-indarkeriaren prebentzioko arduradunak Berritzeguneen eskualde-mintegietan parte hartuko du, eta, mintegi horietan, deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxeak elkartu eta koordinatuko dira, eta aholkuak jasoko dituzte.

6.– Ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenean (OOG) berdintasuneko ordezkaria izendatua izatea, eta Sailak ematen duen prestakuntzan parte har dezan ahalbidetzea.

7.– Berdintasun-batzorde bat izatea; bertan, hezkuntza-komunitate osoak izango du ordezkaritza.

8.– Hiru ikasturteen amaieran Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan memoria ekonomiko bat aurkeztea, hiru ikasturteen memoriarekin eta ebaluazioarekin batera.

15. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako agiriak ez daudela osorik beteta, edo nahitaezko agiri guztiak aurkezten ez badira, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da; aurretik, Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena emango du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoki egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.

3.– Erakunde interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean emango da egintzat jakinarazpena.

4.– Jakinarazpena bidali eta hamar egun naturaleko epean interesduna ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat joko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela edukira sartzea.

5.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: pertsona interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

16. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

17. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan aldaketarik gertatu bada, betiere diru-laguntzaren helburua beteta, eta, hala dagokion kasuan, beste erakunde publiko edo pribaturen batetik bestelako diru-laguntza edo laguntzak ere jaso badira, aldatu egin ahal izango da diru-laguntzak ematen dituen ebazpena. Horretarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako zenbatekoak berriz doituko dira, eta diru-laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko. Hartzaileek, beraz, sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte. Baldintzak aldatzeak emandako diru-laguntza osorik edo partez itzuli beharra baldin badakar, 18. artikuluan araututako itzulketa-prozedura hasiko da.

18 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Laguntzak jaso dituzten erakunde onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan edo Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan sartzen badira, agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badituzte, edo diru-laguntza ematea arrazoitu zuten baldintzak betetzen ez badituzte, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu) ezarritakoaren arabera, erakunde onuradun horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiote bidegabe jaso dituzten kopuruak (osorik edo partez) gehi zenbateko horiei dagozkien berandutze-interesak. Horrez gain, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren VI. tituluan jasotako oinarrizko arauen arabera eska daitezkeen zehapenak ere jarri ahal izango zaizkie.

2.– Baldintzak betetzen ez direnean, itzulketa-prozedura lehen aipatutako hauetan xedatutakoaren araberakoa izango da: Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorra, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua. Diru-laguntza edo laguntzaren kontzeptua dela-eta behar ez bezala jaso diren diru-kopuruak itzultzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen abuztuaren 31ko 212/1998ko Dekretuan ezarritako modalitateei jarraituko zaie, eta itzulketa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren izenean egingo da, maiatzaren 2ko 69/2007 Dekretuaren bidez sartutako aldaketak kontuan hartuta, betiere.

19. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok fitxategi batean sartuko dira («Hezkidetza – Jarduera-proiektuak» deritzonean, hain zuzen), diru-laguntzen deialdi hau eta beronekin zerikusirik duen beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren bilakaeraren berri emateko ere. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak egiazkoak direla.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetan aurreikusi gabeko orotarako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 25a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
PROIEKTUA EGITEKO ARGIBIDEAK.

1.– Genero-indarkeriari aurrea hartuko dion hezkidetza-eskolaranzko bidea egiteko, hurrengo hiru ikasturteetarako ikastetxearen proposamena deskribatuko du proiektuak. Proiektuak lagungarria izan behar du ikastetxea gauzatzen ari den jarduerak eta gauzatu asmo dituenak antolatzeko.

2.– Justifikazioan honako hauek azalduko dira: zer arrazoi duen ikastetxeak hezkidetzari eta genero-indarkeriari heltzeko; zer bide egin duen esparru horretan, eta zer premia bete nahi dituen. Premia horiek ikastetxeak daukan informazioan oinarrituta zehatz daitezke (bizikidetzaren behategia, aniztasunaren arretarako plana, tutore-jarduna, familien eskariak...), eta/edo diagnostiko espezifikoago batean oinarrituta. Hala ere, batzuetan, landu behar diren esparruei buruzko diagnostiko sakonagoa hurrengo ikasturterako planteatzen diren ekintzetako bat izan daiteke. Garrantzitsua da justifikatzea zergatik ematen zaien lehentasuna gai batzuei, beste batzuen aurretik, eta zer antolaketa behar den proiektua aurrera ateratzeko.

3.– Proiektuak helburu orokor batzuk zehaztuko ditu, hiru ikasturteen amaieran lortu nahi denaren adierazgarri.

4.– Helburu orokor bakoitza helburu espezifiko batzuetan zehaztuko da. Helburu espezifiko horietako bakoitza lantzeko, jarduerak proposatuko dira. Kasu honetan, 2018-2019 ikasturteko jarduerak soilik zehaztu behar dira, haien arduradunak, denborak eta ebaluazio-adierazleak zehaztuta.

5.– Ebaluazioa: hiru ikasturteetan zer prozesu egingo den azalduko da, proiektuan aldaketak egin behar diren ala ez jakiteko. Horretarako kontuan hartuko dira jarduera bakoitzaren ebaluazio-adierazleak. Halaber, zehaztu behar da nola ebaluatuko den proiektua bera, hiru urteen amaieran.

II. ERANSKINA
JARDUERA-PROIEKTUA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
ZUZENDARITZAREN ZIURTAGIRIA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
HEZKIDETZA – DIRU-LAGUNTZAREN JUSTIFIKAZIOA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
HEZKIDETZA – JARDUERA-PROIEKTUAK – JUSTIFIKAZIOA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala