Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

86. zk., 2018ko maiatzaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2432

AGINDUA, 2018ko apirilaren 18koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, deialdia egiten zaie Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio eta elkarteei, prestakuntza-jarduerak egin ditzaten 2018-2019 ikasturtean, ikastetxeko hizkuntza-proiektuaren barruko berrikuntza-proiektuei lotuta (L3. Elebitasuna hezkuntza eleaniztunaren esparruan).

Heziberri 2020 Planaren «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoak» barruan hartzen ditu 2020 Europako Esparruan ezarritako helburuekin zerikusia duten jarduteko ildo nagusiak. Proiektu horrek paradigma-aldaketa garrantzitsua dakar; izan ere, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren planteamendutik abiatzen da.

Abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak, esparru hori garatu eta Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma ezarri baitu Euskal Autonomia Erkidegoan, oinarrizko zehar-konpetentziatzat hartzen du hitzezko komunikaziorako, hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia, horiek guztiak modu osagarrian erabilita, ganoraz eta egoki komunikatu ahal izateko egoera pertsonal, sozial eta akademikoetan. Era berean, diziplina barruko oinarrizko konpetentziatzat hartzen da hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia. Konpetentzia horren helburua da ahozko eta idatzizko testuak –euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan– erabiltzea, hizkuntza-aniztasunarekiko modu egokian, eraginkorrean eta adeitsuan komunikatzeko, bizitzako hainbat egoeratan, bai eta literaturaren inguruko hezkuntza bat garatzea ere, norbere burua eta inguruko mundua hobeto ezagutu ahal izateko.

Gainera, dekretu horretan ezartzen denez, hezkuntza-eskumenak dituen sailak elebitasuna bultzatuko du hezkuntza eleaniztun baten barruan, indarrean dauden hizkuntza-ereduak hobetzen eta garatzen laguntzeko. Horretarako, lehentasunezko tratua bermatuko du euskararentzat, bi hizkuntza ofizialen erabilera sozial desorekatua konpentsatzeko, ikasleek Oinarrizko Hezkuntza amaitzean komunikazio-konpetentzia praktikoa eta eraginkorra izan dezaten euskaraz nahiz gaztelaniaz, eta atzerriko lehen hizkuntzan ere nahikoa. Hori guztia, atzerriko bigarren hizkuntza batean oinarrizko ezagutzak lortzea baztertu gabe, hizkuntza-proiektuan hala jasoa duten ikastetxeetan. Halaber, xedatzen da sailak berak sustatuko duela hizkuntzen trataera integratua eta integrala, komunikazio-konpetentzia eleaniztuna garatzeko asmoz. Hori guztia, honako hauetan jasotako xedapenak betetzeko, hizkuntzaren alorreko EAEko arau-esparrua osatzen baitute: 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa; 1/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa; eta 138/1983 Dekretua, uztailaren 11koa, Euskal Herriko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duena; orobat, abenduaren 22ko 236/2015 Dekretua.

Testuinguru horretan, Hezkuntza Sailak, 236/2015 Dekretu horren bosgarren xedapen gehigarria betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistema hobetzeko plana onartu du. Hobekuntza-plan horretan jasotako ildo estrategikoen artean dugu, alde batetik, «Elebitasuna hezkuntza eleaniztunaren baitan» izenekoa, eta, bestetik, «Hezkuntza-komunitatearen prestakuntza». Hobetzeko alorren artean, beren-beregi aipatzen dira hauek: ingelesezko irakaskuntza areagotzea eta zabaltzea; irakasleek hizkuntzen didaktikan duten konpetentzia hobetzea, eta hizkuntzak irakasten dituzten irakasleek koordinatuta lan egiteko antolaketa-bideak ezartzea, hizkuntzen tratamendu integratuaren ikuspegia aplikatuz; Hizkuntzakoak ez diren arlo eta ikasgaietako irakasleek arlo eta gai horren erabilera espezifikoei dagokien hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia modu integral eta sistematizatuan lantzeko beharrezko prestakuntza eskaintzea, eta ikastetxe guztiek hizkuntza-proiektua landu eta dinamizatuko dutela ziurtatzea.

Deialdi honi lotutako prestakuntzaren eta harekin zerikusia duten proiektuen helburua da hezkuntza-komunitate bakoitzak -bere ikasleen hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia maila eta inguru soziolinguistikoa zeintzuk diren jakinik, eta berariazko prestakuntza batetik abiaturik- diseina eta gara dezala bere irakurketa-plana, eta abian jar ditzala erabaki didaktiko-metodologikoak hizkuntzek ikastetxean izango duten erabileraren eta antolamenduaren inguruan, ikasleek ahalik eta gehien gara dezaten konpetentzia hori. Erabaki horiek guztiek lagundu egingo dute ikastetxeko hizkuntza-proiektua gara dadin, ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren barruan.

Horiek horrela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako xedapenekin, baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenekin ere (EAEko herri-administrazioaren diru-laguntzak arautzen dira titulu horretan), eta abenduaren 22ko 5/2017 Legeak onartutako kredituak aintzakotzat hartuta aurrekontu-zuzkidura nahikoa badagoenez (5/2017 Legearen bidez, EAEko 2018ko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren), eta aplikazio orokorreko bestelako xedapenekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aurrekontu-zuzkidura.

1.– Agindu honen xedea da Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio eta elkarteentzako diru-laguntzen deialdia egitea, baldin eta, 2018-2019 ikasturtean, berrikuntza-proiektuak egiten badituzte ikastetxeko hizkuntza-proiektua garatzeko modalitate hauetakoren batean:

A) Ikastetxeko hizkuntza-proiektua, irakurketa-plana lehentasuntzat hartuta eta hizkuntzen tratamendu integral eta integratuaren ikuspuntutik garatuta.

B) Ikastetxeko hizkuntza-proiektu eleaniztuna, euskara ardatz hartuta eta curriculum-alor edo -gaiak atzerriko hizkuntzetan irakastean zentratuta.

2.– Agindu honen bidez deitutako diru-laguntzak finantzatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kontura, 1.332.000 euro bideratuko dira guztira.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Diru-laguntza hauei heldu ahal izango diete 4. artikuluko betekizunak betetzen dituzten eta unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio edo elkarteek, bai Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe pribatuek bakarrik eratutakoak direnek, bai Estatukoak direnek ere. Estatu osokoak direnek egoitza izan beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoan.

2.– Diru-laguntzak jasotzeko, aurreko atalean deskribatutako erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan garatu beharko dute hizkuntza-proiektua, hiru ikastetxe izan beharko dituzte gutxienik Euskal Autonomia Erkidegoan, eta itunpeko 50 gela edo gehiago.

3.– Ez zaie diru-laguntzarik emango 1. artikuluan deskribatutako B modalitateko proiektuei, honako ikastetxe hauei dagokienez: programa honen aurreko lau deialdietan (2014-2015 ikasturtetik 2017-2018 ikasturtera) diru-laguntzen programa honen babesean (Eleaniztasunerantz) ikastetxeko hizkuntza-proiektu eleaniztuna garatzeko diru-laguntza jaso duten ikastetxeak.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Diruz lagundu ahal izango da ikastetxeko hizkuntza-proiektua garatzeko berrikuntza-proiektuei lotutako irakasleen prestakuntza, estatutuz edo erregelamenduz federazio edo elkarte onuradunekin erlazionatuta dauden ikastetxeetan.

2.– Hau izango da diruz lagundu daitekeen prestakuntza:

● Prestakuntza-jarduerak, Irakurketa Planaren diseinuari eta garapenari lotuak.

● Prestakuntza-jarduerak, ikasleen irakurmena garatzen laguntzeko metodologia aktibo eta berritzaileekin zerikusia dutenak (batez ere, euskaraz).

● Prestakuntza-jarduerak, alor eta gai guztietako irakasleei zuzenduak, ikasleen komunikazio-gaitasunaren garapena hobetu eta hizkuntzen tratamendu integratua eta integralari ekiteko.

● Prestakuntza-jarduerak, hizkuntzen irakaskuntzarekin eta atzerriko hizkuntzan ematen diren gaien irakaskuntzarekin zerikusia dutenak, metodologia aktibo eta berritzaileak garatzeko, hizkuntzen tratamendu integratua eta integrala sustatze aldera.

3.– Atzerriko hizkuntza baterako gaitasuna hobetzeari lotutako prestakuntza deialdi honetatik kanpo geratuko da helburu hau ez duenean: irakasleek curriculum-gaiak atzerriko hizkuntza batean emateko ziurtagiri egokia lortzea (B2 edo C1) bi urteko epean. Horretarako, hauek baliatuko dituzte interesa duten irakasleek: Hizkuntza Eskola Ofizialen egitura (matrikulatzeko lehentasuna baitute irakasleek) eta Hezkuntza Sailak irakasleen etengabeko prestakuntzarako eskaintzen dituen ikastaroak (Prest_Gara).

4.– Proiektuan diharduten irakasleen % 80aren parte-hartzea beharko da prestakuntza-jarduera horietan.

5.– Deialdi honen kontura diruz lagunduko diren gastuak egiteko aldia 2018ko irailaren 1ean hasiko da, eta 2019ko ekainaren 15ean bukatuko.

4. artikulua.– Ikastetxeko hizkuntza-proiektua garatzeko berrikuntza-proiektuen ezaugarriak.

1.– Ikastetxeko hizkuntza-proiektua garatzeko berrikuntza-proiektuek, bi modalitateetatik edozeinetakoak direla, atal hauek eduki beharko dituzte:

– Diagnostikoa:

Hobetzeko arloak, ikasleek euskaran, gaztelanian eta ingelesean izandako emaitzak -barne- eta kanpo-ebaluazioetatik atereak- aztertzetik ondorioztatzen direnak.

Ikastetxe elkartuen ibilbidea hizkuntzekin zerikusia duten esperientzietan.

– Hartzaileak:

Parte hartuko duten irakasleak.

Berrikuntza-proiektua zer hezkuntza-talde eta -mailatan zehaztuko den.

– Zer helburu estrategiko garatuko den proiektuaren iraunaldian. Plangintza eta exekuzio-egutegia, barne hartuta astero zenbat koordinazio-saio beharko diren proiektuaren garapena bermatzeko.

– Ikasturtean garatuko diren helburu orokorrak, haien ondoriozko ekintzak, arduradunak, denbora-antolaketa eta lorpen-adierazleak.

– Irakasleentzat aurreikusitako prestakuntza-jardueren aurrekontua.

– B modalitateko berrikuntza-proiektuen kasuan, zehaztu egin beharko da hizkuntzez kanpoko zer gai emango den (edo emango diren) atzerriko hizkuntzan, bai eta zenbat ordu izango dituen atzerriko hizkuntzak eta zenbat ordu emango diren atzerriko hizkuntzan.

Atzerriko hizkuntzan irakatsiko diren irakasgaiak aukeratzeko orduan, ikastetxe bakoitzeko irakasleek kontuan hartuko dute hau: ikasle-talde baten barruan, atzerriko hizkuntzan emandako ordu-kopurua berdina izatea denentzat, zein arlo edo irakasgai aukeratzen dituzten kontuan izan gabe.

Euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntzan emandako ordu-kopuruari eta irakasgaiei dagokienez, adieraziko da zein den hasierako egoera eta zer garapen aurreikusten den bi urteetan, halako moldez non, ekitatearen mesedetan, maila beraren barruko ikasle guztiak eta ikastetxeko maila guztiak hartuko dituen, arian-arian.

Garapen horrek kontuan hartuko du ikastetxearen egoera soziolinguistikoa, eta ezingo du ekarri A eta B ereduetan euskaraz irakatsi beharreko ordu-kopurua txikiagoa izatea. Adierazi beharko da, talde bakoitzari dagokionez, zein irakasgairi eta zein irakats-hizkuntzari kenduko zaizkion orduak edukiak atzerriko hizkuntzan emateko.

2.– Deialdi honen ondorioetarako, hauek hartuko dira irakurketa-plana lehentasuntzat duten hizkuntza-proiektuak garatzeko berrikuntza-proiektutzat (A modalitatea): ikasleen idatzizkoaren ulermena eta irakurmena hobetzeko helburua duten neurri espezifikoak hartzen dituzten proiektuak, hizkuntzen integrazioaren planteamendutik abiatuta, izan ere, hizkuntzen arteko ezberdintasunetatik haratago, zeharkakoak dira irakurmenaren estrategiak. Ildo horretatik, irakurmena oinarrizko komunikazio-trebetasuna da; gainera, eragin zuzena dauka edukien ikasketan eta pertsonen garapen pertsonalean eta garapen sozialean.

Adibidez, alderdi hauei buruzko erabakiak bil ditzake proiektuak:

● Irakurmenaren inguruko jardueren plangintza eta antolaketa, jarduerok era programatu eta sistematikoan txertatzeko ikastetxeko ziklo eta etapa guztietako alor eta gaietan.

● Irakurketari eta bere inguruko jarduerei buruz proposatzen diren ekimenak jasotzea (hizketaldiak, eztabaidak, bakarrizketak, bertsoak eta neurtitzak, aurkezpenak, antzerkia...).

● Ahozko hizkuntzaren tratamendu metodologikoa (estrategiak, jarduerak...) eta ebaluazioa alor, eremu eta gai guztietan.

● Irakurketaren eta idazketaren tratamendu metodologia (estrategiak, jarduerak...) eta ebaluazioa alor, eremu eta gai guztietan.

● Ahozko eta idatzizko testuak ulertzeko eta sortzeko prozedurak.

● Ahozko eta idatzizko testuak ebaluatu eta zuzentzeko irizpideak, teknikak eta tresnak.

● Literatura-hezkuntzaren inguruko lan partekatua.

● Ikasgelan berregin, egokitu, aplikatu eta baloratzea hizkuntzen tratamendu integraturako programaren barruan garatutako ikasmaterialen bat.

● Ikasgelan prestatu, egokitu eta baloratzea hiru curriculum-hizkuntzetarako integratutako sekuentzia didaktiko bat.

● Gramatika-edukiak hizkuntzen artean banatzea hizkuntzetako bakoitzean landutako testu-generoak kontuan hartuta.

Euren federazio edo elkartearekin agindu honetan iragarritako diru-laguntzei heltzen dieten ikastetxeek, irakurketa-plana lehentasuntzat duen ikastetxeko hizkuntza-proiekturako heldu ere, Hezkuntza Sailaren esku jarri beharko dituzte hauek, Irakurgunea plataformara igota: euren proiektuaren barruan prestatu dituzten material, unitate didaktiko eta tresnak.

3.– Deialdi honen ondorioetarako, hauek hartuko dira ikastetxeko hizkuntza-proiektu eleaniztunak garatzeko berrikuntza-proiektutzat (B modalitatea): neurri espezifiko batzuk praktikan jartzen dituztenak, helburutzat hartuta atzerriko hizkuntzen ikaskuntza hobetzea eta ikasleen profil eleaniztuna eta kultura-artekoa garatzea, eta bitartekotzat, berriz, irakasleen prestakuntza eta eguneratze metodologikoa, hizkuntzaz kanpoko alor edo gai bat gutxienez atzerriko hizkuntzan ematea ahalbidetuko duena.

Adibidez, alderdi hauei buruzko erabakiak bil ditzake proiektuak:

● Komunikazio-ikuspegia, ikasleen gaikuntza hobetzea bilatuko duena hizkuntzaren bost trebetasunetan, eta, bereziki, mintzamenean.

● CLIL-Content and Language Integrated Learning metodologiaren aplikazioa (edukiak eta atzerriko hizkuntzak batera ikastea).

● SIOP protokoloaren aplikazioa (Sheltered Instruction Observation Protocol).

● Lankidetza eta proiektukako lana, ikastetxearen Europako eta nazioarteko dimentsioaren aldekoa.

● Irakurketaren eta idazketaren tratamendu metodologia (estrategiak, jarduerak...) alor, eremu eta gai guztietan.

● Gramatika-edukiak hizkuntzen artean banatzea hizkuntzetako bakoitzean landutako testu-generoak kontuan hartuta.

● Ikasgelan berregin, egokitu, aplikatu eta baloratzea hizkuntzen tratamendu integraturako programaren barruan garatutako ikasmaterialen bat.

● Ikasgelan, egokitu, aplikatu eta baloratzea hiru curriculum-hizkuntzetarako integratutako sekuentzia didaktikoak.

5. artikulua.– Betekizunak eta haien egiaztapena.

1.– Erakunde eskatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Ikastetxe elkartuen berrikuntza-proiektuak aurkeztea 1.1 artikuluan jasotako modalitateen arabera. Oraingo ikasturterako lan-plana jaso beharko du, 4. artikuluan ezarritako edukiekin bat etorrita.

b) Egingo den prestakuntza zehaztea, eta prestakuntza jasoko duten ikastetxeen eta irakasleen kopuruaren aurreikuspen bat egitea.

c) Ikastetxeen konpromisoa izatea proiektuei lotutako prestakuntzan parte hartzeko; ikastetxe bakoitzetik, proiektuak abian jartzea ziurtatzeko gutxienez behar den irakasle-kopuruak parte hartu beharko du.

d) Proposatutako proiektuetan gutxienez bi urtez parte hartzeko konpromisoa lortzea parte hartuko duen ikastetxe bakoitzaren aldetik.

e) Gainera, ezin izango dira erakunde onuradun izan honako egoeraren batean dauden erakundeak:

● Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenak.

● Diru-laguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboa edukitzea, eta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan sartuta egotea, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik gertatutakoak barne.

Hori dela eta, erakunde onuradun izateko debekua dakarten egoeretan sartuta ez daudela justifikatzeko, erakundeek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute; dena dela, horrek ez du balioko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela justifikatzeko.

2.– Erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei. Azkenean, prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza dakarren zehapena edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz, baldintzapean emandako diru-laguntza hori indargabetu egingo litzateke, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batzuetan egoteagatik –diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 artikuluko a), g) eta h) letretan ezarri dira egoera horiek–.

3.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen erakundeari zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

4.– Eskaeran sartutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, hauek egiaztatuko dira:

● Ez dela eskuratu helburu bererako inolako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako bitartekorik edozein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatutatik.

● Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.

● Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela, eta ez dagoela diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan jasotako egoeraren batean.

● Estatu-esparruko erakundeen kasuan, erakunde eskatzaileak egoitza duela Euskal Autonomia Erkidegoan, nortasun juridikoa eta ahalorde askietsia dituela, bai eta, gutxienez, EAEn kokatutako hiru ikastetxe ere.

5.– Erakunde onuradunak dokumentuak ez aurkezteko eskubidea du, baldin eta haiek kasuan kasuko prozedurari aplika dakizkiokeen arauek eskatzen ez badituzte, edo administrazio jardulearen eskuetan badaude, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikulua aplikatuz.

Alde horretatik, diru-laguntza eskatzen duen federazioak edo elkarteak ez du aurkeztu behar dokumentazio osagarririk. 6.4 artikulua (eskrituraren eta/edo eratze-aktaren kopiarik, diru-laguntza eskatzeko ahalorde askietsiaren dokumentaziorik eta eskatzen duen federazio edo elkartearekin zerikusia duten ikastetxeen zerrendarik), baldin eta dokumentazio hori Hezkuntza Sailaren aurreko deialdietan aurkeztu bada eta aldatu ez bada.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak baliabide elektronikoz aurkeztu beharko dira, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/eleaniztasunerantz/y22-izapide/eu

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentuak. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

Eskabidea egin ostean, https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak web-orriaren bidez egin beharko dira hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin beharreko izapide guztiak.

4.– Eskabideekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

● Federazio edo elkarte eskatzailearen eratze aktaren edo eskrituraren kopia konpultsatua.

● Diru-laguntza eskatzeko ahalorde askietsia egiaztatzeko agiriak, eskabidea sinatzen duenaren alde.

● Estatutuz edo erregelamenduz federazio edo elkarte eskatzailearekin erlazionatuta dauden EAEko ikastetxeen zerrenda, haren kodea adierazita.

● Laburpen-fitxa, I. eranskinean jasotakoa, non honako hauek jasotzen baitira: federazio edo elkarte eskatzaileari buruzko datuak; federazioari edo elkarteari dagozkion ikastetxe guztietan ezarriko den A modalitateko eta B modalitateko hizkuntza-proiektuari buruzko oinarrizko datu orokorrak; eta aurreikusitako prestakuntza-jarduerak.

● Deskripzio-fitxa, II. eranskinean jasotakoa, non honako hauek jasotzen baitira: A modalitateko hizkuntza-proiektuari buruzko oinarrizko datuak, ikastetxeko hizkuntza-proiektuetarako lan-planaren ezarpenaren laburpenarekin batera, irakurketa-plana ardatz (A modalitatea). Dagokion elkarte edo federazioak aurkeztutako eskaeraren bidez parte hartzen duen ikastetxe bakoitzeko taula bat beteko da, eta hauek ere jasoko dira: ikastetxe bakoitzean garatu beharreko proiektuaren berariazko datuak eta zer prestakuntza-jardueratan parte hartu nahi den.

● Deskripzio-fitxa, III. eranskinean jasotakoa, non honako hauek jasotzen baitira: ikastetxeetako bakoitzean ezarriko den B modalitateko hizkuntza-proiektu eleaniztunari buruzko oinarrizko datuak. Dagokion elkarte edo federazioak aurkeztutako eskaeraren bidez parte hartzen duen ikastetxe bakoitzeko taula bat beteko da, eta hauek ere jasoko dira: ikastetxe bakoitzean garatu beharreko proiektuaren berariazko datuak eta zer prestakuntza-jardueratan parte hartu nahi den.

● Prestakuntza-jardueren deskripzio-fitxa, IV. eranskinekoa, non zehazten baitira sareko ikastetxeetan bi modalitateetako hizkuntza-proiektuak garatzeko beharrezkoak diren irakasleentzako prestakuntza-jarduera guztiak.

● Elkartearen edo federazioaren hizkuntza-proiektu globala; proiektuak, gutxienez, 4. artikuluan adierazitako atalak jaso beharko ditu, bi urterako proiekzioa kontuan hartuta.

5.– Ikastetxe jakin batek aldi berean harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak baditu federazio batekin eta elkarte batekin, edo federazio edo elkarte bat baino gehiagorekin, agindu honetatik erator daitezkeen helburuetarako, ikastetxea haietako bakar batekin azalduko da lotua. Horretarako, ikastetxearen legezko ordezkariaren adostasunezko idatzia atxiki beharko da.

6.– Aurkeztutako eskaeran akatsen bat, datu ez-zuzenen bat dagoela edo agiriren bat falta dela ikusten bada, 10 eguneko epea emango zaio eskatzaileari arazoa zuzen dezan.

7. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak kudeatuko du agindu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak emateko prozedura.

8. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

Hautaketa-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko. Honako hauek osatuko dute:

● Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Irakasleen Hobekuntzarako arduraduna: batzordeburu jardungo du.

● Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak izendatutako bi teknikari. Horietako batek idazkari lanak egingo ditu.

● Berritzegune Nagusiko bi aholkulari, hizkuntza-arloan adituak direnak.

9. artikulua.– Hautaketa-prozedura.

1.– Hautaketa-batzordeak eskaera bakoitza ebaluatuko du agindu honetako V. eranskinean jasotako baremoa kontuan hartuta. Horretarako, behar diren txosten teknikoak eskatu ahal izango dizkie laguntza-zerbitzuei.

2.– Eskaera kanpoan geratuko da, baldin eta lan-planaren balorazioak gutxienez 9 puntu lortzen ez baditu 1.1. atalean, V. eranskinean jasotako baremoa aplikatuta.

3.– Eskabideen balorazioa kontuan izanik, hautaketa-batzordeak ebazpen-proposamen bat prestatu eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari igorriko dio. Proposamen horretan jasoko da zer hizkuntza-proiektu –bi modalitateetakoak– hautatu diren, eta zein ikastetxetan egingo diren proiektu horiek, baita federazio edo elkarte bakoitzari zer diru-laguntza ematea proposatzen den ere. Gainera, kanpoan utzitako eskabideen zerrenda sartuko da, kanpoan uzteko arrazoiak aipatuta.

10. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Federazio edo elkarte bakoitzari emandako diru-laguntzaren zenbateko osoak elkarte edo federazioak aurkeztutako hizkuntza-proiektua garatzeko jasotako prestakuntza-jardueren kostu osoa estali ahal izango du, eskatutako modalitatearen arabera, kontuan hartuta ikastetxe bakoitza agindu honen 1. artikuluan azaldutako modalitateetako batean soilik egon ahalko dela, eta betiere Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta honako muga hauekin:

a) Gehienez ere, 100 euro ordainduko dira hizkuntza-proiektua garatzeko berrikuntza-proiektuan jasotako prestakuntza-jarduera bakoitzean emandako ordu bakoitzeko. Jarduera emateari egotzitako gastu gisara zenbatu ahalko dira honako hauek: batetik, prestakuntza-jardueraren kostua, prestakuntza ematen duen erakundeak aurkeztutako aurrekontuaren arabera; eta, bestetik, ikastaroa emango duen irakaslearen joan-etorriek, ostatu hartzeak eta otorduek eragindako gastuak, baldin eta prestakuntza-erakundeaz kanpokoa bada eta prestakuntza-saio horiek justifikatuta badaude proiektua gauzatzeko aurkeztutako proiektuan. Inolaz ere ez dira prestakuntza-jardueraren kostutzat joko jardueran parte hartzen duten irakasleen joan-etorrietarako edo jan-edanetarako gastuak.

Prestakuntza-jarduerak emateko ondorioetarako, prestakuntza-zerbitzuak azpikontratatu ahal izango dira elkarteak eta/edo federazioak prestakuntza hori emateko langile kualifikaturik ez badu. Gehieneko muga diruz lagundutako guztizko zenbatekoaren % 50 izango da, azpikontratu guztien prezioak batuta.

Lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten dituenean Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean –zeinaren bitartez Espainiako ordenamendu juridikoan txertatzen baitira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB Zuzentarauak– kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua diru-laguntzaren aurretik egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (justifikazioan edo, hala badagokio, diru-laguntzaren eskabidean aurkeztuko dira), efizientzia eta ekonomia irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.

b) Ez da diruz lagunduko 10 ordu baino gutxiagoko prestakuntza-jarduerarik.

c) Ez dira ordainduko eta ez dira kostu moduan hartuko jardueran parte hartzen duten irakasleak ordezteko langileak kontratatzearen ondoriozko gastuak.

d) Hizkuntza-proiektuak eta haietan jasotako irakasleen prestakuntza garatzean beharrezkoa bada prestakuntzarako material bibliografiko lagungarriak erostea, horregatik ordaindu beharreko kopurua ezingo da izan proposatutako diru-laguntza osoaren ehuneko hogei baino gehiago.

e) Diruz lagundu ahalko dira proiektua garatzeari lotutako zuzendaritza-, koordinazio-, segimendu- eta ebaluazio-gastuak, proiektua ikastetxeetan ezartzeari lotutakoak, eta proiektuari dagozkion prestakuntza-jarduerei lotutakoak. Proiektuaren zuzendaritzari, koordinazioari, segimenduari eta ebaluazioari egotz dakizkiokeen gastuek orduko 25 euroren muga izango dute.

2.– 1. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura ez bada nahikoa eskaera guztiei erantzuteko proiektuaren kostuaren ondoriozko zenbatekoan –artikulu honen aurreko atalean aurreikusitako mugekin–, diru-laguntzen zenbatekoa banaketa proportzionalaren sistemaren bidez kalkulatuko da. Sistema horren arabera, diru-zuzkidura globala eskaera bakoitzak lortu duen puntuazioaren araberako proportzioan banatuko da –V. eranskineko baremoaren irizpideak aplikatuta–, betiere proiektuaren kostua eta eskatutako zenbatekoa gainditu gabe.

11. artikulua.– Hizkuntza-proiektuak garatzeko laguntzak.

1.– Hizkuntza-proiektua garatzeko berrikuntza-proiektua burutzen duten ikastetxeek kasuan kasuko Berritzeguneko erreferentziazko aholkulari bat izendatuta izango dute, eta hura, ikastetxeen elkarteak edo federazioak izendatutako pertsonarekin eta ikastetxean proiektuaren koordinatzaile denarekin batera, onartutako proiektuaren segimendua eta ebaluazioa egiteko lanen arduraduna izango da.

2.– Hizkuntza-prestakuntza horretan parte hartzen duten irakasleek lehentasuna izango dute berritzeguneetako aholkulariek hizkuntzen didaktikaz emandako prestakuntza jasotzeko.

12. artikulua.– Ziurtatzea.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak 30 prestakuntza-ordu ziurtatuko dizkie, ofizioz, deialdi honen babespean euren hizkuntza-proiektuak garatzen dituzten ikastetxe elkartuetako irakasleei, baldin eta partaide izan den irakasle bakoitzak proiektuan izandako arduraldiaren eta beharrezko prestakuntza-jardueretan izandako parte-hartzearen ehunekoa ikastetxe bakoitzean erabilitako ordu guztien % 80tik gorakoa bada. Horretarako, 2018-2019 ikasturtea amaitutakoan, parte hartzen duten ikastetxeei ahala emango zaie partaide izandako irakasleei buruzko datuak sartzeko aplikazio informatiko honetan: https://ikasgunea.hezkuntza.net

13. artikulua.– Diru-laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honen babesean ematen diren diru-laguntzak bateraezinak dira beste ezein erakunde publiko edo pribatuk helburu berarekin emandako beste edozein laguntzarekin.

14. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.

1.– Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hilabetera ebatziko du deialdia Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak.

2.– Ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie erakunde interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek izan dezaten horren berri.

3.– Epe horretan ebazpenik eman ezean, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Ebazpenak ez du agortuko administrazio-bidea; eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena elektronikoki jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluko 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz):

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, onartzen dela ulertuko da, salbu eta erakunde onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten badu ebazpena elektronikoki jaso eta hamar eguneko epean.

b) Diru-laguntza eman den helburu zehatzerako erabiltzea, hau da, hizkuntza-proiektua garatzeko eta, proiektu horri lotuta, irakasleak prestatzeko.

c) Konpromisoa hartzea hizkuntza-proiektuen garapenean ikasitakoa hezkuntza-komunitate osoari helarazteko, EAEko hezkuntza-administrazioak eleaniztasunari buruz antolatutako ikastaroetan, jardunaldietan edo prestakuntza-saioetan.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari euren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzei buruz.

e) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.

f) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatuz gero, horren berri ematea Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.

g) Lankidetzan aritzea Hezkuntza Sailarekin prestakuntza-jardueretan parte hartu duten irakasleen segimendu eta ebaluazioan, bai eta orokorrean hizkuntza-proiektuen ebaluazioan eta proiektu horiek gauzatzen diren ikastetxeetan proiektuok duten eraginari buruzko ebaluazioan ere.

16. artikulua.– Ordaintzea.

Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da, eta honela egingo dira ordainketak:

a) Lehen ordainketa emandako diru-laguntzaren zenbateko osoaren herena izango da, eta deialdiari buruzko ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean egingo da, baldin eta tartean laguntzari berariaz uko egin ez bazaio eta lehen ordainketari dagokion zenbatekoaren gutxienez % 50 justifikatu badu erakunde onuradunak.

b) Bigarren zatian gainerakoa ordainduko da, erakunde onuradunak 17. artikuluan aipatutako frogagiriak ikasturtea amaitu eta 2019ko ekainaren 15era bitarte aurkeztu ondoren.

17. artikulua.– Laguntzak justifikatzea.

1.– Artikulu honetan aipatutako justifikazio-agiriak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira honako helbide honetan: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.

2.– Erakunde onuradunek, 2018-2019 ikasturtea amaitutakoan, ekainaren 15era arteko epea izango dute hautatutako hizkuntza-proiektuari buruzko memoria aurkezteko. Memorian, honako hauek jasoko dira:

– Hizkuntza-proiektua zer neurritan gauzatu den parte hartu duten ikastetxeetako bakoitzean, eta hura orokorrean ebaluatzea.

– Zer prestakuntza-jarduera egin diren, eta haietako bakoitzaren txostena, honako hauek adieraziz: edukia, eskainitako plaza-kopurua, parte-hartzaile kopurua eta zenbatek gainditu duten ikastaroa. Era berean, prestakuntza-jarduera bakoitzaren kostu ekonomikoa adieraziko da.

– Hizkuntza-proiektuak ikastetxeetako bakoitzean izandako eraginaren adierazleak: zenbat ikasle-taldetan ezarri den, eta hizkuntzetan izan dituzten emaitzen ebaluazioa, ikasturtearen hasiera abiapuntutzat hartuta; prestatu ondoren, atzerriko hizkuntzetan B1, B2 edo C1 maila dutela frogatzeko proba ofizialetara aurkezten diren irakasleak zenbat diren, eta haien ehunekoa.

– Jasotako diru-laguntza zertarako erabili den azaltzen duen balantze ekonomikoa, eta federazio edo elkarteko organo gorenaren akta, balantze hori onartzen duena.

3.– Erakunde onuradunak, txostenarekin batera, emandako diru-laguntzaren hartzaile diren hizkuntza-proiektua eta prestakuntza-jarduerak egin direla egiaztatzen duten gastu-frogagiriak, fakturak edo bestelako dokumentuak aurkeztuko ditu. Era berean, honako justifikazio hauek ere aurkeztuko ditu: batetik, 10. artikuluko 1. zenbakiko a) letran adierazitakoak, hornitzaileen eskaintzei dagokienez, eta, bestetik, hizkuntza-proiektua edozein modalitatetan gauzatzeko azpikontratazio-ehunekoari buruzkoak.

18. artikulua.– Segimendua.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak onartutako hizkuntza-proiektuen eta ikastetxeetan duten ezarpenaren segimendua egingo du, diru-laguntzaren helburua betetzen dela bermatzeko.

19. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretakoren bat aldatzen bada, jakinarazi egin beharko da, eta gerta liteke horren ondorioz laguntza emateko ebazpena ere aldatzea.

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Diru-laguntzen onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubidearen pean egongo dira, eta, Diru-laguntzei buruzko azaroko 38/2013 Lege Orokorraren 37.1 eta 2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, honako kasu hauetan itzuli beharko dute eman eta jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barnearen dela):

● Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2033 Lege Orokorraren 37. artikuluko 1. zenbakian jasotako itzulketa-kausaren bat denean.

● Diru-laguntza erabiltzen ez denean eskatu eta eman zen helburu zehatzerako.

● Diru-laguntza eragin zuen jarduera burutzen ez denean.

● Justifikatzen ez denean diru-laguntza erabili dela eman ziren helburu zehatzetarako.

● Oro har, betetzen ez direnean azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan ezarritako obligazioak (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), agindu honetan ezarritakoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.

● Diru-laguntzaren gutxieneko aplikazio-ehunekoa, haren xedeari dagokionez, hau izango da: egiten direnean bi modalitateetarako diruz lagundutako ikastetxeko hizkuntza-proiektuen % 80 eta horretarako diseinatutako irakasleen prestakuntza-jardueren ehuneko bera. % 80 baino gehiagoko ehunekoa ez egitea erabateko ez-betetzetzat hartuko da, eta, horrelakoetan, jasotako diru-laguntzaren zenbateko osoa gehi bidezkoak diren legezko interesak itzuli beharra egongo da. Ez-betetze partziala izango da, berriz, gutxienez % 80 egitea baina % 100era iritsi gabe. Horrelakoetan, diru-laguntzaren zati bat itzuli beharko dute, zati proportzionala, diruz lagundutako proiektu globalaren egite-mailaren arabera.

2.– Itzulketarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da -dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira-, hargatik eragotzi gabe erabil daitezkeen gainerako akzioak. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

21. artikulua.– Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak erabili eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Prestatzeko eta berritzeko proiektuak» izeneko fitxategi batean sartuko dira (19. fitxategian), diru-laguntzen deialdi hau kudeatu eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 legeak aplikatuko dira prozedurako gaietan agindu honetan aurreikusten ez den guztirako.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 18a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
LABURPEN-FITXA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIPZIO-FITXA (A MODALITATEKO HIZKUNTZA-PROIEKTUAK)
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
DESKRIPZIO-FITXA (B MODALITATEKO HIZKUNTZA-PROIEKTUAK)
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
PRESTAKUNTZA-JARDUEREN DESKRIPZIO-FITXA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
ESKAEREN BALORAZIO TEKNIKOA EGITEKO BAREMOA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala