Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2018ko maiatzaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
2397

57/2018 DEKRETUA, apirilaren 24koa, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko proiektuetarako diru-laguntzak arautzen dituena.

1988az geroztik, Eusko Jaurlaritzak lehenengo eta behin giza eskubideen sustapenarekin eta ondoren memoriarekin, biktimekin edo bakearekin eta bizikidetzarekin zerikusia duten proiektuak sustatzeko diru-laguntzak emateko deialdiak egiten ari da, Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteei, udalerri zein beste erakunde batzuei zuzenduak.

Azken urteotan diru-laguntzen deialdiak irailaren 24ko 415/2013 Dekretuaren eta urtarrilaren 26ko 5/2016 Dekretuaren babesean egin dira. Lehenengoak Euskal Autonomia Erkidegoan memoria historikoaren berreskurapena, bakea, bizikidetza eta giza eskubideak jorratzen dituzten antolakunde eta gizarte-mugimenduek helburu horrekin sustatzen dituzten proiektuetarako diru-laguntzak arautzen ditu, eta bigarrenak, berriz, Terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten elkarteentzako eta erakundeentzako laguntzak.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeko azaroaren 27ko 4/2014 Legea onartuta eta institutu horren estatutuak onartzen dituen azaroaren 3ko 204/2015 Dekretuan ezarritakoaren arabera, Memoria Historikoa berreskuratzea aipatutako institutuari dagokio, eta, horrenbestez, arautze honetatik kendu egiten da.

Bestalde, Lehendakaritzako egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 70/2017 Dekretuan zehaztutako funtzio-banaketa berritik eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiari esleitutako eskuduntzetatik abiatuta, beharrezko ikusten da, orobat, esparru arautzaile bakar bat ezartzea Idazkaritza Nagusi horrek Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bidez sustatzen dituen diru-laguntzetarako.

Irailaren 24ko 415/2013 Dekretuan eta urtarrilaren 26ko 5/2016 Dekretuan jasotako laguntzak dekretu berean elkartzearen helburua da, oraingo testuinguruaren arabera, biktimek eta gizarteak partekatzen dituzten esparruak sortzea. Bizikidetza eta Giza Eskubideen 2017-2020 Planean ezarritako erronka estrategikoetariko bat da, hain zuzen, biktimen eta gizartearen arteko batasuna sustatzea, eta, zehazki, behar diren baliabideak jartzea biktimak gizartearen bizikidetza eta normalizazio arloko lorpen guztien parte senti daitezen.

Orobat, diru-laguntza horien kudeaketan pilatutako esperientziari esker, egin daitezkeen zenbait hobekuntza zehatz identifikatu ditzakegu, barne kudeaketa eta erakunde hartzaileek diru-laguntzok eskuratzeko erraztasuna hobetze aldera betiere.

Aurrekoarekin batera, diruz lagun daitezkeen proiektuei eta entitateei orientazio berria ematen zaie, eta, hala, helburu orokor batean pilatzen dira, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren sustapen-jarduerari zentzu batasuna emateko, proiektatu behar den garaiko errealitate sozialera egokitzen dena.

Arauaren helburu orokorra Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko erakundeek eta elkarteek garatutako proiektuak eta ekimenak diruz laguntzea da, baldin eta bizikidetzaren eta giza eskubideen kultura sustatzen badute gure gizartean, eta kultura horren oinarria giza duintasuna bada, eta enpatiaren eta elkartasunaren aldeko hautua egiten badu.

Esparru orokor horren barruan, diruz lagun daitezkeen proiektuak hiru jarduera-eremutan egituratzen diren hamar programetariko bat egitera bideratu beharko dira: a) Bizikidetza eta Giza eskubideak; b) Biktimak eta gizartea eta c) Dibertsitatea eta elkartasuna.

Hau guztia kokatu eta justifikatu behar da 2013-2016ko Bake eta Bizikidetza Planaren ebaluazioaren emaitzan eta gaur egun indarrean dagoen 2017-2020ko Bake eta Bizikidetza Planean.

Horrenbestez, lehendakariak hala proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko apirilaren 24an egindako bilkuran gaia eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Dekretu honen bidez arautu nahi da Euskal Autonomia Erkidegoko irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatu, udal eta beste toki-erakunde batzuen proiektuak finantzatzeko laguntzen araubidea, baldin eta bizikidetzaren kultura sustatzen badute gure gizartean, giza eskubideak errespetatzen badituzte, eta enpatiaren eta elkartasunaren aldeko hautua egiten badute.

2.– Laguntzok ondoren azaltzen diren jarduera-eremuetan sartzen diren programa eta jardueretarikoren bat egitera zuzendu beharko dira:

a) Bizikidetza eta giza eskubideak.

1.– Partaidetzako, zabalkundeko edo heziketa sozialeko jarduerak, giza duintasunaren, giza eskubideen eta bizikidetza adiskidetuaren aldeko konpromisoa sustatzera zuzenduak.

2.– Edozein biolentzia-mota, terrorismoa edo giza eskubideen urraketarekiko kritiko agertzen den eta horiek guztiak deslegitimizatzen duen kontzientzia kritikoa sustatzera zuzendutako ekimenak.

3.– Iraganeko indarkeria-moduei buruzko gogoeta kritikorako prozesuak eta gizarteratze-prozesuak ahalbidetzen dituzten programak, berrezarpen-justizia aldarrikatzen duen Europako lerroaren ildotik.

4.– Gizarte-partaidetzako eta desberdinen arteko elkarrizketako esperientziak, mintzagai hau dutelarik: elkarbizitza normalizatu baten erronkak, aniztasuna eta gizarte-elkartzea sustatzen dutenak.

b) Biktimak eta gizartea.

1.– Terrorismoaren biktimei laguntzeko ekintzak.

2.– Giza eskubideen urraketen biktimei laguntzeko jarduerak, motibazio politikoko biolentziaren testuinguruan.

3.– Biktimen eta gizartearen arteko batasuna sustatzen duten programak, bai eta biktimek bizikidetzaren aldeko ekarpena laguntzen ere, haien aurrerapenen partaide bezala..

c) Dibertsitatea eta elkartasuna.

1.– Dibertsitatearen, arrazakeriaren prebentzioa, xenofobiaren edo gorroto-delituen kudeaketa positiboaren balioak sustatzen dituzten proiektuak.

2.– Desberdintasunaren, diskriminazioaren, injustiziaren edo bazterketaren forma kritikoen aurrean elkartasunaren eta inplikazio sozialaren balioak sustatzen dituzten esperientziak.

3.– Biolentziaren adierazpen berrien, gerraren eta nazioarteko terrorismoaren aurrean, elkartasun, inplikazio eta mobilizazio sozialeko ekintzak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Diru-laguntza horietarako erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan berariaz ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik aterako dira. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emango diren laguntzen zenbateko osoak ezin du gainditu aipatutako zuzkidura edo haren kopuru eguneratuta, baldin eta indarreko legeriarekin bat etorrita, aurrekontu aldaketak onesten badira, prozeduraren ebazpena onartu baino lehen. Horrelakorik gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, biktimen eta giza eskubideen arloan eskumena duen zuzendariaren ebazpenaren bidez.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Hauek dira dekretu honen xede diren laguntzak eskatu ditzaketenak:

a) Pertsona juridiko pribatuak, irabazteko asmorik gabeak, legez eratuak, betiere haien helburuak badira, haien estatutu sozialetan aurreikusitakoaren arabera, bizikidetza eta giza eskubideak, eta beren programak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan egiten badituzte.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan helbideratutako biktimen elkarteak edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo helbideratuta daudenak, baldin eta beren elkartekideen artean Euskal Autonomia Erkidegoan izandako ekintza terroristen biktimak badituzte.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriak eta gainerako toki-erakundeak.

2.– Halaber, ezin izango dira diru-laguntzen onuradun izan diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako gorabeheraren bat duten entitateak. Ezin izango dira diru-laguntzen onuradun, orobat, sexuaren ziozko bereizkeria dela-eta kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean administrazio-zehapena edo zigor penala jaso duten erakundeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.1.c) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

3.– Entitate onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru laguntzen arloan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- eta zehapen-prozedura guztiak amaituta egotea.

4. artikulua.– Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.

1.– Dekretu honen babespean lortutako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo entitate publiko edo pribatu batzuek emandako beste laguntza batzuekin, helburu bera badute.

2.– Beste administrazio publiko edo entitate pribatu edo publiko batzuek, estatukoak edo nazioartekoak izan, emandako diru-laguntzekin bat eginez gero, laguntza horien zenbatekoa ez da izango entitate onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Gain-finantzaketarik gertatuz gero, emandako diru-laguntzari kenduko zaio gainditzen duen zenbatekoa, dekretu honetan ezarritakoari jarraikiz.

5. artikulua.– Deialdiak.

1.– Urtero egingo da dekretu honetan araututako laguntzetarako deialdia, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen bidez. Deialdi hori bi ebazpenen bidez egingo da: bat, erakunde pribatu eta irabazi-asmorik gabekoen proiektuei zuzendua, eta, bestea, udalen eta gainerako udal-erakundeen proiektuei zuzendua.

2.– Deialdiari buruzko ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira eta bertan alderdi hauek azaldu beharko dira: deialdiaren helburua, laguntzen zenbatekoa, Balorazio Batzordeko kideen izenak, eskabideak aurkezteko modua eta epea, diruz lagundutako programak eta jarduerak egikaritzeko epea, eta, hala badagokio, haien gehieneko zenbatekoa.

6. artikulua.– Eskabideak.

1.– Bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dituzte entitate interesdunek eskabideak, deialdiaren ebazpenean ezartzen den dokumentazioarekin batera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.

2.– Eskabideetan aukera egongo da laguntza eskatu duen entitateak esanbidez baimendu dezan dokumentazioaren zati bat laguntzaren organo-kudeatzaileak lortzea edo egiaztatzea, ezertan eragotzi gabe Administrazio Publikoak esleituta dauzkan, egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak.

3.– Laguntzen entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin loturikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar bezain beste alditan, eta horretarako ez du beharko entitate horien aurretiazko baimenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz. Beste autonomia-erkidego batean helbideratutako entitateen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak haiekiko elkarreragingarritasunezko zerbitzurik ez badu, zerga-betebeharrak egunean direla ziurtatzen duen agiria aurkeztu beharko da.

4.– Honako eginbehar hauek erantzukizunezko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira:

a) Beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua– helburu bererako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri eman behar da.

b) Entitate eskatzailea murgildurik ez egotea oraindik izapidetzen ari diren diru-itzulketa edo zigortze-prozeduretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasitakoak.

c) Entitate eskatzaileak ezin du ezarrita eduki laguntza eta diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik, ez administrazio arlokorik, ez zigor bidekorik, eta ezin du eduki legez debekatuta halakorik eskuratzea (ildo horretatik, kontuan izan behar dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko ezarritako zigor eta debekuak).

d) Ezin izango dute laguntzarik eskuratu Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako gainerako egoeretako batean dauden edo debekuren bat daukaten erakundeek.

e) «Minimis» araubidearen mendeko bestelako diru-laguntzak aitortzea, dagokien zerga-ekitaldian eta aurreko bietan jasotakoak, frogatzeko «minimis» laguntza berriak ez duela gainditzen 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduak, Itunaren 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoak, agindutako muga maximoa.

f) Eskabidean eta aurkeztutako gainerako agirietan emandako datuen egiazkotasuna eta zehaztasuna aitortzea, eta hala ez bada, dagokion ardura hartzea (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).

5.– Baliabide elektronikoak baino ez dira erabiliko eskabidea egin ondorengo izapideak egiteko.

7. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu edo deialdiaren ebazpenean eskatutako agiriak berekin ez baditu, Biktimen eta Giza Eskubideen arloko Zuzendaritza eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio 10 eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko; eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utziko zaiola, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.

8. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta laguntzen zenbatekoa.

1.– Laguntzak lehiaketa bidezko prozedura baten bidez esleituko dira. Horretarako, proportzionaltasun-irizpidea erabiliko da; eta, horrenbestez, dotazio ekonomikoa Dekretuaren 10.2 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu duten proiektuak jasotzen dituzten eskabideen artean.

2.– Laguntza bakoitzari –hots, hautatutako proiektu bakoitzari– dagokion zenbatekoa zehazteko, dirua proportzionalki banatzeko sistema bat aplikatuko da. Haren arabera, proiektu bakoitzean diruz lagunduko den zenbatekoa zehaztean, balorazio-fasean balorazio-irizpideak aplikatzean eskuratu dituzten puntuazioak edukiko dira kontuan. Puntuazioa portzentaje bihurtuko da, eta portzentaje hori aplikatuko da, hain zuzen ere, onartutako aurrekontuan.

3.– Ulertuko da erakunde eskatzaileak aurkeztu duela onartutako aurrekontua. Hala ere, biktimen eta giza eskubideen eskumena duen Zuzendaritzak erakunde eskatzaileari jakinarazi ahal izango dio kanpoan geratu direla deialdiarekin edo aplikatu beharreko arauekin bat ez datozen gastuak, eta eskatu ahal izango dio aurrekontua gehienez ere 10 eguneko epean zuzentzeko.

4.– Edonola ere, entitate onuradunek deialdi bakoitzean gehienez berrogeita hamar mila euro (50.000) jaso ahalko dituzte.

5.– Emandako diru-laguntzaren zenbateko osoaren % 10 administrazioko eta funtzionamenduko gastuak ordaintzeko erabili ahalko da, soldatak kanpo, salbu eta azken horiek funtsezkoak badira proiektua garatzeko eta azalpen-memorian hala jasota agertzen bada.

9. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Aurkezten diren eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzordea eratuko da; kide hauek izango ditu:

Batzordeburua:

Biktimen eta Giza eskubideen arloan eskuduna den Zuzendaritzaren zerbitzuko burua.

Bokalak:

– Lehendakaritzako Araubide Juridikoaren Zuzendaritzako teknikari bat.

– Biktimen eta Giza eskubideen arloko Zuzendaritza eskuduneko teknikari bat, aldi berean Batzordearen idazkari-lanak egingo dituena.

– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko teknikari bat (Gogora).

2.– Hurrengo paragrafoan ezarritako irizpideak aplikatuko dira eskabideen balorazioak egiteko; hori egin eta gero, Batzordeak laguntzak emateko proposamena egingo du, eta Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariari aurkeztuko dio, ebazpena eman dezan.

3.– Bermatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzen direla bileren deialdietan, gai-zerrendetan, bileretan, aktetan eta epaimahai kalifikatzaileak egiten dituen gainerako idazkietan.

4.– Balorazio Batzordearen funtzionamenduan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. eta ondorengo artikuluetan aurreikusitako araubidea aplikatuko da.

10. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Eskakizun guztiak betetzen dituzten eskabideak baloratuko dira hurrengo irizpideen eta ponderazioen arabera, eta guztira 100 puntu jaso ahal izango dituzte:

a) Entitate eskatzailea (15 puntu).

– Irabazteko asmorik gabeko entitate pribatuei, betiere haien helburuak bizikidetza eta giza eskubideak sustatzera zuzenduta badaude, proposatu duten proiektuaren antzekoak diren proiektuetan duten esperientzia eta kaudimena baloratuko zaie. – Biktimen elkarteei dagokienez, kaudimena datu hauek kontuan hartuta baloratuko da: Euskal Autonomia Erkidegoan egindako atentatuen ondorioz zenbat elkartekide izan diren terrorismoaren biktimak eta pertsona horiek lehen mailara arteko zenbat senide duten.

– Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri eta gainerako toki-erakundeei dagokienez, proposatutakoaren antzeko izaera duten proiektuak egiten metaturiko esperientzia baloratuko da.

Kasu guztietan, gainera, emakumeek udalerrien zuzendaritza-batzordeetan edo udal-kontseiluan berdintasunezko baldintzetan parte hartzea baloratuko da.

b) Entitate eskatzaileak aurreko hiru urteetan garatutako programak edo jarduerak (15 puntu).

– Aurreko hiru urteetako deialdietan garautako ekintzen kopurua, entitatea eta kaudimena (10 puntu).

– Funts pribatuen bidez egindako gastuaren estaldura (5 puntu).

c) Aurkeztutako proiektua (55 puntu).

– Dekretu honetan zehaztutako helburuekiko egokitasun-maila (15 puntu).

– Kalitate teknikoa (10 puntu).

– Kontrol-mekanismoak, helburuak lortu direla eta gastuaren eraginkortasuna bermatzeko (10 puntu).

– Pertsonen eta entitate pribatuen inplikazioa proiektuarekiko (5 puntu).

– Benetako onuradunak edo parte-hartzaileak diren pertsonen kopurua (10 puntu).

– Genero-ikuspegia nola integratzen den programetan, jardueretan eta ekintzetan, alegia, emakumeen eta gizonen egoerak, baldintzak, jomugak eta beharrizanak modu sistematikoan kontuan hartuz, eta, horretarako, desberdintasunak desagerrarazteko eta berdintasuna sustatzeko helburu eta jarduketa zehatzak txertatzea politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horien plangintza-, egikaritze- eta ebaluazio-fase guztietan. Ildo horretatik, baloratuko da pertsona edo erakunde eskatzaileak zer-nolako bidea egin duen emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politiken eta jarduketen garapenean. (5 puntu).

d) Entitate eskatzaileak proiektua gauzatzeko aurkezten dituen baliabide pertsonalak eta materialak, herri administrazioek diruz lagundutakoak ez direnak (15 puntu).

2.– Balorazio orokorrean 40 puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskabideak ezingo dira diruz lagundu.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak emango du laguntzak onartzeko edo ukatzeko ebazpena, eta, hala badagokio, emandako laguntzen zenbatekoa ere zehaztuko da bertan.

2.– Ebazpen horrek ez dio bukaera emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiko titularrari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Ebazpena 6 hilabeteko epean eman beharko da, baita erakunde interesdunei jakinarazi ere, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik hasita. 4.– Epe hori pasa bada eta ez bada ebazpen berariaz jakinarazi, eskaerak ezetsi zaizkiela ulertu beharko dute entitate interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Entitate onuradunen zerrenda, baita emandako diru-laguntzen zenbatekoa ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, denek jakin dezaten.

12. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntza bi alditan ordainduko da: lehenengoan, emandako zenbatekoaren % 75 ordainduko da, 14.2 artikuluan adierazitako epea igaro eta berehala, pertsona interesdunak uko egin ezean; eta gainerakoa laguntza ematea eragin zuen xedea bete dela eta jasotako funtsak dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoaren arabera aplikatu direla egiaztatu eta gero.

13. artikulua.– Egiaztatzeko epea eta modua.

1.– Diru-laguntza justifikatuko da egindako programaren edo jardueraren txosten xehatua aurkeztuz; hor adieraziko da nola integratu duen genero-ikuspegia bere baitan, gastuen eta sarreren balantzea izango du eta, halaber, hor aurkeztuko dira diruz lagundutako proiektua edo programa gauzatzeko egindako gastuen jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuak.

2.– Halaber, memorian erantsiko dira diru-laguntzen erabiltzaileen edo onuradunen kopuruen adierazleak eta datuak, baita diruz lagundutako proiektua gauzatu duten langileenak ere, sexuaren arabera bereizita; salbuespen gisa, entitate onuradunak, garatutako proiektuaren ezaugarriak direla-eta, datu horiek ezin eskuratu ditzakeela justifikatzen duenean izan ezik.

3.– Justifikatzeko agiri horiek biktimen eta giza eskubideen eskumena duen Zuzendaritzari bidali behar zaizkio, gehienez ere hilabete bateko epean, jarduera egiten den egunetik hasita, eta, nolanahi ere, deialdia egin eta hurrengo urteko urriaren 1a baino lehenago.

14. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunek diru-laguntza onartzeak dekretu honetan ezarritako arau guztiak onartzea dakar berez, bai eta itzulketen eta zehapenen erregimenarekin lotuta dauden bermeak onartzea ere, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean ezarritakoak.

2.– Baldin eta diru-laguntza eman dela jakinarazten den egunetik zenbatu beharreko 15 eguneko epean entitate onuradunak berariaz egiten ez badio uko idazki bidez, onartu egin duela ulertuko da.

3.– Zehazki, entitate onuradun bakoitzak honakoak bete beharko ditu:

a) Diru-laguntzaren xede den programa edo jarduera egitea.

b) Diru-laguntzaren xedea bete dela eta jasotako funtsak dekretu honen 13. artikuluan ezarri bezala aplikatzen direla egiaztatzen duen agiria aurkeztea.

c) Biktimen eta Giza Eskubideen arloko zuzendaritza eskudunaren eta Kontrol Ekonomikoaren Bulegoaren egiaztatze-lanak onartzea, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntzei eta diru-laguntzei dagokienez, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak ezarritakoak ere.

d) Bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik xede berarekin jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Biktimekin eta Giza Eskubideekin loturiko zuzendaritza eskudunari.

e) Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, Biktimen eta Giza Eskubideen arloko zuzendaritza eskudunari horren berri ematea.

f) Diruz lagundutako jarduera guztietan berariaz aipatzea Eusko Jaurlaritzaren lankidetza, eta programen hartzaileei ere horren berri emango zaie.

g) Biktimen eta Giza Eskubideen arloko zuzendaritza eskudunari ematea diruz lagundutako proiektuak gauzatzerakoan sortutako materialak biltzen dituen artxibo digitala, zuzendaritza horrek webgunean herritarren esku jar ditzan, edo dagokien URL helbidea ematea haietarako esteka sartu ahal izateko.

h) Igorritako dokumentu guztietan hizkera sexistarik erabiliko ez dela bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraikiz.

i) Erakunde onuradunek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte zabalkunde-jardueretan eta diruz lagundutako proiektuetatik sortutako argitalpenetan.

15. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko erakundea.

Biktimen eta Giza Eskubideen arloko zuzendaritza eskudunari dagokio dekretu honen babespean iragarritako deialdian aurreikusitako diru-laguntzen kudeatze-lanak egitea.

16. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

1.– Biktimen eta Giza Eskubideen arloko Zuzendaritza eskudunak egoki jotzen dituen egiaztapenak egin ahalko ditu emandako diru-laguntzari dagokionez, eta, hala behar izanez gero, hura emateko aurkeztutako frogagiri guztiak eskuratu ahalko ditu.

2.– Biktimen eta giza eskubideen eskumena duen Zuzendaritzak aldian behin azter dezake aurreikusitako jarduerak dekretu honen helburuei egokitzen zaizkien, eta egoki ikusten dituen egiaztapenak egin ditzake, laguntza ematen duen ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen direla bermatzeko.

17. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak eta, edozein kasutan, beste administrazio batzuek edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako diru-laguntzak eta hau aldi berean jasotzeak, diru-laguntza hori emateko ebazpena aldaraz dezakete, betiere onuradun izateko arau honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak gordetzen badira eta laguntza emateko ezarrita dagoen norgehiagoka-araubidea desitxuratzen ez bada.

2.– Ondorio horietarako eta 9. artikuluan aurreikusitako kide anitzeko organoaren proposamenez, biktimen eta giza eskubideen eskumena duen Zuzendaritzako titularrak ebazpena emango du emandako diru-laguntzen kopuruak berriro egokitzeko. Hala ere, baldintzen aldaketek emandako diru-laguntza handitzea ekartzen badute, onar daitezke, hasieran emandako diru-laguntzaren zenbatekoa inola ere aldatu gabe.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

Diru-laguntza ematea eragin zuten baldintzetako bat ez dela betetzen egiaztatzen bada, jasotako kopuruak eta sortutako berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari, hala agintzen baitute, batetik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak– eta, bestetik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituenak–. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan dago jasota. Horrez gain, egoki diren gainerako ekintzak abiaraziko dira. Zehatzago esanda, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan jasotzen diren gertakariek eta egoerek eragingo dute dirua itzuli beharra.

19. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Emandako diru-laguntza itzultzeko prozedura, ezarritako baldintzak edo betebeharrak bete ezean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuari eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuari jarraituko zaie. Beraz, honako hau izango da itzulketa-prozedura:

a) Biktimen eta Giza Eskubideen arloan eskumena duen zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio entitate interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo epea alegaziorik egin gabe bukatu ondoren, Biktimen eta Giza Eskubideen arloan eskumena duen zuzendariak bukatutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez.

c) Ebazpenean adierazten bada baldintzak ez direla bete, galdutzat joko da diru-laguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua hil biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Borondatezko alditzat joko da epe hori.

d) Borondatez ordaintzeko epean itzulketarik egiten ez bada, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko organo eskudunari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatuari jarraituz.

e) Hamabi hilekoa izango da aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik diru-laguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehienezko epea. Itzulketa-prozeduraren hasierako erabakia hartzen denean hasten da epea.

20. artikulua.– Hizkuntza-eskubideak.

Dekretu honen eremuan, herritarrek euskara zein gaztelania erabili ahalko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin dituzten harremanetan, ahoz zein idatziz, eta hizkuntza horretan arreta jasotzeko eskubidea bermatuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu honetan jasotako laguntzek edo diru-laguntzek honako hau bete beharko dute: Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamendua, Itunaren 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa (DOUE, L 352/1, 2013-12-24). Laguntza horiek minimis gisa sailkatzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko bati emandako laguntza guztizkoak ez du gainditzen 200.000 euroko zenbatekoa, hiru ekitaldi fiskaleko ezein alditan. Muga horretatik beherako diru-laguntzek merkataritzarik eragiten ez diotela edo lehiakortasuna faltsutzen ez duela; horren ondorioz, ez dira sartzen Europako Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira irailaren 24ko 415/2013 Dekretua eta urtarrilaren 26ko 5/2016 Dekretua: memoria historikoaren berreskurapena, bakea, bizikidetza eta giza eskubideak jorratzen dituzten proiektuetarako diru-laguntzak arautzen dituena eta terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten elkarteentzako eta erakundeentzako laguntzak arautzen dituena, hurrenez hurren.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honetan berariaz aurreikusten ez den guztian, arau hauek aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko apirilaren 24an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA


Azterketa dokumentala