Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 2018ko apirilaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
2309

EBAZPENA, 2018ko apirilaren 13koa, Lan eta Justizia Saileko Zerbitzu zuzendariarena, zeinaren bidez Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordearen esku uzten baita Lan eta Justizia Sailaren mendeko administrazio-bulegoak eta egoitza judizialak goi- eta behe-tentsioko energia elektrikoz eta gas naturalez hornitzeko kontratazioa, baita telekomunikazio zerbitzuena ere, zeinak bere baitan hartzen dituen saileko telefonia finkoa eta Internet.

Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetzari dagokio kudeaketa bateratuaren arloan eta kudeaketa bateratukotzat deklaratutako higiezinen arloan kontratazioa egitea, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren kontratazio-araubidea onartzen duen uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 15. eta 17. artikuluetan eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuko 19.d) artikuluan.

Bestalde, 116/2016 Dekretuak 20. artikuluan ezartzen duenez, kontratazio zentralizatukotzat deklaratu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren erakundeek orokorrean eta ezaugarri nagusi bertsuekin kontratatzen dituzten hornidura, obra eta zerbitzuak.

Badira urte batzuk modu zentralizatuan kontratatzen dela goi- eta behe-tentsioko energia elektrikoaren hornidura eta gas naturalaren hornidura kudeaketa bateratuko eraikinetan, Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetzaren eskumeneko sare korporatiboaren telekomunikazio-zerbitzuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko gainerako sailei eta haren erakunde autonomo eta sozietate publikoei atxikitako eraikinetan eta, sektore publikokoak izanik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren parte ez diren beste zenbait erakunderi atxikitakoetan. Hartara, zerbitzuak hobeto kudeatzeaz gainera, gastu publikoa arrazionalizatu egiten da.

Egun, kontuan hartuta aurrerago dekretu bat onartuko dela energia elektrikoaren eta gasaren horniduren kontratazioa modu zentralizatuan erostea xedatuko duena, kontratazioa modu zentralizatuan egiteko bide egokiena 40/2015 Legearen 9. artikuluan eskumenak eskuordetzan emateko ezarritakoa da (urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena). Honela dio artikulu horrek:

«1.– Herri-administrazioetako organoek beste organo batzuei beren eskumenak eskuordetzan eman diezazkiekete, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira, nahiz eta bata bestearen mendekoak ez izan,...».

Horrenbestez, Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak esleitzen dizkidan eskumenak baliatuz, tartean administrazio-kontratazioko atalaren ardura, honako hau

EBAZTEN DUT:

I.– Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordearen esku uztea I. eta II. eranskinetan adierazten diren eraikinak goi- eta behe-tentsioko energia elektrikoz eta gas naturalez hornitzeko kontratazioaren eskumena 2019rako. Eskuordetze hori luzatu egingo da harik eta erosketa zentralizatuko prozeduraren ondoriozko kontratua indarrean jarri arte (kontratu hori erosketa zentralizatua deklaratzeko aurrerago onartuko den dekretuaren bidez gauzatuko da).

II.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordearen esku uztea 2019. eta 2020. urteetako telekomunikazio zerbitzuen kontratua (urtebete luza daitekeena), zehazki III. eranskinean azaltzen diren egoitzen telefonia finkoa, komunikazio mugikorrak eta internet hartzen dituena.

III.– Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean aurreikusitako arlo hauetara zabalduko da eskuordetzea, betiere kontratuari aplikatzekoak badira:

– Kontratua prestatzea (II. liburua, I. titulua, I. kapitulua, 1. atala).

– Kontratua esleitzea (II. liburua, I. titulua, I. kapitulua, 2. atala).

– Administrazioren prerrogatibak: aldatzea, azkentzea, lagapena eta azpikontratazioa (II. liburua, I. titulua, I. kapitulua, 3. atala).

– Kontratua formalizatzea (II. liburua, I. titulua, I. kapitulua).

Eta, bereziki, II. liburuan, II. tituluko IV. kapituluan, hornidura-kontratuari buruz aurreikusitakoa.

IV.– Eskumena ematen duen organoaren barruan jarraituko dute kontratazio-organoari dagozkion gainerako eskumenek, eta, bereziki, egindako zerbitzuen betetzeari onespena emateko eta haien ordainketa agintzeko eskumenek.

V.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eskuordetze hau, eta argitara eman eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 13a.

Zerbitzu zuzendaria,

JUAN IGNACIO URRESOLA ARECHABALA.

I. ERANSKINA
ENERGIA ELEKTRIKOAREN ESKUMENAREN ESKUORDETZEAK ERAIKIN HAUEK HARTUKO DITU
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
GAS NATURALAREN ESKUMENAREN ESKUORDETZEAK ERAIKIN HAUEK HARTUKO DITU
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
TELEKOMUNIKAZIO ARLOKO ESKUMENAREN ESKUORDETZEAK ERAIKIN HAUEK HARTUKO DITU
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala