Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

77. zk., 2018ko apirilaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2168

AGINDUA, 2018ko apirilaren 17koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dei egiten baitzaie Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Prest_Gara Plana garatzeko 2018-2019 ikasturtean zehar proiektuak aurkeztuz Hezkuntza Sailarekin lankidetzan aritu nahi duten erakunde publiko eta pribatuei.

Hezkuntza Sailari dagokio unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleen prestakuntza antolatzea eta zaintzea irakasleek irakasle izateko prestakuntza baldintza onetan eta beharrezko kalitatearekin egiteko duten eskubidea eta betebeharra betetzen direla, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 102. artikuluan jasota dagoen bezala. Prestakuntza-prozesu horien azken xedea ikasleak direnez, prestakuntzak zentzua du hezkuntza-sistemaren ekitatearen eta bikaintasunaren onerako den neurrian, eta hezkuntza-sistema horretako erreferentzia ikaslea da, prestakuntzari zentzua eta hezkuntza-esparruari berrikuntza ematen baitizkio.

Horregatik, Hezkuntza Sailak irakasleak prestatzeko plana egin du. Plan horretan, alde batetik, prestakuntza-proposamenak egin ditu, unibertsitateaz kanpoko irakasleen lan-gaitasuna hobetzearren, eta, zehatz esateko, hezkuntza-sistema hobetzearren; eta, beste alde batetik, bideak irekitzen ditu irakasleek beren lanean sumatzen dituzten beharren eta egiten dituzten eskaeren araberako prestakuntza etengabea emateko. Alde horretatik, Hezkuntza Sailak konpromisoa eta ardura hartzeko eskatzen die prestakuntza hartu behar duten irakasleei, eskuratutako jakintza horiek ikasgelako eguneroko lanean isla daitezen, eta ikastetxean inpaktua sor dezaten, hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetze aldera.

Plana definitzeko eta, batez ere, abian jartzeko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, bere zerbitzuez gain, zenbait erakundek lagundu eta parte har dezan behar du. Prestakuntzaren arloan aritzeko duten gaitasuna guztiz onartuta izan behar dute erakunde horiek; izan ere, horrek bermatuko du helburuak beteko dituela planak.

Hezkuntza Sailak bultzatu nahi du irakasleen esperientzia abiapuntu duen eta ikastetxeen testuinguruan sar daitekeen prestakuntza nagusiki praktikoa. Horregatik, prestakuntza-jardueretan proiektu edo jarduera bat egitea, prestakuntzaren baitan, proposatuko zaie irakasle parte-hartzaileei, ikasgelan edo ikastetxean aplikatzeko, eskuratutako jakintzak praktikan jartzeko eta ikastetxean azaltzeko. Eta atzerriko hizkuntzak irakasteko ikastaroetan, adituak ez diren irakasleei bideratuta daudenetan, edukiei lotutako ikaskuntza-metodologia erabiliko da.

Agindu honen bitartez, plan honetan parte hartzeko interesa duten erakunde guztiei egiten diegu dei proiektuak aurkez ditzaten, kontuan hartuz 2018-2019 ikasturteko jarduera-esparruak eta prestakuntza-ikastaro eta ekintzak. Era berean, proiektu horiek aurkezteko mekanismoak eta epeak, proiektuak hautatzeko prozesuak eta hautaketa egiteko organo arduraduna ezarri dira, eta esleipen-irizpideak argitaratu dira. Halaber, prestakuntza-jarduerak zein baldintzatan burutuko diren ere adierazi da.

Horregatik guztiagatik, indarrean diren legeekin bat eginik, eta abenduaren 22ko 5/2017 Legean baimendutako kredituen arabera nahikoa aurrekontu badagoenez (lege horren bidez onartu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko aurrekontu orokorrak), eta orokorrean aplikatu beharreko gainerako xedapenak aintzat hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan irakasleak prestatzeko lanetan ari diren edo horrelako lanetan aritzeko prest egongo liratekeen legez eratutako erakunde publiko eta pribatuei dei egitea, unibertsitateaz kanpoko Irakasleak Etengabe Prestatzeko Plana garatzeko proiektuak aurkez ditzaten, unibertsitateaz kanpoko Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Prest_Gara Plana garatzeko Hezkuntza Sailarekin lankidetzan.

2.– Helburu hori lortzeko, guztira, 712.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura.

3.– Deialdi hau lehiaketa-sistemaren bidez ebatziko da.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Deialdi honen onuradunak izango dira legez eratutako erakunde publikoak eta pribatuak, Euskal Autonomia Erkidegoan Prest_Gara planaren baitan irakasleak prestatzeko jarduerak egiten dituztenak edo egiteko prest daudenak Deialdi honen ondoreetarako, erakundetzat hartuko dira bakarrik prestakuntza-jarduerak egitea xede duten edo prestakuntza-jarduerak eta beste batzuk egitea xede duten diru-irabazi asmorik gabeko federazioak eta elkarteak.

3. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

1.– Laguntzen onuradun izan ahal izateko, erakunde eskatzaileek honako betebehar hauek bete beharko dituzte.

a) Agindu honen bidez araututako diru-laguntzen edo laguntzen deialdietan inork ezingo du parte hartu baldin eta zigor-arloko zehapena edo administrazio-zigorra dela-eta diru-laguntzak edo laguntzak jasotzeko aukera galdu badu edo horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean badago, sexu-diskriminazioagatik zigortutakoak barne, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera eta kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean.

b) Erakundeak ez dira Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean egon beharko.

c) Erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izan beharko dituzte.

d) Erakunde eskatzaileek zuzen eratuta eta inskribatuta eman beharko dute dagokien erregistroan, eta Ekonomia Jardueretan alta emanda egon beharko dute, prestakuntza-jarduerei dagokien epigrafean.

2.– Onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetze-prozesuan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.

3.– Organo kudeatzaileak automatikoki, eta beharrezkoa den guztietan, egiaztatuko du laguntzak eskatu dituzten unibertsitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; haien oniritzia jaso beharrik gabe egingo du hori, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

4.– Interesdunek, Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

5.– Eskabideari erantsitako erantzukizunpeko aitorpen baten bidez, hauek egiaztatuko dira:

a) Ez dela eskuratu helburu bererako inolako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako bitartekorik edozein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatutatik.

b) Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.

c) Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela, eta ez dagoela Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan jasotako egoeraren batean.

6.– Erakunde onuradunak dokumentuak ez aurkezteko eskubidea du, baldin eta haiek kasuan kasuko prozedurari aplika dakizkiokeen arauek eskatzen ez badituzte, edo administrazio jardulearen eskutan badaude, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikulua aplikatuz.

Eskubide horretaz baliatu ahal izateko, erakunde interesdunek eskaeran adierazi beharko dute dokumentazioa administrazioaren eskuetan dagoela, eta horrez gainera, kasu bakoitzean zer datatan eta zer prozeduratarako aurkeztu ziren ere jarri beharko dute.

4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Hurrengo ataleko multzoetako jarduera batekin edo gehiagorekin zerikusia duten lankidetza-proiektu bat edo gehiago aurkez ditzakete erakunde eskatzaileek. Aurkeztutako lankidetza-proiektuko jarduera guztiak gauzatzeko beharrezkoak diren giza baliabideak eta antolamendu-baliabideak izan beharko dituzte erakunde laguntzaileek.

2.– Prestakuntza-jarduerak multzo hauetan banatzen dira, eta adierazten den aurrekontua dute esleituta:

1. multzoa: atzerriko hizkuntzen arloko prestakuntza-jarduerak:

1.1. multzoa: atzerriko hizkuntzen arloko prestakuntza-jarduerak, 2018ko udan egiteko: 110.000 euro.

1.2. multzoa: atzerriko hizkuntzen arloko prestakuntza-jarduerak, 2018-2019 ikasturtean zehar egiteko: 200.000 euro.

2. multzoa: unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-etapetan irakasleek (prestakuntza-zikloetakoek izan ezik) izan beharreko lanbide-gaitasunak garatzeko prestakuntza-jarduerak (atzerriko hizkuntzen arloko prestakuntzakoak izan ezik), eta indarrean dagoen curriculumarekin eta Hezkuntza Sailak markatutako jardute-eremuekin zerikusia duten jarduerak.

2.1. multzoa: 2018ko uztailaren 9tik 2018ko urriaren 31ra egiteko prestakuntza-jarduerak: 132.000 euro.

2.2. multzoa: 2018ko azaroaren 5etik 2019ko ekainaren 30era egiteko prestakuntza-jarduerak: 200.000 euro.

3. multzoa: sailak aurreikusten ez dituen baina erakunde laguntzaileek proposatzen dituzten prestakuntza-jarduerak, duten eduki, ikuspuntu edo izaera berritzailearengatik irakasleen etengabeko prestakuntzarako bereziki interesgarriak direnak: 70.000 euro.

3.– Agindu honen III. eranskinean dago sailak 1.1, 1.2, 2.1 eta 2.2 multzoetan proposatzen dituen prestakuntza-jardueren zerrenda. Haien berariazko edukia eta gauzatzeko baldintzak (helburuak, edukiak, orduak, gauzatzeko herria eta datak...) erakunde eskatzaileen eskura daude URL honetan: http://www.prestgaraentidadeak

4.– Erakunde eskatzaileek aukera izango dute sailak aurreikusi gabeko prestakuntza-jarduerak proposatzeko, duten eduki, ikuspuntu edo izaera berritzailearengatik irakasleen etengabeko prestakuntzarako bereziki interesgarriak badira. Jarduera horiek 3. multzoko hautaketa-prozedurako eskabideetan sartuko dira, eta lau baldintza bete beharko dituzte: berritzaileak izatea, Hezkuntza, Sailak bultzatzen dituen lehentasunezko lerroen edukiekin bat etortzea (I. eranskinean biltzen da eduki hori), prestakuntza gutxienez 15 ordukoa izatea eta gutxienez 20 plaza eskaintzea.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko 2018ko maiatzaren 13ra arteko epea egongo da.

2.– Hezkuntza zientifikoaren eta ekintzailetzaren alorreko berrikuntza-proiektuaren datu teknikoak eta aurrekontuari buruzkoak bete beharko ditu erakunde interesdunak, esteka honetan eskura duen aplikazio informatikoan: http://www.prestgaraentidadeak.eus

3.– Eskaerak, bana erakundeak lagundu nahi duen jarduera-multzo bakoitzeko, elektronikoki aurkeztuko dira, osorik eta ondo betetako eskabide elektroniko bidez: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/prest_gara/y22-izapide/eu/

4.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

5.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, hamar eguneko epean bete gabe utzitakoa betetzeko edo falta diren agiriak aurkezteko eskatuko zaio erakunde eskatzaileari, eta, hala egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko dela ohartaraziko zaio.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte eskabidea, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

Prozedura honetako izapide guztiak baliabide telematikoen bidez egin ahal izateko, erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioak onartutako edozein ziurtagiri elektroniko erabil dezakete. Esteka honetan kontsulta daiteke zer ziurtagiri elektroniko dauden baimenduta: https://euskadi.eus/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/certificados_admitidos/eu_cert_ele/certificados_electronicos.html

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Teknologiako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak; ebazpen horren bidez, Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zen.

3.– Eskaeraren ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: http://www.euskadi.net/misgestiones

7. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

8. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

Aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da. Bertan, bi sexuetako ordezkariak egongo dira, eta gutxienez % 40ko oreka mantendu beharko da. Honako hauek osatuko dute balorazio-batzordea:

Batzordeburua: Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Irakaslegoa Hobetzeko Zerbitzuaren arduraduna.

Batzordekideak:

– Hezkuntza Berriztatzeko Lurraldeburutzen arduradunak.

– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako bi teknikari. Bietako baten ardura izango da idazkari-lanak egitea.

– Berritzegune bateko zuzendari bat.

9. artikulua.– Proiektuak aukeratzea.

1.– 1.1, 1.2, 2.1 eta 2.2 multzoetako proiektuak aukeratzeko, II. eranskinean eskaerak baloratzeko finkatzen den baremoa hartuko da kontuan – puntu gehien lortzen dituena aukeratuz- eta ezetsi egingo dira gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten proiektuak. 3. multzoko proiektuak aukeratzeko, V. eranskinean finkatzen den baremoa hartuko da kontuan – puntu gehien lortzen dituena aukeratuz- eta ukatu egingo dira gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten proiektuak.

2.– Ebaluazio-batzordeak bere esku izango du eskatu beharreko txosten teknikoak eskatzea aurkezten diren proiektuak egoki baloratzeko. Era berean, proposaturiko jarduerak hobeto burutze aldera, proposatu beharreko aldaketak proposatu ahal izango ditu.

3.– Deialdi honen 4. artikuluko multzoetako jardueretan, aurkezten diren proiektuekin ez baldin bada aurreikusitako dotazioa erabat agortzen, ebaluazio-batzordeak aukerakoa du sobran geratzen diren kopuruak beste multzoen artean banatzeko proposatzea.

4.– Ebaluazio-batzordeak Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari igorriko dizkio ebazpen-proposamenak.

10. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

Jardueraren gutxi gorabeherako kostuaren % 100 esleitu ahal izango die hautatutako proiektuei Hezkuntza Sailak, gastu onargarrien kontzeptuak (prestakuntza ematen duten irakasleen gastuak, dietak eta joan-etorriak, gastu materialak, eta beste administrazio- eta kudeaketa-gastu batzuk) kontuan hartuta, erakunde laguntzaileak aurkeztutako aurrekontuaren arabera.

11. artikulua.– Diru-laguntzen bateraezintasunak.

Diru-laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako beste edozein laguntzarekin, iturri publikoetatik nahiz pribatuetatik etorri.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, ebaluazio-batzordeak egindako proposamena ikusita, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hileko epean emango du deialdiari buruzko ebazpena.

2.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan emango dira argitara 4. artikuluan datozen multzoetako bakoitzari dagozkion ebazpenak. Hala egin eta hurrengo egunetik aurrera, argitaratze horrek jakinarazpen indarra izango du. Ebazpenean zehaztuko dira eman diren diru-laguntzen zerrenda (zenbat eman den zehatuta), eman ez direnena (arrazoiak zehaztuta), eta prozeduratik kanpo geratu direnena (arrazoiak zehaztuta).

3.– Aurrekoa hala izanik ere, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

4.– Epe hori igarota, ez bada ebazpenik ematen, eskabideak ukatu egin direla ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Araubide Juridiko eta Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan xedatuaren ondorioetarako.

5.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, ebazpen baten bidez, diru-laguntzak bertan behera utziko ditu baldin ikusten badu, irakasleek izena emateko epea bukatu eta gero, proiektu jakin bateko ekintzetan ez dela bete eskaintzen ziren plazen % 40 ere. Halakoetan, Hezkuntza Sailak egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuta jakinaraziko die aipaturiko proiektuen erakunde onuradunei, betiere jarduera hasi baino lehen.

6.– Prozeduraren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide Heziketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

7.– Diru-laguntzak ematea arautzen duen publikotasunaren printzipioa betez, emate-ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, denek horien berri izan dezaten.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz):

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza onartutzat joko da deialdiaren ebazpena elektronikoki jakinarazi eta hurrengo egunetik hamar eguneko epean erakunde onuradunek espresuki eta idatziz uko egiten ez badiote.

b) Diru-laguntza zer helburu zehatzetarako eman den, horretarako erabiltzea, hau da, Hezkuntza Sailak ezarri bezala eta gauzatzeko baldintza egokietan egitea prestakuntza-jarduera.

c) Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz.

d) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.

e) Diru-laguntza emateko kontuan hartu duen egoerarik aldatuz gero, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea.

f) Prestakuntza-ekintza bakoitza gauzatzeak dakarren administrazio-kudeaketako datu eta agiri guztiak Hezkuntza Sailari ematea, eta irakasleen segimendu eta ebaluazioko zenbait lan egitea. Horrela, zeregin hauek izango dituzte erakundeek:

● Onartutako pertsonen asistentzia-kontrola egitea, eta parte-hartzaileen bajak Irakasleen Hobekuntzarako Zerbitzuari jakinaraztea, erreserbako zerrenda kudeatzeko.

● Parte hartzen duten irakasleei gai edo ez gai kalifikazioa ematea. Erakundeak ezingo die gai kalifikazioa eman jarduera-orduen % 80ra joaten ez diren parte-hartzaileei, ez eta dagokion proiektua, txostena edo memoria entregatzen ez dutenei ere. Gerora ezin izango da kalifikazioa aldatu, errakuntzak edo aipatu gabeak izan ezik; edonola ere, aldaketak ondo justifikatu beharko dira, agiri bidez.

g) Emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunaren inguruan indarrean dagoen arautegia betetzea.

14. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

1.– Diru-laguntzak zatika ordainduko dira, bi alditan:

a) Lehenengo aldian, diruz lagundutako guztiaren % 60 ordainduko da, abenduaren 30erako, eta ordaindu ere ikastaroan onartutako eskabide guztiak kontuan hartuta prestakuntza-jarduera guztiak egin direla bermatzen denean.

b) Bigarren aldian ordainduko da gainerako % 40a, betiere 2019an eta 15. artikuluan adierazitako dokumentazioa jaso eta gero.

2.– Agindu honetako 3.3 artikuluan xehatutakoaren arabera, ordainketa egin aurretik, egiaztatuko da erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela.

15. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– Diru-laguntzaren justifikazioa bide elektronikoz aurkeztu beharko da, web-gune honetan: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

2.– Jarduera bukatu eta gehienez ere hilabeteko epean, erakundeak, diruz lagundu den jarduera bakoitzeko, agiri hauek denak bildu eta Irakasleen Hobekuntzarako Zerbitzura bidali beharko ditu:

a) Jardueraren garapenari buruzko akta, hau jasotzen duena:

● Jardueraren garapenari buruzko balorazio orokorra.

● Irakasle parte-hartzaileen zerrenda. Berariaz adierazi beharko dute irakasle bakoitzaren bertaratze, partaidetza eta aprobetxamenduaren ehunekoa.

● Gai kalifikazioa lortu duten irakasleen zerrenda.

b) Ikastaroan erabilitako irakaskuntza-materialen kopia digital bat: apunteak edo material inprimatua, softwarea, aurkezpenak, ariketak eta jarduerak.

c) Ikastaroan parte hartzen duen pertsona bakoitzeko fitxa bat, parte-hartzaile bakoitzak egin dituen jarduera praktikoen oinarrizko ezaugarriak jasotzen dituena, ikastaroaren ezaugarrietan ezarritakoarekin bat etorriz eta IV. eranskineko fitxa-ereduari jarraituz.

d) Emandako diru-laguntzaren kontura egindako gastuak egiaztatzen dituzten egiaztagiriak, fakturak edo dokumentuak, eta jarduera gauzatu dela eta diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzen duen justifikazio-memoria eta jardueraren gastuen zerrenda sailkatua, zorduna eta zenbatekoak eta hasieran aurkeztutako aurrekontuarekiko aldeak zehazten dituena.

3.– Ezarritako helburuak noraino bete diren egiaztatze aldera, Hezkuntza Sailak kasuan-kasuan ezarritako ebaluazio-prozeduren pean egongo dira jarduerak, erakundeek ezarrita dauzkaten barruko ebaluazio-tresnak direnak direla.

16. artikulua.– Laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatzen bada, jakinarazi egin beharko da, eta gerta liteke horren ondorioz laguntza emateko ebazpena ere aldatzea.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Diru-laguntzen erakunde onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta –Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):

● Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2033 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. zenbakian jasotako itzulketa-kausaren bat denean.

● Diru-laguntza erabiltzen ez denean eskatu eta eman zen helburu zehatzerako.

● Diru-laguntza eragin zuen jarduera burutzen ez denean.

● Justifikatzen ez denean diru-laguntza erabili dela eman ziren helburu zehatzetarako.

● Oro har, betetzen ez direnean azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan ezarritako obligazioak (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), agindu honetan ezarritakoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.

18. artikulua.– Datuak babestea.

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta datuak babesteko euskal bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraituz, deialdi hau bideratzean bildutako datu pertsonalak «Erakunde laguntzaileak» izeneko fitxategi batean jasoko dira –parte-hartzaileek baimena eman dutenean datu horiek tratatu eta argitara emateko–. Fitxategi horren xedea da diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta deialdian parte hartzen duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea. Fitxategi horren ardura Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak du. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Era berean, prozedura honetan parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste herri-erakunde batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak benetakoak direla.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore publikoaren araubide juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea aplikatuko dira administrazio-prozedurako gaietan agindu honetan aurreikusten ez den guztirako.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean izango da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 17a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
JARDUKETA-ESPARRUAK

Hezkuntza, hezkuntza-sistemaren helburua ikasleen erabateko hezkuntza da. Horretarako, oinarrizko konpetentziak eskuratzeko aukera-berdintasuna bermatu behar da, aniztasuna eta gaitasun ezberdinak behar bezala kudeatuz eta bikaintasunerantz etengabe aurrera eginez. Sistemak irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan etengabeko hobekuntza bilatu behar du, bai eta hezkuntza-komunitate osoak prozesu horretan laguntzea ere.

Hori horrela izanik, Hezkuntza Sailak lehentasunezko ildoak ezarri ditu, eta horietara bideratu behar dituzte ahalegin guztiak hezkuntza-zerbitzuek. Ildook kontuan hartu beharko dira Irakasleen Prestakuntza/Berrikuntza Plana definitzerako orduan.

1. ILDOA: ELEANIZTASUNERANTZ

Eginkizuna:

Eskola-elkarteak prestatu Ikasleek komunikatzeko konpetentzia nahikoak gara ditzaten bi hizkuntza ofizialetan eta hirugarren hizkuntza batean (funtsean, ingelesean). Eta ikasleek garatutako Hizkuntza Komunikaziorako Gaitasun elebidun-eleaniztun hori asertibitatez, egokitasunez eta eraginkortasunez kudeatu dezaten gizarte-testuinguru gero eta anitzagoetan eta konplexuagoetan, izan hemengo gizarte sareetan zein mundu globalizatuan.

● Mundura eta beste kultura batzuetara irekita dagoen euskal gizarte eleanitza sortzeko. Euskara hizkuntza komuna izango duena; ekitatea, inklusioa eta gizarte-kohesioa areagotzeko

● Euskararen erabilera zabala eta kalitatezkoa lantzea eta eskaintzea

● Mugikortasuneko eta kultura-, arte- eta zientzia-trukeko aukera-berdintasuna erraztea.

● Dimentsio europarra integratzea.

Helburuak:

● Trebatzea hizkuntzetan espezialista diren irakasleak metodologia berrietan eta baliabide didaktikoetan, ahozko dimentsioa nabarmenduta, ahozko hizkuntza erabilera-hizkuntza izan dadin, ez soilik ikasketa-hizkuntza.

● Hizkuntzetan espezialista diren irakasleen arteko koordinazioa errazteko beharrezkoa duten aholkularitza ematea.

● Irakasleekin partekatzea ikas-irakas prozesuen jarraipen eta ebaluazioen ondorioak.

● Irakasleak prestatzea egungo ikasleek beharko dituzten komunikazio trebetasun berriak garatzeko. Izan ere, XXI mendeko euskal gazteek hizkuntza-prestakuntza luze-zabalagoa beharko dute; norberaren konpetentzia eleanitzaren kudeaketak eta gizartearen aniztasun eta konplexotasun hazkorrak plantetatuko dizkien erronkei erantzuteko.

● Baliabideak eskaintzea Hezkuntza alorreko eragileei hizkuntzaren erabilera kalitatezkoa, hizkuntza ahularen aldeko jarrera eta jokaera garatzeko.

● Hizkuntzen arteko bizikidetza ziurtatzea.

● Atzerriko hizkuntzan espezialistak ez diren irakasleak gaitzea, edukiak hirugarren hizkuntza batean eman ahal izan ditzaten.

● Irakasleen artean europar egitarauen markoaren barne dauden prestakuntza-ekintzetan parte-hartzea erraztea.

2. ILDOA: ANIZTASUNEAN ELKARREKIN BIZITZEN IKASI

Eginkizuna:

Eskola-elkarteak prestatu ikasle guztiek hezkuntza-komunitatearen barruan daudela senti dezaten, eta beren gaitasunak ahalik eta gehien garatzea, pertsonen eskubideak eta duintasuna errespetatuta. Eta ikasleak prestatzen joatea XXI mendeko (hemengo eta mundu zabaleko) gizarte anitz eta konplexuan duintasunez jasangarritasunaren ildotik bizitzeko.

Helburuak:

● Irakasleen artean Eskola inklusiboaren esparruan aniztasunari erantzuteko plan estrategikoa (2012-2016) bultzatzea.

● Irakasleei, oro har, hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleak antzemateko tresnak ematea.

● Irakasle espezialistei eta gainerako hezkuntzako langileei hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleak detektatzeari, identifikatzeari eta artatzeari buruzko etengabeko prestakuntza erraztea.

● Irakasleei ikasle ororen, hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleena barne, presentzia, parte-hartzea eta lorpena errazten duten ikas-irakas metodologiei eta estrategiei buruzko prestakuntza ematea.

● Irakasleak ikasgelako liskarren eta jokabide arazo larrien kudeaketan trebatzea.

● Irakasleei gelan adimen anitzak garatzeko prestakuntza ematea.

● Ikasleen artean Bake eta Bizikidetza Plana (2013-2016) bultzatzea.

● Irakasleen artean Hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa hezkuntza sisteman lantzeko gida-plana bultzatzea.

● Irakasleen artean Adimen gaitasun handiko ikasleen hezkuntzarako planean aurreikusitako jarduerak bultzatzea.

● Irakasleei prestakuntza eskaintzea testuinguru kaltetuetan bizitzeagatik gizarte bazterkeriaren arriskuan egon daitezkeen ikasleei behar duten arreta emateko.

● Irakasleen artean Ikasle ijitoen eskolatzea hobetzeko plana (2012-2015) bultzatzea.

● Irakasleei bertako zein Europako testuinguruetan bizikidetzaren eta aniztasunaren arretaren arloko esperientzia, proiektu, jakin-nahi eta abarren trukerako espazio bat ematea.

● Irakasleek eta ikasleek benetako testuinguruetan beharrezkoak dituzten trebeziak garatzeko, mugikortasuna erraztea.

● Irakasleak prestatzea egungo ikasleei hizkuntza-elkarbizitzarako trebetasunak garatzen laguntzeko. Izan ere XXImendeko gazteek hizkuntza-elkarbizitza «bestela» garatzeko moduan egongo dira, eta hizkuntza-elkarbizitzari era konszientez eta ekitatez ekiteko hainbat gizarte trebetasun garatu beharko dituzte (asertibititea, enpatia, elkartasuna...).

● Irakasleak jasangarritasuna, ekitatea, justizia soziala eta elkartasuna bizitzeko konpetentzietan prestatzea.

● Irakasleak prestatzea ikasleak biodibertsitatearen errespetu eta zainketa trebetasunak garatzen laguntzeko, pertsona, kultura eta hizkuntza dibertsitateak, Planetako biodibertsitatearen barne daudela ulertuz.

● Unibertsitateak eta gainontzeko Sail eta eragileekin elkarlanean prestakuntza ekintzak sustatzea.

3. ILDOA: SARE_HEZKUNTZA

Eginkizuna:

Eskola-elkarteak prestatu ikasleek tresna digitalak eraginkortasunez erabiliz gaitasun digitala eskuratzeko eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesua hobetzeko.

Helburuak:

● Irakasleak irakaskuntza-ikaskuntza prozesua hobetzen lagun dezaketen tresna digitaletan trebatzea.

● Irakasleei tresna digitalek ikasgelan erabiltzen den metodologian izan ditzaketen erabilera eta aplikazioen berri ematea.

● Irakasleek material digitalak (dela beren jakintza-arloari buruzkoak, dela prestakuntza edo ebaluaziokoak) sortzea bultzatzea.

● Irakasleek hezkuntza- edo prestakuntza-baliabide gisa interesgarria izan daitekeen edozer material eskura jarri edo kontsultatu ahal izateko espazio bat eskaintzea.

● Euskara teknologiaren arloan erabiltzea erraztea.

4. ILDOA: OINARRIZKO KONPETENTZIEN GARAPENA

Eginkizuna:

Eskola-elkarteak prestatu ikasleek beren garapen pertsonalerako eta gizarte-kohesiorako oinarrizkotzat definitu diren konpetentziak gara ditzaten.

Helburuak:

● Irakasleei tresnak ematea, ezagutzak eskuratzean oinarritutako curriculum batetik konpetentzien curriculum batera igarotzea errazteko.

● Irakasleei laguntzea ikasleen oinarrizko konpetentziak hobetzeko proiektuak garatzen.

● Irakasleak trebatzea ikasleei oinarrizko konpetentziak eskuratzen edo beren maila hobetzen lagunduko dieten metodologia berrietan edo tresna didaktikoetan.

● Irakasleei, oro har, eta kontsultoreei eta orientatzaileei, zehazki, tresnak ematea, oinarrizko konpetentzia bat edo batzuk hobetzeko zailtasun handienak dituzten ikasleei laguntzeko eta haien jarraipena egiteko.

● Irakasleei bertako zein Europako testuinguruetan oinarrizko konpetentziak eskuratzearen eta hobetzearen arloko esperientziak, proiektuak, jakin-minak eta abar trukatzeko espazio bat ematea.

● Irakasleengan sustatzea jasangarritasuneranzko konpetentzien garapena paradigma sistemiko baten baitan.

5. ILDOA: BIKAINTASUNERANTZ PRAKTIKA ONEN BIDETIK

Eginkizuna:

Eskola-elkarteak prestatu ikasleek konpetentzia pertsonalaren, beren gaitasunarekiko konfiantzaren, lorpenerako motibazioaren, erantzukizunaren eta autonomiaren sentimendua eskura dezaten.

Helburuak:

● Irakasleei tresnak ematea ikasleen konpetentzia pertsonala, lorpenerako motibazioa eta ahaleginaren balorazioa lantzeko.

● Irakasleei laguntza ematea bikaintasunerako berrikuntza-proiektuetan.

● Irakasleak metodologia berrietan edo tresna didaktiko berritzaileetan trebatzea, bikaintasunerako bidean.

● Irakasleei, oro har, eta tutoreei eta orientatzaileei, zehazki, tresnak ematea, zailtasun handienak dituzten ikasleei, alde batetik, eta adimen gaitasun handiak dituzten ikasleei, bestetik, laguntzeko.

● Irakasleei laguntzea egiten dituzten praktika didaktikoetan testuinguru kaltetuetan bizitzeagatik gizarte bazterkeriaren arriskuan egon daitezkeen ikasleek, bikaintasuna lor dezaten.

● Irakasleei ematea jardunbide egokien esperientziak trukatzeko espazio bat.

● Irakasleei ematea jasangarritasun esperientzien trukaketarako espazioa.

II. ERANSKINA
1.1, 1.2, 2.1, 2.2 MULTZOETAKO BAREMOA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
prestakuntza-jardueren zerrenda
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
EGINIKO JARDUERAREN PARTE-HARTZAILE FITXA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
3. BLOKEAREN BAREMOA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala