Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2018ko apirilaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
1912

EBAZPENA, 2018ko apirilaren 4koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita beherago zehaztutako laguntzak finantzatzeko guztizko zenbatekoa aldatu egin dela, 2017. urteari dagokionez: gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntzarako laguntzak eta gizarte-ekonomiako enpresetara bazkideak sartzeko laguntzak.

Alde batetik, gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntzarako laguntzak ezartzen dituen 2017ko uztailaren 27ko diru-laguntzei buruzko Aginduak, 3.1 artikuluan, argitara ematen zuen laguntza horiei esleitutako kredituen guztizko zenbatekoa, honako hau, hain zuzen ere:

– Agindu honen xedea betetzeko, laurehun eta bi mila (402.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: berrehun eta berrogeita bat mila eta berrehun (241.200) euroko ordainketa-kreditua, 2017ko ekitaldirako; eta ehun eta hirurogei mila eta zortziehun (160.800) euroko konpromiso-kreditua, 2018ko ekitaldirako.

Diru-laguntzak emateko aipatutako aginduaren 3.2 artikuluarekin bat etorriz, guztizko zenbateko hori eguneratu ahal izango da, baldin eta indarreko legediarekin bat aurrekontu-aldaketak onartzen badira. Aldaketa horiek egingo balira, egoera hori iragarri egin beharko litzateke, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

2017-12-22an bukatu zen aurkeztutako eskabideak aztertzeko prozesua. Baldintzak betetzen zituzten laguntza guztiak emateko, kalkulatu zen 15.567,50 euro gehiago beharko zirela; 2017ko aurrekontu arruntari dagozkion 9.340,50 euro, eta 2018ko aurrekonturako konpromiso-kredituari dagozkion 6.227,00 euro.

Izapide egokiak egin ostean, aginduan aurreikusitako zehaztapenen arabera aurrekontu-baliabideak bazeudenez, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako behar beste eta behar bezalako ordainketa-kreditua bazegoela ziurtatu ondoren, aurrekontu-kredituak handitu egin ziren, aipatutako zenbatekoetan.

Bestalde, gizarte-ekonomiako enpresetara bazkideak sartzeko laguntzak iragartzen eta arautzen dituen 2017ko uztailaren 4ko Aginduak, 2.1 artikuluan jakinarazten zuen laguntza horietarako esleitutako guztizko kreditua, honako hau, hain zuzen ere:

1.– Agindu honen xedea betetzeko, berrehun eta berrogeita zortzi mila (248.000) euro erabiliko dira. Nolanahi ere, kopuru hori handitu ahal izango da, aurrekontuetan aldaketak eginez gero, indarrean dauden legeen arabera. Aldaketa horiek egingo balira, egoera hori argitara emango litzateke, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

2017-12-14an bukatu zen aurkeztutako eskabideak aztertzeko prozesua. Baldintzak betetzen zituzten laguntza guztiak emateko, kalkulatu zen 93.846,52 euro gehiago beharko zirela.

Izapide egokiak egin ostean, aginduan aurreikusitako zehaztapenen arabera aurrekontu-baliabideak bazeudenez, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako behar beste eta behar bezalako ordainketa-kreditua bazegoela ziurtatu ondoren, aurrekontu-kredituak handitu egin ziren, aipatutako zenbatekoetan.

Adierazitako lege-aginduak eta oro har ezartzekoak diren gainerakoak ikusita,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2017-07-27ko Aginduaren 3.1 artikuluan araututako laguntzak finantzatzeko esleitutako gehieneko zenbatekoaren aldaketa iragartzea. Agindu horren bitartez, gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntzarako diru-laguntzak ezartzen dira. Horrenbestez, laguntza horiek finantzatzera bideratutako diru-zuzkidura 417.567,50 eurokoa da, honela banatuta: 2017ko ekitaldirako 250.540,50 euroko ordainketa-kreditua, eta, 2018ko ekitaldirako, 167.027,00 euroko konpromiso-kreditua.

Bigarrena.– 2017-07-04ko Aginduaren 2.1 artikuluan araututako laguntzak finantzatzeko esleitutako gehieneko zenbatekoaren aldaketa iragartzea. Agindu horren bitartez, gizarte-ekonomiako enpresetara bazkideak sartzeko laguntzak ezartzen dira. Hortaz, laguntza horiek finantzatzera bideratutako diru-zuzkidura 341.846,52 eurokoa izango da.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, jende orok horren berri izan dezan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lan eta Justiziako sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasi eta hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei jarraikiz.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.

Ematen denetik aurrera izango ditu ondorioak ebazpen honek.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 4a.

Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordea,

JUAN RAMÓN AZKUE MANTEROLA.


Azterketa dokumentala