Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2018ko martxoaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1557

AGINDUA, 2018ko martxoaren 9koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez ezagutzera ematen baitira Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren (martxoaren 17ko 31/2015 Dekretuaren bidez aldatua) 1. artikuluaren a), b) eta d) hizkietan aurreikusten diren diru-laguntzen aurrekontu-zuzkidurak.

Seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakunde arteko I. Planak, Gobernu Kontseiluak 2001eko uztailaren 3ko bilkuran onetsitakoak, lana eta familia bateragarri egiteko zenbait neurri abian jarri zituen, aita edo ama izateak enpleguan eragiten dituen oztopoak kendu eta lan-bizitzak familian sorrarazten dituen mugak urritzeko asmoz. Ekimen horren bidez, bi eremuak bateragarri egin nahi dira, azken batean, gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna bultzatuz, bai lana eskuratzeko eta lanean irauteko, bai seme-alabek gehien behar duten etapetan, horiek zaintzen buru belarri aritzeko dituzten posibilitateetan. Aipagarriak dira, besteak beste, bi neurri hauek: hiru urtetik beherako haurrentzako ikastetxe-sarea garatzearen aldeko apustua, eta, Langileen Estatutua betez, seme-alabak zaintzeko eszedentziak edo lanaldi-murrizketak hartzen dituztenentzako diru-laguntzak.

I. Planaren esparruan, lehenengo, Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzeko uztailaren 16ko 177/2002 Dekretua onartu zen, eta, gero, Enplegua sustatzeko laguntzak arautzeko abenduaren 23ko 329/2003 Dekretua, zeinaren VI. kapituluan berriro antolatu baitziren lana eta familia bateragarri egiteko neurriak.

Esperientzia on horren ondoren, Eusko Jaurlaritzak, familia babesteko sistema garatzeko eta hobetzeko asmo sendoa duenez, bateragarritasun-politika indartu nahi izan zuen. Hori dela-eta, Familiei Laguntzeko Erakunde arteko II. Planean, bateragarritasuna lerro estrategikotzat jo zuen (Gobernu Kontseiluak 2006ko irailaren 26ko bilkuran onetsi zuen plan hori). Lerro horren helburu dira, hain zuzen, emakumeei lan munduan sartzen eta beren lanbide-karrera garatzen laguntzea, emakume eta gizonen arteko etxeko ardura-banaketa sustatzea, eta familia- eta lan-ardurak bateragarri egiteko erraztasunak ematea. Helburu horiek lortzen lagundu nahirik, lehenengo, Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzeko uztailaren 17ko 118/2007 Dekretua onartu zen, eta, gero, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretua, gaur egun indarrean dagoena eta martxoaren 17ko 31/2015 Dekretuaren bidez aldatu zena.

Bestalde, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen xedea da familiei babesa, arreta eta laguntza ematea, erkidego mailako familien aldeko indarreko hainbat neurri aginduz eta laguntza-neurri berriak arautuz, multzo koherentean, eta II. tituluaren II. kapitulua eskaintzen dio bizitza pertsonala, familiakoa eta lana uztartzen laguntzeko neurriei.

EAEko Familiei Laguntzeko III. Erakunde arteko Planaren –Gobernu Kontseiluak 2011ko abenduaren 27ko bilkuran onartutakoak– helburu nagusia da, zuzenbide subjektiboaren ikuspegitik, familia-politika bultzatzea, familiak beren bizitza-ziklo osoan zehar sustatu, osatu eta laguntzeko. Plan horren beste helburuetako bat da familien garapen-aukeretan aurrera egitea, laguntza-eskaintza baten bitartez. Eskaintza horri esker eragotziko da bizitza familiarra, pertsonala eta lanekoa erantzukidetasunez uztartu ezin dituzten familiak ordezkatzea, zeregin horretarako hirugarrenak eskuordetzea edo familia horiek zeregin horretan amore ematea.

Ikuspegi horretatik, EAEko Familiei Laguntzeko III. Erakunde arteko Planak bere neurrien artean sartzen du familia- eta lan-bizitza bateragarri egiteko laguntza-programa mantentzea, aipatutako ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuan ezarritako moduan.

Herri Administrazioaren printzipioetako bat da diru-laguntzei publikotasuna ematea. Hori dela-eta, 177/2010 Dekretuaren 53.4 artikuluan aurreikusten da Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, sailburuaren agindu baten bidez, urtero jakinaraziko duela aurrekontuko zenbateko hornidura dagoen dekretu horretan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, edo, hala badagokio, hornidura horren eguneratzearen ondoriozko diru-kopurua finantzatzeko.

Horri dagokionez, beharrezkoa da agindua EHAAEuskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 49.2 artikuluan agindutakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1979 Legegintzako Dekretuak onartu zuen lege hori–. Izan ere, testu horrek dio EHAAn argitaratu beharko direla araudi erregulatzaileak, laguntzen eta diru-laguntzen deialdiak eta, hala gertatzen denean, laguntza emateko proposamena egingo duen organoaren osaera; halaber, interesdunentzat garrantzitsuak diren egintzak ere argitaratuko dira, baldin eta modu orokorrean eragiten badiete.

Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren 15. artikuluaren c) hizkiak xedatzen du familia-politikaren gaian ekimen zuzeneko prestazioen eta jardueren kudeaketa, Familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legean bildutako baldintzetan, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzari esleituriko funtzioa dela, eta hori, dekretu horren 13.2 artikuluak xedatzen duenez, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Politiketako Sailburuordetzaren mendekoa da.

Horregatik, 177/2010 Dekretuan jasotzen den Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari buruzko aipamena Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari egindako erreferentziatzat hartu behar da gaur egun, eta azken sail horretako sailburuari dagokio agindu hori ematea.

Horrenbestez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen da, onuradun izan daitezkeenek diru-laguntza programa horren berri izango dutela bermatzeko.

Beraz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.2 artikuluan eta ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren 53.4 artikuluan agindutakoari jarraituz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren (martxoaren 17ko 31/2015 Dekretuaren bidez aldatua) 1. artikuluaren a), b) eta d) hizkietan aurreikusitako diru-laguntza lerroak betetzeko, 32.577.100,00 euro bideratuko dira, 2018an, honela banakaturik:

– 32.710.674,00 euro, seme-alabak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa egoeran dauden langileen laguntzetarako.

– 1.875.100,00 euro, mendetasun egoeran edo osasun egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia murriztu duten langileen laguntzetarako.

– 400.000,00 euro, seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzetarako.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Hasierako aurrekontu-horniduran eguneraketarik geratzen bada, horren berri Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez emango da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 9a.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.


Azterketa dokumentala