Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2018ko martxoaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1555

67/2018 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita 2010eko abenduaren 30ean Estatuko Administrazio Orokorrarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren gehigarria argitaratzea. Hitzarmenaren helburua Neutroien Espalazio bidezko Iturri Europarraren (ESS-Bilbao European Spallation Source Bilbao) Espainiako egoitza eraiki, tresnatu eta ustiatzea zen.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrarekin sinatu da aipatutako gehigarria, eta merezi duen zabalkundea eman nahirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea 2010eko abenduaren 30ean Estatuko Administrazio Orokorrarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren gehigarriaren testua. Hitzarmenaren helburua Neutroien Espalazio bidezko Iturri Europarraren (ESS-Bilbao European Spallation Source Bilbao) Espainiako egoitza eraiki, tresnatu eta ustiatzea da. Gehigarria ebazpen honen eranskinean jasota dago.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 9a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEŃA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 9KO 67/2018 EBAZPENARENA
2010EKO ABENDUAREN 30EAN ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRAK ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAK SINATUTAKO LANKIDETZA-HITZARMENAREN GEHIGARRIA. HITZARMENAREN HELBURUA NEUTROIEN ESPALAZIO BIDEZKO ITURRI EUROPARRAREN (ESS-BILBAO EUROPEAN SPALLATION SOURCE BILBAO) ESPAINIAKO EGOITZA ERAIKI, TRESNATU ETA USTIATZEA ZEN

Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduren 29a.

HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Estatuko Administrazio Orokorraren aldetik (hemendik aurrera, «EAO»), Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioa (hemendik aurrera, «EILM»), eta hura ordezkatuz, Luis de Guindos Jurado jauna, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko ministroa (kargu horretarako, azaroaren 3ko 417/2016 Errege Dekretuaren bidez izan zen izendatua; azaroaren 4ko BOE, 267. zk.), Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.2 artikuluak emandako eskumena baliatuz.

Eta beste aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren aldetik (hemendik aurrera, «EAE»), Aranzazu Tapia Otaegui andrea, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, eta Cristina Uriarte Toledo andrea, Hezkuntzako sailburua. Bi karguak Lehendakariaren 27/2016 eta 31/2016 Dekretuen bidez esleitu zitzaizkien, hurrenez hurren. Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluan emandako eskumena baliatu dute.

Hitzarmen honetan esku hartzen duten aldeek gaitasun juridikoa eta jardutekoa aitortzen diote elkarri, gehigarri honetan xedatuta dagoen bezala elkar behartzeko, eta horretarako, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

I.– Ministerioetako sailak berregituratzen dituen azaroaren 3ko 415/2016 Errege Dekretuari jarraikiz, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak du Gobernuaren ikerketa zientifikoaren, garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren arloko politika proposatu eta gauzatzeko ardura.

II.– 2010eko abenduaren 30ean, bi administrazioek lankidetza-hitzarmen bat (hemendik aurrera, «hitzarmena») sinatu zuten, Neutroien Espalazio bidezko Iturri Europarraren (ESS-Bilbao European Spallation Source Bilbao) Espainiako egoitza eraiki, tresnatu eta ustiatzeko. Hitzarmena ESSren Espainiako egoitza eraiki, tresnatu eta ustiatzeko Partzuergoak kudeatzen du (hemendik aurrera, «ESS-BI» edo «Partzuergoa»); hitzarmenaren laugarren klausularen hirugarren paragrafoa dela-eta du izen hori.

III.– Partzuergoaren helburua klausula horren bigarren paragrafoan adierazita dago. Klausula horren arabera, Partzuergoa, alde batetik, Neutroien Espalazio bidezko Iturri Europarraren Espainiako egoitza da, eta, bestetik, ikerketa-zentro beregaina, espezializatuta dagoena zientzia eta teknologia partikulen azelerazioaren arloan garatzeko lanetan.

IV.– Hitzarmena sinatu ondoren, ESS europar proiektuak (hemendik aurrera, «ESS-AB») jarraipena eman dio bere bilakaerari. Gaur egun, 2010. urtearen amaieran ezezagunak ziren elementu mamitsuak ditu, eta elementu horiek 2015. urtearen erdialdean Ikerkuntzaren Azpiegituraren Europako Partzuergoa sortzea eragin zuten (partzuergo hori Kontseiluaren ekainaren 25eko 723/2009 Araudian ezarrita zegoen), ESS-ERIC izeneko partzuergoa, eta araudi horretan adostuta dago, nazioarteko gainerako bazkideekin, Espainiak honela parte hartuko duela:

a) Eraikitze-faseak 2025era arte iraungo du. Espainiak fase horretan egingo dituen ekarpenak ESS-BIren bidez bideratuko dira.

b) Espainiak ESSren % 3ko gastuen ordainketan parte hartuko du. Kopuru horren bi heren Estatuko Administrazio Orokorrak finantzatuko ditu, eta beste herena, ordea, Euskal Autonomia Erkidegoak.

c) Horrek 55,29 milioi euroko kopurua ematen du (2013ko balioak), eraikitze-fasekoa (2014-2025).

d) Kopuru horretatik % 90eko ekarpen bat egingo du Espainiak, gauzatan ordainduz. Horrek 49,76 milioi euroko kopurua ematen du. Kopuru horretan, EAA-Abk egindakotzat jotzen ditu EAA-Bik aurre-eraikuntza fasean gauzatan egindako ekarpen gisa emandako bost milioi euro. Beraz, gauzatan egiteko dagoen ekarpena 44,76 milioi eurokoa da.

e) Bestalde, Espainiak c) letran aipatutako kopuruaren % 10 ordaindu beharko du, eskudirutan, zehatz esanda, 5,53 milioi euro.

f) ESS-Bik egiteko dauden 50,29 milioi euroko ekarpenak egiteko, 64,52 milioi euro gastatu beharko direla uste da.

g) Espainiak eraikuntza-fasean egin beharreko ekarpena 2016-2025 aldian egingo du, baina eskudirutan egiteko ekarpenak 2018an hasiko dira.

V.– Beraz, Espainiak ESS-ERICen behin betiko izango duen parte-hartzea adostu ondoren, eta behin ESS-Biren bidez egin beharko diren ekarpenak, gauzatan egitekoak, identifikatu eta kuantifikatuz gero, gehigarri honen bidez egokitu behar da 2010eko abenduaren 30ean sinatutako hitzarmena. Horrela, aldaketa esanguratsurik sartu gabe sakondu ahal izango da ESSren Espainiako egoitza eraiki, tresnatu eta ustiatzeko ezarritako lankidetza-sisteman, eta aurre ahal izango die ESS-ERICekiko 2025era bitarteko betebehar guztiei, aldeen ekarpen ekonomikoak haientzat aurreikusitako egikaritze-erritmora moldatuz.

VI.– Gehigarri hau izenpetu arte partzuergoko bi administrazioek 49 milioi euro eman dizkiote partzuergoari. Horietatik 30 Estatuko Administrazio Orokorrak eman ditu, eta gainerako 19ak, ordea, Euskal Autonomia Erkidegoak.

VII.– Estatuaren 2017rako Aurrekontu Orokorren ekainaren 27ko 3/2017 Legearen 46. xedapen gehigarriak baimentzen du partzuergoak gehienez ere 18 milioi euroko zorra izatea 2017an. Bestalde, partzuergoaren helburuak errazago betetze aldera, finantzaketa-esparruaren diseinuak aurreikusten du EILMk 18 milioi euroko mailegu bat ematea ESS-Bilbao partzuergoari, eta mailegu hori gerora itzuli beharko da, partzuergoko administrazioen ekarpenen kontura, beren funtsen kontura edo 2019-2025 aldiko Europako funtsen kontura.

VIII.– Era berean, gehigarri honen bitartez partzuergoaren estatutuetan sartuko dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen VI. kapituluan (Partzuergoena) aurreikusitakoa betetzeko behar diren egokitzapenak. Gainera, partzuergoa gaur egun duen egoerara egokitzeko beste egokitzapen batzuk sartu dira.

IX.– Partzuergoaren Zuzendaritza Kontseiluak gehigarri hau onartu zuen, 2017ko uztailaren 21eko bileran, eta hitzarmenaren zortzigarren klausula eta hitzarmenaren eranskin gisa agertzen diren eta indarrean dauden estatutuen 22. artikulua bete nahirik.

Azaldutako guztiagatik, aldeek erabaki dute gehigarri hau sinatzea, klausula hauen arabera.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Gehigarriaren xedea.

Hau da gehigarri honen xedea:

a) Partzuergoko bi administrazioen konpromiso hau formalizatzea: Espainiak ESS-ERICi eman beharreko ekarpenak ESS-Bilbao partzuergoaren bidez bideratzea Espalazio bidezko Iturri Europarra eraikitzeko fasean (fase hura 2025ean bukatzea aurreikusita dago), IV. azalpen-puntuan ezarritakoaren arabera.

b) 2010eko abenduaren 30ean Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak sinatutako lankidetza-hitzarmena aldatzea. Hitzarmen hura Neutroien Espalazio bidezko Iturri Europarraren (European Spallation Source, ESS) Espainiako egoitza eraiki, tresnatu eta ustiatzeari buruzkoa zen. Gehigarriaren bidez aldatu nahi da, orobat, hitzarmenaren eranskin gisa agertzen diren estatutuak, baldintza horietara egokitzeko eta VII. azalpen-puntuan aipatzen diren legezko arauek ezarritako aldaketak sartzeko.

c) EILMk ESS-Bilbao Partzuergoari 18 milioi euroko mailegu bat ematea, 2019tik 2025era bitarteko aldian itzultzekoa dena, partzuergoko administrazioen ekarpenen, beren funtsen edo Europako funtsen kontura emango dena, eta mailegu horren baldintzak ezartzea.

Bigarrena.– 2010eko abenduaren 30ean Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak sinatutako lankidetza-hitzarmena aldatzea. Hitzarmena Neutroien Espalazio bidezko Iturri Europarraren (European Spallation Source, ESS) Espainiako egoitza eraiki, tresnatu eta ustiatzeari buruzkoa zen.

Bat.– Bigarren klausula aldatu da (Izaera juridikoa), eta honela dio:

Partzuergoak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 118. artikuluan ezarritakoa betez, nortasun juridiko propioa eta bere kideetatik bereizia du, eta estatutu berriak (dokumentu honen I. eranskina) izango ditu arau, hura osatzen baitute eta harengandik ezin baitira bereizi. Aplikagarria den legeria ere izango du arau.

Bi.– Laugarren klausularen (Kostuak eta finantzaketa-baldintzak) 1. atala aldatu da. Honela geratu da:

«1.– Hitzarmen honen bidez, ESS-Bilbao eraiki, tresnatu eta ustiatzeko kostuak EAO-EILMk eta EAEk finantzatuko dituzte. Kostu horiek gehienez ere ehun eta hamahiru milioi bostehun eta hogeita lau mila seiehun eta berrogei (113.524.640) eurokoak dira, eta bakar-bakarrik erabiliko dira Espainiak ESS-ERIC erakundeari emango dizkion ekarpenak bideratzeko. Gastuak honela daude banaturik:

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

».

Hiru.– Hona nola gelditzen diren idatzita laugarren klausularen 2. eta 3. atalak:

«2.– Bi administrazioen urteko ekarpenak derrigorrezkoak izango dira eta honela egin daitezke:

a) Beren aurrekontuen transferentziak eginez.

b) Europako funtsetatik datozen baliabideak esleituz. Funts haiek administrazio bakoitzari emateko ziren, zehazki Feder (Eskualde Garapeneko Europako Funtsa) edo FSE (Europako Gizarte Funtsa, ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-arlokoa) programa eragileen kontura. Esleipen hori gehienez partzuergoko administrazio bakoitzaren ekarpenaren % 70ekoa izango da, salbu eta besteak baimena ematen badu berariaz. Funts horiek lortuta, beren zenbatekoak dagokien administrazioen ekarpenen zenbatekoa gutxituko du, kopuru berean.

3.– EILMren eta EAEren 2018ko ekitaldiko eta hurrengoetako derrigorrezko urteko ekarpenei dagozkien libramenduak zati egingo dira, hiru hilean behin, dagokion ekitaldian zehar. Lehenengo hiruhilekoari dagozkion libramenduak Partzuergoaren Zuzendaritzak egindako aurreko ekitaldiko urteko kontuak EILMri eta EAEri aurkeztu ondoren egingo dira. Ekitaldiko azken hiru hilabeteetan aurkeztu beharko dira. Bigarren hiruhilekoko eta hurrengoetako libramenduak aurreko ekitaldiko dokumentazio justifikatzaile osoa aurkeztu ondoren egingo dira. Dokumentazio hori, azken batean, memoria tekniko bat izango da, Espainiak ESS-ERICen duen parte-hartzetik eratorritako konpromisoak betearaziz egindako jarduerei buruzkoa, bai eta ekitaldi horretako urteko kontuei buruzkoa ere (kontu horiek behar bezala ikuskatuko ditu Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiko organo eskudunak). Dokumentazio justifikatzaile oso hori ekitaldi bakoitza bukatu eta sei hilabeteko epean aurkeztu beharko da. Dokumentazio horrek baldintzatuko ditu bigarren hiruhileko eta ondorengoetako ordainketak, eten ahal izango baitira, dokumentazioan akatsik badago.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa salbuespentzat hartuta, partzuergoa desegiten bada aldeek, hitzarmen honen bidez, beren ekarpenak hitzematen dituzten ekitaldiren batean, ordainketak eten egingo dira, Zuzendaritza Kontseiluak desegite hori erabakitzen duen hilabetetik aurrera. Ordutik aurrera, partzuergoaren likidazio-eragiketak urriaren 1eko 40/2015 Legearen 127. artikuluarekin bat etorriz egingo dira.

Finantzatu nahi diren jarduerak bukaturik, partzuergoak ondorengo si hilabetean memoria zehatz bat aurkeztuko du, egindako jarduera teknikoena eta gastu eta sarrera guztiena.»

Lau.– Laugarren klausulari bi atal eransten zaizkio, 5.a) eta 6.a). Honela daude idatzita:

«5.– Ekitaldiaren bukaeran Partzuergoaren eskura dagoen dirua hurrengo ekitaldian bere jarduera finantzatzeko erabiliko da. Estatutuetan zehaztutako partaidetza- portzentajearen proportzio berean murriztuko da administrazio bakoitzak urte horretan egin beharreko ekarpena, salbu eta estatutuen arabera onartutako aurrekontuan bi kontzeptuak (diruzaintza eta programatutako ekarpenak) osorik aurreikusita badaude jarduera finantzatzeko. Horretarako, dagokion ekitaldiko dagozkion aurrekontu-kredituetan jasoko da, ekitaldi horretako jarduerari aplikatzeko.

6.– Hitzarmen honekin hitzemandako ekarpenak ez ezik, edozein aldek, bere aurrekontu-aukeren arabera, ekarpen gehiago ere egin ahal izango ditu, interes bereziko jarduerak bultzatzeko ekarpenak, baldin eta Zuzendaritza Kontseiluak aho batez onartzen baditu. Ekarpen horiek emaileen erantzukizun izango dira, ez beste inorena, eta dagozkien tresna juridikoen bidez gauzatuko dira. Tresna horietan ezarriko da nola justifikatu jasotako baliabideen aplikazioa, eta, hala badagokio, eskuratutako ondasunen titulartasun juridikoari buruzko xehetasunak ere emango dira.

Ekarpena egin duenak ez badu bere egiten eskuratutako ondasunen titulartasun juridikoa, beste ekarpen horiek kontuan hartuko dira baloratzeko bi administrazioek partzuergoan duten partaidetza-portzentajea.»

Bost.– Bosgarren klausula aldatzen da, eta honela dio:

«Estatuko Administrazio Orokorraren finantzaketa-konpromisoa.– Hitzarmena laugarren klausularen 1. atalean xedatuta dagoen bezala finantzatuko du Estatuko Administrazio Orokorrak, honela:

1.– Alde sinatzaileek adosten dute ESS-Bilbaok lortutako 15 milioi euroak direla EAOk 2009an lankidetza-hitzarmen hau finantzatzeko eman zuen ekarpena. Diru-zenbateko hori I+G Nazioartekotzeko Programa Nazionalaren zenbait azpiprogramaren laguntzak emateko prozeduraren deialdian lortu zen, Ikerketa Zientifikoko eta Garapen eta Berrikuntza Teknologikoko Plan Nazionalaren (2008-2011) barruan. Laguntza haiek Ikerketako Estatu Idazkaritzaren 2009ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren bidez deitu ziren (2009/06/03ko BOE). Era berean, aldeek onartzen dute Estatuko Administrazio Orokorrak 2011n 15 milioi euro gehiago jarri zituela partzuergoa finantzatzeko.

2.– EILMk 42.524.640,00 euroko transferentziak egingo dizkio partzuergoari, ekitaldika honela banaturik:

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Transferentziak 27.12.463B.74917 aurrekontu-aplikazioaren kontura egingo dira, edo hura ordezten duen baliokide baten kontura.

3.– EAOk aurrefinantzatuko ditu jarduerak % 0-ko intereseko hamazortzi (18.000.000) milioi euroko mailegu bat emanez. Diru hori partzuergoak aldeen ekarpenekin itzuliko du, bere funtsekin edo, hala badagokio, Europako funtsekin, indarrean dagoen araudia betez eta Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 111.2 artikuluan ezarritako mugen barruan.

Mailegua Estatuaren 2017rako Aurrekontu Orokorren 27.12.463B.82110 aurrekontu-aplikazioaren kontura egingo da, eta zazpi ordainketa-alditan itzuliko da. Lehenengoa 2019an egingo da eta azkena 2025ean. 2019tik 2024ra bitartean, bi milioi bostehun eta hirurogeita hamaika mila laurehun eta hogeita zortzi euro eta berrogeita hamazazpi zentimo (2.571.428,57 €); 2025ean, ordea, bi milioi bostehun eta hirurogeita hamaika mila laurehun eta hogeita zortzi euro eta berrogeita hamazortzi zentimo (2.571.428,58 €).

Partzuergoak du mailegua Altxor Publikoari itzultzeko ardura. Hori 2016ko ekainaren 29ko PRE/1064/2016 Agindua betez egingo da. Agindu horren bidez arautzen da Estatuaren Administrazio Orokorraren titulartasuneko baliabideak, tributuez eta aduanakoez bestelakoak erakunde laguntzaileen bidez biltzeko prozedura (2016ko uztailaren 2ko BOE), «Zerga bidezkoak ez diren diru-sarrerak» kontzeptuan, eta ministerioari, hitzarmenari eta ordainketa-aldiari buruzko aipamen bat eginez.

Mailegua itzultzeko beharra bete ezean, jasotako dirua itzuli beharko da, gehi berandutze-interesak, halakorik badago, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrean ezarritakoari jarraikiz. Hala ere, mailegua aurretik itzuliko da, lehenago aipatutako berandutze-interesekin batera, proiektua osorik edo zati batean ezeztatzen bada, ESS-Bilbaorengatik edo beren azpikontratatzaileengatik.

Mailegua Eskualde Garapeneko Europako Funtsak kofinantzatutako jarduera hautagarrien aurrefinantzaketari aplikatu ahal izango zaio, jarduera haiek arautzen dituen araudi berezia eta hitzarmen honen laugarren.2.b) klausulan ezarritako baldintzak betez. Kasu horretan, partzuergoaren aldeko europar itzulkinak osorik erabiliko dira mailegua amortizatzeko, dagokion administrazioaren ekarpenen zenbatekoa kopuru berean gutxituz.»

Sei.– Seigarren klausula aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Euskal Autonomia Erkidegoaren finantzaketa-konpromisoa.– Hitzarmena laugarren klausularen 1. atalean xedatuta dagoen bezala finantzatuko du Euskal Autonomia Erkidegoak, honela:

1.– Aldeek onartzen dute EAEk 2010ean 15 milioi euro jarri zituela partzuergoa finantzatzeko, 2011n 1,5 euro eta 2012an, ordea, 2,5 milioi euro.

2.– EAEk 22.000.000 euroko transferentziak egingo dizkio partzuergoari, ekitaldika honela banaturik:

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Transferentziak 3.739.00.54120.001 eta 1.717.00.64120.001 aurrekontu-aplikazioen kontura egingo dira, edo haiek ordezten dituen baliokideen kontura.»

Zazpi.– Seigarren bis klausula berria eransten da; honela dio:

«Seigarren bis.– ESS-Bilbao partzuergoaren jarduera-araubidea.

1.– Erabakiak eta akordioak hartzea, proposamenak egitea eta ekimenak proposatzea EAOri dagozkio, Espainiak ESS-ERICeko estatu kide moduan parte hartzen badu. Baina EAOk EAEko Administrazioari kontsulta egin beharko dio eta harekin adostu ESS-BIren funtzionamenduan eragina izan dezakeen edozer.

2.– EAOk ezin izango du erabaki Espainiak ESS-ERICen duen parte-hartzea handitzea; horretarako, EAEko Administraziorekin ados beharko du. Beraz, aho batez erabaki beharko da ESS BIko gobernu-organo eskudunetan.

3.– ESS-BIk parte hartuagatik, espeziatan egindako ekarpenen bidez, ESS-ERICek ESSren eraikuntzan parte hartzeko ezarritako prozeduretan, ez da inola ere ulertuko onartu egin direla laugarren klausulan ezarritako ekarpenen urteko konpromisoak baino handiagoak diren finantzaketa-beharra dakarten kontratuzko betebeharrak, salbu eta besterik adosten badute berariaz eta idatziz bi administrazioek.

4.– Espainiari ESS europar proiektuan parte hartzeagatik dagozkion ESS-ABren instalazioen erabilera-eskubideak EAOk eta EAEk baliatuko dituzte, eraikuntza-fasean egindako ekarpenen proportzioan, alegia EAOri % 64 eta EAEri % 36.»

Zortzi.– Zazpigarren klausula aldatu da (Partzuergoko langileak), eta honela dio:

«Partzuergoak langile arloan beteko du bere estatutuetan ezarritakoa.»

Bederatzi.– Bederatzigarren klausula aldatu da (Araubide juridikoa eta gatazken konponketa), eta honela dio:

«Hitzarmena interpretatu, aldatu edo azkentzeko orduan edo haren ondorioen inguruan sor litezkeen gatazkak aldeen arteko adostasunez konpondu beharko dira, Partzuergoko Batzorde Eragilearen edo Zuzendaritza Kontseiluaren bidez. Horretan ados jarri ezean, administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenaren onarpena jaso beharko dute auzi horiek.»

Hamar.– Hamaikagarren klausulak «Hitzarmena suntsiaraztea eta erantzukizunak» izena izango du, eta honela geratuko da:

«1.– Honako hauek izango dira gizarteratzeko hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak:

a) Alde guztiak elkarrekin adostuta.

b) Alderen batek ez betetzea hitzarmenaren klausuletan ezarritakoa.

c) Hitzarmena berariaz suntsiaraztea, gutxienez urtebete lehenago abisatuta, baldin eta ESS-ERICekin hartutako konpromisoak, European Spallation Source eraikitzeko faseari buruzkoak, betetzeari eragiten ez badio.

Hitzarmena suntsitzeak partzuergoa estatutuetan ezarritako eran desegitea eta gero likidatzea eragingo du.

2.– Hitzarmena suntsiarazteak eragin litzakeen ESS-ERIC erakundearekiko erantzukizunak hitzarmenkideek hartuko dituzte beren gain, haietako bakoitzari dagozkion betebeharren arabera, hitzarmena bietako baten ez-betetzeren bategatik suntsiarazten bada, eta bi aldeek gainerako kasuetan hartzen duten suntsiarazpen-akordioaren arabera, eta bati legokiokeen finantza-kostua ezin zaio inola ere besteari jasanarazi.

3.– Hala badagokio, Aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuko da. Europako erkidegoko zuzenbideko arauak ez betetzeagatiko erantzukizunaz ari da xedapen gehigarri hori.

4.– Aurreko ataletan xedatutakoa gorabehera, alderen batek ezin baditu bete bere betebeharrak, beste aldeari jakinaraziko dio, ahalik eta arinen.»

Hirugarrena.– Estatutuak aldatzea, 2010eko abenduaren 30ean Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren eranskin gisa agertzen direnak. Hitzarmenaren helburua neutroien Espalazio bidezko Iturri Europarraren (ESS-Bilbao European Spallation Source Bilbao) Espainiako egoitza eraiki, tresnatu eta ustiatzea zen.

Bat.– Estatutuetan Zientzia eta Berrikuntza Ministerioari buruz dauden aipamenak Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioari buruzkoak direla ulertuko da.

Bi.– 1. artikuluaren bigarren paragrafoa aldatu da (Eratzea), eta honela idatzita geratuko da:

«Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 3. artikuluaren 2.e) apartatuarekin bat etorriz, partzuergoa administrazio publikoa da eta irabazi-asmorik ez du.»

Hiru.– 5. artikulua honela geratzen da:

«5. artikulua.– Araubide juridikoa eta atxikipeneko administrazio publikoa.

1.– Partzuergoarentzat arau dira estatutu hauek, haiek garatzeko emandako barne-arauak eta estatutu hauetan zehaztutako atxikipeneko administrazio publikoaren ordenamendu juridikoa.

2.– Partzuergoa Estatuaren Administrazio Orokorrari atxikita dago.

3.– Partzuergoa Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemako agente betearazlea da, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 3.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4.– Partzuergoa Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko ikerketa-erakunde bat, Estatuko Administrazio Orokorrari atxikitako partzuergoentzat Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusitako araubidearekin bat etorriz.»

Lau.– Hona nola geratzen den 6. artikulua (Helbidea):

«Partzuergoaren helbidea hauxe da: Ugaldeguren III poligonoa, A poligonoa, 7B - 48170 Zamudio, Bizkaia.»

Bost.– Hona nola geratzen den 7. artikulua (Zerrenda):

«Hauek dira Partzuergoaren gobernu- eta administrazio-organoak:

a) Zuzendaritza Kontseilua.

b) Batzorde Eragilea.

c) Zuzendari betearazlea.

d) Zuzendari teknologikoa.»

Sei.– Aldatu da 8. artikuluaren 2. paragrafoa (Zuzendaritza Kontseiluaren osaera eta izaera), eta honela geratzen da idatzita:

«2.– Zuzendaritza Kontseiluak honako kide hauek ditu:

a) Bokalak: batetik, Estatuko Administrazio Orokorraren bost ordezkari, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioko titularrak izendatuak; bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren lau ordezkari, EAEko Gobernu Kontseiluak izendatuak.

b) Lehendakaria: Zuzendaritza Kontseiluko lehendakaritza txandakakoa izango da, urte bakoitzean partzuergoko administrazio batek izango baitu, eta lehendakaria kontseiluko kideen artean izango da hautatua. Hasieran, Eusko Jaurlaritzak Zuzendaritza Kontseiluan duen goreneko ordezkaria edo berak bokalen artean horretarako izendatzen duen pertsona izango da lehendakaria. Segidan, Estatuko Administrazio Orokorraren goreneko ordezkaria edo berak bokalen artean horretarako izendatzen duen pertsona izango da.

c) Lehendakariordea: lehendakariordetza txandakakoa izango da, urte bakoitzean partzuergoko administrazio batek izango baitu, eta lehendakariordea kontseiluko kideen artean izango da hautatua. Hasieran, Estatuko Administrazio Orokorrak Zuzendaritza Kontseiluan duen goreneko ordezkaria edo berak bokalen artean horretarako izendatzen duen pertsona izango da lehendakariordea. Segidan, Eusko Jaurlaritzaren goreneko ordezkaria edo berak bokalen artean horretarako izendatzen duen pertsona izango da.

Zuzendaritza Kontseiluak izendatzen duen pertsona izango da idazkaria, ahotsa izango du, baina botorik ez.

Kontseiluaren bileretara etorriko dira, orobat, zuzendari betearazlea eta zuzendari teknologikoa, ahotsa bai, baina botorik ez dutenak. Nolanahi ere, Zuzendaritza Kontseiluak, behar bezala arrazoiturik egonez gero, bi zuzendarien edo baten absentzia adostu dezake, gai-zerrendako puntu batzuei buruzko zenbait eztabaidatan.»

Zazpi.– Aldatu dira 9. artikuluaren (Zuzendaritza Kontseiluaren eskumenak) h) eta f) letrak, eta honela geratu dira:

«f) Onartzea, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 111.2 artikuluan ezarritako mugen barruan, bere jarduera ondo egiteko, partzuergoak beharko lituzkeen zorpetze-eragiketak.»

«h) Zuzendari betearazlea eta zuzendari teknologikoa izendatzea eta kargutik kentzea, haien kontratazio-aldiak zehaztea eta haien ordainsariak ezartzea. Mugak: aplikagarriak diren aurrekontu-arauak eta, hala badagokio, martxoaren 5eko 451/2012 Errege Dekretua garatzeko ezarritakoak, Estatuko Sektore Publikoko goi-karguen ordainsariei jarriak.»

Zortzi.– Aldatu dira 10. artikuluaren (Zuzendaritza Kontseiluaren deialdi-araubidea eta saioak) 3. eta 4. atalak, eta honela geratu dira idatzita:

«3.– Zuzendaritza Kontseiluan ordezkatuta dagoen alde bakoitzak boto bakarra du, zatiezina, eta boto hori erakundeak bilera bakoitzean hautatzen duen ordezkariak baliatzen du. Erakunde bakoitzaren botoak pisu hau izango du:

Estatuko Administrazio Orokorrak, % 64.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, % 36.

4.– Zuzendaritza Kontseiluak gehiengo soilez edo aho batez hartuko ditu erabakiak. 9. artikuluaren b), d) eta f) ataletan ezarritako Kontseiluaren eskumenei buruzko erabakiak gehiengo soilez hartuko dira. Artikulu horren gainerako ataletan jasotako eskumenei buruzko erabakiak aho batez hartu beharko dira.»

Bederatzi.– 13. artikuluan (Batzorde Eragilearen eskumenak) a) letraren ondoren letra berri bat erantsi da, eta a) eta h) letrak aldatu dira, eta honela geratu dira:

«b) Zuzendaritza Kontseiluari bidaltzea, onar dezan, jardueren eta proiektuen urteko planaren proposamena, eta haren jarraipena egitea, onartu ondoren.»

«a) Zuzendaritza Kontseiluari bidaltzea, onar ditzan, urteko aurrekontuaren proposamena, urteko kontuak eta aurrekontu mugaeguneratuaren likidazioa.»

«h) Onartzea, hala badagokio, zuzendari betearazlearen proposamenez eta zuzendari teknologikoak aurretiaz txostena bidali ondoren, erabiltzaileak zentroan sartzeko protokoloa».

Hamar.– Aldatu da 14. artikuluaren 3. puntua (Batzorde Eragilearen deialdien araubidea eta saioak), eta honela geratu da:

«3.– Batzorde Eragileak gehiengo soilez edo aho batez hartuko ditu erabakiak. 13. artikuluaren a), eta g) ataletan ezarritako eskumenak gehiengo soilez hartuko dira. Artikulu horren gainerako ataletan jasotako eskumenei buruzko erabakiak aho batez hartu beharko dira.»

Hamaika.– 15. artikuluaren titulua aldatu da eta hau izango da: «Zuzendari betearazlea eta zuzendari teknologikoa». Zuzendari zientifikoa dela eta ez dela 15. artikuluan dauden aipamenak zuzendari teknologikoari buruzkoak izango direla ulertuko da.

Hamabi.– 15. artikuluko 1. atala honela geratu da:

«1.– Zuzendaritza Kontseiluak izendatuko ditu zuzendari betearazlea eta zuzendari teknologikoa, erabakitzen den aldirako, eta etenik gabeko bolada berdinetan edo txikiagotan jarraitu ahal izango dute, beren karguetan berretsita. Kontratatuta egongo dira, edo aldi baterako atxikita, lanaldi osoko araubidean edo lanaldi partzialean. Haiek kontratatzeko, sektore publikoko goi-zuzendaritzako kontratuen ereduak aplikatuko dira, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak onetsitakoak.»

Hamahiru.– Honela geratzen da idatzita 19. artikulua (Kontratu-araubidea):

«Azaroren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 3. artikuluaren 2.e) atalari jarraituz, partzuergoa administrazio publikotzat hartu behar da. Hori dela eta, bere kontratu-araubideak lege horretan erakunde horientzat ezarritakoa bete beharko du.»

Hamalau.– Honela geratzen da idatzita 20. artikulua (Aurrekontu, kontabilitate eta kontrol ekonomiko eta finantzarioaren alorretako araubidea):

«1.– Partzuergoak aurrekontu-, kontabilitate- eta kontrol-araubidea bete beharko du, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrean aurreikusitakoa, Estatuko sektore publikoa osatzen duten erakundeentzat.

2.– Partzuergoa kanpotik Kontuen Epaitegiak kontrolatuko du; barrutik, ordea, Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak kontrolatuko du, Aurrekontu Lege Orokorrarekin bat etorriz aplikatu beharreko kontrol-moduen bidez.

3.– Batzorde Eragileak Zuzendaritza Kontseiluari bidaliko dio hurrengo urteko jarduera-plana, hark azter eta onets dezan; berak erabakiko du, orobat, hurrengo urteko aurrekontu-proposamena onestea ala ez.

4.– Partzuergoaren aurrekontuak Estatuaren aurrekontu orokorren barruan sartuko dira, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak ezartzen dituen moduan eta baldintzetan.

5.– Batzorde Eragileak Zuzendaritza Kontseiluaren eskuetan utziko du, onets dezan, kudeaketa ekonomikoaren memoria, inbentarioa eta urteko kontuak, aplikatu beharreko araudiari jarraikiz. Partzuergoko zuzendari betearazleak utzi behar ditu Herri Kontuen Epaitegiaren eskuetan urteko kontuak, Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiaren bidez, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 138. artikuluari jarraituz.

Partzuergoaren urteko kontuak Estatuaren Kontu Orokorrean sartuko dira.»

Hamabost.– Hona nola geratzen den 21. artikulua (Giza baliabideak):

«1.– Partzuergoko langileen araubidea atxikitako administrazio publikoarena izango da.

2.– Nolanahi ere, langileen hautaketa gaitasun-, merezimendu-, publizitate- eta lehia-printzipioei jarraituz egingo da.»

Hamasei.– Estatutuen IV. kapituluan artikulu berri bat erantsi da, 22.a, «Partzuergoaren jardueraren mugak» izenekoa. Honela dago idatzita:

«Aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 8. artikuluan aurreikusitako erantzukizun-printzipioa aplikatuz, partzuergoaren jarduera mugatuta geratuko da baldin eta partzuergoko alderen batek ez baditu betetzen finantza-konpromisoak edo aldeek adostutako beste konpromisoren bat. Zuzendaritza Kontseiluak erabakiko du zein diren mugatu beharreko jarduerak eta, hala badagokio, hartutako konpromisoak betetzen dituen administrazioaren aldeko botoa izan beharko du. Muga hori, dagokion moduan, partzuergoaren aurrekontuan islatuko da, bai eta jardueren urteko planean eta zentroaren inbertsio-programetan ere, eta eragin zuen ez-betetzeak dirauen bitartean iraungo du.»

Hamazazpi.– 22. artikulua (Giza baliabideak) 23.a izatera pasa da.

Hamazortzi.– 23. artikulua 24.a izatera pasa da, Honela geratzen da idatzita:

«23. artikulua. Partzuergoaren banaketa, desegitea eta likidazioa.

1.– Partzuergoa partzuergoko erakundeak bat etorrita desegingo da, edo bere helburuak betetzeko legezko ezintasunarengatik edo ezintasun materialarengatik, edo estatutuetan jasota dauden helburuak dagoeneko bete dituelako.

2.– Edozein aldek utz dezake partzuergotik partzuergoaren iraunaldia bukatu baino lehenago, partzuergoko beste aldeak betebeharren bat betetzen ez badu. Desegiteko eskubidea idatzi baten bidez baliatu beharko da, eta idatzi hori goreneko gobernu-organoari jakinarazi beharko zaio. Han jaso beharko da banaketak eragindako betetze-eza, betetzeko aurretiazko errekerimendua egin izana eta errekerimenduaren ondoren betetzeko emandako epea igaro izana, partzuergoaren desegitea ekarriko duena.

3.– Desegiteko erabakian zehaztuko da nola ekingo zaion partzuergoaren ondasunak likidatzeari eta obrak edo instalazioak itzularazteari, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 127. artikuluan jasotako aurreikuspenei jarraikiz beti. Partzuergoko administrazioek ekarpena egin eta gero ez badago aktiborik Partzuergoaren betebehar guztiei aurre egiteko, partzuergoko administrazioak beren gain hartuko dituzte likidatzeko dauden betebeharrak, partzuergoan dituzten partaidetza-portzentajeen arabera.»

Hemeretzigarrena.– Honela geratzen da 17. artikuluaren d) atala (Baliabide ekonomikoak):

d) Ematen zaizkien kredituak eta maileguak, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 111.2 artikuluan ezarritako mugen barruan.

Laugarrena.– Indargabetutako organoei buruzko aipamena.

Hitzarmenean eta gehigarri honen xede diren estatutuetan finantza-batzordeari buruz egin diren erreferentziak Aurrekontu, kontabilitate eta kontrol ekonomiko eta finantzarioaren alorretako araubideri buruzko Estatutuen 20. artikuluaren arabera dagokion kontrol-organoari egindakotzat joko dira.

Bosgarrena.– Indarrean jartzea.

Gehigarri hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko sektore publikoko Lankidetzako Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatu ondoren jarriko da indarrean eta ondorioak izaten hasi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.8 artikuluari jarraikiz.

Seigarrena.– Publizitatea.

Gehigarri hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Eta, adostasunaren adierazgarri, hitzarmenaren gehigarriaren bi alde sinatzen dituzte aldeek, idazpuruan adierazitako egunean eta lekuan.

Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroa,

LUIS DE GUINDOS JURADO.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala