Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

57. zk., 2018ko martxoaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1528

EBAZPENA, 2018ko martxoaren 2koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako lurzoru urbanizaezinean nekazaritzako eraikuntzak antolatzeko plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Donostiako Udalak, 2017ko urriaren 31n, eskabide bat aurkeztu zuen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren izapideak egiten hasteko, honako plan honi dagokionez: Donostiako lurzoru urbanizaezinean nekazaritzako eraikuntzak antolatzeko plan berezia; aurrerantzean, plana. Eskaerarekin batera, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa aurkeztu ziren, ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 29. artikuluan ezarritako edukia zutela.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko irailaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki irizten zieten oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Honako hauei eskatu zitzaizkien oharrak, zehazkiago: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritza eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza (Eusko Jaurlaritzakoak guztiak); Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Saila, Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako Saila eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia (hiruak Gipuzkoako Foru Aldundiarenak); eta Ekologistak Martxan Gipuzkoa taldea. Era berean, Donostiako Udalari prozeduraren hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak zitzan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, honako hauen txostenak jaso dira: Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza eta Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritza (Eusko Jaurlaritzakoak dira guztiak); espedientean daude horien emaitzak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Legearen (otsailaren 27ko 3/1998) 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia sartzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Ebazpen honetan aztergai den Donostiako lurzoru urbanizaezinean nekazaritzako eraikuntzak antolatzeko plan berezia ez dago Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren IA eranskineko kasuen barruan –ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren aplikazio-eremua ezartzen du–, ez baitu ezartzen legez ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrurik eta ezin baitie eragin Natura 2000 Sareko guneei ezta ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere, lekuaren kudeaketarekin loturarik izan gabe.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Aipatu 6.2 artikuluan, honako hauek jasotzen dira, besteak beste: proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten planak eta programak izanik, 1. zenbakian aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu batetik pasa beharko dira, zeinaren prozedura 29.etik 32.erako artikuluetan arautzen baita; guztia ere, aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Aztertuta geratu dira Donostiako lurzoru urbanizaezinean nekazaritzako eraikuntzak antolatzeko plan bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren (Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Donostiako lurzoru urbanizaezinean nekazaritzako eraikuntzak antolatzeko plan berezirako. Donostiako Udalak sustatutakoa da plan hori. Hona txostenaren nondik norakoak:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jardunak.

Planaren xedea da nekazaritzako ustiategiekin lotutako eraikuntza eta instalazioak baimendu eta ezartzeko baldintzak arautzea, Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (aurrerantzean, HAPO), ezarritakoak osatuz eta/edo egokituz.

Plana Donostiako lurzoru urbanizaezinean aplikatuko da eta, zehazkiago, indarreko udal-planak aipatutako nekazaritzako eraikuntza eta instalazioak baimentzen dituen eremuetan. Irismenetik kanpo geratzen da Urumearen ibarra, eremu horretan etenda geratu baitzen HAPOren onarpena, 2014an berriz indarrean jarri zen zatia izan ezik.

Planak bat egiten du HAPOn ezarritako irizpideekin; horiek garatu, osatu eta, kasuren batean, argitu egiten ditu, besterik ez, eta ez da inolako bat ez etortzerik planteatzen bi dokumentuen artean. Plan hau formulatzea beharrezkotzat jotzen da aipatutako nekazaritzako eraikuntza eta instalazioen baldintzak egoki eta arrazoiz ezartzeko, batik bat berotegiei dagokienez.

Honela multzokatu daitezke planeko xedapenak:

1) Nekazaritzako ustiategien definizioa aldatzen eta osatzen du, kontuan hartuta nekazaritza eta basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako Legean (abenduaren 23ko 17/2008) eta sektoreko gainerako arauetan ezarritako irizpideak. «Nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako ustiategia» terminoaren ordez «nekazaritzako ustiategia» erabiltzea xedatzen du. Horren barruan sailkatzen dira nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako ustiategiak.

2) Nekazaritza-industriaren definizioa aldatzen du. Planak bereizketa bat egiten du nekazaritzako ustiategien jarduera osagarrien eta nekazaritza-industrien artean. Azken termino hori nekazaritzako ustiategi batekin lotuta ez dauden nekazaritza-jarduera autonomoei erreferentzia egiteko erabiltzen da bakarrik. Bestalde, nekazaritzako ustiategiei lotuta dauden jarduerak ez dira nekazaritza-industriatzat hartuko; horren ordez, ustiategi horien jarduera osagarritzat hartuko dira. Hemen sartzen dira ustiategiko produktuen lehen eraldaketa- eta biltegiratze-jarduerak eta jatorrian bertan egindako salmenta, ustiategiaren erabilera osagarri bezala ulertuta, betiere ustiategian bertan ekoitzitako produktuak badira.

Nekazaritza-industriaren definizioak bat egiten du Nekazaritza eta Basogintzako Lurralde Plan Sektorialeko definizioarekin: lehen transformazioko nekazaritza-elikagaien arloko edo basozaintzako industriak, zenbait arrazoirengatik (funtzioa, tamaina, jatorri-izen edo zona-ekoizpen batekiko lotura, osasuna eta abar) landa-lurzoruan ezarri behar badira, eta nekazaritzako ustiategi baten erabilera lagungarritzat jotzen ez badira.

Nekazaritza-industriak indarreko HAPOko 2.1 dokumentuko (hirigintza-arau orokorrak) 78. artikuluak arautuko ditu, orain arte bezala.

3) Planak berotegiak eta abeltzaintzako instalazioak baimentzeko baldintzak aldatzen ditu. Gainerako erabilera edo jardueretarako HAPOko xedapenak aplikatuko dira.

Berotegien kasuan, tipologiak definitzeaz gain, lurzati okupatuaren azalera aldatzen da. Aldaketarik handiena gehieneko okupaziori buruzkoa da. Izan ere, HAPOk 10.000 m2-ko gehieneko okupazio bat ezartzen du berotegientzat, 60.000 m2-tik gorako lurzatietan, eta planak lurzatien okupazioaren ehunekoa handitzen du eta ez du gehieneko okupazioaren irizpiderik zehazten. Horrela, 10.000 m2-tik gorako lurzatietan % 35eko gehieneko okupazioa baimentzen da, eta irizpide osagarri bezala 5.000 m2-ko gutxieneko okupazioa baimentzen da kasu guztietan.

Abeltzaintzako instalazioei dagokienez, lurzoru urbanizaezinera, lurzatiaren mugara eta beste eraikuntza batzuetara arteko gutxieneko tarteak aldatzen dira, ustiategiaren berezko azienda motaren arabera, eta gainera beste elementu batzuen eta instalazioaren artean gorde beharreko tarteak ere arautzen dira (errepideak, landa-bideak, putzuak eta bainatzeko guneak), HAPOn ezarritakoa osatuz.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Planaren xedea indarreko hirigintza-plangintzaren xedapenak osatzea da, batik bat berotegiak eta nekazaritzako eraikuntza eta instalazioak baimendu eta ezartzeko baldintzak arautzeari dagokionez. Planak ez ditu indarreko HAPOren irizpideak aldatzen eraikuntza eta instalazio horiek altxatzeko eremu egokiak zedarritzeari dagokionez, baina irizpideak eta baldintzatzaileak zehazten ditu horien ezaugarriei eta neurriei dagokienez.

Aurkeztutako dokumentazio aztertuta, ez da aurreikusten planak ezartzea legez ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrurik, eta ezin die eragin Natura 2000 Sareko guneei ezta ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere, lekuaren kudeaketarekin loturarik izan gabe.

b) Planak zer eragin duen beste plan edo programa batzuetan. Plana indarreko HAPO garatzeko egin da. Horrela, nekazaritzako eraikuntzak eta instalazioak HAPOn zehaztutako landa-eremuetan bakarrik eraiki ahal izango dira, eta planak ez ditu eremu horiek aldatzen. Esan daiteke planaren helburu nagusietako bat dela xedapenak EAEko Nekazaritzako eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren irizpideetara egokitzea. Aldi berean, planak espresuki adierazten du aipatutako nekazaritzako eraikuntza eta instalazioek bete egin behar dituztela EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean zein EAEko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean ezarritako xedapenak. Beraz, esan daiteke plana bateragarria dela sektoreko eta lurraldeko plan konkurrenteekin.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Planaren xedea nekazaritzarekin lotura estua duten gaiak izan arren, eremuetako balioak eta lurzoru urbanizaezineko ingurumen-balio handiko elementuak kontserbatzera bideratutako helburuak eta irizpideak ere baditu. Hori dela eta, plana egokia da ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko, garapen jasangarria sustatzearren.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk. Ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari eta paisaiari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartze eta jarduerak.

e) Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko legeria komunitario edo nazionala txertatzeko.

2) Ondorioen eta ziurrenik ukituko eremuaren ezaugarriak.

Planak ukitutako lurralde-eremua Donostiako lurzoru urbanizaezina da eta, zehazkiago, indarreko HAPOren arabera planaren xede diren nekazaritzako eraikuntzak ezartzea baimenduta dagoen eremuak.

Eremu horren baitan, natura-balioa dela eta garrantzi bereziki handia duten zona hauek daude:

– Natura 2000 Sarearen barruan dauden guneak: Uliako Kontserbazio Bereziko Eremua (ES2120014), Urumea ibaiko Kontserbazio Bereziko Eremua (ES2120015) eta Aiako Harriko Kontserbazio Bereziko Eremua (ES2120016).

– Aiako Harria Parke Naturala.

– Interes Naturalistikoko Guneak: Uliako labarrak, Atxulondo-Abalotz eta Mendizorrotzeko errekak.

– Abifaunaren babes-eremuak: Aiako Harriaren ingurua, Igeldo eta Uliako labarrak eta Zubietako ipar-mendebaldea abifauna linea elektrikoetatik babesteko eremuak dira.

– Interes geologikoko lekuak: Pasaia-Donostiako labar estrukturalak (LIG99) eta Donostiako badia (LIG89).

Aurrekoei natura, ingurumen, paisaia edo ondarearen aldetik balio berezia duten beste eremu eta lur batzuk gaineratu behar zaizkie, besteak beste: Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan sartuta dauden flora- edo fauna-espezieen interes bereziko banaketa-guneak, hostozabalen baso natural eta erdinaturalak, paisaia-balioagatik katalogatuta dauden eremuak, Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialean sartutako hezeguneak, Batasunaren intereseko habitatak dituzten eremuak eta kultura-ondarea osatzen duten ondasunak (estazio megalitikoak eta ustezko arkeologia-zonak, Donejakue bidea eta ondare historiko-arkitektonikoaren elementuak).

Ingurumen-arrisku garrantzitsuak dituzten eremuen artean, urak hartzeko 10 eta 100 urteko errepikatze-denbora duten eremuak daude, baita 500 urteko errepikatze-denbora dutenak eta lehentasunezko Fluxuko Eremuak, eremu higagarriak edo higatzeko arriskua dutenak, kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak edo instalazioak pairatzen dituzten edo pairatu dituzten lurzoruak eta akuiferoak kutsa ditzaketen eremuak ere.

Ingurumen-dokumentu estrategikoak adierazten duen moduan, planean jasotako proposamenen izaera arautzailea dute, ez lurraldekoa, eta hortaz ez dute zuzeneko ingurumen-inpakturik. Etorkizunean gauzatzen diren jarduketak aurreikusita ere, oso eragin mugatukoak izango lirateke, nekazaritzako eraikuntzak eta instalazioak ezartzeko baldintzek bermatu egiten baitute egun dauden interes berezi edo handiko ingurumen-balioak kontserbatu egingo direla hiriko lurzoru urbanizaezinean. Gainera, nekazaritzako eraikuntzak ezartzearekin lotutako zuzenketa-, babes- eta konpentsazio-neurri posibleak HAPOko 2.1 dokumentuko (hirigintza-arau orokorrak) 82. eta 96. arteko artikuluetan daude araututa.

3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:

– Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen Legegintzako Dekretuak (apirilaren 15eko 1/2014) naturagune babestuen barruan proposatutako jarduketak garatzeko, baldintza izango da naturagune babestu horietan aplikatu beharreko araudia betetzea. Halaber, planaren ondorioz garatzen diren proiektuak egokitu beharko dira naturagune babestu horietan agintzen duten antolatzeko eta kudeatzeko tresnetara.

– Nekazaritzako eraikuntza berriak ezartzean ez da zuzeneko afekziorik (mugak okupatzea) ez zeharkakorik (nekazaritza-jardueratik eratorritako gai kutsatzaileak isurtzea) eragingo Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialeko III. taldean sailkatuta dauden hezeguneetan.

– Planean neurri espezifikoak txertatu beharko dira intereseko landaredi autoktonoaren gaineko afekzioak saihesteko, haren esparruan egiten diren proiektuak diseinatu zein gauzatzerakoan, eta, afekzio batzuk saihestezinak badira, zuzenketa- eta konpentsazio-neurri egokiak ezarriko dira, natura-ondarearen galera garbirik gerta ez dadin.

– Ibilguak babesteko zortasun-eremua errespetatu beharko da, eta bete egingo dira plan hauetan ezarritako atzerapenak eta mugak: Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoa. Aldez aurretik eskumena duen administrazio hidraulikoaren baimena/emakida beharko dute jabari publiko hidraulikoan zein hari lotutako babes-eremuetan, zortasun-eremuan eta ibilguak zaintzeko eremuan egindako jarduketa guztiek, baita lursailera edo ibilgu publikoetara egindako hondakin-uren isuriek zein ura (lurrazalekoa zein lurpekoa) biltzeak ere.

– Abeltzaintzako ustiategiek bete egin beharko dituzte irailaren 22ko 515/2009 Dekretuan jasotako baldintzak (dekretu horrek abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen ditu).

– Kultura-ondareari dagokionez, arau hauetan xedatutakoa beteko da: 7/1990 Legea, uztailaren 3koa, Euskal Kultura Ondareari buruzkoa; 137/2003 Dekretua, ekainaren 24koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoan dauden Estazio Megalitikoak Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratzeko eta babes-araudia ezartzeko dena; 2/2012 Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoa; eta, ustezko arkeologia-zonen eta ondare historiko-arkitektonikoaren elementuen kasuan, horien izendapenetan jasotakoa.

Babesteko proposamena duten arkeologia-zonetan ustezko arkeologia-zonen araubidea aplikatzea gomendatzen da. Zona horietan eragina izan lezakeen edozer jarduketa egin aurretik, azterketa arkeologiko bat egin beharko litzateke, eta haren arabera Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak ebatziko du proiektu arkeologiko bat egitea beharrezkoa den.

Babesteko proposamena duten elementuen kasuan saihestu egingo dira ondasunaren balio kultural eta estetikoak itxuraldatzen dituzten afekzioak, xede horretarako kokalekurik egokiena hautatuz.

– Garatzeko planeamenduak bermatu beharko du jarduketak egitean ingurumen-jardunbide egokiak ezartzen direla. Hainbat alderdi hartu beharko dira kontuan, besteak beste: gehienez zenbateko azaleran jardun behar den, babestu beharreko landaredia, ubideak alferrikako jarduera guztietatik zaintzeko eta isuriak eragozteko beharra, ahalik eta hauts eta zarata gutxien egitea eta hondakinak kudeatzea. Gainera, kutsadura kontrolatzeko sistemak izango dira nahi gabe egindako isurtzeentzat, eta hondakinen behar bezalako kudeaketa egingo da indarrean dagoen legeriari jarraikiz.

Neurri horiek nahiz ingurumen-dokumentu estrategikoan ezarritakoak Planeko hirigintza-arauetan bildu beharko dira.

Bigarrena.– Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, hau zehaztea: aurrez ikusitakoaren arabera, Donostiako Udalak sustatutako Donostiako lurzoru urbanizaezinean nekazaritzako eraikuntzak antolatzeko plan berezik ez du eragin garrantzitsurik izango ingurumenean, eta, beraz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Donostiako Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 2a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala