Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2018ko martxoaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1433

EBAZPENA, 2018ko martxoaren 1ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Leioako (Bizkaia) Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 34. sektoreko (Ubedene) Plan Partzialaren aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita.

AURREKARIAK

2017ko urriaren 17an, Leioako Udalak (Bizkaia) Leioako HAPOko 34. sektoreko (Ubedene) Plan Partzialaren aldaketari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko eskaera egin zuen. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa; azken horrek Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 29. artikuluan ezarritako edukia zuen. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2017ko azaroaren 22an kontsulta-izapidea egin zitzaien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Hala, egokitzat jotzen zituzten oharrak, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko oinarria izan zitezkeenak, bidaltzeko eskatu zitzaien. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Ekologistak Martxan elkarteari egin zitzaien kontsulta. Era berean, Leioako Udalari izapidea hasiko zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egokitzat jotzen zituen ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenak jaso dira (espedientean dago horren emaitza).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren (otsailaren 27ko 3/1998 Legea) 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Leioako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 34. sektoreko (Ubedene) Plan Partzialaren aldaketa ez dago Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren (otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra) IA eranskinean (ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren aplikazio-eremua ezartzen du), ez baitu ezartzen legez ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrurik eta ezin baitie eragin Natura 2000 Sareko guneei, ezta ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere, tokiaren kudeaketarekin loturarik eduki gabe.

Leioako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 34. sektoreko (Ubedene) Plan Partzialaren aldaketa abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da. Bertan, ingurumen-organoak zer ingurumen-ebaluazio estrategiko mota egin behar duen zehazten da: ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, planak edo programak, ingurumen-txosten estrategikoan adierazitako moduan, ingurumenean eragin nabarmenik ez izatea aurreikusten bada; ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa, berriz, planak edo programak ingurumenean eragin nabarmenak izan baditzake. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Leioako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 34. sektoreko (Ubedene) Plan Partzialaren aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedientean dauden dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen aldeko balorazioa egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aurreikuspenari buruzko iritzia ematen baitu, sartu behar diren azken zehaztapenak barne hartuta, soilik ingurumen-arlokoak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorra (otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra), Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legea (abenduaren 9ko 21/2013 Legea), Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea (urriaren 1eko 39/2015 Legea), Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko Legea (urriaren 1eko 40/2015 Legea) eta aplikatzekoak diren gainerako arauak aztertuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Leioako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 34. sektoreko (Ubedene) Plan Partziala aldatzeko ingurumen-txosten estrategikoa egitea, honako baldintza hauetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Leioako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 34. sektoreko (Ubedene) Plan Partziala (aurrerantzean, Plana) aldatzearen helburua Ubedene sektorearen antolamendu zehatza finkatzea da, 2008ko Plan Partzialean finkatutakoa hobetzeko, indarrean dagoen Leioako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko (HAPO) egiturazko antolamenduko zehaztapenak aldatu gabe eta HAPOk finkatutako irabazizko erabilera guztien sabai-azalera eraikigarriei eutsiz.

Eraikuntza motak gaur egungo higiezinen merkatura egokituta, etxebizitza libreko bizileku-eskaintza txikiagoa sortuko da eta prezio egokiagokoa. Horrez gain, indarreko Plan Partzialean jasotakoa zuzenduko da, eremua zeharkatzen duen ur-hornidurarako hoditeriaren kontserbazio- eta mantentze-eskakizunei dagokienez. Halaber, sektorera iristeko ibilgailu bidezko eta oinezko bideak hobetzea planteatzen da.

B) Planaren aldaketaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, planak ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Plan bereziak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta bestelako jardueretarako esparrua: aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zenbaterainoko eragina duen planak beste plan edo programa batzuetan: planak ez du eraginik izango bestelako planetan edo programetan.

c) Plan Berezia egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin. Planteatutako eraikin berriei dagokienez, ingurumen-dokumentu estrategikoak eraikuntza jasangarriago bat izateko zenbait neurri ezartzen ditu, zehatzago esanda, Eraikingintzaren Kode Teknikoak ezarritako energia berriztagarriko instalazioei eta efizientzia energetikoari buruzkoak, hala nola baliabideen kontsumoari eta hondakinen kudeaketari buruzkoak.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk: kontsultatutako informazioaren eta espedientean jasotako dokumentazioaren arabera, eremuaren ingurumen-balioa eta urrakortasuna txikiak dira. Izan ere, inguruan ez dago ingurumen-eremurik natura-balio bikainengatik, kultura-balioengatik edo giza osasunerako edo ingurumenerako orain edo etorkizunean izan daitezkeen arriskuengatik nabarmentzen denik. Beraz, Planak ez du ingurumen-arazo adierazgarririk planteatzen, betiere eragindako eremuan egin beharreko esku-hartze eta jarduerak, besteak beste, segurtasun eta osasunaren, ingurumenaren, paisaiaren, kutsadura akustikoaren eta kultur ondarearen zaintzaren arloetan indarrean dauden araudiei eta aurreikusitako babes- eta zuzenketa-neurriei jarraituz egiten badira.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta ziur asko eragina jasoko duen eremuaren ezaugarriak:

Eragindako kokapenaren inguruan ez dago naturagune nabarmenik, ezta ingurumen-balio eta urrakortasun handiko eremurik ere, baina lurra okupatzearen eta eraldatzearen ondorioz landaredian eta habitatetan sortuko diren eraginak murrizteko neurri egokiak hartu beharko dira. Nolanahi ere, hiri-lurzorua denez eta eragindako kokapenaren inguruan naturagune nabarmenik edo ingurumen-balio eta urrakortasun handiko eremurik ez dagoenez, ez da aurreikusten Plan honek ingurumen-eragin negatibo handirik sortuko duenik.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera. Landarediaren eta habitaten gaineko eraginarekin lotutako neurriak nabarmentzen dira (babesleak eta zuzentzaileak), baita eremuan kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak ere. Proiektuak gauzatzearen ondoriozko eraginetan aplikagarriak diren neurriei dagokienez, obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin lotutakoak nabarmentzen dira (ikus I. eranskina, Planetik eratorritako proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuen zerrenda agertzen da).

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrietatik datorren energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.

Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategikoan adierazitakoaren arabera, ez dela aurreikusten Leioako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 34. sektoreko (Ubedene) Plan Partzialaren aldaketak ingurumen-eragin handirik izatea. Hortaz, ez zaio ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikorik egin behar.

Hirugarrena.– Leioako Udalari ebazpen honen edukia jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 1a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.

I. ERANSKINA
PLANETIK ERATORRITAKO PROIEKTUETAKO OBRAK GAUZATZEKO NEURRI BABESLEAK ETA ZUZENTZAILEAK

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua.

– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren (Hondakin Toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte.

– Olio erabiliak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Leioako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legearen (ekainaren 25eko 4/2015 Legea) 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.


Azterketa dokumentala