Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2018ko martxoaren 8a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
1264

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko azaroaren 30eko bilkuran hartua, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa SAren 2015eko Urteko Kontuen fiskalizazio-txostena behin betiko onesten duena.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko azaroaren 30ean egindako bilkuran honako hau

ERABAKI DU:

Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa SAren 2015eko Urteko Kontuen fiskalizazio-txostena behin betiko onestea, erabaki honen eranskin modura ageri dena.

HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 30a.

HKEEko lehendakaria,

JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.

HKEEko idazkari nagusia,

JULIO ARTETXE BARKIN.

ERANSKINA
KULTURA GARAIKIDEAREN NAZIOARTEKO ZENTROA SA-REN 2015EKO URTEKO KONTUEN FISKALIZAZIO-TXOSTENA

Laburdurak.

BABA: Baldintza Administratibo Berezien Agiria.

BEZ: Balio Erantsiaren gaineko zerga.

EAB: Enpresen Aldi baterako Batura.

EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.

EIOZ: Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga.

GFA: Gipuzkoako Foru Aldundia.

KBA: Kontrataziorako barne jarraibideak.

KGNZ, SA: Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa SA.

KPI: Kontsumorako Prezioen Indizea.

SPKL: 30/2007 Legea, urriaren 30ekoa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzkoa.

SPKLTB: 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu bategina.

20/2012 ELD: 20/2012 Errege Dekretu Legea, uztailaren 13koa, aurrekontuaren egonkortasuna eta lehiakortasunaren sustapena bermatzeko neurriei buruzkoa.

I.– Sarrera.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osokoak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraikiz, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa SAren (aurrerantzean KGNZ) 2015eko Urteko Kontuen fiskalizazio-lana mamitu du.

Sozietatea 2001eko abenduaren 28an eratu zuten Donostiako Udalak, GFAk eta EAEren administrazio orokorrak, 60.300 euroren kapital sozialarekin, zati berdinetan izenpetu eta ordaindu zutena.

Estatutuen 2. artikuluari jarraikiz, irabazi asmorik ez duen Sozietatearen helburua Donostian kultura garaikideko nazioarteko zentro bat egiteko kultur proiektu bat eta arkitektura proiektu bat sortu eta bultzatzea da; baita, horren finantzaketa plana onestea ere. Behin egitasmoak amaituak direla, Sozietatea eraikin, instalakuntza eta ekipamenduen kudeaketaz, kultur proiektuaren garapenaz etorkizunean eta horren kudeaketaz arduratuko da.

2015era bitartean Sozietatearen jarduera nagusia Donostiako antzinako tabako-fabrika (Tabakalera) arkitektura aldetik zaharberritzea izan da eta kultura garaikideko zentro bihurtzea.

Fiskalizazio-lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:

– Legezkotasuna: ezargarria den araudia bete dela egiaztatzea honako atal hauetan: langileria, obren kontratazioa, zerbitzu eta hornidurak, eta ekonomia-finantzaren kudeaketa. Azterketa lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztatzeak egitea eragotzi gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.

– Kontabilitatea: aurkeztutako dokumentazio finantzarioa ezargarri diren kontularitzako printzipioei meneratzen zaiela egiaztatzea. Gure lana kanpoko enpresa batek gauzatutako auditoretzako txostena aztertzea izan da eta horretarako, egoki iritzitako proba osagarriak eta auditoretzako beste zenbait prozedura bideratu ditugu.

– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi dela ere, fiskalizazioan zehar sortu diren akatsak Txosten honetako III. idazpuruan daude jasoak.

Fiskalizazio-lana sektore publikoari ezargarriak zaizkion auditoriako printzipio eta arauen arabera gauzatu da eta kasu bakoitzean beharrezko iritzitako hautazko probak, prozeduren azterketa eta auditorian ohiko diren gainerako teknikak baliatu dira txostenean jasotako iritzia defendatzeko, baita kanpoko auditoreek egindako urteko kontuen auditoria euskarritzen duten lan paperen azterketa ere.

Instalazioak 2015eko irailaren 11n inauguratu zirela aintzat hartuta, proiektua osatzen duten obra eta instalazioak berraztertu ditugu; baita, Sozietatearen administrazio-kontseiluak 2016ko irailaren 28an onartutako likidazioaren zuzentasuna ere, 59,5 milioi eurorena.

II.– Iritzia.

II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.

Langileria.

1.– Langileak hautatzeko bi enpresak osatutako lan-poltsak 2015ean baliatu ziren 15 langile kontratatzeko, obra edo zerbitzu jakinerako lan kontratu bidez; ordea, lan-poltsa horiek euskarritzen dituen dokumentazio eskuragarriak ez du berdintasun eta merezimendu printzipioak bete direla egiaztatzen uzten.

Kontratazioa.

2.– Guztira 4,6 milioi euroren zenbatekoarekin esleitutako bi obra kontraturen eta zerbitzuko kontratu baten egikaritzak (4, 7 eta 8 zenbakidun espedienteak) % 40 inguru gainditu du esleitutako zenbatekoa. Igoera hauek desitxuratu egiten dute kontratuen xedea eta horien bolumen ekonomikoa; % 20 gainditu dira BABAn aurreikusitako aldaketak. Gainera, bi obra kontratuetan ez dira kontratu aldaketak izapidetu eta zerbitzuen kontratuan 350.288 euroren aldaketa onartu bazen ere, azken egikaritza beste 421.044 euroan gehitu da, dagokion kontratu aldaketa izapidetu ez dela.

3.– Tabakalerako eraikinean segurtasun zerbitzuak kontratatzea xede duen espedientean (11 zenbakidun espedientea), urtean 274.360 euroan esleitutakoan, ez dago justifikatua esleipena eskaintza onuragarrienaren alde egin denik eta honenbestez, ezin egiazta dezakegu objektibotasun printzipioa bete denik.

4.– Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak zerbitzu bat eta hornigai bat kontratatu ditu 239.001 euroren zenbatekoan eta bakoitzean hornitzaile batekin kontratatu du zuzenean; horrek publikotasun eta lehia printzipioak urratzen ditu.

5.– Tabakalerako eraikina arkitektura aldetik zaharberritzeko prozesuan laguntza teknikoa urtero 2011tik 2015era bitartean publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez esleitu da; ordea, kontratuaren xedea aintzat hartuta, prozedura ireki bakarra izapidetu behar zatekeen. Epe honetan guztira egindako gastua 216.601 eurorena izan da eta horietatik 45.084 euro 2015ekoak dira.

Epaitegi honen ustetan, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, 1. paragrafoan aipatutako alkantzearen mugak eta 2tik 5era bitarteko paragrafoetan aipatutako ez-betetzeak alde batera, zuzentasunez bete du 2015eko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.

II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.

Epaitegi honen iritzira, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa SA sozietatearen 2015eko ekitaldiaren urteko kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2015eko abenduaren 31n ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren esparru-arautegiaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.

III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.

Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.

III.1.– Langileria.

– PFEZaren konturako atxikipen eta sarreren 190 eredu-orriak ez ditu Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak mediku-laguntza kontzeptuan ordaindutako gauza bidezko ordainsariak barne hartzen, 5.578 euroren zenbatekoan; horiek, atxikipenik ez badute ere, aitorpenean jaso behar dira.

III.2.– Kontratazioa.

Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren kontratazio administratiboa aztertu dugu eta iritziaren atalean aipatu ditugun ez-betetzeak alde batera, honako alderdi hauek bereizi behar ditugu:

Espedientea.

– Hiru obra-kontratutan (2, 3 eta 4 zenbakidun espedienteak), 10,4 milioi euroan esleitutakoetan, ez dago jasoa BABAk onartu direnik.

– Guztira 15,2 milioi euroan esleitutako zazpi kontraturen DOUEko iragarkietan akatsak azaleratu dira argitalpenetan, nagusiki, kontratuen balioetsitako balio ezari eta horien iraupenari dagokionez (2tik 6ra bitarteko, 9 eta 10 espedienteak).

– Sei obra kontraturen BABAek (2tik 7ra bitarteko espedienteak), 15,5 milioi euroren zenbatekoan esleitutakoek, ez dute argi, zehatz eta zalantzarik gabe zehazten balizko aldaketak zein egoeratan egin litezkeen.

– 900.345 euroan esleitutako obra espediente batean eta urtean 917.666 euroan esleitutako zerbitzutako beste hirutan (7, 9, 10 eta 11 espedienteak), espedientean ez daude jasoak Ebaluazio Batzordearen aktak, emandako dokumentazioaren aldez aurreko kalifikazioari, proposamen teknikoen irekierari, proposamen ekonomikoei eta esleipen proposamenari dagozkienak. Berebat, aurreko zerbitzu espedienteetan, formula bidez kuantifikagarri ez diren irizpideen balorazioa puntuak ematera mugatzen da, lehiatzaile bakoitzari emandako puntuazioak batere justifikatu gabe.

Esleipena.

– Aztertutako 10 kontraturen lehiatzaileei igorritako esleipenaren jakinarazpenak (2tik 7ra bitarteko espedienteak eta 9tik 12ra bitartekoak), 16,5 milioi euroren zenbatekoan esleitutakoak, ez du besarkatzen beharrezkoa den informazioa kanporatutako lehiatzaileari edo bazter utzitako izangaiari esleipenaren aurkako errekurtsoa behar bezala euskarritua- jartzeko bide emango dionik.

– Guztira 728.882 euroan esleitutako bi zerbitzu kontraturen esleipendunek eratutako behin betiko bermeak (10 eta 11 zenbakidun espedienteak) BABAetan zehaztutako zenbatekoak baino txikiagoak dira.

Jatetxe jarduerak kudeatu eta ustiatzea xede duten kontratuan (12. espedienteko 3. sortak), berme horiek ez dira eratu eta aipatutako espedienteko inongo sortetan ez dira jaso kalteengatiko aseguru polizak. Gainera, 2. sortaren esleipendunari dagokionez, ez da egiaztatu zerga eta gizarte segurantzako obligazioak bete dituela.

– Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren mantenimendu-zerbitzuen kontratazioa xede duen espedientearen esleipendunak (9 zenbakidun espedientea) aurkeztutako dokumentazioak, kontratuaren egikaritzari giza baliabide jakin batzuk atxikitzeko obligazioari dagokionak ez du BABAen 12. klausulan ezarritakoa besarkatzen.

Egikaritza eta harrera.

– Hiru obra kontraturen egikaritzan (1, 3 eta 6 zenbakidun espedienteak), 21,7 milioi euroren zenbatekoarekin esleitu direnetan, nahiz BABAek esleipen prezioaren gainean % 15 eta % 30 bitarteko aldaketak izapidetzeko aukera aurreikusten duten, ez dago egindako aldaketak euskarrituko dituen dokumentaziorik, 1. espedientean izan ezik, % 1,2ko zenbatekoan.

– Obra kontratu bat egikaritzean (2 zenbakidun espedientea) kontratu prezioaren gainean % 17,4ko igoera eragin duen aldaketa izapidetu da; ordea, BABAek % 15eko mugara arteko aldaketak aurreikusten zituzten eta ez da justifikatu SPKLTBren 107. artikuluan aurreikusitako inguruabarrak gertatu direnik.

– Arotzeria lanak egitea xede duen espedientean (7. espedientea), 900.345 euroan esleitutakoan, materialak biltzeagatiko lehenengo obra ziurtagiria jaulki da dagokion abala eratu gabe, BABAek agintzen duten moduan.

– Guztira 29 milioi euroan esleitutako sei obra espedientetan (1, 2, 3, 4, 6 eta 7) atzeraldian izan dira egikaritzan 82tik 20 hilabetera bitartean), epe luzapenik batere onartu ez dela.

Ostatu emateko zerbitzua kudeatu eta ustiatzeko kontratuan (12. espedienteko 2. sorta) jarduera 2016ko otsailaren 1ean abiaraztea aurreikusi zen; ordea, 2015eko abenduan obrak hasi gabe zeuden eta ez dago jasoa inongo ekintzarik bideratu denik atzeraldi horren aurrean. 2016ko irailean kontratua aldatu zen eta abian jartzeko epea 2017ko apirilaren 1era luzatu zen. Bestetik, kafetegiko zerbitzuaren esleipenean (1. sorta) jarduerari 2,5 hilabeteko atzerapenez eman zitzaion hasiera, aurreikusia zegoen 2016ko otsailaren 1eko epearekiko, epe luzaketarik batere onartu gabe. Azkenik, jatetxe zerbitzuan (3. sorta) 2016ko uztailaren 1ean finkatutako epea gainditu zelarik 2016ko abenduan kontratua etetea erabaki zen, faltei dagozkien zigorrak ezarriz.

Beste batzuk.

– Aztertutako kontratazio espedienteetan 12,9 milioi euroren ordainketak egin direla ikusi da (aztertutako guztiaren gainean % 86); ordainketa horiek BABAetan ezarritako 60 eguneko epea gainditu dute.

IV.– Urteko kontuak.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Alegazioak.

II.1.– Epigrafeari («Legea betetzeari buruzko iritzia»).

Langileak.

– «Langileak hautatzeko bi enpresek lan-poltsa batzuk sortu zituzten, eta 2015ean 15 langile kontratatzeko erabili ziren, zerbitzu edo obra zehatzen kontratuen bidez. Bada, lan-poltsa horiek sortzeari buruzko dokumentazio eskuragarriekin ezin da egiaztatu berdintasunaren eta merituen printzipioak betetzen direnik».

Bestalde, A.9 eranskinak (epigrafeak bertara bidaltzen du) honela dio azken bi paragrafoetan:

«2014ko abenduaren 22an, Administrazio Kontseiluak organigrama berria onetsi zuen, eta, hori betetzeko, 2015 ekitaldian zehar, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak (KGNZ) aldi baterako 11 lan-kontratu egin ditu, 2015eko lan-poltsak erabilita. Kontratuetako bati baja eman zitzaion 2015eko abenduaren 31n, eta 4 kontratu 2014an sortutako lan-poltsak erabilita egin ziren, deialdia ezagutzera ematen duten kanpoko enpresa espezializatuen bidez.

Lan-poltsa horiek eratzeari buruzko dokumentazioan ez dira jasotzen zenbait hautagaitza alde batera uzteko arrazoiak, eta era berean, ez da justifikatzen enpresek eginiko.

Iritzi horren aurrean, alegazio hauek egin behar dira:

– Hasteko, txostenean ez da adierazten berdintasunaren eta merituen printzipioak bete ez direnik; horren ordez, berariaz adierazten da betetze hori ezin dela egiaztatu «dokumentazio eskuragarriarekin».

Zehazki, txostenak ondorio hori eratzen du «irismenaren muga» gisa, II.1. epigrafearen azken paragrafoan adierazten den bezalaxe. Horri dagokionez, ohartarazi behar da «irismenaren muga» horrek berekin dakarrela ikuskatzearen xede zehatza ondorioztatu ahal izatea; izan ere, ezin izan da ebidentzia nahikoa lortu jarduketa edo prozeduren gaineko iritzi kritikoa eman ahal izateko.

– Dena dela, txostenak berak onartzen du hautaketa-prozesu horiek «deialdiak argitaratzen dituzten kanpoko enpresa espezializatuek» egin dituztela. Zentzu horretan, langileak hautatzeko kanpoko enpresa berezituei errekurtsoa jartzea sektore publikoko erakundeen langileen kontratazioan onartutako jurisprudentziako eta doktrina-mekanismoa da eta hautapen-prozesu horien objektibotasun- eta inpartzialtasun-presuntzioa. Eta horrek, halaber, berdintasunaren eta merituen printzipio horiek betetzen direla ulertarazten du, hori ukatzeko arrazoirik ez dagoelarik.

– Hori horrela, bi txostenetan, bai LKS langileak hautatzeko enpresarenean (hainbat lanposturako) bai IETEAM langileak hautatzeko enpresaren txosten indibidualetan, gauzatutako prozesuak deskribatzen dira, fase ezberdinak barne hartuta (iragarkiak argitaratzearen bidez hautagaitzak biltzekoak; aurrehautaketa eskatutako betekizunak ez betetzeagatik; eta ondorengo ebaluazioa egokitasun formatiboaren, profesionalaren, gaitasunezkoaren, pertsonalaren eta taldekoaren arabera). Txosten horiek irakurri dira eta ondorioztatu da langileak hautatzeko enpresa horiek sektorean prestigio handia dutela eta berdintasunaren eta merituen printzipio horiei begiratu dietela; izan ere, ezin da bestela izan, euren trebetasuna eta nahitaezko jardun egokia aintzat hartuta.

– Hitz batez, berdintasunaren eta merituen printzipioak bete dira (epaimahaiak ez du hori zalantzan jarri), nahiz eta langileak hautatzeko enpresek emandako dokumentazioan hutsak eta/edo gabeziak egon daitezkeen.

«Kontratazioa».

2.– «Obretako bi kontratu eta zerbitzuetako bat gauzatzeak, guztira 4,6 milioi euroko zenbatekoan esleitutakoak (4., 7. eta 8. espedienteak), esleitutako zenbatekoaren % 40 gainditu du, gutxi gorabehera. Gehikuntza horiek kontratuen xedea eta horien bolumen ekonomikoa desnaturalizatzen dute, Ekonomia eta Administrazio Baldintza Berezien Pleguetan (EABBP) aurreikusitako aldaketak % 20an baino gehiagoan gainditzen baitu».

Egiaztatu da 4., 7. eta 8. espediente horiek hurrenez hurren dagozkiela 10. obra loteari («sabaia eta igeltserotza lehorra») eta 22. obra loteari («arotzeria»), eta proiektu eta eraikuntzaren kudeaketa integralaren zerbitzuari.

Horri dagokionez, jakinarazten da kontratuko aldaketa horien gaineko erabakiak hartzean, KGNZk aldaketa horien gehieneko muga gisa jo zuela EABBPetan aurreikusitako lizitazioaren prezioa, muga hori inolaz ere gainditu gabe.

«Halaber, obrako bi kontratuetan ez dira izapidetu dagozkion kontratuaren aldaketak».

Paragrafo horrek, arestian adierazi bezala, 10. obra loteari («sabaia eta igeltserotza lehorra») eta 22. obra loteari («arotzeria») egiten die erreferentzia.

Adierazi beharra dago lotekako obren lizitazioa egin zen unean «proiektuaren eta eraikuntzaren kudeatzaile integrala» figura sortu zela. Zegokion lizitazioa egin ondoren, EPTISA Servicios de Ingeniería SL enpresa izendatu zen esleipendun, eta enpresa horrek hartu zuen obra horiek gauzatzeko zuzendaritza. Lizitazioaren Preskripzio Teknikoen Pleguan jasotzen dira kontratu horretatik eratorritako betebeharrak, eta horietako bat zen kontratuko aldaketak kudeatzeari buruzko betebeharra. Hau esaten zuen, hitzez hitz:

«... sistema bat gauzatzea eta aplikatzea (aldatutako) proiektuen aldaketa-aginduak berrikusteko eta tratatzeko. Halaber, behar edo nahi diren aldaketa guztiak gomendatzea, aldaketa-eskaera guztiak berrikustea, kostuen eta epe-luzapenen aurreikuspen independenteak prestatzea KGNZrentzat, aldaketa-aginduak prestatzea eta KGNZ babestea aldaketa-aginduen edo aldaketen negoziazioan, eta aldaketa-agindu guztiak KGNZri helaraztea, gauzatu baino lehen onets ditzan».

Hala, obra lote horietan egindako aldaketei dagokienez, ikusi da arkitektura-proiektuan ezinbestekoa izan dela hainbat aldaketa egitea, obrak geldiaraztea saihesteko, obrak bukatzeko eguna ez atzeratzeko eta obraren kostuan izandako gorakadari aurre egiteko; ondorioz, erabaki zen aldaketa horiek kudeatzeko prozesuan parte hartzen zuten eragileekin bilerak egitea (Zuzendaritza Fakultatiboa, Exekuzio Zuzendaritza, Donostiako Udaleko arduradun teknikoak, Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun teknikoak eta kontratistak). Hori dena hartutako erabakiak jasotzen zituzten aktetan formalizatu zen, eta bilera horietan parte hartu zuten alderdi guztiek sinatu zituzten akta horiek; era horretan, aldaketa horiek kontratu formal izaera hartu zuten. Obrei buruzko dokumentazioan 100 akta baino gehiago daude, eta guztiak behar bezala sinatuta daude. Auzitegi honek guztiak ikusi ahal izan ditu, eta horien irakurketatik ondoriozta daiteke gorago adierazi den hori. Akta horiek honako agiri hauekin osatzen ziren: (i) gertatutako aldaketen eta aurrekontuan egindako aldaketen txosten xehatuak, (ii) obra-ziurtagiriak eta (iii) likidazio-dokumentuak. Laburbilduz, kontratu-aldaketak izapidetu egin ziren; are gehiago, aldaketa guztiak agirietan ageri dira eta behar bezala sinatu ziren, nahiz eta kasu guztietan ez zen erabili pleguetan aurreikusten zen aldaketa-aginduen eredua.

Horri dagokionez, hau adierazten du, hitzez hitz, Eptisa Servicios de Ingeniería SL enpresak (esan den moduan, enpresa horri esleitu zitzaion proiektuaren eta eraikuntzaren kudeaketa integrala egiteko kontratua) xede horretarako KGNZri igorri zion idatziak (I. eranskin gisa atxiki da):

«... aurreikusitako epeak betetzea oztopatuko luketen obren geldialdiak saiheste aldera, era honetan kudeatzen ziren aldaketak:

– KGNZko obrako taldeen, obrako zuzendaritza-taldearen (Tabakalera ABEE) eta Eptisa enpresako taldearen arteko etengabeko bileren eta komunikazioaren bitartez.

– Aurreko taldeek, Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 15 egunero egiten zituzten bileren bitartez.

– Hileroko txosten xehatuen bitartez. Txosten horietan, aldi horretan egindako obren, proiektuan izandako aldaketen, desbideraketen eta aurrekontuan aurreikusitakoaren berri ematen zen.

– Ziurtagirien eta dagokien likidazioen bitartez; horietan islatuta daude behin betiko aldaketa guztiak».

«Zerbitzuen kontratuan, 350.288 euroko aldaketa bat onetsi bazen ere, azken gauzatzean beste 421.044 euroko gorakada egon da, eta ez da horri dagokion kontratu-aldaketa izapidetu».

Paragrafo horrek erreferentzia egiten dio txostenean 8. espediente gisa izendatzen denari; txosten hori proiektuaren eta eraikuntzaren kudeaketa integralaren zerbitzuari dagokio.

Gorakada hori neurri batean justifikatzen da Tabakalera ABEEarekin sinatutako kontratua Eptisa Servicios de Ingeniería SL enpresari laga zitzaiolako zati batean. KGNZk hori behar bezala formalizatu eta baimendu zuen 2013ko abenduaren 1ean (aurretik, Tabakalera ABEE lagatzaileak zentzu horretan eskaera egin zion Eptisa Servicios de Ingeniería SL lagapen-hartzaileari, eta biek sinatu zuten eskaera). Zehazki, lan hauek laga ziren: obra zibilerako eta eraikuntzarako laguntza teknikoa eta instalazioetarako laguntza teknikoa. Horrez gain, xehetasunez zerrendatu ziren Eptisa Servicios de Ingeniería SL enpresak lan berri horietara atxikitako bitarteko gehigarriak. Hortik sortu zen sinatu zuten lagapen-agiria (II. eranskin gisa txertatu da).

Edonola ere, zerbitzuen kontratu horren enpresa esleipendunari ordaindutako azken zenbatekoa (eta hortik dator Auzitegiak aipatu duen 420.000 euro inguruko aldea) honen emaitza da: atxikitako talde teknikoaren hileko kostuak bider obren gauzatze-epean izandako luzapenaren hil kopurua (10 hilez luzatu zen; 54 hil guztira). III. eranskin gisa txertatu da Eptisa Servicios de Ingeniería SL enpresaren idatzi xehatua. Bertan justifikatzen dira azken ordainsarien zenbatekoak eta, beraz, baita izandako gorakada ere.

Laburbilduz, kasu honetan ere egiaztatzen da aipatutako aldaketak justifikatu eta dokumentatu egin zirela.

«Tabakaleraren eraikinerako segurtasun-zerbitzuak kontratatzea xede duen kontratua (11. espedientea) urtean 274.360 euroko zenbatekoan esleitu zen, eta ez dago justifikatuta esleipen hori eskaintzarik onuragarrienaren esku gelditu zenik; hori dela eta, ezin egiazta dezakegu objektibotasunaren printzipioa bete denik.»

Segurtasun-zerbitzuak kontratatzea xede zuen lizitazioan, jasotako eskaintzak aztertu ziren, bai egokitasunari buruzko agiriak bai proposamen teknikoari buruzkoak, eta gero esleipen-txostena idatzi zen. Baliteke KGNZren agiri-artxiboetan espedientea osatzen duten agiri guztiak ez agertzea.

Horri dagokionez, kontuan hartu behar da, berriz ere, txostenean ez dela esaten ez direla kontratazio-printzipioak bete, baizik eta ezin dela egiaztatu horiek bete direnik («ezin egiazta dezakegu objektibotasunaren printzipioa bete denik»).

«KGNZk zerbitzu bat eta hornidura bat eskuratu ditu, 239.001 euroko zenbatekoan. Horiek zuzenean hornitzaile batekin kontratatu dira eta, beraz, publizitate- eta lehia-printzipioak urratu dira».

Horri dagokionez, hau dio A.11.2 (Beste gastu batzuk) eranskinak:

«2015 ekitaldian, KGNZk zuzenean kontratatu du energia elektrikoaren hornidura, 134.846 euroko gauzatzearekin, eta ez du kontratazio-prozedura izapidetu. Zenbateko horretatik, 73.315 euro inguru 2015eko uztaileko energia elektrikoa hornitzeko esparru-akordioa (13. espedientea) esleitu zenetik egindako gastuari dagokio. Hala ere, gastu hori ez da gauzatu espediente horren babesean, ez baitzaizkie eskaintzak eskatu gainerako esleipendunei eta zuzenean kontratatu baitzen aurreko hornitzailearekin 2015eko abuztuan. Hori ere akordioan ageri da».

A.11.2 (Beste gastu batzuk) eranskin horretan ikus daitekeen moduan, «ekimen txikiak sustatzea eta Tabakaleraren proiektua zehaztea, erakundeekin lizitazio-, aukera- eta negoziazio-espazioak izanda» kontzeptuari (104.000 euro) eta «energia elektrikoaren hornidura» kontzeptuari (135.000 euro) buruz ari da.

Ekimen txikiak sustatzeko kontratuari dagokionez, hiru kontratu izan ziren, hiru enpresarekin kontratatuak; haien zenbatekoak zirela eta, publizitatea ez zen beharrezkoa.

Hornidura elektrikoari dagokionez, lehen aldian ez zitzaien eskaintzarik eskatu esparru-akordioa sinatu zutenei; izan ere, lehenengo kontratua zenez eta kontsumo-datuen historiarik ez zegoenez, ez zegoen erreferentziarik errealitatera egokitutako prezioak zein ziren jakiteko. Gauzak horrela, lehen aldiko datuak eskuratu ondoren, hurrengo kontratazio-prozedurak gauzatu ziren, eta guztiz errespetatu ziren esparru-akordioaren baldintzak.

«Tabakaleraren eraikinaren berritze arkitektonikoaren prozesuan laguntza emateko zerbitzua 2011tik 2015era arte esleitu da urtero, publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bitartez; alabaina, kontratuaren xedea dela eta, prozedura ireki bakarra izapidetu behar zen. Aldi horretako gastua, osotara, 216.601 eurokoa izan da, eta horietatik 45.084 euro 2015. urteari dagozkio.»

Obra oso konplexua zenez eta gorabehera ugari eta garrantzitsuak egon zirenez, obrak etetea eta neurria egokitzea (bi aldiz) barne, ezinezkoa zen aurretik jakitea zein izango ziren laguntza teknikoaren benetako beharrak. Are gehiago, zerbitzua obrak hasi baino lehen kontratatu zen eta, obrek aurrera egin ahala, aurreikusi gabeko beharrizanak agertu ziren. Horrek kontratazioari eusteko beharra ekarri zuen eta, ondorioz, hurrenez hurrengo kontratuak egin behar izan ziren pertsona berarekin, bistako arrazoi teknikoak zirela eta. Obrak etenda egon ziren aldian ere, hori izan zen KGNZk izan zuen laguntza tekniko bakarra, eta horri eustea funtsezkoa izan zen. Halaber, kontratua 2016ren hasierara arte luzatu zen, erabaki baitzen obrak bukatuta egon arren zerbitzu hori beharrezkoa zela. Gauzak horrela, hurrenez hurrengo kontratuak egin ziren, eta horiek hornitzaile bakar batekin egitea justifikatuta zegoen, aipatu diren arrazoi teknikoak zirela eta.

Beharrizan berriak agertzean pertsona fisiko edo juridiko berdinaren aldeko hurrenez hurrengo kontratazio berriak egiteko beharrari dagokionez, Kanarietako Gobernuaren Administrazio Kontratazioaren Aholkularitza Batzordearen 1/2010 Txostenaren ondorio hau aipa daiteke:

«Era horretan, kontratuaren arrazoia kontratu bakoitza zehazten duten elementuetako bat dela aintzat hartuta, ondoriozta dezakegu ez dela kontratuaren xedea urratuko edo iruzurrik egongo lehenengo kontratua egin ondoren kontratista bera kontratatu behar denean zerbitzu bera emateko, beste beharrizan bat agertu delako, ezinezkoa bazen beharrizan hori aurreikustea hasierako kontratua egin zenean. Kasu horretan, kontratuaren subjektua eta objektua bera dira, baina kausa (hura eragiten duen xedea edo egoera) beste bat da eta, ondorioz, bi kontratu bereiz dira».

III. Epigrafeari («Barneko kontrol sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko oharrak»)

Kontuan hartu beharra dago atal horretan ageri diren oharrek, txostenean bertan esaten den moduan, «ez diotela modu nabarmenean eragiten jarduera ekonomiko-finantzarioa arautzen duten printzipioak betetzeko moduari, kudeaketa hobetzeko prozedura-alderdiak baitira».

III.2. Epigrafeari («Kontratazioa»)

«KGNZren administrazio-kontratuaren berrikuspenetik, iritzian aipatutako ez-betetzeez gain, honako alderdi hauek azpimarratu nahi ditugu (ikusi A.11.1):

Espedientea

– «Hiru obra-kontratutan (2., 3. eta 4. espedienteak), 10,4 milioi euroan esleitutakotan, ez da ageri EABBPak onetsi direnik».

Nahiz eta, KGNZren dokumentu-artxibategiko akatsak direla eta, «ez den ageri» EABBPak onetsi direnik, ez dago zalantzarik eta behar bezala ziurtatuta geratzen da dokumentuen bidez lizitazioak zuzendu zituzten pleguak zegozkien buletinetan argitaratu zirela (EBAO, BOE, etab.) eta horiek zuzendu zituztela prozedurak; izan ere, dagokion organoak pleguak argitaratzeak eta esleitzeak zuzendu egiten du horiek onestean gertatu zen edozein hutsegite formal eta, halaber, agirien bidez jasota geratzen da plegu horiek egon badaudela eta euren eduki zehatza.

– «EBAOn argitaratu diren zazpi kontraturi dagozkien iragarkietan (15,2 milioi euroan esleituak) akatsak antzeman dira, batik bat zenbatetsitako balioari eta iraupenari dagokionez (2.–6., 9. eta 10. espedienteak).»

Berraztertu dira lizitazio horiei dagozkien pleguak (2. espedientea - 8. lotea: instalazio mekanikoak; 3. espedientea - 9. lotea: instalazio elektrikoak; 4. espedientea - 10. lotea: sabaiak eta igeltserotza lehorra; 5. espedientea - 14. lotea: ikus-entzunezko sistemak; 6. espedientea - 16. lotea: eraikinerako sarbideak egokitzea; 9: mantentze lanak; eta 10: sorkuntza-liburutegia) eta egiaztatu da argitaratutako pleguek kasu guztietan zituztela zenbatetsitako balioari eta iraupenari buruzko zehaztapen zuzen eta egokiak.

Horiek horrela, iragarkian gerta zitekeen edozein akats, bietako edozeinetan, gure ustez, erabat zuzenduta geratu da, bi alderdiok behar bezala zehaztuta zituzten pleguak argitaratu ostean.

– «15,5 milioi euroan esleitutako sei obra-kontraturen EABBPek (2.–7. espedienteak) ez dute argi, zehatz eta nahasketarik ez sortzeko moduan zehazten aldaketa posibleak zein baldintzatan erabil daitezkeen».

Berraztertu dira lizitazio horiei dagozkien pleguak (2. espedientea - 8. lotea: instalazio mekanikoak; 3. espedientea - 9. lotea: instalazio elektrikoak; 4. espedientea - 10. lotea: sabaiak eta igeltserotza lehorra; 5. espedientea - 14. lotea: ikus-entzunezko sistemak; 6. espedientea - 16. lotea: eraikinerako sarbideak egokitzea; eta 7. espedientea - 22. lotea: arotzeria), eta ikusi da guztiek dituztela zehaztuta aldaketak zein baldintzatan adostu daitezkeen, eta aldaketon irismena eta mugak. Halaber, zehaztuta daude batetik, kontratuaren prezioaren zein portzentajeri eragin ahal dion gehienez eta, bestetik, horretarako zein prozedurari jarraitu behar zaion, SPKLTBren 106. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

Hala, 8., 9., 10., 14. eta 22. loteei dagozkien pleguetan aurreikusten da (horietako batean aipagarria ez den diferentzia bat dago), aldaketa hori ahalbidetzen zuen ustezko baldintza honako hau zela: «eraikineko espazioen kudeaketari, eta bereziki merkataritza-kudeaketari dagokionez, beharrak egotea edo haztatu ezin izatea». Are gehiago, aldaketa egitea ahalbidetzen zuen egitatezko baldintza argi definitzeaz gain, aldaketa posibleen edukia honako hauetara mugatzen zen: «banaketa- eta geometria-aldaketak edo doitzeak». Gainera, horiek obra-unitateen handitze edo txikitze gisa mugatuta zeuden («aurreikusitako obra-unitateen magnitudea handitzea edo txikitzea»), ez unitate berri gisa.

Eta aurreikuspen horiek egitearen arrazoia honako hau izan zen: eraikuntza-fasean zalantzak egon ziren espazioen azken taxuketarekin eta onuradunekin, bai ekosistema kulturalerako espazioei dagokienez bai aukera-espazioei dagokienez; izan ere, aurreikusi egin behar zen zentzuzkoa zela espazio horien salmenta kudeatu ostean, antolamendua egokitu edo aldatu ahal izango zela. Aldaketok ahalbidetzeko (beharrezkoak, ustekabekoak izateagatik) diseinatu zen aldaketa-araubidea, eta horrek bete egiten ditu legezko baldintzak.

Bestalde, 16. lotearen pleguak («sarbideak egokitzea») aldaketa aurreikusten du baldin eta egitatezko baldintzak direla-eta aldaketa beharrezkoa izango balitz, eta eskatzen du «argi geratu dadila proiektua egin zen unean ez zela ezagutzen lan gehigarriak egitea eskatzen zuten baldintzak bazeudenik (besteak beste, zeuden hormigoizko egituretako aldeengatik, kokapen zehatzean zeuden aldeengatik eta lurrazpiko eta antzeko instalazioen ezaugarriengatik)». Agerikoa da egitatezko baldintza definitzen ari zela definizioa egin zitekeenera arte; gainera, hainbat adibide ere aurreikusi ziren, ustekabeko egoerak interpretatzeko giltzarri gisa. Ustezko egoera horren definizioa SPKLTBren 107. artikuluan legez ezarritakoetara hurbiltzen da: alegia, aldaketa egin daiteke bat-batean gertatutako egoeren ondorioz proiektua desegokia denean, baita pleguetan halakorik jasota ez badago ere.

Azkenik, aipatutako kasu guztietan, aldaketak egiteko egitatezko baldintzez gain, aurreikusi zen aldaketok zenbateko portzentajea izan zezaketen, eta zehatz adierazi zen horretarako zein prozedurari jarraitu behar zitzaion, aurretik aipatutako legezko baldintzak betetzeko.

– 900.345 euroan esleitutako obra-espediente batean eta urtean 917.666 euroan esleitutako beste hiru zerbitzu-espedientetan (7., 9., 10. eta 11. espedienteak) ez dira jaso Ebaluazio Batzordearen aktak, honako hauei dagozkienak: aurkeztutako agirien aurreko kalifikazioa, proposamen teknikoekin irekiera, proposamen ekonomikoen irekiera eta esleipen-proposamena. Halaber, aurreko zerbitzuen espedienteetan formula bidez kuantifikatu ezin diren irizpideen balorazioan puntuak eman baino ez dira egin, lizitatzaile bakoitzari emandako puntuak justifikatu gabe».

Paragrafo horrek erreferentzia egiten die txostenak 7., 9. 10. eta 11. espediente gisa identifikatutakoei, alegia, hurrenez hurren, 22. loteari (arotzeria) eta mantentze-zerbitzuei, sorkuntza-liburutegiari eta segurtasunari.

Horren harira, dokumentazio-artxibategian egon daitezkeen akatsak gorabehera, aipatu behar da kasu guztietan egin zela esleipenaren azken txostena. Bertan bildu ziren balorazioak (teknikoak zein ekonomikoak), eta horiek aurretiko prozedura-izapideak formalizatzen zituzten dokumentuetako akats formalak (adibidez, zenbait akta ez jasotzea) konpondu zituzten; izan ere, edukian akatsak zuzenduta zeuden.

Beste aldetik, eskaintzaren balorazio gisa puntuak soilik jartzeari dagokionez, esan behar da baliagarria dela, baldin eta pleguetan adierazitako esleipen-irizpideekin bat etorriz egin bada.

Esleipena.

– «Aztertutako 10 kontratuen lizitatzaileei bidali zitzaien 16,5 milioi euroren truke eginiko esleipenaren jakinarazpena (2.–7. eta 9.–12. espedienteak); alabaina, jakinarazpen horietan ez zegoen behar adinako informaziorik kanpoan geratutako lizitatzaileek edo alde batera utzitako hautagaiek behar bezala oinarritutako errekurtsoa jar zezaten esleipen-erabakiaren kontra».

Baieztapen horri erantzunez, adierazi behar da lizitatzaileei esleipen-jakinarazpena bidali zitzaiela, lortutako puntuazioen deskribapenarekin, baina baita espedientea osorik ikusi ahal izateko sarbidea ere (ezin zen ikusi konfidentzialtzat jotako xedapena, legeak hala ezartzen duelako). Horrenbestez, esleipenaren jakinarazpenean egon daitekeen gabezia oro konponduta geratu zen, lizitatzaileei kontratazio-espedientea eskuratzeko eta ikusteko aukera eman baitzitzaien. Gainera, eskubide horren berri eman zitzaien eta txosten teknikoa ere eskuragarri jarri zitzaien.

Hala, behar bezala bete zen lizitatzaileak informatzeko eta espedientea haien esku uzteko printzipioa. Horren zeharkako froga da ez dela aurkeztu errekurtsorik (administratiboa edo administrazioarekiko auziei dagokiena), ez informazio-gabeziaren aurka, ez obra loteei buruzko beste edozein alderdiren aurka.

– «KGNZren mantentze-zerbitzuak kontratatzea xede duen espedientearen esleipendunak aurkeztutako dokumentazioak (9. espedientea), kontratua gauzatzeko giza baliabide jakin batzuk erabiltzeko betebeharrari buruzkoak, ez du betetzen EABBPren 12. baldintzan ezarritako irismena».

9. espediente hori kontratatutako mantentze-zerbitzuei buruzkoa da. Txostenean aipatzen den EABBPren Pleguaren 12. baldintzak ezartzen duen bakarra da kontratua gutxieneko giza baliabide batzuekin gauzatzeko konpromisoa aurkeztu behar dela. KGNZk ez daki zein den konpromiso horren «irismena» bete ez dela esateko arrazoia, baina adierazi nahi dugu dokumentazioa aurkezteko une horretan konpromisoa baino ez zela eta dokumentazioa baloratu zuten teknikariek nahikoa zela uste izan zutela. Are gehiago, gauzatze-fasean ontzat jo zen, eta ez zen inolako eztabaidarik sortu.

Gauzatzea eta harrera.

– «EABBPek esleipen-prezioa % 15 eta % 30 artean aldatzeko izapideak egiteko aukera ezartzen badute ere, ez dago 21,7 milioi euroan esleitutako hiru obra-kontratu gauzatzean (1., 3. eta 6. espedienteak) egin diren aldaketak jasotzen dituen inolako dokumentaziorik (1. espedientean izan ezik; % 1,2ko aldaketa)».

Puntu honetan, erreferentzia egingo diogu aurrez obra-kontratuak aldatzeari buruzko operatiba formalaren legezkotasuna betetzeari buruz emandako iritziaren inguruan esandakoari.

– «Obra-kontratu bat gauzatzean (2. espedientea), kontratuaren prezioa % 17,4 areagotzea ekarri duen aldaketa bat izapidetu da, baina EABBPek ezartzen dute % 15era arteko aldaketak baino ezin direla egin, SPKLTBren 107. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen direla justifikatu ezean».

Espediente hori 8. loteari buruzkoa da (instalazio mekanikoak). Prezioaren benetako gorakada % 17,4koa izan da, eta EABBPetan ezartzen den gehieneko gorakada % 15ekoa da; alabaina, gogorarazi behar da sektore publikoko kontratuen araudiak honako aldaketa hauek onartzen dituela, baita pleguetan ezarrita ez badaude ere (eta pleguetan ezarritakoen gehigarri gisa):

– Kausa tasatu jakin batzuekin justifikatzen direnak (proiektuan akatsak edo gabeziak egotea, edo proiektua desegokia izatea; ezinbesteko edo ezusteko kasuak, etab.), baldin eta lizitazioaren funtsezko baldintzak aldatzen ez badira eta aldaketa horiekin ez bada gainditzen kontratuaren esleipen-prezioaren % 10eko muga.

– Horrez gain, obra-kontratuetarako (kasu honetan hala da), onartzen dira obra benetan gauzatzean egon daitezkeen unitate kopuruen aldaketengatik, proiektuaren neurketetan aurreikusitako unitate kopuruarekin alderatuta, eginiko prezio-aldaketak (proiektuan egon daitezkeen neurketa-akatsengatik); kasu honetan ere muga kontratuaren prezioaren % 10ekoa izango da.

Horrenbestez, % 17,4ko gorakada zilegi da aipatutako % 15eko gorakadaren barruan, aurreko paragrafoetan aipatutako % 10eko mugan sartzen delako.

– «Arotzeria-lanak egitea xede duen eta 900.345 euroan esleitu den 7. espedientean, material-bilketaren lehenengo obra-ziurtagiria bidali da, baina dagokion abala eratu gabe, EABBPetan ezarritakoa bete gabe utziz».

Espediente hori 22. loteari buruzkoa da (arotzeria). Aurrerakinarengatiko abalik aurkeztu ez izanari dagokionez, lote horretako obren gauzatze-epea oso laburra da eta, horrenbestez, ez zen beharrezkotzat jo berme gehigarririk jartzea, kontratua sinatzean jarritako bermeaz gain. Izan ere, berme hark jada bermatzen zuen kontratua hautsiz gero aurrerakina itzultzeko betebeharra.

– «29 milioi euroan esleitu diren sei obra-espedientetan (1., 2., 3., 4., 6. eta 7. espedienteak) atzerapenak egon dira obrak gauzatzeko epean (2 eta 20 hilabete artean), epea luzatzea onartu gabe».

Epearen luzapenak ez dira formalizatu, hain zuzen, atzerapenak oso luzeak ez ziren kasuetan aldaketa hori izapidetzeak kontratua bertan behera uztea ekar zezakeelako; horren beldurrez, luzapenik ez izapidetzea erabaki zen.

Bestalde, txostenean aipatutako 20 hilabeteko atzerapena obra zibileko loteari bakarrik dagokio. Gogorarazi behar da lote hori obrako lote nagusia zela, eta horren kontratua eraikuntza-prozesu osoaren hasieran sinatu zela eta obra-hasierako gorabeheren eragina jaso zuela; besteak beste, obra eten egin zen. Horrez gain, kontratu horretako aldaketen formalizazioaren harira deskribatu den operatiba (bileren aktak, txostenak eta amaierako likidazioa) aplikagarri zaie epe-luzapen hauei ere (azken finean, kontratu-aldaketak baino ez dira).

«Ostatu-zerbitzua kudeatzeko eta ustiatzeko kontratuan (12. espedienteko 2. lotea) jasota zegoen jarduera 2016ko otsailaren 1ean hasiko zela, baina 2015eko abenduaren 31n obrak hasi gabe zeuden, eta ez da jaso atzerapen horren aurrean eginiko jarduketarik. 2016ko irailean kontratua aldatu zen eta jarduera abian jartzeko epea 2017ko apirilaren 1era atzeratu zen. Horrez gain, kafetegi-zerbitzuaren esleipenari zegokion jarduera (1. lotea) 2,5 hilabeteko atzerapenarekin hasi zen (berez 2016ko otsailaren 1ean hasi behar zuen), inolako epe-luzapenik onartu gabe. Azkenik, zaharberritze-zerbitzuan (3. lotea), ezarritako hasiera-data (2016ko uztailaren 1a) gainditu egin zen, eta azkenean kontratua bertan behera uztea erabaki zen 2016ko abenduan, zegozkion zehapenak ezarrita».

Ostatu-zerbitzua kudeatzeko eta ustiatzeko kontratuari dagokionez, aldez aurretik inolako formalizaziorik egin ez bazen ere, ez da halakorik behar, txostenean aipatzen den aldaketa formalizatu baitzen 2016ko irailean; bertan, besteak beste, epeak berariaz aldatu ziren.

Kafetegi-zerbitzua kudeatzeko eta ustiatzeko kontratuari dagokionez, uste izan zen aipatutako 2,5 hilabeteko atzerapenagatik ez zela beharrezkoa epearen berariazko luzapenik egitea, atzerapena laburra izan zelako; izan ere, luzapena negoziatzeak jardueraren hasiera are gehiago atzeratzea ekarriko zukeen.

Zaharberritze-zerbitzua kudeatzeko eta ustiatzeko kontratuari dagokionez, kontratua bertan behera uzteko eta zegozkion zehapenak jartzeko berariazko erabakia, kontratazio-organoak hartua, erabat legezkoa izan da ikuspegi juridikotik begiratuta.

Bestelakoak.

– «Aztertutako kontratazio-espedienteetan egin diren zenbait ordainketak, guztira 12,6 milioi eurokoak (aztertutako espediente guztien % 86), gainditu egiten dute EABBPan ezarritako 60 eguneko epea».

Atzerapen horiek guztiak kontratistarekin adostu ziren; horren erakusgarri da ez dela inolako erreklamaziorik jarri arrazoi horrengatik, ezta judizioz kanpo ere.


Azterketa dokumentala