Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

43. zk., 2018ko martxoaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1090

46/2018 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Honduraseko Desagertutako Atxilotuen Senitartekoen Batzordearen (Cofadeh) Elkartearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, Cofadeh Erakundea indartzeko Hondurasen giza eskubideak defendatu, babestu eta sustatu ditzan.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren etaHonduraseko Desagertutako Atxilotuen Senitartekoen Batzordearen (Cofadeh) Elkartearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, Cofadeh Erakundea indartzeko Hondurasen giza eskubideak defendatu, babestu eta susta ditzan. Testu hori ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 14a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 14KO 46/2018 EBAZPENARENA
HITZARMENA, GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA HONDURASEKO DESAGERTUTAKO ATXILOTUEN SENITARTEKOEN BATZORDEAREN (COFADEH) ARTEKOA, COFADEH ERAKUNDEA INDARTZEKO HONDURASEN GIZA ESKUBIDEAK DEFENDATU, BABESTU ETA SUSTA DITZAN

Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 27a.

BILDU DIRA:

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendari Paul Ortega Etcheverry jauna, –urtarrilaren 22ko 117/2013 Dekretuan ezarritakoaren arabera– zeinak Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz jardun baitu Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen 5/2008 Legearen 11.2 e) artikuluan eta aipatutako Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen 95/2010 Dekretuaren 11.1 e) artikuluan esleitutako eskumenen arabera.

Bertha Oliva Guifarro de Nativí andrea, Honduraseko Desagertutako Atxilotuen Senitartekoen Batzordeko (hemendik aurrera, Cofadeh) koordinatzaile nagusia, Batzordearen izenean eta haren ordez jarduteko ahalmena duena,

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen araudian ezarrita dagoenez, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezarritako printzipio- eta egitura-sarean txertatuta dagoen agentzia hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzari buruzko politikaren plangintza eratzeko ardura duen zuzenbide pribatuko entitate publikoa, baita hori koordinatu, kudeatu eta gauzatzeko ardura duena ere, herrialde pobreetan pobreziaren aurka borrokatzeko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko. Gainera, 2014-2017 aldiko Plan Zuzentzailean, eskubide unibertsalak lehentasun sektorialtzat ezarri dira, giza eskubideak zeharkako ikuspegitzat eta Honduras lehentasunez jarduteko herrialdetzat.

Bigarrena.– Cofadeh erreferentziako erakundea da Erdialdeko Amerikako herrialdean, giza eskubideen defendatzaileak eta biktimak defendatzen espezializatuta dagoelako. Desagerpen bortxatuen biktima izandako senitartekoek 1982an sortu zutenetik, esperientzia handia bereganatu du honako gai hauetan: gauzatutako mehatxuen aurreko auzi estrategikoa, prebentzio-ekintzak, eragin-sare eta -estrategien sorkuntza, segurtasun-neurri eta -planen lantzea, eta asilo-prozesuak erraztea.

Hirugarrena.– Azken urteotan, giza eskubideen aldeko erakundeen arabera, giza eskubideen defendatzaileek Hondurasen bizi dituzten mehatxu-egoerak eta jazarpenak larriagotu egin dira. Egoera horren aurrean, herrialde horretan garapenerako prozesu eta proiektuetan laguntzen duten euskal elkarteak kezkatuta daudela adierazi diote Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari.

Errealitate horri erantzuteko, 2015. urtean, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Cofadeh erakundeak hitzarmena sinatu zuten Honduraseko gizarte-erakundeei eta giza eskubideen arloko erakundeei laguntzeko giza eskubideen sustapeneko, babeserako eta defendatsarako lanean bizi duten ahulezia-egoerari aurre egiteko gaitasunak hobetzen.

Laugarrena.– Hitzarmen hori amaitu da, eta Cofadeh erakundearekin izandako harremanari esker, beste erronka bat dagoela ikusi dugu: Cofadeh erakundea bera indartzea. Cofadehren azterketaren arabera, 2009ko estatu-kolpeaz geroztik, alde batetik, giza eskubideen urraketako kasuen kopurua izugarri handitu da eta, bestetik, lan egiteko aukera ematen duten finantzabideak murriztu dira. Herrialdearen egoera orokorra hori izanik, Cofadehren kasuan, gainera, auto-diagnostikoan hautemandako ahuleziak ere hartu behar dira kontuan: erakundearen plangintza egiteko prozesurik ez izatea, langile gutxi eta lan-zama handiarekin, eta berariazko gaitasun jakin batzuetan mugak izatea, besteak beste.

Horrela, bada, hitzarmen honen xedea Cofadeh bera indartzea da, erantzuteko gaitasun hobea izan dezan, iristen zaizkion kasuei arreta egokia eman ahal izan diezaien eta egunez egun prozesatzen den informazio guztiaren erabilera estrategikoa egin dezan.

Aurrekoak kontuan izanda, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, ondoren adieraziko diren klausulei jarraikiz,

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea bi sinatzaileen –Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Cofadehren- arteko harremanak arautzea da, Cofadehren programaren eta finantzaketaren jasangarritasuna hobetuko duen proiektu bat finantzatze aldera; proiektu horren bitartez, erakundearen funtzionamendua egonkorra izango dela bermatu beharko da, betiere apustu politikoaren eta testuinguru-aldaketan sortzen diren premia estrategikoen arabera. Hori horrela dela, Hondurasen giza eskubideak indarrean edukitzen eta errespetatzen lagunduko da.

Bigarrena.– Hitzarmenaren emaitzak.

Hitzarmen honekin lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira:

1. emaitza: Cofadehren esparru politiko-estrategikoa eguneratzea eta zehaztea, Honduraseko aldaketa-testuinguruaren arabera.

2. emaitza: Cofadehren gaitasunak indartzea erakundearen jardun guztiak esparru politiko-estrategiko horretara egokitzeko.

3. emaitza: Cofadehren zuzeneko ekintzak abiaraztea, esparru politiko-estrategiko horri erantzunez.

2.– Aurreko emaitzak lortzeko jarduerak eta emaitzak neurtzeko adierazleak erantsitako plangintzari buruzko ideia nagusian zehaztu dira.

Hirugarrena.– Jarduerak egikaritzeko epea.

Jarduerak egikaritzeko epea 18 hilabete izango da, 2017ko abenduaren 1etik zenbatzen hasita.

Laugarrena.– Izenpetzen duten alderdien aurrekontu-ekarpenak.

Aurreko klausuletan adierazitakoa egiteko aurreikusitako kostua hirurehun eta berrogei mila ehun eta hamaika (340.111,00) euro; kopuru hori xehatuta ageri da erantsitako aurrekontu-taulan.

Cofadeh aurreko klausuletan hitzartutako ekintza guztien egikaritzapenaren eta kudeaketaren koordinazio teknikoaz arduratuko da, eta baita erantsitako plangintzari buruzko matrizean jasotakoen egikaritzapenaren eta kudeaketaren koordinazio teknikoaz ere.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak hirurehun eta berrogei mila ehun eta hamaika (340.111,00) euro ekarpena egingo du. Zenbateko hori honela ordainduko zaio Cofadehri:

– ehun eta hogeita bost mila zortziehun eta hogeita hiru euro eta hirurogeita lau zentimo (125.823,64), hitzarmena sinatu ostean.

– ehun eta hogeita hamabi mila berrehun eta laurogeita hemezortzi euro eta berrogeita zazpi zentimo (132.298,47), diru-laguntzaren % 30eko edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da.

– laurogeita bat mila berderatziehun eta laurogeita zortzi euro eta laurogeita bederatzi zentimo (81.988,89), diru-laguntzaren % 60ko edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da.

Proiektuaren % 100 sei hilabeteko epean justifikatu beharko da, hitzarmenaren amaiera-datatik aurrera zenbatzen hasita.

Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakundek, publikoak nahiz pribatuak, helburu berarekin eman litzakeenarekin, betiere horren ondorioz, gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketa egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

Bosgarrena.– Hitzarmenaren jarduera ekonomikoak egikaritzeko soilik erabili behar duen banku-kontua.

Cofadeh erakundeak 1171173707 (Banco Davivienda Honduras, S.A.) zenbakiko banku-kontua erabiliko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak hitzarmen hau egikarituz transferituko dizkion funtsak kudeatzeko berariazko kontu gisa. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ordainketa bakoitzean transferitutako diru-kopurua kontu espezifiko horretara transferituko da berehala, eta ezin izango da aurrez inolako diru-mugimendurik egin.

Seigarrena.– Ondasunen jabetza eta jabetza intelektuala.

1.– Hitzarmen honetan aurreikusitako finantzaketarekin eskuratutako ondasunak Cofadeh erakundearenak izango dira.

2.– Hitzarmen honen finantzaketarekin garatutako dokumentu eta materialen jabetza intelektuala Cofadeh erakundearena izango da.

Zazpigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.

1.– Jarraipen Batzorde Misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bi ordezkari, Zuzendaritzak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, idazkaria.

Cofadehren bi ordezkari, organo eskudunak izendatuak.

2.– Batzorde horrek ohiko bilkura egingo du gutxienez lehenengo egikaritzapen-urtearen amaieran eta/edo 1. txosten tekniko-finantzarioa aurkeztu ondoren, eta bigarren aldiz, hura amaitzean, azken txostena aurkeztu ondoren.

3.– Salbuespenez, batzordekideek egokitzat ikusten dutenean eta, hala badagokio, batzordekide batek eskatzen duenean bildu ahal izango da Jarraipen Batzorde Mistoa.

4.– Jarraipen Batzordearen erregimen juridikoak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die.

Zortzigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak.

Hitzarmen hau izenpetu duten alderdiek honako hau hartuko dute hitzarmena suntsiarazteko arrazoitzat: hitzarmenean bildutako estipulazioak eta indarrean dagoen legerian hitzarmenaren nondik norakoei buruz jasotako beste edozein estipulazio ez betetzea.

Bederatzigarrena.– Funtsezko aldaketak.

Cofadeh erakundeak baimena eskatu beharko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian, proiektuan funtsezko aldaketak eta luzapenak dakarren edozein aldaketa egin aurretik. Aldaketa horiek Jarraipen Batzorde Mistoaren esparruan aztertuko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.

Hamargarrena.– Hitzarmenaren iraupena eta aldaketa.

1.– Sinatu eta hurrengo egunetik hasiko da indarrean hitzarmena eta 2020ko abenduaren 31ra arte luzatuko da.

2.– Hitzarmena bi alderdiak ados jarrita amaitu ahalko da.

3.– Era berean, Hitzarmena izenpetu duen edozein alderdik bere kabuz eman ahal izango du amaitutzat hitzarmena, betiere idazki bidezko aurreabisua tarteko, eta gutxienez hiru hilabeteko aurrerapenarekin jakinaraziko zaio beste alderdiari.

4.– Hitzarmena bi alderdiak ados jarrita luzatu ahalko da lau urtera arte, hitzarmena amaitu baino hilabeteko aurrerapenarekin gutxienez.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.

Cofadehren koordinatzaile nagusia,

BERTHA OLIVA GUIFARRO DE NATIVÍ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala