Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2018ko otsailaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1055

47/2018 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Euskal Fondoa Lankidetzarako Euskal Toki Erakundeen Elkartearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, Cuscatlán departamentuan (El Salvador) ura izateko giza eskubidearen aldeko udal- eta komunitate-kudeaketan demokrazia eta genero-berdintasuna sustatzeko proiektu bat finantzatzeko.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Wassu Uab Fundazioaren eta Euskal Fondoa Lankidetzarako Euskal Toki Erakundeen Elkartearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, Cuscatlán departamentuan (El Salvador) ura izateko giza eskubidearen aldeko udal- eta komunitate-kudeaketan demokrazia eta genero-berdintasuna sustatzeko proiektu bat finantzatzeko. Testu hori ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 14a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 14KO 47/2018 EBAZPENARENA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA EUSKAL FONDOA LANKIDETZARAKO EUSKAL TOKI ERAKUNDEEN ELKARTEAREN ARTEKO HITZARMENA, CUSCATLÁN DEPARTAMENTUAN (EL SALVADOR) URA IZATEKO GIZA ESKUBIDEAREN ALDEKO UDAL- ETA KOMUNITATE-KUDEAKETAN DEMOKRAZIA ETA GENERO-BERDINTASUNA SUSTATZEKO PROIEKTU BAT FINANTZATZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 27a.

BILDU DIRA:

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendari Paul Ortega Etcheverry jauna, –urtarrilaren 22ko 117/2013 Dekretuan ezarritakoaren arabera– zeinak Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz jardun baitu Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen 5/2008 Legearen 11.2.e) artikuluan eta aipatutako Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen 95/2010 Dekretuaren 11.1.e) artikuluan esleitutako eskumenen arabera.

Maite Etxebarria Azpiolea andrea, Euskal Fondoa Lankidetzarako Euskal Toki Erakundeen Elkarteko (hemendik aurrera, Euskal Fondoa) presidentea den heinean, haren izenean eta hura ordezkatuz jarduteko behar adinako boterea duela.

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen araudian ezarrita dagoenez, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezarritako printzipio- eta egitura-sarean txertatuta dagoen agentzia hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzari buruzko politikaren plangintza eratzeko ardura duen zuzenbide pribatuko entitate publikoa, baita hori koordinatu, kudeatu eta gauzatzeko ardura duena ere, herrialde pobreetan pobreziaren aurka borrokatzeko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko. Gainera, 2014-2017 aldirako Gida Planean, lehentasun sektorial gisa ezartzen da ura izateko giza eskubidea sustatzea eskubide unibertsalen esparruan, eta El Salvador jardun horretarako lehentasuna duen herrialde gisa hartzen da.

Bigarrena.– Euskal Fondoa 1996an sortu zen euskal lankidetza deszentralizatua koordinatzeko eta babesteko tresna gisa, eta bertan biltzen dira Hegoaldeko instituzioekin, gizarte-erakundeekin eta komunitateekin harreman solidarioak garatzearen alde lan egiten duten toki-esperientzia guztiak. Euskal Fondoak, beste eragile sozial eta instituzional batzuekin batera, urarekin eta saneamenduarekin zerikusia duten programen garapenean esku hartzen du, uraren hainbat euskal operadore publikorekin lankidetzan. Urarekin eta saneamenduarekin zerikusia duten proiektuek Euskal Fondoaren ekarpen guztien % 50 biltzen dute, gutxi gorabehera, lehen lehentasun sektoriala izanik.

Hirugarrena.– Baliabide hidrikoak funtsezkoak dira pobrezia murrizteko eta giza garapen jasangarria sustatzeko. Ildo horretan, 2010eko uztailaren 28an Nazio Batuen Batzar Nagusiak ura eta saneamendua izateko giza eskubidea onartu zuen esplizituki, edateko ur garbia eta saneamendua izatea giza eskubide guztiak baliatu ahal izateko funtsezkoak direla berretsiz. Alabaina, asko dira edateko ura eskuratzeko aukerarik ez duten pertsonak, eta, Nazio Batuen arabera, emakume eta haurrek edateko ura lortzeko erantzukizunaren % 70etik gora hartzen dute beren gain.

El Salvadorren ez da uraren ustiapena arautzeko eta ura izateko eskubidea babestu eta bermatzeko legeriarik onartu. Horregatik, El Salvadorreko herritarren artean zenbait sektore eragin-estrategiak garatzen ari dira alor horretan nazio-mailako legeria eta arauak edukitzeko; aldi berean, uraren kudeaketa integrala eta jasangarria sustatzen dute herritarren parte-hartzea bultzatuz, tokian-tokian, eskualdeetan eta herrialdean erabakiak hartzeko prozesuak demokratikoak eta generoari dagokionez berdintasunezkoak izan daitezen, emakume eta gizonek erantzukizunak har ditzaten eta, berdintasunean, ura izateko giza eskubidea balia dezaten.

Laugarrena.– Euskal Fondoak aldez aurretik garatutako ekimen bati ematen dio jarraipena hitzarmen honek, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatuta. Hainbat agenteren ustez proiektua eredugarria da uraren erabilerari eta maneiuari buruzko eta uraren kantitate eta kalitatearen arazoari buruzko azterketarako, eta, azterketa horretan oinarrituta, ur-batzarren elkartzeko gaitasuna eta gaitasun teknikoa indartzeko estrategiak ezartzeko, uraren kudeaketa sozialean berdintasun-ikuspegia erabiliz.

Hain zuzen ere, hitzarmen honekin lortu nahi da aurreko hitzarmenari jarraikiz Suchitotom garatutako esperientzia horri amaiera ematea, eta, horrez gain, eredu hori Cuscatlán departamentuko beste bi udalerritan partekatu eta errepikatzea, zehazkiago San José Guayabalen eta El Rosarion.

Bosgarrena.– Gainera, aipatzekoa da ekimen hori 2015eko azaroaren 10ean Uraren Euskal Agentziak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan kokatzen dela. Uraren kanonaren % 5 kudeatzea ahalbidetzen du hitzarmen horrek, pobretutako herrialdeetan ura eta saneamendua izateko eskubidea baliatzea errazteko jardunak finantzatzeko.

Aurrekoak kontuan izanda, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, betiere ondoren adierazten diren klausulei jarraikiz,

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen helburua da alderdi sinatzaileen –Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia eta Euskal Fondoa– arteko harremanak arautzea Cuscatlán departamentuan uraren udal-kudeaketa indartzeko helburua duen proiektu bat batera finantzatzeko, giza eskubide unibertsal gisa benetan aitortua izan dadin laguntzearren, erresilientzian, ingurumen-justizian eta genero-berdintasunean oinarritutako ikuspegiari jarraikiz.

Bigarrena.– Hitzarmenaren emaitzak.

1.– Hitzarmen honekin lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira:

1. emaitza. Etxebizitzetako edateko uraren estaldura areagotu eta hobetu da Cuscatlán departamentuko hiru udalerritan, San José Guayabal eta El Rosario udalerrietan bi sistema berri eraikiz, Suchitoton biltegiratze-sistema bat zabalduz eta bederatzi ur-sistema komunitarioren hornidura eta kudeaketa hobetuz.

2. emaitza. 9 komunitateren edateko uraren sistemen gaitasunak indartu dira, ingurumen-saneamendua kudeatzeko.

3. emaitza. Ur-batzar eta ur-batzordeen kudeaketa-gaitasuna sendotu da Suchitoto, San José Guayabal eta Rosario de Cuscatlán udalerrietako bederatzi komunitate-sistematan, zuzendaritza- eta mantentze-egituretan emakumeak txertatuz eta haien parte-hartzea bultzatuz.

4. emaitza. Ura izateko giza eskubidea aitortua izan dadin sustatu eta defendatzeko departamentu-esparru bat sustatu da, genero-berdintasunaren irizpideari jarraikiz.

2.– Aurreko emaitzak lortzeko jarduerak eta emaitzak neurtzeko adierazleak erantsitako plangintzari buruzko ideia nagusian zehaztu dira.

Hirugarrena.– Jarduerak egikaritzeko epea.

Jarduerak egikaritzeko 12 hilabeteko epea izango da, 2017ko azaroaren 1etik aurrera.

Laugarrena.– Alderdi sinatzaileen aurrekontu-ekarpenak.

Aurreko klausuletan adierazitakoa egiteko aurreikusitako kostua bostehun eta hogeita hiru mila bederatziehun eta laurogeita hiru euro eta hamabost zentimo da (523.983,15); kopuru hori xehatuta ageri da erantsitako aurrekontu-taulan.

Euskal Fondoak bere gain hartuko ditu aurreko klausuletan ezarritako ekintza guztiak eta erantsitako plangintzako ideia nagusian bildutakoak egikaritu eta kudeatzeko koordinazio teknikoa, eta guztira berrehun eta laurogeita bat mila berrehun eta berrogeita zazpi euro eta hogeita lau zentimoko (281.247,24) ekarpena egingo du, zuzenean eta/edo toki-erakundearen eta/edo xede-biztanleriaren bitartez.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak berrehun eta berrogeita bi mila zazpiehun eta hogeita hamabost euro eta laurogeita hamaika zentimoko (242.735,91) ekarpena egingo du. Zenbateko hori honela ordainduko zaio Euskal Fondoari:

– Ehun eta hogeita bat mila hirurehun eta hogeita bat euro eta zero zentimo (121.321, 00 euro), hitzarmena sinatu ondoren.

– Ehun eta hogeita bat mila laurehun eta hamalau euro eta laurogeita hamaika zentimo (121.414,91 euro), diru-laguntzaren % 40ko edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko zaio.

Diru-laguntzaren % 100 sei hilabeteko epean justifikatu beharko da, hitzarmenaren amaiera-datatik aurrera zenbatzen hasita. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da.

Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakundek, publikoak nahiz pribatuak, helburu berarekin eman litzakeenarekin, betiere horren ondorioz, gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketa egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

Bosgarrena.– Hitzarmenaren jarduera ekonomikoak egikaritzeko soilik erabili behar duen banku-kontua.

Euskal Fondoak ES16 3035 0064 2206 4006 9850 zenbakiko banku-kontua erabiliko du kontu espezifiko gisa (eurotan), hitzarmen hau betez Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak helaraziko dion dirua kudeatzeko. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ordainketa bakoitzean transferitutako diru-kopurua kontu espezifiko horretara transferituko da berehala, eta ezin izango da aurrez inolako diru-mugimendurik egin.

Seigarrena.– Ondasunen jabetza eta jabetza intelektuala.

1.– Hitzarmen honetan aurreikusitako finantzaketarekin erositako ondasunak toki-erakundeen eta/edo xede-biztanleriaren jabetzakoak izango dira.

2.– Hitzarmen honen finantzaketarekin garatutako dokumentu eta materialen jabetza intelektuala toki-erakundeen eta/edo xede-biztanleriaren jabetza izango da.

Zazpigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.

1.– Jarraipen Batzorde Misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bi ordezkari, agentziaren Zuzendaritzak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, idazkaria.

Euskal Fondoaren bi ordezkari, organo eskudunak izendatuak.

2.– Batzorde horrek gutxienez ohiko bilera bat egingo du lehen betearazpen-urtearen amaieran eta/edo azken txostena aurkeztu ondoren.

3.– Salbuespenez, Jarraipen Batzorde Mistoko kideak bilduko dira kide horietako batek egokitzat ikusten badu, eta, hala badagokio, horretarako eskaera egiten badu.

4.– Jarraipen Batzordearen erregimen juridikoak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die.

Zortzigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak.

Hitzarmen hau izenpetu duten alderdiek honako hau hartuko dute hitzarmena suntsiarazteko arrazoitzat: hitzarmenean bildutako estipulazioak eta indarrean dagoen legerian hitzarmenaren nondik norakoei buruz jasotako beste edozein estipulazio ez betetzea.

Bederatzigarrena.– Funtsezko aldaketak.

Euskal Fondoak baimena eskatu beharko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian, proiektuan funtsezko aldaketak eta luzapenak dakarren edozein aldaketa egin aurretik. Aldaketa horiek Jarraipen Batzorde Mistoaren esparruan aztertuko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.

Hamargarrena.– Hitzarmenaren iraupena eta aldaketa.

1.– Sinatu eta hurrengo egunetik hasiko da indarrean hitzarmena eta 2020ko ekainaren 30era arte luzatuko da.

2.– Hitzarmena bi alderdiak ados jarrita amaitu ahalko da.

3.– Era berean, Hitzarmena izenpetu duen edozein alderdik eman ahal izango du amaitutzat hitzarmena modu alde bakarrean, betiere idazki bidezko aurreabisua tarteko, eta gutxienez hiru hilabeteko aurrerapenarekin jakinaraziko zaio beste alderdiari.

4.– Hitzarmena bi alderdiak ados jarrita luzatu ahalko da, hitzarmena amaitu baino hilabeteko aurrerapenarekin gutxienez.

Bi alderdiek, ados daudela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.

Euskal Fondoa Lankidetzarako Euskal Toki Erakundeen Elkarteko presidentea,

MAITE ETXEBARRIA AZPIOLEA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala