Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

40. zk., 2018ko otsailaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1016

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 5ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez ingurumen-baimen integratua ematen baitzaio piezen gainazaleko tratamendu eta akaberarako instalazioari; Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak sustatu du, Matxaria industrialdeko 40. zenbakian, Eibarren.

AURREKARIAK

2015eko azaroaren 6an, Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari ingurumen-baimen integratua emateko eskatu zion, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak xedatutakoaren arabera, Eibarko udal-mugartean piezen gainazaleko tratamendu eta akaberarako instalazioa jartzeko.

Era berean, Eibarko Udalaren txostena aurkeztu zuen, 2015eko urriaren 21ekoa, jarduera hirigintzarekin bateragarria zela egiaztatzen zuena.

Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordeak 2016ko azaroaren 10ean emandako ebazpenaren bidez, Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak sustatutako proiektua 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea erabaki zen, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2016ko abenduaren 2an.

Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dagoela egiaztatu da.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoari jarraituz –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–, 2017ko urtarrilaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Eibarko Udalari, Gipuzkoako Urak erakundeari, Osasun Sailari, URA Uraren Euskal Agentziari eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari.

2017ko ekainaren 13an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikulua aplikatuz –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–, Superficies Matxaria, S.A.L. enpresaren eskura jarri da espediente osoa. Ezarritako epea amaitu ostean, Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak ez du horren gaineko alegaziorik edo oharrik egin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea; eta hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua– eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horiez gain, aipatu legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean garatzen diren jarduera guztiak hartzen ditu barnean baimen honek, baita, eranskin horretan jasota ez egonik, jarduera horrekin lotura teknikoa dutenak eta sor daitezkeen isurketen eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatutakoa aplikatuz –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–, ingurumen-baimen integratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozein garatzen duten instalazioak ustiatzeko. 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinatuta egongo den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzeko. Era berean, indarrean dagoen araudian jasotako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Superficies Matxaria, S.A.L. enpresaren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: saneamendu-sare orokorrera isurtzeko baimena, atmosferara isurketak egiteko baimena, eta, ingurumen-izaerako beste zehaztapen batzuen artean, atmosferaren kutsadurari dagozkion baimenak eta lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dutela egiaztatu da, aginduzko txostenak igorriz.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatutakoaren arabera –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–, ingurumen-baimen integratua emateko prozedurak jarduera deseroso, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egin ahal izateko administrazio eskudunek herritarren ekintzen gainean esku hartzeko dituzten administrazio-bitartekoak ordezkatuko ditu. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen integratua loteslea izango da tokiko agintarientzat, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko edota neurri zuzentzaileak ezartzeko bada; baita goiko arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdi orori dagokionez ere. Aipatutako 29. artikuluan adierazten da aurrez xedatutakoak ez diela kalterik egiten jarduera sailkatuei buruz aplikatu behar diren autonomia-erkidegoko arauei, eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, jarduera sailkatuen araubidea araututa dagoela otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean (Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa). Adierazitako aginduak aplikatuz, Superficies Matxaria, S.A.L. enpresaren ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran sartuta daude otsailaren 27ko 3/1998 Legean aurreikusitako izapide guztiak.

Azkenik, adierazi behar da ebazpen honek teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak kontuan izan dituela, bai instalazioak gehienez isur ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai, ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko helburuz, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Zehazki, Europako Batzordearen 2006ko abuztuko BREF dokumentuaren (Metalen eta plastikoen gainazaleko tratamenduak) edukiak kontuan hartu dira.

Azaldu dugun guztia aintzat hartuta, espedientean jaso diren txosten guztiak aztertutakoan ebazpen-proposamena egin zen, eta bertan jaso ziren Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak sustatutako proiektuari aplikatu beharreko baldintzak.

Azaldutakoaren arabera goian adierazitako izapideak amaituta, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua– jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da.

Aintzat hartu da organo honek eskumena duela ingurumen-baimen integratu hau emateko, apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuan (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) xedatutakoaren arabera.

Honako hauek ikusi dira: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren ebazpen-proposamena, 2017ko ekainaren 13koa; otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–; urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua (industriako isurpenen Erregelamendua onartu eta 16/2002 Legea, uztailaren 1ekoa, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoa, garatzen duena); 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatu beharreko gainerako arauak. Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ematea Superficies Matxaria, S.A.L. enpresari (egoitza soziala: Matxaria industrialdea 40, Eibarko udal-mugartea; koordenatuak: UTM 30N ETRS89, X: 543127,926 Y: 4782618,352; IFK: A20174017) ingurumen-baimen integratua, piezen gainazaleko tratamendu eta akaberarako instalazioa jartzeko, Eibarko udal-mugartean, ebazpen honen bigarren apartatuan ezarritako baldintzekin. Instalazio-kode hau esleituko zaio: 16-I-01-000000000343.

Jarduera jasota dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskineko 2.6 kategorian –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–.

2.6.– Metalen eta plastikoen gainazala prozedura elektrolitikoz edo kimikoz tratatzeko instalazioak, tratamenduko kubeten edo lerroen bolumena 30 m3 baino gehiago denean.

Instalazioa Matxaria industrialdeko 40. zenbakian dago, Eibarren, eta 700 m2-ko guztizko azalera du, zeina azalera estalia baita. Horietatik, 75 m2 bulego, aldagela, komun eta hainbat biltegitarako dira; 125 m2, tratamendu-lerroetarako (50 m2 otzara-lerroa eta 75 m2 estatiko-lerroa); 90 m2, industria-urak arazteko ekipoetarako, eta, 410 m2, piezen biltegi, korridore eta eremu ez-aprobetxagarrietarako.

Superficies Matxaria, S.A.L. enpresaren jarduera honetan oinarritzen da: metalezko gainazalak, altzairuzko eta burdinazko piezak estaltzea zinkezko estaldura elektrolitikoaren bidez. Metalezko gainazalaren gainean zink-geruza finak jartzen dira elektrolito batean murgildutako piezaren gainean, korrosioaren aurkako funtzioarekin.

Fabrikaren ekoizpen-gaitasuna aldatu egiten da piezen geometriaren, neurriaren eta pisuaren arabera, baina egunean 12 t inguru pieza zinkeztatu zenbatesten dira.

Piezak tratatzeko bi lerro-mota daude. Batetik, bastidore- edo estatiko-lerroa, non neurri handiko piezak tratatzen baitira; 300 litroko 22 upel eta 1500 litroko upel bat diru. Eta, bestetik, danbor- edo dunbal-lerroa pieza txikientzat edo forma biribildua dutenentzat; 400 litroko 12 upel eta 600 litroko 8 upel ditu.

Prozesuaren hasieran, materialak jasotzen dira, eta, ondoren, piezak kargatzen dira hautatutako prozesu-lerroan.

Jarraian, piezak garbitu eta koipegabetzen dira, koipegabetze kimikorako bainuan murgilduta.

Ostean, desugerketa-bainua ematen zaie, eta, horren bidez, metalezko piezen gainazalean dauden burdin oxidoak kentzen dira, aziko klorhidrikozko bainuan murgilduta.

Jarraian, piezen koipegabetze elektrolitikoa egiten da zenbait minutuz, piezak zinkatze elektrolitikorako prestatzeko eta zinkarekiko itsaspena hobetzeko.

Aurreko etapetako bakoitzaren ostean (koipegabetzea, desugerketa, desugerketa elektrolitikoa), uretan pasatzen dira, osteko etapetan azidoa eta burdinazko gatzak ez arrastatzeko, eta piezak hurrengo prozesurako prestatzen dira.

Ondoren, piezen zinkatze elektrolitikoa egiten da, bainu batean murgilduz. Piezak astiro-astiro ateratzen dira bainuetatik, estaldura lau eta uniformea lortzeko, eta uretan pasatzen dira, bainuak kentzeko.

Azkenik, materialek azken tratamendu bat edo batzuk jasotzen dituzte, estalduraren propietate korrosio-kontrakoak eta funtzionalak hobetzeko.

Tratatutako piezak deskargatu ondoren, kalitate-kontrola egiten da, eta, ostean, bidaltzeko prestatzen dira. Piezak jaso zirenean zeramaten enbalaje bera erabiltzen da, eta, paketatu ondoren, pabiloian biltegiratzen dira, bezeroari bidali arte.

Prozesuko urak tratatzeko instalazio bat dago, eta horren tratamendu-gaitasuna orduko 10 m3-koa da. Tratamendu hori honetan datza: metal disolbatuen prezipitazio kimikoa, solido prezipitatuen malutapena eta dekantazioa, eta osteko iragazketa solido horiek erauzteko. Tratatzen diren urak etapa desberdinetatik datoz: garbiketa, koipegabetzea, desugerketa, zinkeztaketa eta pasibatzea. Ur araztua industrialdeko kolektorera isurtzen da, eta kutxatila bat dago isuria kontrolatzeko puntu gisa.

Superficies Matxaria, S.A.L. enpresaren urteko energia-kontsumoa, piezen gainazaleko tratamendu- eta akabera-jarduerarako, 613.930 kWh energia elektrikokoa da.

Sortutako hondakin arriskutsuak zein ez arriskutsuak, batez ere, jarduera hauetatik datoz: gainazaleko tratamendua, uren arazketa eta zerbitzu orokorrak.

Superficies Matxaria, S.A.L. enpresaren jardueran, teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira, zeinak Europako BREF dokumentu hauetan jasota baitaude:

Metalen eta plastikoen gainazaleko tratamenduen BREF dokumentua («Surface Treatment of Metals and Plastics», 2006ko abuztua).

Proiektuak, besteak beste, teknika erabilgarri onenak direla pentsa daitekeen neurri hauek biltzen ditu:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak Eibarko (Gipuzkoa) udal-mugartean sustatutako piezen gainazaleko tratamendu- eta akabera-jarduera ustiatzeko baldintza eta betekizun hauek ezartzea:

A) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak aldaketa horien berri emango du.

B) Neurri babesle eta zuzentzaileak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala burutuko dira:

B.1.– Instalazioaren funtzionamendurako baldintza orokorrak.

B.1.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

B.1.1.1.– Baldintza orokorrak.

Superficies Matxaria, S.A.L. enpresaren instalazioak ustiatzean, honako baldintza hauek bete beharko dira: atmosferara egingo diren isurketek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta betetzea Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak, betiere giza osasuna eta ingurumena zainduta.

Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango isuri ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko isurtzerik ez egiteko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperaturaren eta konposizioaren arabera sortzen diren aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko. Era berean, instalazio horiek martxan ez dauden edo erabilgarri ez dauden aldien iraupena ahalik eta gehien murriztuko da.

B.1.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Superficies Matxaria, S.A.L. enpresaren instalazioak (haren jarduerari urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren eranskinaren B 04 03 08 11 kodea –elektroestaldura– dagokio) honako foku hauek ditu, atmosfera babestearen arloan indarrean dagoen araudiari jarraituz katalogaturik:

(Ikus .PDF)

Foku sistematiko batek funtzionatzen badu urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin, eta bakoitzak ordubete baino gutxiago irauten duela, edo, bestela, edozein maiztasunarekin, baldin eta isurien iraupen globala lantegiaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik beherakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, baldin eta kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Ingurumena zaintzeko programa egokian justifikatu beharko da inguruabar hori.

B.1.1.3.– Isurien muga-balioak.

Isuri atmosferikoek muga-balio hauek ez gainditzeko moduan ustiatuko da lantegia:

(Ikus .PDF)

Balio horiek baldintza hauek dituzte: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

Isuri-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da.

B.1.1.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

Tximiniaren garaierak eta sekzioek eta lagin-puntuen kokapenak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduaren bidez argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute.

Zehazki, laginak hartzeko aurreikusita dauden zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, Ingurumen Sailburuordetzaren jarraibide teknikoak bete beharko dira.

Isuri barreiatuak minimizatzeko helburuarekin, ihesak detektatzeko ekipoak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

B.1.2.– Saneamendu-sarera isurketak egiteko baldintzak.

B.1.2.1.– Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

Isuria sortzen duen jarduera-mota nagusia: Piezen gainazaleko tratamendua eta akabera.

(Ikus .PDF)

B.1.2.2.– Isuriaren gehieneko emari eta bolumenak.

1. isuria:

(Ikus .PDF)

B.1.2.3.– Isuriaren muga-balioak.

Saneamendu-sarera egiten diren isurketen parametroak Gipuzkoako Ur Partzuergoaren erregelamenduan ezarritakoak izango dira –instalazioak horra egiten ditu isurketak–; honako hauek dira parametroak, isurketa bakoitzerako zehazten diren gehieneko muga-balioekin:

(Ikus .PDF)

Taula honetako mugak hartzen dira kontuan, egindako saiakuntzari lotutako ziurgabetasuna aintzat hartuz.

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurketako muga-balioak lortzeko.

Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Bestela, titularrak tratamendu egokia egin beharko du, aipatutako kalitate-helburuak isurketaren ondorioz urratzen ez direla ziurtatzeko.

Baimen honek ez du onartzen baldintza honetan berariaz adierazitakoak ez diren beste substantziak isurtzea, batez ere maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren substantzia arriskutsuak. Errege-dekretu horren bidez, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua aldatzen da, Urei buruzko abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen atariko titulua eta I., IV., V., VI. eta VIII. tituluak garatzen dituen jabari publiko hidraulikoari buruzko araudia onartzen duena.

B.1.2.4.– Arazketa- eta hustuketa-instalazioak.

Hondakin-uren zuzenketa-neurriek edo arazte-instalazioek jarduera hauek dituzte, funtsean:

Araztegiaren gehieneko tratamendu-gaitasuna orduko 10 m3-koa da, garbiketa-upeletatik datozen efluenteentzat. Araztegiak modu jarraituan funtzionatzen du ekoizpen-ordu guztietan. Piezak garbitzeko upeletatik datozen urak kanalizatuta daude, 10 m3-ko guztizko edukiera duen atxikitze-kubeta batean dagoen tanga batera.

Tanga horietatik, urak erreaktoreetara ponpatzen dira, eta, hor, efluenteetan dauden kutsatzaileak neutralizatzen dira, eta prezipitatzeko prestatzen dira.

Atxikitze-kubeta bi daude, bakoitza 6.000 litrokoa, hondakin alkalinoentzat eta hondakin azidoentzat. Kubeta horiek urak biltzeko upelarekin komunikatzen dira, tantakatze-giltza baten bidez. Giltza horren bitartez, hondakinak arazten doaz, arazte-prozesu jarraituari esker.

Kaltzifikazio-erreaktorean, kaltzifikazio-prozesu baten bidez tratatzen da, efluenteetan egon daitezkeen espezie konplexutuak suntsitu eta maskaratzeko.

Kaltzifikazio-tratamendutik datozen efluenteak neutralizazio-erreaktorean tratatzen dira, pH-a doitzeko prozesu baten bidez, metal disolbagarriak hidroxido gisa prezipitatzeko, sodio hidroxidoa gehituta.

Efluente neutralizatuak 2 m3-ko edukierako ponpatze-tanga batean jasotzen dira, eta, hortik, ura ponpatzen da fluxu gurutzatuen orrizko dekantagailu batera.

Prezipitazio/neutralizazio fasean disoluziotik bereizitako metalak, bai eta egon daitezkeen bestelako solido esekiak ere, efluentetik kentzen dira orrizko jalkigailuaren bidez, malutatzaile bat gehitu ostean.

Malutapenaren ostean, orrizko dekantagailutik pasatzen da, eta, hor, malutak beheko tobera batera dekantatzen dira; ur berritua goiko aldetik ateratzen da, eta, hortik, tratatutako urak isurtzeko kutxatila batera.

Beheko toberan dekantatutako lohiak, loditu ondoren, prentsa-iragazki batera injektatzen dira, eta, hor, deshidratatu egiten dira.

Isurketa-kutxatilatik aurrera –orrizko dekantagailuko uren irteera-puntua–, tratatutako uren fluxua kolektore batetik doa, enpresaren irteeran dagoen kontrol-kutxatilaraino.

Araztutako urek Gipuzkoako Ur Partzuergoaren isurketak arautzeko erregelamenduan ezarritako mugak bete beharko dituzte; bestela, ez dira onartuko saneamendu-sarean.

Honako hauek isurtzea ez dago baimenduta: euri-urak, hozteko uren zirkuituak, edota instalatutako arazketa-sistematik ez datozen ur-bilketa propioetako urak.

Kutxatila bat izango da saneamendu sare orokorreko hargunearen aurretik; kutxatila horrek isurketen lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango ditu. Kutxatilak ikuskatu ahal izateko sarbide zuzena ahalbidetzen duten lekuan kokatuko dira, hala badagokio.

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

Kasu honetan, efluentea kontrolatzeko (on-line kontrolak), nahitaezkoa izango da elementu hauek izatea, totalizatuaren erregistroarekin:

– Emari-neurgailua.

B.1.3.– Instalazioan sortutako hondakinak behar bezala kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta destinorik egokiena zehazteko.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta haiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, hartarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hau izango da hondakinak ezabatzeko aukera bakarra: ezinezkoa izatea horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan hondakinak tratatzeko instalazio baimenduak badaude, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, jardueraren ekoizpen-diferentziak eta ekoizpenaren eta hondakin-sortzearen arteko erlazioa kontuan hartuta. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa ezertan galarazi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan daudelako edo oso bustita daudelako, hondakinok isurketak edo lixibatuak sor baditzakete; bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Hondakinak desagertu, galdu edo ihes eginez gero, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Eibarko Udalean.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, 180/2015 Errege Dekretua (Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duena) eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipen eta kontrola egiteko, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen (Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa) 25.2 artikuluaren arabera.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.

B.1.3.1. Hondakin arriskutsuak.

Hauek dira sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak:

1. prozesua: «Gainazal-tratamendua».

1. hondakina: «Substantzia arriskutsuen hondarrak dauzkaten ontziak».

Identifikazioa: A20174017/2000016996/1/1.

Destinoko eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C41/51.

Arrisku-ezaugarria(k): H5.

EHZ: 150110.

Urtean sortutako kantitatea: 300 kilogramo.

Hondakina zuzenean erabilera-puntutik erretiratzen da, kudeatzaile baimenduari bidaltzeko.

2. hondakina: «Xurgatzaileak, iragazteko materialak».

Identifikazioa: A20174017/2000016996/1/2.

Destinoko eragiketaren kodea: D15:

Osagai arriskutsuak: C51.

Arrisku-ezaugarria(k): H5.

EHZ: 150202.

Urtean sortutako kantitatea:

Hondakin horrentzat identifikatutako bidoian edo edukiontzian jasotzen da, sortzen den postuan edo postuetan. Bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da.

2. prozesua: «Hondakin-uren tratamendua».

1. hondakina: «Prentsa-iragazkiko opilak».

Identifikazioa: A20174017/2000016996/2/1.

Destinoko eragiketaren kodea: D9.

Osagai arriskutsuak: C7.

Arrisku-ezaugarria(k): H5.

EHZ: 110109.

Urtean sortutako kantitatea: 9 tona.

Urak arazteko instalazioan sortzen da.

Hondakin horrentzat identifikatutako bidoian/edukiontzian biltzen da, eta bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da.

a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagozkion izendapena eta kodifikazioa ezartzen zaizkio, hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarrien arabera, baimena izapidetzean jasotako informazioa oinarritzat hartuta. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa zuzena dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programan, IV.ean, (2015-2020) ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek indarreko araudian finkatutako segurtasun-arauak bete behar dituzte, eta argi etiketatu beharko dira, modu irakurgarrian eta ezin ezabatuzkoan.

d) Hondakin arriskutsuak ezin izango dira sei hilabetetik gora eduki biltegian.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaez egiaztatu beharko da –agiri bidez– ezen kudeatzaile baimendu horrek onartu egiten dituela hondakinak. Agiri horretan, hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da administrazio-baimenarekin bat datozela tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da, hondakina, lehenengoz, erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinak beste kudeatzaile batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamendua egokitasuna egiaztatzekotan. Hala badagokio, justifikatu egin beharko da ezen proposatutako kudeaketa modua egokitu egiten zaiela ebazpen honetan jasotako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik, eta, hala badagokio, araudian finkatutako aurretiazko jakinarazpena egin ondoren, dagokion kontrol- eta jarraipen-agiria bete beharko da.

g) Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

h) Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du bere enpresan erabilitako olioa.

i) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatuaren arabera kudeatuko dira. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan (106/2008 Errege Dekretua, Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoa) xedatua bete beharko dute. Kudeatzaile baimenduaren onarpen-agiria izateko, eraman aurretiko jakinarazpena egiteko eta kontrol- eta jarraipen-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Superficies Matxaria, S.A.L. Enpresak PCB eduki ditzaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan zehaztutako baldintzak eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

k) Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak baldin baditu Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2009ko irailaren 16an eman zuen 1005/2009/EE zenbakiko Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak, horiek berreskuratu egingo dira, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz deuseztatzeko; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko dira, aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datuekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

m) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zeina hondakin horiek ahalik eta gutxien sortzea baita, urtean 10 tona hondakin arriskutsu baino gehiago sortuz gero, Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatu legearen garapenerako araubideak ez badu Superficies Matxaria, S.A.L. hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

n) Baldin eta Superficies Matxaria, S.A.L. Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

o) Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko den irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, e) eta f) letretan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta l) eta m) apartatuetan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, trantsakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.

p) Amiantoa daukaten hondakinak aurkitzen baldin badira, Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak amiantoaren ondorioz ingurumena kutsatzea prebenitu eta murrizteko 108/1991 Errege Dekretuan (3. art.) ezartzen diren exijentziak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

B.1.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hauek dira:

(Ikus .PDF)

a) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu batera.

b) Hondakin horiek ezabatzekoak badira, ezingo dira urtebetez baino gehiagoz eduki biltegiratuta. Hondakinen azken helburua balorizazioa denean, 2 urtez gorde ahal izango dira.

c) Oro har, hondakinak hustu aurretik, baimendutako kudeatzaile baten onarpen-agiria izan beharko dute, eta bertan zehaztuta agertu behar dira onarpenerako baldintzak. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua bat datorrela ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoekin. Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak onarpen-agiriak edo agiri ofizial baliokideak erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu, nahitaezkoak badira, hiru urtez gutxienez.

d) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik kontrol- eta jarraipen-agiria bete beharko da; hondakinen karakterizazioa egitean bete egingo da 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzekoa.

e) Balorizatzeko edo ezabatzeko asmoz, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) 25.2 artikuluaren arabera.

f) Baldin eta Superficies Matxaria, S.A.L. enpresa Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

g) Erregistro bat eramango da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak, bilketaren maiztasuna eta garraiobidea. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta dagokion urteko ingurumen-zaintzako programa bidali beharko dira Ingurumen Sailburuordetzara.

h) Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko den irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, atal honetako c), d) letretan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta e) eta f) letran aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.

B.1.4.– Ontziak merkaturatzea.

Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta enbalajeak erabiltzen dituen enpresa den aldetik, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, ontzien gaineko urteko adierazpena egin beharko du. Datuekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

Era berean, Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak derrigorrez ezarri beharko du ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikiaz). Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak, bere produktuak merkaturatzeko industria- edota merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, aipatu betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, Ontzi eta ontzi hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.

Baldin eta Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak, urte natural batean zehar, merkaturatzen baditu ontziratutako produktuak edo, kasua bada, hondakinak sor ditzaketen industria- edo merkataritza-ontziak, hain justu ere ondoren zehaztu kantitateetan baino handiagoetan:

– 250 tona, beira soilik bada.

– 50 tona, altzairua soilik bada.

– 30 tona, aluminioa soilik bada.

– 21 tona, plastikoa soilik bada.

– 16 tona, zura soilik bada.

– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soilik badira.

– 350 tona, hainbat material badira, eta bakoitzak, bera bakarrik hartuta, ez baditu lehen aipatutako kantitateak gainditzen.

Prebentziozko enpresa-plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta prebentziozko enpresa-planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko da urtero, dagokion urteko martxoaren 31 baino lehen. Ingurumena zaintzeko urteko programarekin batera bidaliko dira bi agiriok.

B.1.5.– Lurzorua babesteko baldintzak.

Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak lurzorua babesteko neurri hauek hartu beharko ditu, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta ekainaren 25eko 4/2015 Legean (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) ezarritako aginduak betetzeko, lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiazko txostenean jasota dauden gomendioen arabera:

– Bastidore- edo estatiko-lerroaren hobian sortu eta jalkitako lohiak erauztea, fluxuaren eta zolataren arteko kontaktu jarraiturik egon ez dadin.

– Babes-eremua handitzea dunbal-lerroko segurtasun-hormatxoarekin; horrela, lerroaz gain, produktu kimikoak biltegiratzeko eremua eta instalazioari lotutako hodiak ere sartuko lirateke.

– Hormigoizko zolatari eremuak iragazgaizteko tratamendua ematea, ahal den tokietan.

Halaber, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak betetzeko, sustatzaileak 2016ko azaroaren 17an ingurumen-organoak bidalitako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularrean aipatzen diren instalazioei eskatzen zaien dokumentazioa entregatu beharko du. Zirkular horretan, honako hau jasotzen da: lurzoruaren egoeraren aldizkako txostenaren edukia eta entregatzeko baldintzak, lurpeko uren eta lurzoruen txostena, kontrol-dokumentua eta jarraipen-dokumentua. Esteka honetan eskura daiteke:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-pcc/eu/

Betiere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzen lan egiten duen erakunde akreditatu batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurrazpiko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean, entregatutako dokumentazioa aldatu edo dokumentazio berria entregatu behar bada, lurzoruen dokumentu bakar berri bat bidaliko da.

Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluaren 1c atalarekin bat etorriz, jardueraren sustatzaileak karakterizatu egin beharko ditu hondeatu behar dituen materialak (lurra, obra-hondakinak, eta abar), jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.

b) Hondeaketa horrek hondeatutako materialen 500 m3 gainditzen dituenean, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan baten aurkeztu beharko du. Planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plana, betetzen hasi aurretik.

c) Induskatu beharrekoa 500 m3 baino gutxiago bada, aldaketa-eskaerak informazio hau eman beharko du: non dagoen kokatuta, zenbat induskatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.

d) Aurreko kasu horietan guztietan, hondeatzen amaitutakoan, hondeatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu aurretik.

e) Oro har, irizpide hauek beteko dira:

– Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak 10 azpilagin izango ditu gutxienez, hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3-ko, baina hori aldatu ahal izango da espero izatekoa den kutsaduraren heterogeneotasunaren eta homogeneotasunaren arabera. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten denean, 500 m3-tik gorako bolumena duten unitateez osatutako lagina hartu ahal izango da; aldiz, afekzio heterogeneoa aurreikusten bada, 500 m3-tik beherako bolumenekoez.

– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: ekainaren 25eko 4/2015 Legean (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

– Ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako VIE-A ebaluazioko balio adierazleak 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelan batean.

– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahal izango da. Lurzoru naturalaren pareko den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketa egitea instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 1. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

3.– Obrak aldez aurretik inolako jarduerarik izan ez duten eremuetan egin behar badira, karakterizazioa egiteko betebeharra salbuetsi ahal izango da, betiere, jarduerarik eza behar bezala justifikatzen bada.

Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluaren 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e apartatuari jarraikiz betiere.

B.1.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Ondorengo indize akustikoak gaindi ez daitezen beharrezko neurri guztiak ezarriko dira:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 7:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik, horietan apantailamenduak saihesteko beharrezko garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

1. taula. Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran bete beharreko zarata-mailak.

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun-modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiagoko guneetako zarata-maila.

C) Ingurumena Zaintzeko Programa.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da Ingurumena Zaintzeko Programa:

C.1.– Isurketa atmosferikoak kontrolatzea.

a) Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak isurketak kontrolatu beharko ditu, informazio honen arabera:

(Ikus .PDF)

b) Puntu honetako a) letran aipatutako neurketa guztiak administrazioaren II. mailako erakunde laguntzaileren batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan jartzen duen bezala; eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek, berriz, Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte.

C.1.1.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta 278/2011 Dekretuaren III. eranskina (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituena).

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

C.2.– Saneamendu-sarera isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, ondorengo analisiak egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, «erakunde laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du, eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak isurketaren lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

c) Isurketen kontrolen emaitzak hauei bidaliko zaizkie:

– Gipuzkoako Ur Partzuergoari, laginak hartzen dituztenetik hilabeteko epearen barruan.

– Ingurumen Sailburuordetzari, ebazpen honetako bigarren apartatuko C.5 azpiapartatuan ezarritako epeak eta baldintzak betez.

d) Kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti laginketak.

e) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak II. mailako administrazioarekiko lankidetza-erakunde batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

f) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek ebazpen honen bigarren apartatuko B.1.2.3 azpiapartatuan ezarritako mugak betetzen dituztenean.

C.3.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumen-zaintzako programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

C.4.– Zarataren kontrola.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira hiru urterik behin: Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste periodikotasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

b) Aurreko atalean adierazitako ebaluazio guztiak akustikaren esparruan laginketa espazial eta tenporala egiteko UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako ziurtagiri bat duen ingurumen-lankidetzako erakunde batek egin beharko ditu. Nolanahi ere, ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du ingurumen-organoak.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

C.5.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren web-orriko emate-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/y22-izapide/eu/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_201732123333101/procedures/proc_201732144928210/eu_def/electronic_partial.shtml

Hala, aipatutako programan zehaztutako aldian egindako kontrol guztiak, ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko dira bakarrik, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik jakinarazi beharko da, eta jakinarazpena ingurumen-baimen integratuan ezarritakoaren arabera egingo da. Era berean, kontrolak urtean behin baino periodikotasun handiagoarekin egiten badira, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira bidaliko.

Emaitza horiek urtero bidaliko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, babes- eta zuzenketa-neurrien funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik egin ez bada.

C.6.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du. Bertan, aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak bildu beharko ditu. Programa horrek honako hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barnean hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika barruan izan beharko du, horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

D) Ezohiko egoeretarako prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak.

D.1.– Instalazioa geldiarazteko eta martxan jartzeko eragiketak eta programatutako mantentze-lanak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, isurien eta sortuko diren hondakinen zenbatespena egin beharko du sustatzaileak, eta, dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatzeko, bigarren apartatuko B.1.3 azpiapartatuan («Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak») ezarritakoari lotu beharko zaio, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

D.2.– Jarduera bertan behera uztea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa, eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedura hasi beharko du, bi hilabeteko epea agortu baino lehen, jarduera behin betiko uzten duenetik hasita, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen bigarren apartatuaren B.1.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

D.3.- Jarduera aldi baterako uztea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, instalazioa berriz abiarazi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isurketa edo emisio oro saihesteko.

D.4.- Ezohiko jardunean aplikatzeko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa-mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Era berean, atmosferara eta uretara egindako isurketak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipoen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak beharrezko periodikotasunarekin aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo hondakindegi baimendu batera eramateko. Biltegiratuko dira, hala badagokio, hondoan hustubiderik ez duten gordetegi iragazgaitzetan. Ez dira inoiz pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Baldin eta instalazioetan lohien tratamendua badago, horietatik jaregindako ura berriro bideratuko da arazte-instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.

Nabeen barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-urak ezingo dira «by-pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «by pass» bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «By-pass» horretan aurreikusi gabeko isurketa bat egongo balitz, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena Ingurumen Sailburuordetzara bidalita (atal honetako j) letran adierazitakoari jarraituz).

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta antzemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak egoki ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian izateko.

d) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, orokorrean, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur-zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, eduki behar dira silo itxiak edo, bestela, hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabilioi estali eta itxiak.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratu dira, halako kondiziotan ezen ez baitira izango ingurunean sakabanatzeko moduan.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek betebehar batzuk konplitu beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoak.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko behar diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak.

i) Andelen hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura bat edukiko dute. Bertan, lantegiaren eraginkortasunari eragin diezaioketen isuriak lantegira joatea saihestu beharko da.

j) Gorabeheraren bat izanez gero agintariei jakinaraztea

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren. Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera-mota.

– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik balego.

Gorabehera edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS DEIAK eta Eibarko Udala berehala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera-mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Ustekabeko isurketa izanez gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.

– Mugak gaindituz gero, isurketei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori eta; horrez gain, horren berri ere eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta babes zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS DEIAK (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

k) Larrialdi-egoeretan, babes zibilari buruzko araudian ezarritakoa bete beharko da, eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

E) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren periodikotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta Ingurumena Zaintzeko Programa jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

F) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak aurreko urtean atmosferara eta uretara egindako isurketei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta izateko, 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.

Informazio hori IKS-eeM sistemaren erakundeentzako bertsioaren bidez egingo da (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri); hau da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemaren bidez.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenean eragina duten jardueren erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoan (abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa) ezarritakoa betetzen dela.

815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu (815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena).

Nolanahi ere, aipatutako urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– 16-I-01-000000000343 erregistro-kodea esleitzea Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak Matxaria industrialdeko 40. zenbakian (Eibar) ustiatutako instalazioari. Hona hemen kokalekua: UTM 30N ETRS89, X: 543127,926 Y: 4782618,352.

Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratua ofizioz berrikusiko da kasu hauetako edozeinetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, komeni bada isurien muga-balioak berrikustea, edo beste batzuk ezartzea.

b) Isuriak nabarmen murritz badaitezke gehiegizko kosturik izan gabe, erabil daitezkeen teknikarik onenetan egindako aldaketa handien ondorioz.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela-eta, beste teknika batzuk erabiltzea beharrezkoa bada.

d) Arroko erakundeak, urei buruzko legedian araututakoaren arabera, uste badu ingurumen-baimen integratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isurketei dagokienez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, berrikuste-prozesua gehienez ere hogei eguneko epean hasteko.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

f) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

g) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada; bereziki, inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela hautematen bada.

h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa edo konpentsazio-neurriak akastunak direla egiaztatzen bada.

i) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan.

Bosgarrena.– Baimen honek balioa galduko du honako kasu hauetan:

– Foku berri bat ezartzea dela-eta Ingurumen Kontrolerako Erakundearen (IKE) hasierako txostena bidaltzeko ezarritako sei hilabeteko epea betetzen ez bada.

– Superficies Matxaria, S.A.L. enpresaren nortasun juridikoa azkentzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.

Seigarrena.– Alderdi hauei sei hilabeteko epean erantzuteko eskatzea Superficies Matxaria, S.A.L. enpresari:

– Ingurumen Kontrolerako Erakundeak 1. fokurako egin duen hasierako IKE txostena igorri beharko da.

– Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak isurketa atmosferikoko foku bat du, eta horren kodetzea urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren B taldeari dagokio. Urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren bitartez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen da, eta hura aplikatzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dira. Hori dela-eta, Superficies Matxaria, S.A.L. enpresak, atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuan ezarritakoaren arabera, Dekretu horren I. eranskina bidali beharko du, 9. apartatua bakarrik beteta, berresteko tximiniaren garaierak eskatzen diren gutxieneko neurriak betetzen dituela.

– Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

– Lurzorua babesteari dagokionez, lurzoruen dokumentu bakar bat aurkeztu beharko da, ikerketa-lanak eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzeko lanak egin ditzakeen erakunde egiaztatu batek egina. Dokumentu horretan, hauek jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol eta jarraipeneko dokumentuak. Horiek guztiak eskatzen dira «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» izeneko zirkularrean, zeina bigarren apartatuan aipatzen baita: B.1.5.– Lurzorua babesteko baldintzak. Dokumentuari «058» kodea esleituko zaio.

Zazpigarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 31. artikuluari jarraituz, eta aipatutako arauaren 32. artikuluan jasotako zehapenak ezartzea ekar dezake.

Zortzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Superficies Matxaria, S.A.L. enpresari, Eibarko Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Bederatzigarrena.– Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 5a.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala