Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

26. zk., 2018ko otsailaren 6a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
650

ERABAKIA, 2018ko urtarrilaren 25ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Administrazio Kontseiluarena, 2018. urtean zehar, osasun-arloko eta irakaskuntzako zerbitzuak jasotzeagatik ordaindu beharra duten hirugarrenei kobratuko zaizkien tarifak onartzen dituena.

Gaur egun, Ente Publikoaren zerbitzu-erakundeetarako aplikazio-tarifak daude, Entearen zerbitzu-erakunde ezberdinetan eskaintzen diren zerbitzu sanitarioak eta irakaskuntzakoak hirugarrenei fakturatzea posible egiten dutenak, eta 2018. ekitaldian horien aplikazioa zein izango den zehaztu behar da.

Ildo horretatik, gogoratu behar da Osakidetza Ente Publikoaren estatutu sozialetan eskumen-multzoa ematen zaiola Zuzendaritza Nagusiari (azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua); horien artean, irizpide orokorrak zehazteko gaitasuna eta prezioen politika proposatzekoa (12. artikulua, 4.e apartatua).

Horregatik, Osakidetza Ente Publikoko zuzendari nagusiak tarifei buruz aurkeztu duen proposamena aztertu ondoren, eta Administrazio Kontseilu honek dituen eskumenen arabera (Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legearen 22. artikuluko 1. eta 2. puntuak), honako erabaki hau hartu da:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Onartu egiten dira Osakidetza Ente Publikoan 2018ko ekitaldian aplikatuko diren tarifen zenbatekoak, ordaindu beharra duten hirugarrenei zerbitzua jasotzeagatik kobratu beharrekoak, betiere erabaki honetan kontzeptuka ezarri diren ildoen arabera sailkatuta.

Erabakia eragingarria eta jendearentzat jakina izan dadin, betekizun bakarra dago: tarifa-liburua argitaratu behar da eta ordaindu beharra dutenentzat eskuragarri jarri.

Bigarrena.– Honako hauek izango dute tarifak ordaindu beharra: irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuaren IX. eranskinean zehaztutako egoeretarik edozeinetan dauden pertsona fisiko zein juridiko guztiek (1030/2006 Errege Dekretua, Osasun Sistema Nazionaleko ohiko zerbitzuen zorroa eta berau eguneratzeko prozedura ezarri zuena). Kontuan hartu behar da emandako zerbitzua fakturatutakoan orduantxe sorraraziko direla tarifak.

Tarifa horiek EBko herrialdeetako eta Europako Esparru Ekonomikoko herrialdeetako aseguratuei edo onuradunei –Espainian bizi ez direnei– ere aplikatu ahal izango zaizkie. Baita Gizarte Segurantzaren alorrean Espainiak aldebiko hitzarmenak dituzten herrialdeetako aseguratuei edo onuradunei ere.

Hirugarrena.– Ente Publikoko zuzendari nagusiaren eginkizuna izango da egin beharreko jardun guztiak egitea, zerbitzu-zorroan prestazio berriak sartzeko, aurkeztutako egituraren osagarri. Halaber, medikuntzan eta kirurgian fakturazio berezia izan dezaketen prozedura berriak zeintzuk diren definitu behar du, prozedura horien osagaiak zehaztuta, eta horiek dakartzaten gastuak xehakatuta; era berean, prozedura horietatik kanpo dauden proba diagnostikoak eta tratamenduen aparteko probak zeintzuk diren ere zehaztu behar du.

Laugarrena.– Ente Publikoari baimena ematen zaio bestelako hirugarren batzuekin hitzarmenak edo akordio partikularrak egin ditzan, erabaki honetan jasotako zerbitzuak emateko. Prezio-baldintza onuragarriagoak ezarri ahal izango dira ondorengo baldintzen arabera:

a) Osasun Sailaren eskaera guztiak bete ondoren, bestelako zerbitzuak eskaintzeko modua eduki behar da.

b) Sistema publikoarekiko elkartasun-printzipioa errespetatu behar da, sistemarekin zerikusirik ez duten hirugarrenei ematen zaizkien zerbitzuak diru publikoarekin ez ordaintzeko.

c) Ente Publikoak jardun horretan duen interesa justifikatu behar da, irizpide objektiboak erabilita:

– Bezeroen berariazko ezaugarriak (instituzio publikoak, gizarte-erakundeak, irabazi-asmorik gabeko elkarteak).

– Ekoitzi beharrekoaz gain, gehiagotarako gaitasuna ematen duten aparteko egoerak.

– Negozio-bolumena.

Puntu honetan jasotzen diren hitzarmenak edo akordio partikularrak azalpen-memoriarekin batera aurkeztu behar dira. Memoria horretan, aipatutako alderdi guztiak jasoko dira. Hitzarmen edo akordioak zuzendari nagusiak sinatuko ditu, baldin eta Ente Publikoaren erakunde guztiei edo zerbitzu-erakunde bati baino gehiagori lotuta badaude.

Hitzarmena edo berariazko erabakia, dakarren lotura esklusiboa denean, dagokion erakundeak berak sinatuko du; dena dela, Ente Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak baimena eman behar du aldez aurretik, estrategia-planarekiko koherentzia eta egokitasuna lortzeko beharrezko diren baldintzak bermatuta egon daitezen. Zuzendari nagusiak eman beharreko jarraibideak eman ditzake, erabaki hau eragingarria izan dadin.

Erabaki hau argitaratzen den egunetik aurrera, indarrean dauden hitzarmenetan ezarritako kopuruak eguneratu eta egokitu egingo dira –behar izanez gero–, hemen ezarritako zenbatekoen arabera; dena dela, prezio-baldintza hobeak ere jar litezke, baina puntu honetan gorago xedatutakoa betez gero.

Bosgarrena.– Baimena ematen zaio Ente Publikoaren zuzendari nagusiari talde jakin eta zehatz batzuen inguruan –erabaki honen aplikazio-eremukoak– hitzarmenak sina ditzan; horrelakoetan, dena delako taldeko pertsona edo onuradun bakoitzeko hilero/urtero zenbateko bat kobratuta emango da asistentzia sanitarioa.

Baimen horretatik kanpo geratzen dira Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 3.5 artikuluan jasota dauden hitzarmen bereziak, asistentzia sanitarioa ematekoak. Izan ere, Osasun Sailaren eskumena da horiek zehaztu eta sinatzea.

Seigarrena.– Baimena ematen zaio Ente Publikoaren zuzendari nagusiari erabaki honetan zehaztu gabe geratu diren egoeretarako behin-behineko tarifa berriak ezar ditzan, arrazoitutako ebazpen bidez, eta betiere baliabideak hobeto erabiltzeko eta kudeatzeko abagune egokia bada edo egoera estrukturalak hala eskatzen badu. Tarifa horiek Administrazio Kontseiluak aztertuko ditu eta gehienez ere bi hilabeteko epean berretsiko.

Zazpigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta 2018ko urtarrilaren 25etik aurrera izango ditu ondorioak.

Era berean, erabakia argitaratzen den egunetik aurrera, Osakidetza Ente Publikoko zerbitzu sanitarioetako erakunde guztietan interesdunen eskura jarri behar da Ente Publikoaren tarifa-liburua –osasun-zerbitzuak hartzeagatik ordaindu beharra duten hirugarrenei eskatu behar zaizkien tarifena, alegia–. Aplikatzekoak diren zenbatekoen arabera egongo da eguneratuta.

Azkenik, web-orri honetan ere argitaratuko dira:

http://osakidetza.euskadi.net/r85-ckproc05/eu/contenidos/informacion/libro_tarifas/eu_libro/tarifas.html

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 25a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,

JON DARPÓN SIERRA.


Azterketa dokumentala