Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

23. zk., 2018ko otsailaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
571

2/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 16koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta El Salvadorren genero berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearen aldeko NBE Emakumeak Nazio Batuen Erakundearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, El Salvadorren berdintasunaren aldeko toki-politikak indartzeko eta emakumeen aurkako indarkeria errotik kentzeko.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak aipatu lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta El Salvadorren genero-berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearen aldeko NBE Emakumeak Nazio Batuen Erakundeak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, El Salvadorren berdintasunaren aldeko toki-politikak indartzeko eta emakumeen aurkako indarkeria errotik kentzeko. Testu hori ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 16a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 16KO 2/2018 EbazpenaRENA
HITZARMENA

Hauen artean: Genero Berdintasunerako eta Emakumearen Ahalduntzerako NBE-ren erakundea, Nazio Batuek osatua eta 2010eko uztailaren 2ko 64/289 Ebazpenari jarraituz Nazio Batuen Batzar Nagusiak sortua. Egoitza helbide honetan du: 220 East 42nd Street, New York, NY 10017, AEB («NBE Emakumeak»)

eta

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia («Emailea»); (Banaka aipatzean, «Alderdia»; eta elkarrekin aipatzean, «Alderdiak»).

Hitzarmen honen bitartez, emaileak konpromisoa hartzen du NBE Emakumeak-i El Salvadorren «Emakumeak eta Udal Politikak berdintasunaren eta indarkeria ezabatzearen alde» izeneko proiektua (aurrerantzean, «Proiektua») egikaritzeko funtsak emateko. Konpromiso hori NBE Emakumeak, PRODOC eta El Salvadorko Berdintasun eta Udal Politikak erakundeek onartutako Proiektuaren Dokumentuan deskribatzen da, hitzarmen honen A eranskin gisa atxikita dagoena (aurrerantzean, «Proiektuaren Dokumentua»), eta emailearentzat ZUZ-2017K1/0001 dokumentuan.

Emailearen onerako da El Salvadorren indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea bermatzen eta emakumeak politikan ahalduntzen laguntzea, udal politikak sustatuz eta genero-berdintasunaren ikuspegia transbertsalizatzeko eta emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko gaitasun lokalak indartuz.

NBE Emakumeak erakundea prest dago Proiektua egikaritzeko ekarpen hori jasotzeko eta administratzeko.

NBE Emakumeak erakundeak zuzenean egikarituko du Proiektua, edo bestela, bazkide bat izendatuko du Proiektua egikaritu dezan.

Hori dela eta, NBE Emakumeak erakundeak eta emaileak honako hau adostu dute:

I. artikulua.– Hitzarmena osatzen duten dokumentuak.

1.– Dokumentu honek eta honi atxikitako gainerako eranskinek NBE Emakumeak erakundearen eta emailearen artean ekarpenaren harira egindako hitzarmen osoa osatzen dute (aurrerantzean «Hitzarmena»), eta alderdiek gai honi buruz aurretik egindako deklarazio, hitzarmen, kontratu eta proposamen guztiak, idatzizkoak zein ahozkoak, ordezkatzen ditu. Hitzarmen honen xedeari dagokionez, alderdien artean ez dago promesik, elkar aditzerik, obligaziorik edo ahozko zein bestelako itunik, Hitzarmenean bertan berariaz adierazitakoez gain.

2.– Hitzarmena osatzen duten dokumentuak elkar-osagarriak dira. Hala ere, horien artean anbiguotasuna, desadostasuna edo inkoherentzia izanez gero, lehentasun-ordena hau aplikatuko da:

– Lehendabizi, dokumentu hau.

– Bigarrenik, A eranskina, Proiektuaren Dokumentua.

– Hirugarrenik, aurrekontua, emailearen formatuaren arabera.

II. artikulua.– Hitzarmena indarrean Jartzeko data eta indarraldia.

1.– Hitzarmen hau indarrean jarriko da bi alderdiek sinatzen duten egunean, edo alderdiek data desberdinetan sinatzen badute, azken sinaduraren egunean («Indarrean jartzeko data»).

2.– Hitzarmen hau indarrean egongo da, indarrean jartzeko datatik amaierako finantza-egoera egiaztatua –V. artikuluan ezarritakoaren arabera– entregatu bitartean, baldin eta hitzarmenean ezarritako baldintzei dagokienez aurrez deuseztatzen ez bada. Jarduerak egikaritzeko epea 24 hilabetekoa izango da, jardueren hasiera-datatik hasita.

III. artikulua.– Ekarpena.

1.– Emaileak 300.000,00 euro («Ekarpena») emango dizkio NBE Emakumeak erakundeari, jarraian zehazten den ordainketa-egutegiari jarraituz. Ekarpena banku-kontu honetan gordailutuko da:

Banketxearen izena: Citibank

Helbidea: 111 Wall Street. New York, NY 10043

Kontuaren izena: Genero Berdintasunerako eta Emakumearen Ahalduntzerako Nazio Batuen Erakundea

Kontu-zenbakia: 36349669

SWIFT kodea: CITIUS33.

Transferentzia elektronikoaren identifikazio-zenbakia: 021 00 0089.

Erreferentzia: Emakumeak eta Udal Politikak Berdintasunaren eta indarkeria ezabatzearen alde /ZUZ-2017K1/0001/El Salvador.

Ordainketa-egutegia:

Hitzarmena sinatzean: 120.00,00 euro.

2018ko uztailean: 90.00,00 euro.

2019ko uztailean: 90.00,00 euro.

2.– Emaileak NBE Emakumeak erakundeari ekarpenaren ordainketaren berri emango dio, egindako igorpenaren informazioarekin finance.donoragreements@unwomen.org helbide elektronikora mezu bat eta NBE Emakumeak erakundeko Kontabilitateko Nagusiari donna.grimwade@unwomen.org helbide elektronikora beste mezu bat bidaliz.

3.– Goiko ordainketa-egutegian kontuan hartzen da ordainketak proiektuko jarduerak martxan jarri aurretik egin behar direla, eta, 2. eta 3. ordainketen kasuan, aurreko epealdiko txostena onartu ostean egingo direla. Hitzarmen honen XVIII. artikuluaren arabera, egutegi hori aldatu egin daiteke, Proiektuaren egikaritzeak duen aurrerapenera egokitzeko.

4.– Ekarpenaren ordainketa Estatu Batuetako dolarra ez den moneta batean egiten bada, monetaren balioa ordainketaren uneko Nazio Batuen eragiketetarako truke-tasa aplikatuta zehaztuko da. NBE Emakumeak erakundeak ordainketa osorik erabili aurretik Nazio Batuen eragiketetarako truke-tasa aldatu egiten bada, une horretako saldoaren balioa aldakuntza horren arabera egokituko da.

5.– NBE Emakumeak sailak hitzarmen hau betez eta bertako araudiaren, erregelen, politiken eta prozeduren arabera jasoko eta administratuko du ekarpena eta gauzatuko ditu agindutako jarduerak.

6.– Kontu eta finantza-egoera guztiak Estatu Batuetako dolarretan (USD) adieraziko dira.

IV. artikulua.– Ekarpenaren erabilera.

1.– NBE Emakumeak erakundeak hitzarmen honen eta Proiektuaren Dokumentuaren ondorioz hartutako obligazioak bete beharra erakunde horrek ekarpena jasotzearen mende egongo da, III. artikuluko 1. atalean zehaztutako ordainketa-egutegiaren arabera.

2.– Gastuen edo konpromisoen ezusteko gorakadak aurreikusten edo gertatzen badira (dela inflazio-faktoreengatik, dela truke-tasen gorabeherengatik, dela ezusteko gertaerengatik), NBE Emakumeak erakundeak emaileari estimazio osagarria bidaliko dio, aurrerapen nahikoarekin, beharko den finantzazio gehigarria adieraziz.

3.– III. artikuluko 1. atalean aipatzen diren ordainketak ez badira jasotzen zehaztutako ordainketa-egutegiaren arabera, edo ez bada lortzen emaileak edo beste iturri batzuek IV. artikuluko 2. paragrafoan aipatzen den beharrezko finantzazio gehigarria ematea, NBE Emakumeak erakundeak Proiektuari eskaintzen dion asistentzia murriztu, eten edo amai dezake, hitzarmen hau betez eta bertako araudiaren, erregelen, prozeduren eta politiken arabera. Emaileari horren berri emango zaio.

4.– Ekarpenak interesetatik sortzen dituen diru-sarrerak NBE Emakumeak erakundearen araudiaren, erregelen, prozeduren eta politiken arabera erabiliko dira.

V. artikulua.– Txostenen administrazioa eta aurkezpena.

1.– NBE Emakumeak erakundeak txosten hauek guztiak edo hauetako batzuk emango dizkio emaileari. NBE Emakumeak erakundearen prozedura eta formatu estandarren arabera eginak izango dira:

– Proiektuak egindako aurrerapenak islatzen dituen urteko txostena eta eskuragai dagoen onartutako azken aurrekontua; txosten hori urtealdi bakoitza amaitzen denetik sei hilabeteko epean aurkeztu beharko da.

– Urteko finantza-egoera, abenduaren 31n egiaztatua, beranduenez ere hurrengo urteko ekainaren 30a baino lehen aurkeztu beharrekoa.

– Proiektuko jarduerak eta jarduera horien emaitzak laburbiltzen dituen amaierako txostena, bai eta behin-behineko finantza-datuak ere; Proiektuaren amaiera edo bukaera operatiboaren datatik hasita sei hilabeteko epean aurkeztu beharko da, beherago dagoen XIV. artikuluko 1. atalean definitutakoaren arabera.

– Amaierako finantza-egoera egiaztatu bat, beranduenez ere proiektuaren finantza-amaieraren hurrengo urteko ekainaren 30ean aurkeztu beharko dena, XIV. artikuluko 3. atalean definitutakoaren arabera.

Proiektuari emaile batek baino gehiagok egiten badiote ekarpena, egindako aurrerapenen eta finantza-egoeraren txosten bakarra prestatuko da, eta emaile guztiei igorriko zaie.

VI. artikulua.– Administrazio- eta laguntza-zerbitzuak.

Ekarpenak gastuak errekuperatzeko % 8ko komisioa izango du, kudeaketan laguntzeko gastu orokorrak estaltzeko. Horrez gain, Proiektua egikaritzearekin lotutako zuzeneko gastu guztiak, zalantzarik ez badago lotuta daudela, edozein bazkidek proiektua egikaritzeko egindakoak barne, Proiektuaren aurrekontuan identifikatuko dira, eta beraz, aurrekontuak bere egingo ditu.

VII. artikulua.– Jarraipena.

Proiektuaren jarraipena Proiektuaren Dokumentuan adierazitakoaren arabera egingo da. Alderdiek kontsultak egingo dituzte gutxienez urtean behin, egoki deritzenaren arabera, Proiektuaren egoera aztertzeko. Horrez gain, alderdiek Proiektuaren edozein berrikuspen garrantzitsuri buruz eztabaidatuko dute, eta elkarri atzerapenik gabe emango diote edozein egoera aipagarriren berri eta Proiektuaren Dokumentuan deskribatutako eta osorik edo neurri batean ekarpenaren bidez finantzatutako emaitzak lortzeari eragin diezaioketen edo eragiten dioten arrisku garrantzitsuen berri.

VIII. artikulua.– Ebaluazioa.

Proiektuaren ebaluazio guztia NBE Emakumeak erakundearen ebaluazio-politikaren eta Nazio Batuen Ebaluazio Taldearen arauen eta irizpideen arabera egingo da, eta kanpoko ebaluatzaile independenteen esku utziko da. NBE Emakumeak arduratuko da ebaluazioa eskatzeaz, planifikatzeaz eta zuzentzeaz. Ebaluazio-txostena NBE Emakumeak erakundeak adierazten duen webgunean argitaratuko da.

IX. artikulua.– Ekipamenduaren eta horniduren jabetza eta jabetza intelektuala.

1.– Hitzarmen honetan adostutako ekarpenaren bidez eskuratutako ekipamenduaren eta horniduren jabetza NBE Emakumeak erakundearen araudiaren, erregelen, politiken eta prozeduren arabera zehaztuko da, eta gobernu anfitrioiarekin –hala badagokio– eginiko edozein hitzarmen ere bai, eta hitzarmen independente bat izango du.

2.– NBE Emakumeak erakundeak jabetza intelektualerako eskubide guztiei eutsiko die, bai eta beste jabetza-eskubide batzuei ere, izaera ez-mugatzailearekin; horien artean daude hitzarmen honen kariaz garatutako produktuekin, prozesuekin, asmakizunekin, ideiekin, ezaguera teknikoekin, dokumentuekin eta beste materialekin lotutako patenteak, egile-eskubideak eta marka komertzialak, hitzarmenarekin lotura zuzena dutenak edo haren ondorioz edo hura egikaritu bitartean gertatzen, prestatzen edo biltzen direnak (aurrerantzean «JI eskubideak»). NBE Emakumeak erakundeak JI eskubideak erakunde horren araudiaren, erregelen, politiken eta prozeduren arabera erabiliko ditu, eta era berean, NBE Emakumeak erakundeak delako gobernu anfitrioiarekin izan dezakeen edozein oinarrizko laguntza-hitzarmenen xedapenak errespetatuz.

X. artikulua.– Auditoretza.

Ekarpena NBE Emakumeak erakundearen araudian, erregeletan, politiketan eta prozeduretan ezarritako barne- eta kanpo-auditoretzaren mende egongo da bakarrik. Auditoretzako txostenen dibulgazioa NBE Emakumeak erakundearen auditoretzen dibulgazioaren praktikak erregulatuko du.

XI. artikulua.– Aitorpena.

NBE Emakumeak erakundeak, bere araudian, erregeletan, politiketan eta prozeduretan ezarritakoari jarraituz, proiektuaren publizitatea egiteko egokiak diren neurriak hartuko ditu. Prentsari eta Proiektuaren onuradunei emango zaien informazioan, horrekin lotutako publizitate-material guztietan eta iragarki ofizialetan, txostenetan eta argitalpenetan Proiektuak lortu dituen emaitzak nabarmenduko dira, eta gobernu anfitrioiak (hala badagokio), emaileak eta kasuan kasuko beste edozein erakundek izan duten eginkizuna aitortuko da.

XII. artikulua.– Izenaren, laburduraren eta logotipoaren erabilera.

1.– Emaileak onartzen du NBE Emakumeak erakundearen idealak eta helburuak ezagutzen dituela, eta aitortzen du erakunde horren izena, laburdura eta logotipoa ezin direla lotu kausa politiko edo sektarioekin, ez eta NBE Emakumeak erakundearen egoera, ospea eta neutraltasuna hausten dituen beste moduren batean erabili ere. Emaileak NBE Emakumeak erakundearen izena edo logotipoa erabiltzeko, alderdien arteko kontsulta egingo da, eta NBE Emakumeak erakundeak idatzizko onespena eman beharko dio aurretiaz.

2.– Horrez gain, emailea gobernuz kanpoko erakundea edo entitate pribatua bada, inolaz ere ez zaio baimenduko NBE Emakumeak erakundearen izena, laburdura edo logotipoa helburu komertzialetarako erabiltzea, eta emaileak uko egingo dio bere jarduerek, produktuek edo zerbitzuek NBE Emakumeak erakundearen onarpena edo babesa dutela aipatzeari, izan modu zuzenean, izan zeharka.

XIII. artikulua.– Konfidentzialtasuna, zabalkundea eta gardentasuna.

1.– Hitzarmen honekin lotutako kanpo- zein barne-informazio guztia NBE Emakumeak erakundearen zabalkunde- eta gardentasun-baldintzei esklusiboki loturik dagoela ulertuko eta onartuko da, haren araudiak, erregelek, politikek eta prozedurek adierazi bezala eta Nazioarteko Laguntzaren Gardentasunaren Ekimenaren arabera, baldin eta informazio hori alderdietako batek era esplizituan konfidentzial gisa sailkatu ez badu eta X. artikulura mugatuta ez badago.

2.– Alderdiek onartzen dute hitzarmen honekin lotuta egokitutako edo sortutako dokumentuak bi alderdiek dibulgazio horren idatzizko onespena eman ondoren soilik jar daitezkeela publikoaren eskuetan.

XIV. artikulua.– Proiektuaren amaiera edo iraungipena.

1.– Proiektuak harekin lotutako jarduera operatibo guztiak amaitu edo eteten direnean izango du amaiera operatiboa. NBE Emakumeak erakundeak jakinarazpena bidaliko dio emaileari, Proiektua ikuspegi operatibotik amaitutzat ematen duenean edo hura iraungitzen denean.

2.– Proiektuaren amaiera operatiboa edo iraungipena eragotzi gabe, NBE Emakumeak erakundeak erabili gabeko ordainketak gordetzen jarraituko du, Proiektua egikaritzearen markoan dauden konpromiso eta obligazio guztiak estalita izan arte, eta Proiektuko jarduera guztiak modu ordenatuan amaituta egon arte. Erabili gabeko ordainketak ez badira nahikoa konpromiso eta obligazio horiek betetzeko, NBE Emakumeak erakundeak emaileari jakinaraziko dio eta horiek betetzeko moduari buruzko kontsulta egingo dute.

3.– Ikuspegi operatibotik proiektua amaitutakoan edo iraungitakoan, finantza-transakzio guztiak erregistratutakoan eta Proiektuko kontuak itxitakoan, Proiektua amaitutzat joko da finantza-ikuspegitik. Proiektua ikuspegi operatibotik amaitu edo iraungitzen den hilabetetik hasita, hamabi (12) hilabeteko epearen barruan amaitu beharko da finantza-ikuspegitik.

4.– Amaierako finantza-egoera egiaztatua aurkeztutakoan, Estatu Batuetako mila dolarretik (1.000 USD) gorako gastatu gabeko edozein saldo emaileari itzuliko zaio, alderdiek kontrakoa idatziz jasorik izan ezean. Proiektuak hainbat emaileren ekarpenak jaso baditu, emaile bakoitzari egin duen ekarpenaren kantitate proportzionala itzuliko zaio geratzen den saldotik.

XV. artikulua.– Hitzarmena desegitea.

1.– Emaileak eta NBE Emakumeak erakundeak aurrez kontsulta egiten badute eta jasotako ordainketak eta Proiektuaren esku dauden gainerako funtsak Proiektua egikaritzeko markoan dauden konpromiso eta zor guztiak estaltzeko nahikoa badira, alderdietako edozeinek amai dezake hitzarmena, osorik edo neurri batean, beste alderdiari hogeita hamar (30) eguneko aurrerapenarekin jakinarazten badio.

2.– Hitzarmen hau edo hitzarmen honen zati bat desegitea eragotzi gabe, NBE Emakumeak erakundeak erabili gabeko ordainketak gordetzen jarraituko ditu, Proiektua egikaritzearen markoan dauden konpromiso eta obligazio guztiak edo hitzarmenaren desegiteari dagokion Proiektuaren zatikoak estalita izan arte, eta Proiektuko jarduera guztiak modu ordenatuan amaituta egon arte.

3.– Amaierako finantza-egoera egiaztatua aurkeztutakoan, Estatu Batuetako mila dolarretik (1.000 USD) gorako gastatu gabeko edozein saldo emaileari itzuliko zaio, alderdiek kontrakoa idatziz jasorik izan ezean. Proiektuak hainbat emaileren ekarpenak jaso baditu, emaile bakoitzari egin duen ekarpenaren kantitate proportzionala itzuliko zaio geratzen den saldotik.

XVI. artikulua.– Terrorismoaren aurkako klausula.

Nazio Batuen terrorismoaren aurkako Segurtasunerako Kontseiluaren ebazpenekin, Nazio Batuen Segurtasunerako Kontseiluko 1373 (2001) eta 1267 (1999) ebazpenekin eta horiekin lotutako beste ebazpen batzuekin bat etorriz, NBE Emakumeak sailak konpromiso irmoa du terrorismoaren aurkako nazioarteko borrokarekin, eta, bereziki, terrorismoaren finantzaketarekin. Era berean, NBE Emakumeak erakundeak Nazio Batuen Segurtasunerako Kontseiluak ezarritako edozein zehapen aplikagarri betetzeko betebeharra onartzen du. NBE Emakumeak erakundeak ahal duen heinean bere esku dagoen guztia egingo du ekarpena terrorismoarekin lotura duten pertsona edo erakundeei babesa edo laguntza emateko erabiltzen ez dela bermatzeko, Nazio Batuen Segurtasunerako Kontseiluaren edozein zigor-erregimenetan definitutakoaren arabera. Hitzarmen honen indarraldian NBE Emakumeak erakundeak adierazten badu, Nazio Batuen Segurtasunerako Kontseiluaren edozein zigor-erregimenetan definitutakoaren arabera, akusazio sinesgarriak daudela ekarpena terrorismoarekin lotutako pertsona edo erakundeei babesa edo laguntza emateko erabili dela esateko, eta horren berri izanez gero, emaileari jakinaraziko dio eta harekin kontsulta egindakoan, hala badagokio, erantzun egokia zein den zehaztuko du.

XVII. artikulua.– Ustelkeriaren eta iruzurraren prebentzioa.

1.– Emaileak eta NBE Emakumeak erakundeak iruzur- eta ustelkeria-praktikak galarazi eta hautemateko konpromiso irmoa hartzen dute. Nazio Batuen Gutunarekin, nazioarteko administrazio publikoaren jokabide-arauekin, Nazio Batuetako Langileen Estatutuarekin eta Araudiarekin eta NBE Emakumeak erakundearen Finantza Araudiarekin eta Finantza Arautegiarekin bat etorriz, erakundeak ahal duen heinean bere esku dagoen guztia egingo du Ekarpenaren erabilera jokabide-arau zorrotzenetara egokitzen dela eta erakundeko zati guztiek eta NBE Emakumeak erakundearen izenean jarduten duten pertsona guztiek etika eta integritate handiko estandarren arabera jokatzen dutela bermatzeko.

2.– NBE Emakumeak erakundeak, bere araudiarekin, erregelekin, politikekin eta prozedurekin bat etorriz, ziurtatzen du Auditoretza eta Ikerketa Bulegoari (OAI) Proiektuarekin lotutako edozein iruzur- edo ustelkeria-akusazioren berri emango diola, modu egoki eta zehatzean. OAIk sinesgarriak diren akusazioak ikertuko ditu, bere araudiaren, erregelen, politiken eta prozeduren arabera. OAIk modu konfidentzialean jakinaraziko dio emaileari hitzarmen hau dela-eta egindako ekarpenarekin osorik zein neurri baten finantzatzen diren jarduerekin lotutako iruzur- zein ustelkeria-akusazioekin lotuta ikerketa bat egiten ari direla edo egiteko asmoa dutela, betiere jakinarazpen hori OAIren araudi, erregela, politika eta prozedurekiko koherentea bada, ikerketen zintzotasuna eta konfidentzialtasuna eta ikertuak diren pertsonen berme prozesalak babesteko.

3.– Ikerketaren baten ondorioetan hitzarmen honi jarraikiz eginiko ekarpenarekin osorik edo hein batean finantzatutako jarduerak barne hartzen dituen iruzur- edo ustelkeria-kasu bat hautematen bada, NBE Emakumeak erakundeak honako neurri hauek hartuko ditu:

– Ahal duen heinean, bere esku dagoena egingo du OAIk iruzur edo ustelkeriagatik desbideratua izan dela zehaztu duen ekarpenaren edozein zati berreskuratzeko.

– Goiko (a) azpiatalari dagokionez, Nazio Batuen Gai Juridikoen Bulegoarekin kontsultatuko da eta sakon aztertuko dira iruzur- edo ustelkeria-ekintza gertatu dela uste den Estatu Kideko autoritate egokiei gaia bideratzeko aukera eta Batzar Nagusiaren 62/63 Ebazpenaren xedapenak.

– Emaileak eskatzen duenaren arabera, eta alderdien artean aurrez kontsulta eginda, NBE Emakumeak erakundeak (a) azpiatalean zehaztutakoaren arabera berreskuratu duen ekarpenaren edozein zati itzuliko dio emaileari, edo bien artean adostutako jardueraren batera bideratuko du.

4.– Emaileak artikulu honetan aipatutako gaiekin loturiko informazio guztia konfidentzialtasun osoz erabili beharko du.

5.– Aurreko paragrafoekin loturiko ekintza guztiek koherentzia izan beharko dute NBE Emakumeak erakundearen araudiarekin, erregelekin, politikekin eta prozedurekin.

XVIII. artikulua.– Hitzarmena aldatzea.

Hitzarmen hau eta bere eranskinak alderdien arteko idatzizko adostasunez bakarrik alda daitezke, eta aldaketak hitzarmenaren zati integral izatera pasatuko dira.

XIX. artikulua.– Eztabaidak konpontzea.

Hitzarmen honekin lotura duten alderdien arteko eztabaida guztiak negoziazio bidez edo bestelako ebazpen-bide adostu baten bidez konponduko dira; bestela, arbitrajea erabili ahal izango da, alderdietako edozeinek hala eskatzen badu. Bakoitzak arbitro bat izendatuko du, eta izendatutako bi arbitroek hirugarren bat aukeratuko dute, eta hori izango da arbitrajeko epaimahaiburua. Arbitrajea eskatzen denetik 30 eguneko epean alderdietako batek ez badu arbitrorik izendatu, edo bi arbitroak izendatzen direnetik 15 eguneko epean hirugarrenik aukeratu ez bada, alderdietako edozeinek eska dakioke Nazioarteko Justizia Auzitegiko presidenteari arbitroa izendatzeko. Arbitroek arbitraje-prozedura ezarriko dute eta alderdiek arbitrajeko gastuak ordainduko dituzte, arbitroek zehaztutako eran. Arbitraje-laudoan oinarritzat hartu diren arrazoiak aurkeztuko dira eta alderdiek onartu egingo dute, eztabaidaren behin betiko epai gisa.

XX. artikulua.– Prerrogatibak eta immunitateak.

Hitzarmen honen artikuluak eta harekin erlazionatutako alderdiak ezingo dira interpretatu Nazio Batuen prerrogatibei eta immunitateei berariaz zein modu tazituan uko egite gisa, haren organo subsidiarioak barne.

XXI. artikulua.– Jakinarazpenak.

1.– Artikulu honetan bestelakorik zehaztu ezean, hitzarmen honetan eskatutako edo adierazitako alderdien arteko jakinarazpen edo beste komunikazio guztiak idatzizkoak izango dira eta honako bitarteko hauetako baten bidez entregatuko dira: i) eskura emanez; ii) aitortutako mezularitza-zerbitzu urgente baten bidez; iii) gutun ziurtatu aurrefrankeatu bidez, hartu-agiriarekin; edo iv) posta elektronikoz. Jakinarazpena edo komunikazioa helarazi nahi zaion alderdiari behean agertzen diren helbide edo posta elektronikoetara egingo zaie bidalketa, edo bestela, hartzaileak aurretiaz eta idatziz, hitzarmen honetan ezarritakoaren arabera, adierazitako beste edozein helbidetara.

Emaileari jakinarazpen eta komunikazioak bidaltzeko:

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia

Nafarroa kalea 2

01007 Vitoria-Gasteiz (Espainia)

Norentzat:

Maite Garmendia Eguinoa

m-garmendiaeguinoa@elankidetza.eus

NBE Emakumeak erakundeari jakinarazpen eta komunikazioak bidaltzeko:

Genero Berdintasunerako eta Emakumearen Ahalduntzerako Nazio Batuen Erakundea

EL Salvadorko NBE Emakumeak.

Colonia Escalón, Avd. José Matías Delgado, 345

Norentzat:

Ana Elena Badilla. Rep. El Salvador

ana.badilla@unwomen.org

2.– Hitzarmen honetan eskatutako edo adierazitako jakinarazpen edo komunikazioak postaz edo aitortutako mezulari-zerbitzu urgente baten bidez entregatzen direnean, hartzaileak posta- edo mezulari-zerbitzuaren bidez jasotzen (edo ukatzen) dituen datatik aurrera izango dute eragina, hartu-agirian edo horren pareko dokumentuan agertzen denaren arabera. Posta elektronikoz bidalitako jakinarazpenak eta bestelako komunikazioak hartzaileak jasotzea baieztatzen duen egunean joko dira entregatutzat, eta une horretatik aurrera izango dute eragina.

XXII. artikulua.– Hainbat.

1.– Ez da kontsideratuko hitzarmen honetan jasotako estipulazio eta xedapen bati ere uko egiten zaionik edo hura betetzetik salbuesten denik, delako alderdiak ez badu ukapen edo salbuespen hori idatziz formalizatzen eta sinatzen. Hitzarmen hau ez betetzeko ezein autorizaziok, salbuespenek edo baimenek ez du emango etorkizunetako beste ez-betetze batzuetarako autorizaziorik, salbuespenik edo baimenik.

2.– Hitzarmen honetako xedapenen bat nulutzat, legez kanpokotzat edo ez-aplikagarritzat hartzeak ez du inolako eraginik izango gainerako xedapenen balioan, legezkotasunean eta aplikagarritasunean eta horiei ez zaie garrantzirik kenduko.

3.– Hitzarmen honetan erabilitako goiburu eta tituluen xedea erreferentzia egitea soilik da eta ez dira hitzarmenaren zatitzat jotzen helburu baterako ere.

4.– Hitzarmen hau nahi beste aletan egikaritu daiteke eta horietako bakoitza jatorrizkotzat hartuko da eragin guztietarako, eta guztiek batera tresna bat eta bakarra osatuko dute.

5.– Testuinguruak beste zerbait argi adierazi ezean, hitzarmen honetan singularrean eginiko erreferentzia guztiek plurala barne hartuko dute, eta alderantziz.

6.– Hitzarmen hau eta barne hartzen dituen alderdi guztiak alderdien eta haien ondorengoen eta baimendutako lagapen-hartzaileen onerako ulertuko dira, eta lotesleak izango dira haientzat. Hitzarmen honek ez du beste onuradunik izango, eta beste inork ezingo du hitzarmenari jarraikiz eskubiderik edo onurarik eskatu.

Hori guztiori aitortuz, beheko sinatzaileek, horretarako behar bezala ahaldunduta, gaztelaniaz eta euskaraz sinatu dute hitzarmena, bi aletan. Bi bertsioen artean desadostasunen bat egonez gero, gaztelaniazko bertsioa gailenduko da.

Emailearen izenean eta hura ordezkatuz:

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.

NBE Emakumeak erakundearen izenean eta hura ordezkatuz:

NBE Emakumeak erakundearen ordezkaria El Salvadorren,

ANA ELENA BADILLA.


Azterketa dokumentala