Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

18. zk., 2018ko urtarrilaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
419

11/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 22koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Hondarribiko Elkano Aterpetxeko Euskal Girotze barnetegiari buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen-marko hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Hondarribiko Elkano Aterpetxeko Euskal Girotze barnetegiari buruzkoa. Testu hori honen eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 22a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 22KO 11/2018 EBAZPENARENA
EUSKO JAURLARITZAKO HEZKUNTZA SAILAREN ETA GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIKO KULTURA, TURISMO, GAZTERIA ETA KIROLA DEPARTAMENTUAREN ARTEKO HITZARMENA, HONDARRIBIKO ELKANO ATERPETXEKO EUSKAL GIROTZE BARNETEGIARI BURUZKOA
PARTE HARTURIK:

Alde batetik, Cristina Uriarte Toledo andrea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua.

Eta bestetik, Denis Itxaso González jauna, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura,Turismo, Gazteria eta Kiroleko Diputatua.

Elkarri dokumentu hau sinatzeko ahalmena aitortuz,

AZALTZEN DUTE:

Egonaldiak Euskal Girotze Barnetegietan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren programa bat da.

Euskal Girotze Barnetegien helburua honakoa da: etxeko eta kaleko erdal giroan bizi diren haurrei euskal giro aberats bat ezagutzeko eta, are gehiago, bertan euskaraz bizitzeko aukera eskaintzea, bizipen gogoangarri bat izateko aukera izan dezaten; honela ikasleen euskara ikasteko prozesuari eta hizkuntzarekin duten harreman afektiboari bultzada eragingarria eman diezaioten. Batez ere zera lortu nahi da: euskaraz lehen pausoak ematen ari diren ikasleei hizketan askatu ezin hori gaindiaraztea; euskaraz komunikatzeko gai direla konturaraziz beren buruekiko segurtasuna eta konfiantza sortzea, eta hitz-etorria indartzea. Beraz, barnetegien xede nagusia ikasleen hizkuntzaren erabilera eta haren aldeko motibazioa indartzeko ekintzak burutzea izango da.

Hezkuntza Sailak Euskal Girotze Barnetegiaren kokaleku egokitzat jotzen du Hondarribiko Elkano aterpetxea.

Hondarribiko Elkano aterpetxea Gizpuzkoako Foru Aldundiarena da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak deritzanez, Barnetegia aipaturiko lekuan kokaturik egoteak ez du galarazten aterpetxeak aterpetxe legez duen funtzionamendua.

Eta azaldutakoari jarraiki, gorago aipatu den Hondarribiko Elkano aterpetxea Euskal Girotze Barnetegi gisa erabili ahal izateko, honako Hitzarmen hau burutzeko ados jarri dira, ondoan zehazten diren baldintzekin:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Euskal Girotze Barnetegia urtero eta hitzartutako epealdian zehar irailaren 1etik ekainaren 30 arte egongo da martxan, Gabonetako eta Aste Santuko oporretan izan ezik. Txandak normalean 4 egunekoak izango dira, astelehenean goizeko 09:00etan hasi eta ostegunean arratsaldeko 18:00etan amaituz.

Ikasturte hasieran Hezkuntza Saileko Nolega atalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kiroleko Zuzendaritzaren esku jarriko du ikasturteko egutegia, txanda bakoitzean parte hartuko duten ikasleen kopurua zehaztuz; inoiz ezingo dute 30 ikasle baino gehiago izan. Ikasle horientzako lekuaz gain, Foru Aldundiak bi irakaslerentzako tokia ere gordeko du. Inoiz, ikasleren baten premia bereziengatik, hiru irakasle ere izan litezke.

Bigarrena.– Euskal Girotze Barnetegiak honako gela eta lekuok erabiliko ditu:

a) 30 ikaslerentzako logelak, behar diren bainugela eta armairuekin.

b) Bi edo hiru irakaslerentzako logelak.

c) Irakasle-gela edo bulegoa. Giltzapean urte osoan, jai-egunak eta oporrak barne.

d) Materiala gordetzeko biltegi bat. Giltzapean urte osoan, jai-egunak eta oporrak barne.

e) Ikasgela bat.

f) Beste egoiliarrekin konpartituz erabiltzeko gelak.

g) Horrezaz gain, zerbitzu komunak: jangela, ur beroko dutxak, komunak eta jolaslekuak.

Aipatutako gelak opor garaietan eta asteburuetan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol Zuzendaritzaren esku geratuko dira.

Hirugarrena.– Hondarribiko Elkano Aterpetxeak bertaratuko diren ikasle-irakasleei honako zerbitzuok eskainiko dizkie:

a) Ohea eta izara-jokoa dagozkion estalkiekin.

b) Ostatu osoa (gosaria, bazkaria, merienda eta afaria).

c) Erabiltzen diren gela eta lekuen garbitasuna eta berokuntza.

d) Ikasleen edota irakasleen arropa garbitzea, arrazoi bereziren batengatik ezinbestekoa denean.

Euskal Girotze Barnetegira etortzen diren taldeak Hondarribiko Elkano aterpetxeak duen araudiari lotuko zaizkio.

Edozein arazo sortzen dela ere, Barnetegiko zuzendariak horren berri emango dio Egoitzako zuzendariari, honek konpontzeko neurriak har ditzan; bi horiek ados jarriko ez balira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kiroleko Zuzendaritzaren eta Hezkuntza Saileko Nolega atalaren artean konpondu beharko da.

Laugarrena.– Euskal Girotze Barnetegiak burutzeko Elkano aterpetxea erabiltzeagatik, hitzarmen honen bosgarren eta seigarren ataletan agertzen diren tarifak eta ordainbidea hitzartzen dira.

Bosgarrena.– Gipuzkoako Foru Aldundiak aterpetxe eta egoitzen erabilpenagatik urterako onartutako gazteentzako prezio publiko arrunta ordainduko da. Egoitza erabiltzeko ordaindu beharreko hori urtero eguneratuko da.

Seigarrena.– Ordaindu beharrekoaren zati bat ikasleak ordainduko du bere ikastetxearen bitartez, eta gainerakoa Hezkuntza Sailak. Hezkuntza Sailari dagokio ikasturtero ikastetxeari dagokion zenbatekoa finkatzea. Ikastetxeak egonaldia hasi baino bi hilabete lehenago osorik ordaindua beharko du zenbateko hori, dagokion kontu korrontean diru-sarrera eginez eta horretarako prestaturik dagoen inprimakia betez.

Gainerakoa ordaintzea Hezkuntza Sailari dagokio, eta ordainketa hiru hilabeteka gauzatuko da. Ordainketa hori egin aurretik, eta dagokion kitapena egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kiroleko Zuzendaritzak hiru hilabete horietan barnetegian izan diren taldeen likidazioa aurkeztuko dio Hezkuntza Sailari.

Zazpigarrena.– Hitzarmen honek mugagabeko iraupena izango du, bi aldeetako batek baliogabetzeko asmo-azalpena agertzen ez duen bitartean. Asmo-azalpen hori Aste Santua baino lehen egingo da egitekotan, hurrengo ikasturterako hitzarmena etetea nahi bada.

Hitzarmen honen balioa Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan eginkizun jakin honetarako kreditu egokia eta nahikoa egoteari baldintzatua geratzen da.

Eta hala jasota gera dadin, adierazitakoarekiko adostasuna agertzen dute behean azaltzen den leku eta egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 8a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirola Departamentuko foru diputatua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala