Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2018ko urtarrilaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
263

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 22koa, Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariarena, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2017ko ekainaren 21eko Aginduaren babesean aurkeztutako diru-laguntza eskabideak ebazten dituena. Agindu horren bidez, onartzen dira immigrazio teknikarien kontratazioaren jarraipenerako eta erakunde publikoek immigrazioaren eta kultura-arteko bizikidetzaren alorrean jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko oinarriak, eta laguntza horietarako deialdia egiten da 2017. urterako.

AURREKARIAK

1.– Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2017ko ekainaren 21eko Aginduaren bidez (2017ko uztailaren 11ko EHAA), onartzen dira immigrazio teknikarien kontratazioaren jarraipenerako eta erakunde publikoek immigrazioaren eta kultura arteko bizikidetzaren alorrean jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko oinarriak, eta laguntza horietarako deialdia egiten da 2017. urterako. Aipatutako aginduaren III. kapituluan diru-laguntzen bigarren lerroa arautzen da: immigrazioaren eta kultura-arteko bizikidetzaren alorrean jarduerak garatzeko laguntzak.

Agindu horren 19. artikuluak immigrazioaren eta kultura-arteko bizikidetzaren alorrean jarduerak garatzeko erakunde publikoei zuzendutako diru-laguntzen aurrekontu kreditua zehazten du.

2.– 2017ko ekainaren 21eko Aginduaren 20. artikuluak honako hauek zehazten ditu: alde batetik, diru-laguntza eskuratzeko eskatzaileek bete beharreko betekizun eta baldintzak; eta, bestetik, diru-laguntzak esleitzeko irizpide zehatzak.

3.– Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzan immigrazioaren eta kultura-arteko bizikidetzaren alorreko jardueretarako laguntzak eskatu dituzten erakunde publikoak I eranskinean adierazita daude.

4.– 2017ko ekainaren 21eko Aginduaren 20. artikuluari jarraikiz, Balioespen Batzordea 2017ko urriaren 18an bildu zen eta laguntza-ildo honetara aurkeztutako laguntza eskabideei buruzko ebazpen-proposamena egin zuen, gorago aipatutako araudia kontuan hartuta.

Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzako Balioespen Batzordeak landutako Txosten Teknikoa ikusita, eta 2017ko ekainaren 21eko Aginduaren 3. artikulua betez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– II. eranskinean zehazten diren erakunde publikoei bertan adierazitako diru-kopuruak ematea, honako kontzeptu honetan: immigrazioaren eta kultura-arteko bizikidetzaren alorreko jarduerak garatzeko laguntzak.

Bigarrena.– III. eranskinean adierazten den diru-laguntza eskabidea ez onartzea.

Hirugarrena.– Emandako diru-laguntza bi epetan ordainduko da:

a) Uko egingo ez balitz, % 70 ordainduko da, diru-laguntza ematen den egunetik hasita hilabeteko epean.

b) Gainerako % 30a, hurrengo puntuetan ezarritakoaren arabera zuritzen denetik kontatzen hasi eta bi hilabeteko epean.

Laugarrena.– Erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduerak plazaratu, zabaldu edo argitaratzen dituenean, nahitaez adierazi eta jasoarazi beharko du horietan Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren laguntza izan duela.

Bosgarrena.– Gastuen justifikazio orokorra 2018ko lehenengo hiru hilabeteetan egingo da, jatorrizko egiaztapen-dokumentuak aurkeztuta, edota, salbuespen gisa, dokumentu horien kopia konpultsatuen bidez edo dagokion erakunde publikoan fede publikoa duen pertsonak aldez aurretik ziurtagiria eman ondoren. Azken kasu horretan, ziurtagiriak immigrazio teknikari gisa kontratatu diren pertsonen kopurua eta lanbide-kategoria, horien ordainsariek eragindako guztizko kostu ekonomikoa eta garatutako jardueren zerrenda eta kostua adieraziko ditu, 2017. urteari dagozkionak.

Seigarrena.– Diru-laguntzaren gastuak justifikatzeko bidaltzen diren agiriak aztertu ondoren bigarren ordainketa gutxitu behar izatea gertatuz gero, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako guztia edo zati bat itzuli behar izanez gero, bai gehiegizko finantzaketa egon delako edo bai eskatutako ordainagiri guztiak aurkeztu ez direlako, Familia Politikarako eta Aniztasuneko zuzendariak banakako kitapen ebazpena emango du eta, hala badagokio, bi hilabeteko epea emango du, ebazpena jasotzen denez geroztik, itzuli beharrekoa itzultzeko.

Zazpigarrena.– Diru-laguntzak eta jasotzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 22a.

Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendaria,

ERNESTO SAINZ LANCHARES.

I. ERANSKINA
IZAPIDETZEKO ONARTUTAKO ESKAEREN ZERRENDA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
EMANDAKO DIRU-LAGUNTZAK
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
UKATUTAKO / EZ ONARTUTAKO ESKABIDEAK
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala