Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

6. zk., 2018ko urtarrilaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
94

140/2017 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Psikologia Graduko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egiteko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Psikologia Graduko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egiteko. Eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 29a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABENDUAREN 29KO 140/2017 EBAZPENARENA
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREKIN LANKIDETZA-HITZARMENA, PSIKOLOGIA GRADUKO IKASLEEK KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOAK EGITEKO

Donostia, 2017ko urriaren 19a.

BILDU DIRA:

Batetik, Ana Isabel Vergara Iraeta andrea, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea ordezkatuz (UPV/EHU, aurrerantzean), Psikologia Fakultatearen dekano gisa, UPV/EHUko Akademia Antolakuntzako errektoreordearen urriaren 16ko Ebazpenaren 27.4 artikuluaren aginpideekin bat etorrita, 2012ko irailaren 27ko Gobernu Kontseiluan onartutako Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudiak ezarritakoaren arabera.

Bestetik, María Jesús Carmen San José López andrea, Lan eta Justiziako sailburua –lehendakariaren azaroaren 26ko 36/2016 Dekretuaren bidez izendatua– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak, sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen diten lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 16. artikuluaren arabera Lan eta Justizia Sailari dagozkion egitekoak betez.

Hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen hau izenpetzeko legez behar den gaitasuna elkarri onartuta

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.– UPV/EHUren helburuetako bat da «Kalitatezko goi-mailako irakaskuntza eskaintzea, ikasleen prestakuntza osorako eta lanerako beharko dituzten gaitasunak ziurtatzeko».

Bigarrena.– Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundearen eginkizuna da lurraldeko barrutietako epaitegi, auzitegi, fiskaltza eta erregistro zibilari laguntza ematea peritu proba medikoak eginez, proba horiek tanatologikoak, klinikoak nahiz laborategikoak izan. Era berean, konpromisoa du Psikologiako unibertsitate ikasleek prestakuntza praktikoa sustatu eta horretan laguntzeko.

Hirugarrena.– Kanpoko praktika akademikoak ikasleen prestakuntzara bideratutako jarduerak dira, UPV/EHUk gainbegiratzen dituena, eta helburutzat dute aukera ematea ikasleei prestakuntza akademikoan eskuratu dituzten ezagutzak aplikatu eta osatzeko, beharrezko gaitasunak eskura ditzaten lan munduan aritzeko, lana bilatzeko eta beren ekiteko gaitasuna areagotzeko.

Laugarrena.– Zehazki, curriculum-praktikak dagokion psikologia graduko ikasketa-planaren barneko jarduera akademikotzat hartzen dira.

Bosgarrena.– UPV/EHUk Psikologia Graduaren titulazioa eskaintzen du, eta erakunde laguntzaileak Lan eta Justizia Sailari atxikita, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutuaren Osoko Auzitegi Baloraziorako Unitateetako Auzitegiko Psikiatria Atalek eta Talde Psikosozial Judizialak beren jarduera antzeko sektore batean garatzen dute.

Seigarrena.– UPV/EHU ikasleen Kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen azaroaren 18ko 1707/2011 Errege Dekretuan eta UPV/EHUko Antolamendu Akademikorako errektoreordearen 2012ko urriaren 16ko Ebazpenenean, UPV/EHUko ikasleen Kanpoko praktika akademikoen araudia argitaratzekoan –Gobernu Kontseiluak 2012ko irailaren 27an onartua–xedatuarekin bat, kanpoko praktika akademikoak egiteko, hezkuntzako lankidetza-hitzarmenak izenpetuko ditu UPV/EHUk erakunde laguntzaileekin.

Adierazitakoagatik, bi aldeek

ADOSTU DUTE:

Hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen hau izenpetzea, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Helburua.

Hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen honen helburua da UPV/EHUko Psikologia graduko ikasleek aipatutako erakunde laguntzailean egingo dituzten curriculum-praktika akademikoak arautzea indarrean dagoen araudia eta Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen azaroaren 18ko 1707/2011 Errege Dekretuan xedatuarekin eta UPV/EHUren Araudiak ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Praktikak egitea, lekua eta programa.

Praktikak egiteko lekua hitzarmen honi erantsitako I. eranskinean adieraziko da.

Iraupena eta ordutegiak ezartzean, kontuan hartuko dira praktiken ezaugarriak eta erakundeak dituen aukerak, praktika-jarduerek ahalik eta eraginik txikiena izateko haren eguneroko lanean.

Dagokion ikasketa-planak ezarritakoa abiapuntutzat hartuta, tutorearen ardura izango da prestakuntza-proiektua egitea praktikak hasi aurretik. Proiektu horrek honako datu hauek zehaztuko ditu:

– Zer ikasketari dagokion praktika.

– Praktikak egingo diren erakundea eta tokia.

– Ikasketa-tutorea.

– Erakundeko instruktorea.

– Praktiken Programaren arduraduna.

– Ikasleen zerrenda, hala dagokionean.

– Hezkuntza-helburuak eta jarduerak.

Ezin izango da praktikarik egin Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren eta Justiziako Zuzendaritzaren berariazko baimenik gabe. Horretarako, praktika hasi aurretik, hitzarmen honi eransten zaion I. eranskina izapidetu beharko da, dagozkion datuak eta sinaturak behar bezala beteta.

Hirugarrena.– Harremana erakunde laguntzailearen eta ikaslearen artean.

1.– Kanpoko praktika akademikoen prestakuntza-xedea dela eta, ez dute lan-harreman bati dagokion betebeharrik izango, eta ezin izango dira lanpostu bati loturiko lan-prestazio baten ordezkotzat hartu.

2.– Halaber, ikasketak amaitzean, ikaslea erakunde laguntzaileko plantillan sartuko balitz, praktiketan egondako denbora ez litzateke kontuan hartuko antzinatasuna aitortzeko eta ez luke frogaldia ordezkatuko, non eta dagokion hitzarmen kolektiboan bestelako baldintza bat berariaz adierazita ez dagoen.

Laugarrena.– Praktiketarako instruktorea.

1.– Erakunde laguntzaileak instruktore bat izendatuko du ikasle bakoitzarentzat, eta haren eginkizuna izango da prestakuntza-jarduerak antolatzea, Praktiken Programaren Arduradunaren oniritziarekin eta ikaslearen tutorearekin batera.

2.– Erakunde laguntzaileak izendatuko duen instruktorea erakundeari loturiko pertsona bat izango da, eta lan-esperientzia eta tutoretza eraginkor bat egiteko behar diren ezagutzak izango ditu. Instruktorea eta UPV/EHUren tutoretza-lanak egingo dituen pertsona ez dira bat eta bera izango.

3.– Instruktoreak Praktiken Programaren Arduradunaren adostasuna beharko du, eta «venia docendi»-aren aitortza adieraziko du, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudian finkatutako prozeduraren arabera gauzatuko dena.

Bosgarrena.– Instruktorearen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Erakunde laguntzaileko instruktoreak eskubide hauek izango ditu:

a) Bere laguntza-lana aitortua izateko eskubidea, aurreko klausularen 3. zenbakian jasota dagoen moduan.

b) Kanpoko praktikak arautzen dituen araudiari eta haien prestakuntza-proiektuari eta garapen-baldintzei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

c) UPV/EHUra jotzeko eskubidea, informazioa eta laguntza eskuratzeko bere eginkizunetarako.

d) UPV/EHUko instalazio eta -zerbitzuak erabiltzeko eskubidea (liburutegiak, mintegiak, etab.), bere etengabeko prestakuntzari begira.

2.– Gainera, betebehar hauek izango ditu:

a) Ikasleari harrera egitea eta egin beharreko jarduera prestakuntza-proiektuan zehaztutakoaren arabera antolatzea.

b) Ikaslearen jarduerak gainbegiratzea eta praktikaren garapena bideratu eta kontrolatzea, elkarrekiko errespetuan oinarrituriko harreman baten bitartez eta ikaskuntzarekiko konpromisoarekin.

c) Bere erakundearen antolakuntza eta funtzionamendua azaltzea ikasleari, baita dagozkion araudiak ere, segurtasun eta lan-arriskuen arlokoak bereziki.

d) Hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen honetan zehaztutako jardueren garapena koordinatzea UPV/EHUko tutorearekin, kontuan izanik praktikaren garapen egokiari begira prestakuntza-proiektuan egin beharreko aldaketak. Gainera, praktikan zehar sor daitezkeen gorabeheren berri eman eta gorabehera horiek konpontzea, eta azterketak egiteko baimenak kontrolatzea.

e) Amaierako txostena egitea, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudiko IV. eranskinean agertzen den ereduaren arabera.

f) Praktikak egiteko ikasleak behar duen prestakuntza osagarria eskaintzea.

g) Praktikak egiteko ikasleak behar dituen bitarteko materialak ematea.

h) Giro egokia sortzea eta sustatzea ikasleek proposamenak egin ditzaten berrikuntzari, hobekuntzari eta ekintzailetzari begira.

i) Erakunde laguntzailearen ateak zabaltzea UPV/EHUko tutoreari, bere eginkizunari dagozkion helburuak bete ditzan.

j) Isilpean gordetzea instruktore gisa ikasleari buruz eskura dezakeen informazio oro.

k) Ikasleari laguntzea eta babesa ematea erakundean diharduen bitartean, ikasleak hor egiten dituen jardueretan izango dituen beharrizan profesionalei erantzuna emateko.

Seigarrena.– Ikasleen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Kanpoko praktika akademikoetan, ikasleek eskubide hauek izango dituzte:

a) Praktikak iraun bitartean, UPV/EHUko irakasle baten eta erakunde laguntzailean diharduen profesional baten tutoretza izateko eskubidea.

b) Ebaluaziorako eskubidea, UPV/EHUk zehazturiko irizpideen arabera.

c) Praktikak egin dituen erakunde laguntzailearen txostena jasotzeko eskubidea. Txosten horretan, zehazki aipatuko dira eginiko jarduera, haren iraupena eta, hala dagokionean, errendimendua, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudiko IV. eranskineko ereduaren arabera.

d) Jabetza intelektual eta industrialerako eskubidea, arloan arloko legediak ezarritako moduan.

e) Segurtasun eta lan-arriskuen prebentziorako araudiari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea. Erakunde laguntzaileak eman beharko du informazio hori.

f) Beren jarduerak burutzeko eskubidea (arlo akademikoan, prestakuntza-arloan eta ordezkatze- eta parte-hartze mailan), jarduera horien berri emanez aldez aurretik erakunde laguntzaileari.

g) Ezintasunen bat duten ikasleen kasuan, praktikak besteen baldintza berberetan egiteko eskubidea: sarbiderako, informaziorako eta ebaluaziorako eskubidea.

h) Ezintasunen bat duten ikasleen kasuan, praktikak eta ezintasunetik eratorritako jarduerak eta egoera pertsonalak bateratzeko eskubidea.

2.– Era berean, kanpoko praktika akademikoak egin bitartean, betebehar hauek izango dituzte ikasleek:

a) UPV/EHUk kanpoko praktikak arautzeko indarrean duen araudia betetzea.

b) Praktiken prestakuntza-proiektua ezagutzea eta betetzea, aintzat harturik erakunde laguntzaileak izendaturiko instruktorearen oharrak, UPV/EHUko tutorearen gainbegiratupean.

c) Praktikak iraun bitartean, harremanetan egotea UPV/EHUko tutorearekin eta gerta daitekeen zeinahi gorabeheraren berri ematea. Gainera, eskatzen zaizkien dokumentuak eta txostenak aurkeztea (jarraipen-txostenak, amaierako memoria...).

d) Adostutako egunean lanari ekitea erakunde laguntzailean, hezkuntza-proiektuan aurreikusitako ordutegia betetzea eta erakundean indarrean dauden arauak errespetatzea (funtzionamenduko, segurtasun-arloko eta lan-arriskuen prebentziorako arauak).

e) Hezkuntza-proiektua garatzea eta erakunde laguntzailearekin adostutako jarduerak egoki betetzea, proiektuan zehaztutako lan-lerroen arabera.

f) Praktiken amaierako txostena eta tarteko txostena, hala dagokionean, egitea, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudiko V. eranskinean agertzen den ereduaren arabera.

g) Erakunde laguntzaileari buruzko informazioa isilpean gordetzea eta haren jardueren gaineko lanbide-sekretua mantentzea, praktikek iraun bitartean eta praktikak amaitu ondoren.

h) Errespetuz jokatzea erakunde laguntzailearen politikarekiko, UPV/EHUren ospea babestuz uneoro.

i) Indarrean dagoen araudian ezarritako beste betebeharrak kontuan hartzea.

3.– Aurreko atalean aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badira, bertan behera utzi ahal izango da praktika. Hori horrela, horren berri emango dio UPV/EHUk edo enpresak hitzarmen honen bidez sortutako haustea Jarraipen Batzordeari, eta batzorde horrek 10 eguneko epea izango du praktika aldez aurretik bertan behera uzteko egokitasunari buruz erabakitzeko.

4.– Ikasleak huts egin ahal izango du praktika azterketarik egin behar izanez gero, eta hiru egun lehenago emango dio horren berri instruktoreari. Arrazoi akademikoek edo beste era batekoek eragindako hutsegiteak lehenbailehen jakinarazi beharko zaizkio instruktoreari edo tutoreari, eta tutorearen baimena beharko dute, hala behar izanez gero.

Zazpigarrena.– Instalazioak eta baliabideak.

Erakunde laguntzaileak bere instalazioak eta baliabideak eskainiko ditu praktikak egiteko, eta zenbat ikasle har ditzakeen zehaztuko du.

Zortzigarrena.– Erantzukizunak eta aseguruak.

1.– UPV/EHUk erantzukizun zibileko aseguru-kontratu bat izango du, ikasleek praktiketan bitartean eragin ditzaketen kalteei aurre egiteko.

2.– Praktikak egin ahal izateko, aseguru-kontratu bat kontratatu beharko dute 28 urtetik gorako ikasleek. Aseguru osagarri hori UPV/EHUk izenpetutako Cum Laude istripuen poliza kolektiboa izan daiteke, edo beste erakunde batek eskainitako beste aseguru bat, baldin eta, gutxienez, UPV/EHUren bidez eskaintzen diren kontzeptuak (Cum Laude) aintzat hartzen baditu. Egokia irudituz gero, 28 urtetik adingabeko ikasleek modu osagarrian kontratatu ahal izango da aseguru-kontratu bat, komenigarria iruditzen bazaie.

3.– Ez UPV/EHU ez ikaslea ez dira erantzule izango baldin eta erakundeko tutoreak emandako agindu edo jarraibide baten ondorio badira kalteak, eta argibide edo agindu hori ez baldin bada praktiken jardueren programan agertzen.

4.– UPV/EHUrekin hitzarmena duten atzerriko unibertsitateetatik etorrita erakunde laguntzailean praktiketan diharduten ikasleek istripu-poliza bat izan beharko dute, Cum Laude polizaren estaldura berberekoa gutxienez.

Bederatzigarrena.– Diru-laguntza.

Ikasleek ez dute inolako dirurik jasoko praktikak egitearen truke. Kanpoko praktika egiteak ikasleentzako diru-laguntza jasotzen badu ere, erakundeak araututa eta indarrean dauden betebehar fiskalak bete beharko ditu.

Hamargarrena.– Laneko eta praktiketako jardunaldia.

Praktikak ez du oztopatuko eguneroko laneko jardunaldia, ezta guardiako funtsezko zerbitzua eskaintzea ere.

Hamaikagarrena.– Ikasleen datuak babestea.

Praktikak enpresetan egiten dituzten ikasleen datuak hitzarmen honetan ezarritako helburuetarako erabiliko dira soil-soilik.

Hamabigarrena.– UPV/EHUren beste konpromiso batzuk.

1.– Aurretik aipatutakoen kalterik gabe, UPV/EHUk bere gain hartzen ditu konpromiso hauek ikasleei dagokienez:

a) Ikasleei azaltzea zertan eragiten dien hitzarmen honek.

b) Ikasleek hitzarmen honek ezartzen dizkien betebeharrak onartzea, baita aplika daitekeen araudia ere.

c) Ikasleek beren datuen erabilera espresuki onartzea, aurreko klausulan ezarritako xedeetarako.

2.– Aurrekoaren ondorioz, ikasle bakoitzak izenpetutako dokumentuaren kopia bana emango dio UPV/EHUk erakunde laguntzaileari.

Hamahirugarrena.– Jarraipen Batzordea.

1.– Jarraipen-batzorde bat eratu beharko da, Ikastegiko edo tituluaren ardura duten Berezko Ikasketen bi ordezkarik eta erakunde laguntzailearen beste bi kidek osatuta. Horren egitekoa izango da praktikak egitean edo hitzarmena betetzean sor daitezken gorabeherei buruzko erabakiak hartzea.

2.– Batzorde hori eratzean, sinatzaileak batzordeburu izango dira txandaka, eta UPV/EHUri egokituko zaio hasierako txanda.

Hamalaugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

1.– Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du; epe hori amaitzean, aho batez luzatu ahalko da, urtebeteko aldietan, gehigarrizko lau urterako.

2.– Dena dela, alde sinatzaileetako edozeinek haren amaiera eskatu ahal izango du; eskaera hori hitzartutakoak ondoriorik ez izatea nahi den ikasturtearen aurreko ikasturteko martxoa baino lehen egin beharko da.

3.– Hitzarmenaren amaiera idatziz eskatuko da, eta ez du inolako eraginik izango jada abian dauden praktiken garapenean, seigarren klausulan praktikak aldez aurretik bertan behera uzteari dagokionez ezarritakoaren kalterik gabe.

Eta aurrekoarekin ados daudela adierazteko, hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen honen bi kopia sinatu dituzte aldeek, goiburuan adierazitako lekuan eta datan.

Lan eta Justizia sailaren izenean (sinadura eta zigilua).
UPV/EHUren izenean (sinadura eta zigilua).
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala