Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

5. zk., 2018ko urtarrilaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
80

AGINDUA, 2017ko azaroaren 30ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, «Donostia/ San Sebastián 2016 Fundazioa – Fundación Donostia/ San Sebastián 2016» fundazioaren azkentzea berretsi eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2017ko uztailaren 6an eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean «Donostia/ San Sebastián 2016 Fundazioa – Fundación Donostia/ San Sebastián 2016» fundazioaren azkentzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Aldaketa hori egitea 2017ko martxoaren 3an erabaki zuen fundazioaren patronatuak. Eskaera-idazkiarekin batera, administrazio-espedientean jasotako dokumentazioa aurkeztu zen.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEZKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu baten bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan hala ezarrita baitago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Espedienteari funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta, beraz, bereziki bete dira honako xedapen hauetan ezarritako baldintzak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 9/2016 Legeko 40., 41. eta 51.2 artikuluetan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 46. artikuluan; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 35. artikuluan, eta fundazioaren estatutuetan.

Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Onartzea «Donostia/ San Sebastián 2016 Fundazioa – Fundación Donostia/ San Sebastián 2016» fundazioaren Patronatuak 2017ko martxoaren 3ko bileran hartutako erabakia, zeinaren bidez azkentzen baita aipatutako fundazioa eta zehazten baita fundazioa likidatzearen ondoriozko likidoaren destinoa. Erabaki hori 2017ko ekainaren 8an Donostiako Enrique García Jalón de la Lama notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoaren bidez formalizatu zen (protokolo-zenbakia: 843).

Bigarrena.– Fundazioa azkentzeko erabaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

Hirugarrena.– Fundazioaren azkentzeak fundazioaren ohiko jarduerak amaitzen ditu, eta hasiera ematen die likidazio-eragiketei, aurretik onartutako programari jarraituz. Fundazioaren Patronatuak garatu beharko ditu likidazio-eragiketa horiek, Babeslaritzaren kontrolpean. Horretarako, fundazioaren patronatuak aktibo- edo likidazio-eragiketa bakoitzaren berri emango dio Babeslaritzari.

Laugarrena.– Fundazioak, likidazio-aldian dagoen bitartean, nortasun juridikoari eutsiko dio, eta bere izenari «likidazio-aldian» adierazpena erantsi beharko dio.

Bosgarrena.– Likidazio-eragiketak amaitu ondoren, Fundazioaren Patronatuak likidazio-eskritura eman beharko du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzara bidali.

Seigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta fundazioari bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 30a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala