Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

5. zk., 2018ko urtarrilaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
79

AGINDUA, 2017ko azaroaren 28koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baitira Fundación José Matia Calvo fundazioaren estatutuen aldaketak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko eginak. Zehazki, 2. (fundazioaren helburuak), 4., 6., 10., 11., 12., 13., 14. eta 22. artikuluak aldatzen dira, 23. artikulu berri bat gehitzen da, eta lehengo 23. artikuluari zenbaki berria ematen zaio.

Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2017ko urriaren 18an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko erregistroan telematikoki sartu zen Fundación José Matia Calvo fundazioaren estatutuak aldatzeko eta testu bategina onartzeko eskritura publikoa, zeina 2017ko irailaren 29an egiletsi baitzen Donostiako notario Martin Gabarain Astorqui jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 1.485).

Bigarrena.– Eskritura publiko horrekin batera, fundazioaren idazkari den José Luis Larumbe Martin jaunak, lehendakariaren oniritziarekin, Patronatuak 2017ko ekainaren 22an egindako bileraren ziurtagiria aurkeztu du. Bertan, aho batez onartu zen fundazioaren estatutuetako 2. (fundazioaren xedea), 4., 6., 10., 11., 12., 13., 14. eta 22. artikuluak aldatzea 23. artikulu berri bat gehitzea eta lehengo 23. artikuluari zenbaki berria ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko.

Zehazki, hor dago jasota fundazioaren estatutuetako hainbat artikuluren aldaketa, estatutuok Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko. Honela, Estatutuen hainbat artikulutan egindako Fundazioen Legearen arau-erreferentziak aldatzen dira (6., 10. eta 14. artikuluak); 2. artikulua aldatzen da, fundazioaren helburuei buruzkoa; 4. artikuluaren idazketa aldatzen da, fundazioa zuzentzeko arauei buruzkoa, eta barne-araubideko erregelamenduak gehitzen dira, zeinak bere organoek erabili ahal izango baitituzte; 11. artikuluaren idazketa berria ematen da, Patronatuaren bilerei buruzkoa, eta, urteko kontuak eta jarduera-plana onartzeko, Patronatua zein epetan bilduko den gehitzen da; Patronatuaren bilerak bigarren deialdian egiteko behar den quoruma aldatzen da, eta gutxienez hiru patronatukideko kopurua ezartzen (12. artikulua); halaber, bilerak zenbat egun lehenago deitu behar diren aldatzen da, eta 15 egunetik 5era pasatzen (13. artikulua); xedatze- edo kargatze-egintzen erantzukizunpeko adierazpena hartzeko behar den gehiengoari buruzko 14. artikuluaren azken paragrafoa gehitzen da; 22. artikuluaren 3. paragrafoa gehitzen da, administrazioaren sarrera eta gastuen destinoari buruzkoa; 23. artikulua gehitzen da, fundazioaren likidazioaren ondorioz ondasun eta eskubideen hartzaile izango diren entitateei buruzkoa; eta lehengo 23. artikuluari zenbaki berria ezartzen zaio, eta egungo 24. izatera pasatzen da.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko Zerbitzu Teknikoek espedientea aztertu, eta ebazpen-proposamena egin dute. Hauek dira horretarako kontuan hartutako

ZUZENBIDEZKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu baten bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikuluan.

Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta honako arau hauetan aurreikusitako eskakizunak bete dira bereziki: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 27. eta 51.2 artikuluak; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuko 33.1 artikulua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduko 44. artikulua, ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren bidez onartua. Egindako estatutu-aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Hirugarrena.– Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak 2017ko azaroaren 27ko Ebazpenaren bidez onartu du fundazioaren estatutuak aldatzea, eta espedientearen ebazpen-proposamena egin du, honako hauek kontuan hartuta:

Ikusita aipatutako manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Fundación José Matia Calvo fundazioaren estatutuen aldaketak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen lehenengo xedapen iragankorrean aurreikusitakora egokitzeko eginak, baita 2. (fundazioaren helburuak), 4., 6., 10., 11., 12., 13., 14. eta 22. artikuluen aldaketa, 23. artikulu berri bat gehitzea eta lehengo 23. artikuluari zenbaki berria ematea ere. Horiek, 2017ko ekainaren 22an erabaki zituen Fundazioaren Patronatuak, agindu honen datarekin, Donostiako notario Martin Gabarain Astorqui jaunaren aurrean 2017ko irailaren 29an egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako terminoetan (protokolo-zenbakia: 1.485).

Estatutuen 3. artikulua (fundazioaren helburuak) aldatu direnez, hauek dira orain helburuak, eguneratuta:

«2. artikulua.– Fundazioa irabazi asmorik gabe eratutako erakunde bat da, eta haren ondarea interes orokorreko helburuetarako lotuta dago modu iraunkorrean, fundatzaileak hala nahi izan duelako; denbora mugagaberako ezartzen da, eta pertsona behartsuei, adinekoei eta gaixoei arreta ematea du helburu, Gipuzkoako Lurralde Historikoan, lehentasunez.

Eta helburu hori egoki betetzeko, beharrezko zerbitzu soziosanitario oro eskainiko du fundazioak, bai erakundeetan eta bai etxeetan, baita horiei emandako laguntza-zerbitzuak ere: elikadura eta nutrizioa, farmazia-arreta, arropa-garbiketa, garbiketa, mantenua eta garraioak, besteak beste.

Halaber, jarduera hauek ere egin ahal izango ditu: ikerketa, irakaskuntza eta prestakuntza, inkestak eta datuak-jasotzea, zeinek ahalbidetuko baitute zerbitzuak ematea etengabe hobetzea eta gizarteari gertatu diren berrikuntzen berri ematea, zerbitzuen kalitatearen hobekuntza lortze aldera.

Aurreko paragrafoetan deskribatutako interes orokorreko helburuak betetzeko, fundazioak lankidetzan eta adostasunean jardungo du antzeko helburuak dituzten eta, fundazioak berak edo hark eta harekin lotura estua duten beste fundazio batzuek eratutakoak izategatik, lotura estua duten erakundeekin, baldin eta Fundación José Matia Calvo fundazioaren printzipio inspiratzaileak eta fundazio honek ezarri zituen baldintzatzaileak errespetatzen badituzte.

Bereziki, Fundación Instituto Gerontológico Matia (Ingema) fundazioarekin jardungo du lankidetzan eta adostasunean.

Fundazioaren prestazioen onuradun izan ahal izango dira Patronatuaren iritziz prestazio horiek jasotzea merezi duten adineko pertsonak.

Edonola ere, inpartzialtasun, objektibotasun eta diskriminaziorik ezaren irizpideekin jardungo du fundazioak bere onuradunak zehazteko.

Bakarka zehaztutako pertsonak ez dira inondik ere onuradun izango, eta ezingo zaie fundazioaren prestaziorik eman ez fundatzaileei, ez haien ezkontideei edo fundatzailearen laugarren ahaidetasun-mailara arteko senideei (hori barne).

Nolanahi ere, inork ere ezin izango du alegatu, ez bakarka, ez taldeka, fundazioaren edo Patronatuaren aurrean, onura horiek eman baino lehen baliatzeko aukera, ezta pertsona jakin batzuei emanarazi ere.

Era berean, Fundazioaren zerbitzuen hartzaile izango dira Fundazioak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin edo gizarte-zerbitzuen alorrean eskumena duten beste administrazio batzuekin ituntzen dituen pertsonak».

Bigarrrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 28a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

Josu Iñaki Erkoreka Gervasio.


Azterketa dokumentala