Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2017ko abenduaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
6265

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 19koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Papel Aralar, S.A. enpresak Amezketako udalerrian egindako ingurumen-baimen bateratuaren berrikuspena jendaurrean jartzen duena.

1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak kutsaduraren prebentzioari eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartu zuen. Legearen xedea atmosferaren, uraren eta zoruaren poluzioa ekiditea da, eta hori posiblea ez denean, murriztu eta kontrolatzea. Horrela, poluzioaren prebentzioari eta kontrol integratuko sistema bat ezartzen du, ingurumena bere osotasunean babesteko.

Aipatutako 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak ezarritakoari jarraituz, instalazioen ustiaketak, eta funtsezko aldaketek, ingurumen-baimen bateratua behar dute, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Ingurumen-baimen bateratuaren helburua hauxe da: araua bete behar duten instalazioek euren xedea bete dezaten beharrezkoak diren baldintzak ezartzea, baimena emateko parte hartu behar duten herri-administrazio ezberdinen arteko koordinazioa bermatzen duen prozedura baten bitartez, betiere partikularren kargak eta izapideak arintzearren.

Beste alde batetik, aipatutako testu bateratuaren 26. artikuluak baimena eguneratzeko baldintzak ezartzen ditu. Horrela, instalazioan burutzen den jarduera nagusiarentzako eskuragarri diren teknologia hoberenen ondorioak argitaratu ostean, lau urteko epemugan eskumena duen administrazioak baimenak baldintza horiek eguneratu direla ziurtatu behar izango du. Beraz, beharrezkoa izanez gero baimeneko baldintza guztiak aldatuko dira bete beharreko eta eskuragarri diren teknika hoberenekin bat egiteko.

2014ko irailaren 30ean, 2014ko irailaren 26ko Europako Batzordearen Erabakia argitaratu zen Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean. Erabaki horrek eskuragarri diren teknologia hoberenen inguruko ondorioak ezartzen ditu orea, papera eta kartoia ekoizteko jarduerarako. Erabakia Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/UE emisio industrialentzako Zuzentarauak ezarritakoaren arabera garatzen da (2014/687/UE Erabakia).

Papel Aralar, S.A.-k Amezketako udalerrian duen papera ekoizteko jarduera, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko testu bateratuaren eranskinean jasotakoen artean da, Organo honen baimena du indarrean eta kokatzen da eskuragarri diren teknologia hoberenen ondorio dokumentuaren aplikazio-eremuan.

Aipatutako 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak araututakoari jarraituz, Papel Aralar, S.A.-ren ingurumen-baimen bateratuaren berrikusterako aurkeztutako dokumentazioa jendaurrean jarri beharra dago, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan.

Euskal Herriko Ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, kutsaduraren prebentzioari eta kontrol integratuari buruzko legearen testu bategina onartzen duen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta oro har eta bereziki aplikagarri den bestelako legedia ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Amezketako udalerrian Papel Aralar, S.A. enpresak egindako ingurumen-baimen bateratuaren berrikustea jendaurrean jartzea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 30 egun balioduneko epean. Epe horretan bidezko iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izango dira.

2. artikulua.– Alegazioak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

3. artikulua.– Aurreko artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, eskaera Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan egongo da eskuragarri (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz); baita Gipuzkoako Lurralde Zerbitzuan ere (Intxaurrondo kalea 70, Donostia).

Adierazitako dokumentazioa hiritarrek errazago eskura dezaten, aipatutako proiektua Amezketako Udalera bidaliko da, jendaurrean erakutsi behar den aldian ikusgai izan dadin.

Era berean, proiektua Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-oholean izango da (https://euskadi.eus), herritarren eskura.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 19a.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala