Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

244. zk., 2017ko abenduaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
6210

275/2017 DEKRETUA, abenduaren 19koa, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari Eusko Irratia SA sozietate anonimo publikoaren kapital-zabalkuntzan berriz partaidetza izateko baimena ematen diona.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak hau ezartzen du 110. artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana; eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du eragina.

Baltzuaren estatutuen arabera, sozietatearen helburua honako hau da: igorpen irratielektrikoez baliatuta, soinuak uhinen bidez –edo horretarako diren kableen bidez– sortzea eta zabaltzea –bitartekoz edo bitartekorik gabe– herritar guztiengana, edo herritar batzuengana; betiere helburua izanik informazioa, kultura, artea, aisialdia, merkataritza, publizitatea, hezkuntza-sistemarekin batera lan egitea, euskal kultura sustatu eta zabaltzea eta, batik bat, Euskara sustatu eta garatzea, eta, horietaz gain, aipatutako eginkizunekin bat etorri edo horien osagarri diren jarduera oro.

Eusko Irratia SA sozietate anonimo publikoak, 2017ko abenduaren 7ko batzar orokor unibertsal ezohikoan, honako erabaki hau hartu zuen: ekitaldi honetan berriro kapital soziala gehitzea, kasu honetan hogei mila zortziehun eta hamar euro eta berrogeita hamabi zentimotan (20.810,52); eta, horretarako, bat koma zero zortzi (1,08) euroko balio nominala duten hemeretzi mila berrehun eta hirurogeita bederatzi (19.269) akzio berri jaulkitzea, hurrenez hurren 490.758tik 510.026ra zenbakituak, biak barne.

Euskal Irrati Telebista erakunde publikoa da aipatutako erakundearen akziodun bakarra; horrenbestez, sozietate horretan bazkide izateari dagozkion eskubideez baliatuko da, akzio berriak eskuratzeari buruzko erabakia hartzearren. Halaber, lehenengo paragrafoan azaldutakoarekin bat, Gobernu Kontseiluaren baimena behar da akzio berriak eskuratzeko.

Azkenik, lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 10.2. artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko ente publikoa Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago.

Horren ondorioz, Ogasuna eta Ekonomiako sailburuaren eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2017ko abenduaren 19an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari baimena ematea Eusko Irratia SA sozietate anonimo publikoaren kapitalaren gehikuntzan parte hartzeko, hain zuzen ere, hogei mila zortziehun eta hamar euro eta berrogeita hamabi zentimotan (20.810,52); eta, horretarako, bat koma zero zortzi (1,08) euroko balio nominala duten hemeretzi mila berrehun eta hirurogeita bederatzi (19.269) akzio berri jaulkitzeko.

Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak zabalkuntzaren % 100ean parte hartuko du. Hortaz, aipatutako kapital-zabalkuntzaren ondoren, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak honako partaidetza hau izango du: 550.828,08 eurokoa, 510.026 akzio berdinetan banatuta, bakoitzak 1,08 euroko balioa duela. Hau da, sozietatearen etorkizuneko kapitalaren % 100ari dagokion partaidetza.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko abenduaren 19an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala