Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

244. zk., 2017ko abenduaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
6209

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 14koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Bizkaiko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez Fondo Formación Euskadi, S.L.L. erakundearen baimena berritzen baita profesional baimenduak prestatzeko aitortutako erakunde gisa aritzeko.

AURREKARIAK

Bat.– Kontsumo eta Industria Segurtasuneko zuzendariaren 2007ko otsailaren 27ko Ebazpenaren bidez, Fondo Formación Euskadi, S.L.L. erakundeari baimena eman zitzaion garabi mugigarri autopropultsatuen operadoreen espezialitatean (A eta B kategorietan) baimendutako profesionalak prestatzeko aitortutako erakunde legez aritzeko. Industria eta Energiako sailburuordearen 2013ko urtarrilaren 24ko Ebazpenaren bidez, berritu egin zen hasieran emandako baimen hori.

Bi.– 2017ko azaroaren 10ean, Fondo Formación Euskadi, S.L.L. erakundearen ordezkaritzak eskabide bat aurkeztu zuen profesional baimenduak prestatzeko aitortutako erakunde gisa aritzeko zeukan baimena berritzeko, espezialitate berean, hau da, garabi mugigarri autopropultsatuen operadoreen espezialitatean, A eta B kategorietan.

Hiru.– Eskabide horrekin batera, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren V. kapituluan aurreikusitako eskakizun eta baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu ziren. Industria-segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen ditu dekretu horrek. Aurkeztutakoak honako hauek dira:

– Erakundea identifikatzeko datuak. Egoitzaren helbidea: San Vicente Errepidea, 10. km, 48510 Trapagaran.

– Prestakuntza-jarduerak gauzatzeko erakundeak dituen giza baliabideen eta baliabide teknikoen deskribapena.

– Garatuko diren ikastaroei buruzko zehaztapenak, gaiak, metodologia, antolakuntza eta ebaluazio-sistemak xehetasunez azalduta.

Lau.– 2017ko abenduaren 5ean, Fondo Formación Euskadi, S.L.L. erakundeak egindako eskabidea dela-eta, Industria eta Energia Administrazioko teknikariak aldeko txostena eman zuen erakundearen baimena berritzeko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Bat.– Bizkaiko lurralde-ordezkaria da eskabide hau ebazteko eskuduna, hala ezartzen baita Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko abenduaren 4ko Aginduaren 2. artikuluan (2006-12-26ko EHAA). Artikulu hori loturik dago Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 24. artikuluarekin.

Bi.– Industria segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoren 14ko 63/2006 Dekretuaren 26. artikuluan ezartzen denez, egun prestakuntza-ikastaroak emateko aitortuta dauden entitateek 5 urterik behin berritu beharko dute baimena, dekretu horren 25. artikuluan ezarritako betekizun eta baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren.

Hiru.– Ondorioz, eskatzaileak aurkeztutako agirietan ikusten denez, Fondo Formación Euskadi, S.L.L. erakundeak baditu aipatutako dekretuko 22. artikuluan eskatzen diren gutxieneko instalazioak; zehazki, aitortutako erakundearen akreditazioa jasotzeko direnak. Instalazioak, bestalde, Bizkaiko Lurralde Historikoan daude.

Lau.– Era berean, egiaztatu egin da erakunde eskatzaileak bete egiten dituela ekainaren 27ko 837/2006 Errege Dekretuaren VII. eranskineko 5. paragrafoan jasotako baldintzak. Dekretu horren bidez, jasogailu eta mantentze-gailuen araudiaren «MIE-AEM 4» jarraibide tekniko osagarria onartu zen, garabi mugigarri autopropultsatuei buruzkoa.

Bost.– Labur esanda, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretu horretan ezarritakoari jarraituz izapidetu da prozedura, eta erakunde eskatzaileak, bere aldetik, dekretu horren 25. artikuluan jasotako dokumentazio nahikoa aurkeztu du.

Aipatutako lege-manuak eta oro har eta gai honetan aplikatzekoak diren gainerako xedapen guztiak aintzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.– Industria segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoren 14ko 63/2006 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, Fondo Formación Euskadi, S.L.L. erakundeari profesional baimenduak prestatzeko aitortutako erakunde gisa aritzeko baimena berritzea, honako espezialitate honetan:

– Garabi mugigarri autopropultsatuen operadorea, A eta B kategorietan.

2.– Erakunde honek baimena du Bizkaiko Lurralde Historikoan dauden eta akreditazioa duten instalazioetan ikastaroak emateko. Eskolak beste instalazio batzuetan eman nahi baditu, nahitaezko baimena eskatu beharko du horretarako eskumena duen lurralde-ordezkaritzan, eta egiaztatu egin beharko du instalazio horiek betetzen dituztela martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren 22. artikuluan eskatutako gutxieneko baldintzak.

3.– Aitortutako erakunde orok bete beharko ditu legezko xedapenek eta erregelamenduzkoek ezartzen dituzten betebeharrak; bereziki, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren V. kapituluan aurreikusitakoak.

4.– Aitortutako erakundeek galdu egingo dute aitortutako erakundearen kalifikazioa, baldin eta ez badituzte betetzen aipatutako dekretuan xedatutako betebeharrak eta konpromisoak edo aplikatu behar diren bestelako arauak.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke saileko zerbitzu-zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan.

Bilbao, 2017ko abenduaren 14a.

Bizkaiko lurralde-ordezkaria,

ADOLFO GONZÁLEZ BERRUETE.


Azterketa dokumentala