Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2017ko abenduaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
6175

AGINDUA, 2017ko azaroaren 28koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baitira «Fundación Instituto Gerontológico Matia Ingema» fundazioaren estatutu sozialen aldaketak. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko egin dira aldaketa horiek. Zehazki, 1., 2. (fundazioaren helburuak), 7., 9., 10., 11., 13., 14., 15., 17., 18., 19., 20. eta 21. artikuluak aldatu dira.

Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2017ko urriaren 18an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erregistroan sartu zen, modu telematikoan, «Fundación Instituto Gerontológico Matia Ingema» fundazioaren estatutuak aldatzeko eta estatutuen testu bategina onartzeko eskritura publikoa. Eskritura publiko hori 2017ko irailaren 29an egiletsi zen, Donostiako notario Martín Gabarain Astorqui jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 1.488).

Bigarrena.– Eskritura publiko horrekin batera, José Luis Larumbe Martin fundazioko idazkariak 2017ko ekainaren 22an eta lehendakariaren oniritziarekin emandako ziurtagiria aurkeztu da. Ziurtagiria Fundazioaren Patronatuak 2017ko ekainaren 22an egindako bilerarena da. Aipatutako bileran, aho batez onartu zen Fundazioaren estatutuetako zenbait artikulu aldatzea, zehazki, 1., 2. (fundazioaren helburuak), 7., 9., 10., 11., 13., 14., 15., 17., 18., 19., 20. eta 21. artikuluak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzea.

Zehazki, hor dago jasota fundazioaren estatutuetako artikulu batzuen aldaketa, estatutuok Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokituta. Horrela, aldatuta geratzen dira Fundazioei buruzko Legearen zenbait aipamen, hain zuzen ere, Estatutuen zenbait artikulutan egiten direnak (1. artikulua, 9. artikulua eta 19. artikulua); 2. artikulua aldatzen da, fundazioaren helburuei buruzkoa; aldatuta geratzen da 7. artikulua, fundazioaren ondasun eta errentei buruzkoa, azken bi paragrafoak erantsi zaizkiolako; aldatuta geratzen da, baita ere, 9. artikulua, patronatukide emerituen eta ohorezko patronatukideen izendapenari buruzkoa; Patronatuari dagozkion ahalmenei dagokienez, Estatutuak aldatzeko ahalmena gehitzen da (10.e artikulua) eta batzorde eragile bat eratzea gehitzen da, bai eta haren osaera eta indarraldia ere; idazketa berria ematen zaio 11. artikuluari (Patronatuaren bilerei buruzkoa), eta Patronatuak urteko kontuak eta jarduera-plana onartzeko egingo dituen bileren epeak gehituko dira; aldatuta geratzen da zenbat egun lehenago egin behar diren bilera-deialdiak, 15 egunetik 5era igarota (13. artikulua); 14. artikuluaren azken paragrafoa gehitzen da, xedatze- eta kargatze-egintzei buruzko erantzukizunpeko adierazpena onartzeko beharrezko gehiengoari buruzkoa; aldatuta geratzen da 15. artikulua, lehendariorde-kargua izango duen pertsonari buruzkoa, pertsona horrek izango baitu José Matía Calvo fundazioaren Patronatuaren Lehendariordetza; aldatuta geratzen da 17. artikulua, fundazioaren ondareari buruzkoa, gehitzen baitu ezen, dohaintzak, legatuak eta jaraunspenak onartuz gero, haren berri eman beharko zaiola Babeslaritzari, legeak aurreikusten dituen kasuetan; aldatuta geratzen da 18. artikulua: «Fundazioaren ohiko aurrekontua» jartzen zuen lekuan, «Fundazioaren ohiko jarduera-plana» jarri behar du; erantsi egiten da 23. artikulua, fundazioaren likidazioaren ondoriozko ondasuna eta eskubideak jasoko dituzten entitateei buruzkoa.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko Zerbitzu Teknikoek espedientea aztertu, eta ebazpen-proposamena egin dute. Hauek dira horretarako kontuan hartutako

ZUZENBIDEZKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; eta Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikuluan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretua).

Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta honako arau hauetan aurreikusitako eskakizunak bete dira bereziki: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 27 eta 51.2. artikuluak; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuko 33.1. Artikulua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduko 44. artikulua, ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaz onartua. Egindako estatutu-aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Hirugarrena.– Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak, 2017ko irailaren 6ko Ebazpenaren bidez, onartu egin du fundazioaren estatutuen aldaketa hori, eta espedientearen ebazpen-proposamena egin du, honako hauek kontuan hartuta:

Aipatutako manuak eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea «Fundación Instituto Gerontológico Matia Ingema» fundazioaren estatutuen egokitzapena, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen lehenengo xedapen iragankorrean aurreikusitakoaren arabera, bai eta 1., 2. (fundazioaren helburuak), 7., 9., 10., 11., 13., 14., 15., 17., 18., 19., 20. eta 21. artikuluen aldaketa ere, fundazioaren patronatuak 2017ko ekainaren 22an erabaki zuena oinarri hartuta, agindu honen datarekin, Donostiako notario Martin Gabarain Astorqui jaunaren aurrean 2017ko irailaren 29an egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako terminoetan (protokolo-zenbakia: 1.488).

Estatutuen 2. artikulua (helburuak eta jarduera) aldatzearen ondorioz, hauek dira helburuak, eguneratuta:

«2. artikulua.–Fundazioaren helburu dira zahartzearen edo edozein ezgaitasunaren ondoriozko bizi-baldintzak hobetzera bideratutako ikerketa, garapena, berrikuntza teknologikoa eta zabalkunde zientifikoa.

Esandako guzti hori ondoko jarduerak burutuaz lortu nahi da:

a) Oinarrizko ikerketa burutzea, eta bai aplikatua eta teknologia garatzekoa ere.

b) Informazioa bildu, aztertu eta zabaltzea, artearen egoera eta bere lan-eremuko arauak, bai eta inkestak egitea, datuak biltzea, eta kontsulta-zerbitzuak eta horrelako beste zerbitzu batzuk ematea ere.

c) Fundazioaren antzeko helburuak badituzte, erakunde nazional edo nazioartekoekin (publiko zein pribatu) lankidetzan aritzea.

d) Informatika-aplikazioak asistentzia arloan garatzeko eta mantentzeko zerbitzuak.

e) Hala eskatzen duten enpresei zein erakunde publikoei laguntza teknologikoa zabala ematea.

f) Ezgaitasunak dituztenen edo edadekoen bizi-kalitatea hobetzen badute, teknologia, kalitatea eta lehiakortasuna aurreratzeko den edozein jarduera.

Fundazioaren helburu dira, orobat, txiro, zahar eta gaixoei kasu egitea, bai eta garapena, berrikuntza eta prestakuntza bultzatzea ere zahartze eta minusbaliotasun arloetan, deialdietan eta lehiaketetan, laguntzaileekin bat, eta zientzia, teknologia, enpresa, instituzio eta gizarte arloetan hitzarmenak eginez, beren emaitzak gizarteratzeko.

Aurreko paragrafoetan aipatutako interes orokorreko helburuak betetzeko, fundazioa José Matía Calvo fundazioarekin arituko da lankidetzan, fundazioaren entitate fundatzailea denez gero, bai eta beste entitate batzuekin ere, antzeko helburuak dituzten entitateekin alegia, berarekin lotura estua badute, bai fundazioak edo bere fundatzaileak eratu dituelako, bai horrelako lotura duen beste fundazio batzuekin eratu direlako eta José Matía Calvo fundazioaren hastapeneko printzipioak eta fundazio horren fundatzaileak ezarritako baldintzak errespetatzen badituzte.

Zehatz esanda, Fundación José Matia Calvo fundazioarekin arituko da lankidetzan fundazioa.

Fundazioaren onuradun izango dira onuradun izateko eskatzen duten pertsona juridikoen nahiz fisikoen gizatalde orokorrak eta zehaztugabeak, baldin eta ikerketa teknologikoa eremu soziosanitarioan eta gizarte-zerbitzuetan garatzea badute helburu, eta beren jarduerak batik bat Espainian gauzatzen badituzte. Onuradun izango dira, orobat, aurretiaz hala eskatzen dutenak eta arlo soziosanitarioan prestakuntza arloa garatzeko duten inplikazioa egiaztatzen dutenak.

Onura horiek jasotzeko orduan lehentasuna izango dute, hain zuzen ere, ongintzazko edo irabazi-asmorik gabeko erakundeek, baldin eta hitzematen badute lortutako onurak egoerarik ahulenean dauden kolektiboen alde erabiliko dituztela.

Pertsona fisikoei dagokienez, laguntza soziosanitarioak ez ezik laguntza horiek aplikatzeko baliabideak ere behar dituztenak izango dira onuradu».

Bigarrrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 28a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala