Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2017ko abenduaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
6174

AGINDUA, 2017ko azaroaren 27koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Bizkaia Ikastetxea Fundazioa eratu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Ikusi da Bizkaia Ikastetxea Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskriba dadin eskatzeko aurkeztutako espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2017ko azaroaren 10ean, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskabide bat sartu zen, Algorta-Getxoko Bizkaia Ikastetxea Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko (Bizkaia Ikastetxea Kooperatiba Elkarteak sortu zuen fundazio hori). Eskaerari espedienteko agiriak erantsi zaizkio.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak 2017ko azaroaren 24an aldeko txostena eman du fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari buruz eta haren bideragarritasun ekonomikoari buruz.

Hirugarrena.– Fundazioaren estatutuen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, fundazioak interes orokorreko helburu hauek ditu:

«1.– Kalitatea sustatzea hezkuntza-alorrean.

2.– Hezkuntza-jardueraren Ikerketa, berrikuntza eta garapena gauzatzea.

3.– Hezkuntza-alorrarekin zerikusia duten zerbitzuak sustatzea, hobetzea eta garatzea.

4.– Prestakuntza eta aholkularitza ematea familiei, euren haurrek garapen ona izan dezaten hezkuntzaren alorrean.

5.– Kooperatiba arteko harremanak sustatzea.

6.– Honako gai hauen inguruko jarduerak sustatzea hezkuntza-alorrean: prestakuntza, gizarte-gaiak, kirola, kultura, boluntariotza eta garapenerako lankidetza, baita nagusiki haur eta gazteen hezkuntza integrala hobetzeko patronatuak zehazten dituen beste jarduera batzuk ere.

Laugarrena.– Estatutuen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, fundazioaren helbidea hau izango da: Amezti kalea, 6, 1. solairua, 2. bulegoa, Algorta, Getxo (Bizkaia). Fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatuko du bereziki bere jarduna.

Bosgarrena.– Fundazioaren hasierako dotazioa 30.000 eurokoa da; erakunde fundatzaileak hasieran 7.500 euro jarriko ditu, eta gainerakoa bost urteko epean, eratze-eskritura publikoa egilesten denetik aurrera.

Seigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatu, administratu eta gobernatzea. Patronatuko kideek doan beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera.

Zazpigarrena.– Fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, Patronatuko hasierako kideak hauek izango dira:

– Lehendakaria: Gonzalo Fernández Ibáñez.

– Lehendakariordea: Belén Rodilla Tobalina.

– Idazkaria: Alejandro Bikandi Garmendia.

– Diruzaina: Jorge Morales Martínez.

– Kidea: Miguel Etchart Ortiz.

Izendatutako guztiek onartu dituzte karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluak ezarritako moduetako batean.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena; honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7.etik 12.era bitarteko artikuluetan eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Beraz, legezko eta erregelamenduzko manuen arabera sortu da fundazioa.

Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Algorta-Getxoko (Bizkaia) Bizkaia Ikastetxea Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea –egun honetako datarekin eta F-428 erregistro-zenbakiarekin–, baita Patronatuaren hasierako osaera ere. Kide horiek zazpigarren aurrekarian agertzen dira, eta guztiek espresuki onartu dituzte euren karguak, betiere 2017ko azaroaren 8an Ignacio Alonso Salazar notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zk.: 2012).

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 27a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala